BIDAIAK 98. DANIMARKA
Laburpen gisa
Bikingoak. Bikingoak dira jatorriz daniarrak. Gaur egun turismoaren inguruan dirau bikingoen oroipenak, bisitari baten begietatik begiratuz behintzat. Agian herritarren ile horian, batez ere ume txikien ile ia zurian, nabarmentzen da ere bere jatorria. Noizbehinka bikingoei zuzendutako museoren bat. Antzinako etxeekin osatutako museoa zerupean. Baina batez ere bikingoen ontziak dira bisitaria erakartzen dutena: hondarpean aurkitutako bikingo ontziak eta beraien taxuz berriak egin, itsasoratu eta sosen trukez arraunean zein belaz fiordoan ibiltzeko aukera eskaintzen dutenak. Roskilde eta Humlum-ekoak adibidez.
Bikingoen lurraldea izandako Ipar Alemaniako Schleswik-k ere badu bere ontzien museoa.
Fyn irlan, Ladby herritxoan bada hondarpeak elurteek eta urak hondaturik, baina hondakin nabarmenak dituen ontzi bikingoa, katabut bilakatua bertan ehortzi baitzuten jauntxoren bat zaldi eta zakurrekin, non jauntxo eta animalien hezur belztuak oraindik orain ager diren.
Horrez gain, Bikingoei buruz liburuetako historia, eta ezer gutxi gehiago, turistei saltzeko kinkil-dendetako iruditxo merkeak ezik.
Taxua. Landetxe inguruak ez dira batere txukunak, zabarrak, zikinak, utziak baizik; herri pintxoagoa, zainduagoa espero genuen, Austriakoak edo Holandakoak dotoreagoak, finagoak ziren. Antzerakoak espero genituen. Nahiko takarrak dira, baldarrak. Jendea bera ere Holandakoak baino takarragoa, trauskilagoa da, bai janzkeran bai etxe bueltan, bai etxe inguruan bai etxe egituran: utziagoak, lagiagoak, gure baserritarren antzerakoak.
Daniarra xumea da, apala, xumea bere janzkeran ere. Adeitsua. Kantatze zalea ere bai, bazkal ondoren koadrilan asko abesten dute, ezkontza ostetan eta abar.
Ilehoriak dira, batez ere umeak, ia zuria ere den hilarekin. Tindatuko baliete bezala hilea. Gero iluntzen zaie eta, geroago batez ere, emakumeei modak berdintze die hilea bai kolorean bai orrazkeran.
Atzerritar edo etorkin gutxi ikusten da. Sarriagoak dira hiri nagusi industrializatuetan.
Gazte asko dabil patinean; espaloietan edo bidegorrietan.
Goiztiarrak. Goiz biltzen da daniarra etxera. Arratsaldeko seietan ez da arimarik gelditzen etxetik at, mortu daude kaleak. Etxeratzeko goiztiarrak badira goizean jaikitzeko ere hala dira; goiztiarrak dira goizean ere. Baina badira parrandazaleak ere: asteburuetan afalondoren ateratzen dira herrira edo hirira: hainbat auto gelditzen da kanpinean kanpoan, sartu ezinik beranduegi etorri direlako, beraz bada gautxorien bizitza ere.
Asko edaten da. Batez ere asteburuetan. Ikusi ditugu edadetuak goizeko lehen orduetan garagardo botila eskuan, pare bat botilarekin ere. Langileak, gazteak, eskuan garagardo botila dutela. Asteburuetan kaxakadaka daramate garagardoa saltokietatik: zirrara eragiten du. Baina ez dugu mozkorrik ikusi hilabetean, herri nagusietako geltoki edo plazetako betiko "herriko onenak" ezik, edo clochar-ak, herri guztietako moskorriloak edo hiri handietako eskale ibiltariak.
Oso txukunak dira herriak. Herri apalak, solairu batekoak, gehienez jota bikoak, erdigunetik kanpo ageri badira ere eraikuntza erraldoiak.
Kaleak konponduta eta pintxo daude, herri banaka batzuetan berrikuntza lanetan daude. Aspaldi egin zuten Euskal Herrian eta Europa gehienean orain ari diren kale berrikuntza lana.
Egitura berdina dute herri gehienek: kale luze bat, saltoki dena, salgaiak kale ia erdiraino ateratzen dituzte, kalea bera da dendaren luzapen. Horregatik kaleok ez dira beti oinezkoen kaleak, baina gehienetan oinezkoentzat eta zabalak dira, ia-ia plaza edo plazaren zeregina betetzen duena da herriko kale zabalena. Kale horretatik kanpo ia ez dago ezer, ez dendarik ezta jenderik ere kalean.
Berdindu egin gaitu janzkerak herriok: ez dago ezberdintasun handirik, bere nortasuna edo berezitasuna badute ere, baina ez nuke jakingo esaten zertan datzan.
Gorra zuria dago modan gazteriarengan. Gazte asko eta askok darama gorra zuria: bikote kantante batek sartu duen moda dela esango nuke, bi kantarion argazkia ageri baita kartel askotan, biak gorra zuriarekin. Neskek azpikogona daramate, belaun-gainera artekoa, praken gainetik eta jertse edo jakaren azpitik. Galdetzen diogu elkarri Euskal Herrira heldu ote diren moda biok.
Bereziki dotoretzen dituzte lur aurreko leihoetako karelak. Holandan pare. Ez dakigu barrukoen gozamenerako ala kanpokoen miresmenerako. Era guztietako pitxiak eta edergarriak, loreak zein sukaldeko ontziteria, itsasontziak, kopinak edo edonolako pitxikeriak, bitxiak batzuk, arruntak besteak, baina leiho orok du bere apaingarria. Agian kaleko begiluzeentzako oztopo edo barruko kuxkuxeroaren babes.
Jaiak. Belatza batean zaldiko-maldikoak, eta edozein herri-jaietako tramankuluteria apala jartzen dituzte jaietan. Txosnak ere ugariak dira, non batez ere saltxitxak eta patata frijituak saltzen diren. Toldopean askotan, bertan jendea esertzen da, luzaroan garagardo edaten. Herri batean gaupasa luzeak egin zituzten asteburu osoan, edan eta abestu, dantzan egin eta gozatuz, herri osoa bildu zen.
Aspaldiko etxe asko, bitxikeriarik ez badute ere: askok dute zurajea agerian.
Eskultura asko plaza edo kale gurutzaduretan.
Auteskundeak: Europa Batuan sartu edo ez sartu referenduma egin zen gu bertan geundela: JA (Bai) eta Nes (EZ) kartelak ugariak ziren errepide ertzeko posteetan, batez ere JA zen deigarriena. Hautatze egunean ez ginen jabetu ere egin bozketarik zegoenik. Plazen batean ikusi genuen mahairen bat orri banatzen baina ezer gutxi gehiago. Noiz izan ziren bozketok ez genion igarri ere egin. Herri batetan arrosa gorria oparitu ziguten guri ere, kalea pasatzen zirenei bezala: orduan ez genekien zergatik edo zeinena zen: gero jabetu ginen demokrata-kristauena zela, Espainiako psoetarren arrosa bera.
Egitura. “Komuna” deritzoten barrutietan zatituta dago Danimarka. Errepidean iragartzen dute Komuna. Beti hiri nagusi bat du erdigune edo buru. Ez dakigu ze erakunde modu den, zer betekizun duen komuna bakoitzak, ze konpetentzia, ze ahalmen, ze eskubide edo agintaritza.
Nekazaritza. Nekazari herria da batez ere Danimarka. Industria-gune gutxi ikusten da, hiri handietako ingurunean ez bada. Herri koskorrek badute bere industriagunea, baina pabiloi txikiak dira, gehiago dirudite zerbitzuguneak, kotxe saltokiak eta antzerakoak.
Herri askok dute inguruan tximinia luze eta meharra duen eraikuntza bat; kea dariola dago beti. Ez dakigu zer den baina nekazaritzarekin lotura duen zerbait: belarrarekin edo simaurrarekin, edo auskalo!.
Gari-saila da nagusi lurralde osoan, penintsulan zein irletan. Garia herri pobreetako uzta dela dioen esaerak egia badio, pobrea ote Danimarka.
Nonbaiten irakurri dut garia saltzetik zela aberats baina Iparramerikak askoz merkeago saltzera jo zuenean erabat hondatu zela Ekonomia daniarra.
Bada bestelako laborea ere, oloa, zekalea edo guk ezagutzen ez dugun beste zerbait.
Dilista edo garbantzua izan zitekeen beste zerbait ere nahiko ugaria zen.
Koltza oso guti ikusten da.
Patata salgai iragartzen da hainbat etxe aurrean, baina ez da patata-sailik ia ikusi ere egiten. Agian aterata dutelako.
Behiak sarriak dira baina buru gutxiko taldeak bakoitzean, ez dago dena belartza zen Holandako behi aldrarik.
Zaldiak. Holandako irudiak nahasten zaizkit. Baina hemen ere ugariak ziren eta landetxe alboan sarriak ziren zaldi jauzietarako langak.
Zerriak. Oso gutxi ikusten dira, zonalde batzuetan ezik.
Ostrukak. Noizbehinka ageri dira ostrukak, oiloak bezala hesi barruan bahituta. Ostrukategiak.
Granjak edo landetxeak. Ikusgarriak dira hainbat. Handiak, ederrak. Gure baserriak mendiartean bezala, lautadan sakabanatuta daude hemengo landetxeak. Zuhaitz artean gordeak asko, zuhaitzak dituzte denek inguruan, nahiz gutxi. Bakoitzaren lur kopuruaren arabera elkarrengandik hurbil edo urrutirago. Aldea dago barruti bakoitzetik bestera, baina parekotasun asko dute. Izugarrizko teilatuak dituzte. Teila zapalekoak batzuk, uralitazkoak gehienak.
Teilatu batzuk, batez ere zenbait lurraldetan, lastozkoak dira, lastoa edo laku ertzetako kanabera antzeko zume lehortuekin eginak.
U forma egiten dute landetxeok, baina bi arraia luzeen lotura zuzena duena ez ordenadorearen hizkiaren lotura konkortua, patioa sortzen zaie erdian, baina patio irekia, ez hainbat lurraldeetako patio hertsia edo itsua. Hormak ezberdinak dira, adreiluzko gorriak batzuk, adreiluzko zuri pintatuak besteak, zurajean sostengatzen direnak, zurajea agerian dutenak, horma gorriz, zuriz zein okrez pintatuta.
Lautadak. Lur laua da daniarra, ez erabat berdindua, gora eta behera nabarmenak ditu tarteka, bukaerarik gabeko artezean ibilbide ikusgarria bihurtuz errepidea.
Ikusitakoaz, zorua eta zoru azpia harea dela esango nuke, simaur, ongarri eta natur hondakinez harea horia ilundu bada ere: itsasoak harea pilatzen joan den lurraldea dela dirudi Danimarkakoak, oso laua eta itsas pare parekoa baita askotan. Zerbait menditsuagoa da Jutlandiako Iparra.
Itsasoa. Itsasoz erabat bilduta egonik, ez darabilte ia ezertarako itsasoa, irla batetik bestera ibiltzeko ez bada, itsasoari bizkarra emanda bezala bizi dira. Itsasoa han dago, portua agian ere bai, baina herriak berak ez du itsasoarekin harremanik.
Arrain gutxi ikusten da eta dagoena keztatua. Jatetxeetan ere ez da arraia jaki bezala nabarmentzen, gureetan bezala. Badira kirol portuak, non ugariak diren kirol belaontziak. Portu gehienak txikiak dira, egurrezkoak moilak, hainbat lekutan kanpoko murrua bera ere egurrezkoa da. Arrantzontziak, txikiak. Norvegia Suedia Finlandia edo Ingalaterrarako ferryak berriz sekulakoak. Zenbait herritan hondartza bera da arrantzuntzien pausalekua: polea sistema bitxiak dituzte zenbaitetan hondartzara ateratzeko: ontzi bakoitzak bere polea du, txabola beretik erabiliak denak.
Dunak. Jutlandian, bai Iparrean, bai Mendebalean, batez ere iparralderantz eta Ipar Itsaso eta Skagerrak aldera.
Uharteak. Jutlandia penintsula eta irla pila batek osatzen dute Danimarkako lurrazala. Bi uharte nagusi, eta, txiki edo handi, neurri ezberdinetako beste hainbat eta hainbat uharte. Fyin uhartetik Seiland-era tartea zeharkatzeko soilik da beharrezkoa ferrya, beste denak zubiz loturik daude, baina aitatutako tarte horretan bertan zubia egina dago, auskalo zenbat kilometrotakoa eta laster errepidez ibili ahal izanen da Danimarka osoan, irlarik irla, zubirik zubi.
Fiordoak eta golkoak. Finlandiakoak edo Norvegiakoak uste nituen fiordoak, baina ugariak dira Danimarkan ere. Golkoak, ez hain sakonak eta zabalak. Fiordoak, aldiz, sakonak, lur barrura, mila biratan lurra bilduz eta kiribilduz. Ez dira oso zabalak, bai luzeak. Beti politak. Ertzak bere naturaltasunean gordeak, ia gizarteratu gabe, diren etxeak ere baxuak zuhaitz artean lotsatuta bezala. Begi-bistarako atseginak.
Lakuak. Lur laua izanik ugariak dira lakuak. Zabalak gainera, ia barne itsasoak. Laku ertz gehiengoa padura da, tartetxoa portu txikiek hartzen dutelarik
Ibaiak. Mendirik ezean iturririk ere ez nonbait, beraz ibairik ere ez. Errekatxoak dira Danimarkako ibaiak. Bost bat metroko zabalerako bakarren bat ibai handia da eta beti gelditzen zitzaigun itsasoak gizentzen ez ote zuen galdera. Euri eta elurren urak nondik drainatzen ote diren galdetzen genion elkarri ez baita ikusten bertan Holandako kanalik.
Hondartzak. Publikoak dira itsas bazterrak. Ez da nabarmentzen jabego pribaturik. Hondartza luze eta estuak dira. Harea finekoak, ia zuria. Kilometrotan luzatzen dira zenbait turismo-gunetan, bizpahiru ilaratan gainera, oholezko etxolak. Zenbait hondartzan plastikozko eserleku borobilak dituzte, oso gordeak, haize hotzetik gordetzeko, lauzpabosteko erreskada luzeetan, kilometroetan, kolore ezberdinekin harea zuria koloreztatuz.
Basoak. Baso asko dago. Gizakiak sortuak dirudite, ez berezkoak. Mapan orban berde lez agertzen dira. Izeidiak dira gehienak. Badira pagadiak baina izeidia ez dena hariztia da batez ere. Batzuk nahiko zabalak. Izeidi ederrik bada baina haritz nahiz pagoak txankamakilak dira, ez gureetako tantai sendoak. Erditik zeharkatzen ditu basook hainbat errepidek. Hemen ere nahiko arazo izanen dute animalien familiek elkar erlazionatzeko. Basoa ateratzen dute: sarriak dira kamioiak pinu enborrez zamatuta.
Migratzaileak. Hainbat hegazti migratzaile dago. Ahateak, antzarrak, eta zozoak batez ere. Paisaiako zatia dira. Laku ertza eta inguruak migratzaileoz populatuta daude. Milaka. Batez ere ahateak lotsagabe etortzen zaizkio laku ertzeko kanpinlariari jaki eskale. Laku eta fiordo gainetan errimea da antzar erreskadak ikustea batetik bestera. Zozoen pioa ozena da edozein kanpinetan eta belartzako intsektu edo zizare bilaketako mokoka, ohizkoa.
Bitxilore ibilbidea. Danimarka osoan zehar bada ibilbide bat bitxilore batekin nabarmendu edo erakutsitakoa. Bidegurutzeetan jarrita dagoen bitxilore eta geziak erakusten du nondik hartu behar den. Lurralde osoa zeharkatzen du eta dauden interesgune orotara eramaten. Mapa ofizialek ere badakarte ibilbide hori bera. Beraz bada ibilia interesguneetatik egiteko era erraz bat, errepide nagusi edo autobideetatik ibili gabe. Trikimailu praktikoa, imitagarria.
Haizea. Iparra beti dago presente. Egun eta ordu gutxi dira ipar haizerik gabekoak. Eguzki epelean ere beti jotzen du haizeak eta haizea beti da fina edo hotza.
Gauak. Ekain aldekoak erabat motzak dira. Ia ez dago gaurik. Mugarik eta oztoporik ez duen lautadaren azkenean ia ez da desagertzen zirrinta gorria eguzkiak sarreran utzitakoa. Hamabietatik aurrera ere itsasoa edo lakua ikusi egiten da, inguruko ontzi eta txabolei ere antz ematen zaie, ez dago behintzat argi beharrik kalean ibiltzeko. Eta goizeko ordu biak aldera Ekirantz hedatu den gorriunean erakusten du eguzkiak badatorrela berriro ere.
Kopenage. Beste barruti bat da Danimarka barruan, ezberdina, egituraz eta giroz.
Kanpinak. Kanpinzaleak dira daniarrak. Kanpina maite dute, edo herritik alde egitea behintzat. Bete egiten dira kanpinak asteburuetan. Biziberritu egiten dira kanpinak asteburuetan, finkatuta duten karabanara datozenekin zein asteburu soileko bisitari aldakorrak bere gurpil gaineko etxe ibiltariarekin edo kanpin orok dituen zurezko etxoletara datozenekin.
Zerbitzuak, apalak dira. Garbiak bai, baina gutxi eta xumeak, handikeriarik gabekoak, berritu berri diren zenbait izar handiko dotore eta garestiak ezik; ur beroa, dutxakoa zein harrikoa, ordaindu beharrekoa. Belar-gunea berriz belarrak hutsik egiten ez duen belartza trinkoa, sarri orraztua. Bakoitzaren saila, zabala, askotan lahar-hesiz edo zuhaixkaz bildua. Eroso egon nahi du bezeroak. Kanpin askok du familia osoak erabil dezaken bainugela zabala, baliabide orokin, merkeago ateratzen dena.
Kanpin orok ditu hainbat etxola. Hainbat datoz etxolok alokatzera. Badira ere hoteltzat hartzen duten autobus bidaiariak, ikasle zein jubilatuak: hotela baina merkeagoa alegia.
Bide-sarea. Mendebaleko Europan baina kotxe gutxiago dabil, hiri nagusietan ezik.
Oso trinkoa da bide-sarea, herritxo eta auzo oro, eta asko dago, elkar lotuta dago. Labirintoa dirudi askotan bide-sareak. Autobideak zeharkatzen du goitik behera Jutlandia eta zeharka FYN irla eta zeharka zein goitik behera Seedland. Egiten ari dira, ia bukatzear dago, Juttlandia mendebaletik Ekira erdialdetik zeharkatuko duena. Baina ez da hainbesterainoko kilometro pila.
Autobidea bera, ondo egonik, ez da puntakoena.
Errepide oroko alboko arraia zuria, arraia-kantariak edo ozenak dira, zapaldutakoan hots ozena ateratzen dutenak: gureetan han hemenka gutxitan dagoena, hemen denekoa da: segurtasuna errepidean.
Errepide nagusia ez da zabalegia baina zaindua. Dabilen autoteriarentzat nahikoa. Herritxoetarako errepideak estuak dira. Adabakiz konpontzen dute errepideko zorua, baina ondo eta leun jarritako adabakiz: zoru osoa berritu ordez gurpilek erretendu duten gunea adabaki kilometroetako luzez berdintzen dute. Bada zoru berdinik baita zoru eskasik ere, baina errepide onak dira orokorrean.
Etxeak. Baxuak, herri koskortuetan ere. Adreiluzkoak gehienak. Zurajea erakusten du hainbatek. Okre kolorea da nagusi, zenbait lurraldetan batez ere. Zuria ere bai. Zenbait etxek lastozko teilatua du. Laku ertzetako kanabera tankerakoez eginak, hori argiak egin-berritan, eguzkiak ilunduak urteak joanean. Galdu den altxorra dira lastozko teilatuok herri askotan, zenbait barrutietan turismoari so ardura handiz gordetzen duten ikuskizuna.
Herrietara sarrerak. Errepidea mila eratara estutuz, oztopatuz, mantso ibiltzera behartzen dute gidaria herrira sarreran.
Hilerriak. Errotuta dago hildakoei kultua eta kultura. Beti zegoen norbait, asteko edozein egunetan edo eguneko edozein ordutan joaten ginela elizaren bat ikustera, hilobiren bat txukuntzen eta dotoretzen. Hiri nagusietan ezik, eliza inguratuz dago beti hilerria. Lorategia dirudi hilerri orok, berdegune atsegina. Zaindua, berdea, lorez dotoretua. Harri Runikoaren kultura jarraituz-edo harri-bola handiak darabiltzate gureetako hilarri edo gurutzeen ordez.
Elizak. Protestanteak gehienak. Argiak. Apaindura gutxikoak. Halere pulpituak, erretaulak, bataiarriak edo ponteak, hilarriak, jauntxo edo ongileen argazki margotuak marko dotoreetan sartuak, elizkizunetarako jauntxoen korua, jauntxoen katabutak... badira zenbait osagai eliza orotan errepikatzen direnak, bertako jite berezia dutenak, eta askotan artelan ikusgarriak direnak. Erdi Aroko iruditeria gehienetan, naif tankerako ikusgarriak. Eliztarren bankuteria ere berezia da; zurezko jarleku luze itxiak, askotan sarrera tailatu edo dotoretuarekin. Ez dago ia katedral handi ederrik.
Eliza askok komuna du, tarteka eskertzen den zerbitzua.
Eliza-dorreak. Oso bertakoak dira. Xumeak, apalak, baina urrutitik ikusten direnak, gorriak edo zuriak, berdegunean erabat bereizten direlako, apalena ere bestelako eraiki ororen gainetik dagoelako; herriko gaintxoan dago askotan, gaintxo hori leun-gune nabariezina bada ere. Handiagoak edo txikiagoak, sendoagoak edo xumeagoak, baina karratuak dira, teilatua triangelu zorrotzean bukatzen da, teilatu pikea sortuz. Ia ez dago bestelako eliza-dorre motarik.
Museoak. Pila. Herri bakoitzak du berea. Sarri herriko artistaren lanekin osatutakoa. Askotan edo gehienetan bitik gora museo herri bakoitzean. Era guztietakoak dira liburu-gidan ikus daitekeenez. Ez gara joan bakarren batzuetara ezik: ezinekoa da, burua handitu, ikusitakoa ahaztu besterik ez genuke eginen, hainbeste dira!, eta gainera ezingo genuke lurralde laurdenik ikusi museoetara joanez gero. Ez dakigu zenbat bisitari izaten duten.
Liburutegiak. Herriko eraikuntza ederrenetan kokatuta daude.
Barrutik giro atsegina dute arkitektura eta hornidura aldetik. Bakarren batzuetan soilik sartu ginen eta giroa izugarria zen: jende pila, batez ere gazteak, liburu bila, irakurtzen edo poltsakadaka eramaten edo itzultzen.
Gazteluak. Askotan jauregiak dira gaztelua deituak. Pila daude. Izugarri ederrak asko. Handiak. Batzuk urez inguratuak. Gehienek dute alboan basoa, aintzira, enbor sendo eta garaiko zuhaitzez hesitako aterainoko ibilbidea, hormaz bilduak; askoren inguruan aurkitu genituen indioilarrak errepidean. Gaztelu asko ia herri bat da: oso gertu baitu granja, zaldien korta eta morroien etxebizitzak, denen artean eraikin-gune bakarra osatuz. Batzuk jabetza pribatua dute eta argi adierazten dute sarrera galarazita dagoela. Beste batzuk turisten bisita hartzen dute, ordaindua nola ez, bidaiari eta turistei erakusteko barruti bakoitzak duen altxorrik preziatuena.
Errege palazioak izugarriak dira bai Kopenhagekoa, bai Hilerod-ekoa bai hainbat lekukoak.
Komunak. Herri guztietan dago komun publikoa, plaza orok du berea. Garbiak, baliabide orokin, eta doakoak. Hala behar luke denean. Hainbat elizak ere komuna du: estualdi baterako bada irtenbide bat.
Xiringak, bizar-xaflak eta orratzak botatzeko kaxa bereziak ageri dira hainbat komunetan.
Parkeak. Herri orok du bere parkea. Zabala, atsegina. Agian norbaitek esango du lur asko eta zabala dutela. ez da hori. Kultura da arazoa. Gaztelan lur zabala eta laua dute baina ez dago halako parkerik.
Naturguneak: ez genituen gehiegi ikusi. Baina badira izan, batez ere Jutlandia Ipar Mendebal aldeko itsasertzak, duna-guneak batez ere dira naturguneak.
Saltokiak. Saltoki erraldoi edo zabala du herri koskortu bakoitzak. Badira lurralde orotan aurki daitezken izen bakar betiko ezagunak. Denetik dago, ez du berezitasun sakonik Mendebalekoengandik.
Ez dago azoka txiki edo merkadilorik. Bai ordea herri azoka: kalean jartzen dira saltzen erabilitako gauzak, era guztietakoak, saltzen gehiago dirudi rastroa. Bakoitzak dakar bere etxetik deritzona, kendu nahi duena edo auskalo zer. Umeak ere sarriak dira salmenta honetan. Badirudi ohitura bat dela.
Dendetan denetikako ortuari eta fruta dago. Itxura onekoa, gustagarri aurkeztuta.
Poteetako berdurarik ia ez dago, lekari bakarra, baba.
Jatetxeak. Guti ikusten da, eguerdirako eskaintza ere kaskarra da, herri koskortuetan ere. Eguerdian jendea etxera biltzen da bazkaltzera eta gauean afaltzera. Garestia da gainera kanpoan afaltzea. Saltxitxa asko jaten da, batez ere jaietako eta kaleetako txosnetan.
Negutegiak. Ia ez dago. Ezta baratzik ere. Errepidetik agerian behintzat. Baina patata etxaurre askotan eskaintzen da, auskalo non hartuta.
Okindegi oro da gozotegi.
Arrandegi gutxi, arrai gehiena ketutakoa.
Harategi asko.
Industria. Ez da fabrika handirik. Herri koskortuak badu bere industria-gunea baina gehiago da zerbitzugunea. Pabiloi txikiak dira, gureetakoen antzerakoak.
Hainbat herritan bada beti keetan dagoen tximinia luzeko eraikin bat: ez genuen jakin zer diren, nekazaritzarekin lotutako zerbait delakoan gaude. Tarteka zerrategia aurkitzen duzu.
Bizikletak. Ez Holandan haina, baina bizikleta asko dago. Bidegorriak ere ugariak dira, batez ere herri eta hiri barru eta inguruetan. Bizikletak modernoagoak dira, ez Holandako aspaldiko bizikletak. Hemengo bizikletaria lotsagabea da, errepideko, espaloiko eta bidegorriko jaun eta jabe agertzen da. Bizkor dabil, mesprezuz begiratzen dio oinezkoari, haserretu egiten da norbait bere bidegorrian sartu edo inguratzen bada. Ez du inolako errespeturik oinezkoarentzako.
Gidaritza. Bata bestearekiko errespetu handiz gidatzen da. Patxadan eta pazientziaz. Astakiloren bat beti dago hemen ere. Ez da poliziarik ikusten errepidean, baina batez ere herriko sarreretan etengabekoa da poliziaren mehatxua: argazki batetan dager motodun polizia, ez dakit zer dion kartelak baina mehatxua den zalantza izpirik ez du uzten.
Gogoan
-Roskildeko katedrala. Izugarria. Eraikitzeko urteetako zereginean herriari lana emanez Gotzain eta apaizak erregeak bezala bizi ziren.
-Kopenhage. Biri batean metatzen eta biltzen ziren aberastasunak, eraikuntza, jauregi eta artelanetan nabarmentzen da. Bestelako herriak oso apalak eta xaloak dira, bertan dotorezia ez da aberastasunaren ondorena.
-Pobreoi gazteluak kanpotik begiratzen uzten digute, eta turistei bertara hurreratzeko ibilbidea markatzen dute. Ze bihotz zabalak aberats eta agintariak.
- Gure autobidezale diren agintariek Danimarka autobide gutxiagatik pobreagoa dela esango ote, horregatik ez al da industrializatu. Gu baino puntarago dauden arren.
- Herrietako sarreretan mila baliabide fisikoz behartzen zaituzte mantso gidatzera. Beraz Danimarkan ere ez dute berenez gidariak abiadura mugatuzko kartelek diotena gordeko dituen itxaropenik. Arauak beteko diren segurtasunik ez da hemen ere.