LIBURUAK
Afrikanerrak. Eneko Barberena
Gero bateko Europa batez ari da, argazki ezin ezgizarteago bat aurreikusten du, geroaldiko gizartea marrazten, non gaur egungo gizarteko kontraesanak ere gordin nabarmentzen diren..
Arrasaten kokatzen du kontakizuna, urte batzuk barru izanen den bertako giroa, gizarte, ekonomia eta politika mailan, baita egoera horretara heldu aurretiko bilakaera edo pausoak.
Sinbolo bat besterik ez da Arrasate.
Arrasateko bizimoduaz paralelo gerra bat dago Afrikan, etorkinen iturburua moztu asmoz hain zuzen, Europako ejertzitoa da eta bertan Debagoieneko konpainia bat dago borrokan.
Etorkizun ilun eta latza iragartzen du.
Esaldi ilunetan, kontakizun lauso batean bezala iragartzen du kontakizun hori.
Liburutegiak, irakurtzea, auzoa, udal-bulegoak, ikastetxeak, etorkinak, arabiarren aukako fobia, irakaskuntza, gurasoen rola…
Ideiez gainezka, ahotsa eman ezinik, nola esan jakin ez eta irudiez baliatuz eta itzulinguruka bezala dabil idazlea, asma ezinda bezala.
Filosofatu egiten du baina ez zuzenean pertsonaien iritziak ahotzean jarriz baizik.
Filosofo edo pentsalari izatea da gauza bat, iluna izatea beste bat: edukietan adina adierazpenok moldatzean dago pentsalariaren indarra.
Agian irakurlea zirikatu nahi du, pentsarazi, esan nahi diona berak asma dezan.
Lekuz kanpo uzten zaitu bai kontakizunak bai kontaerak.
Kritika zorrotza gizarteko hainbat joera eta portaerei buruz.
Ironia darabil, zeharkako esanahia sarri, sarkasmoa ere tarteka.
Zeharka, azpibide edo albo esanahietatik bezala ematen du mezua.
Idazkera korapilatsua, nahasia dirudi, nahiz irakurlea ohituko den
Esaldi landuak ditu, astindu egiten zaituzte, baina hutsik uzten, kilikadurarik gabe, ez duzu tximeletarik aurkitzen.
Esaldi borobil eta esanguratsuak ditu, baina zintzilik bezala geratzen dira bidean aurkitu duzun loratxo bakarti hori bezala: agian irakurleari tarte bat utzi nagi dio gogoeta bat egin dezan.
Ez da batere erakargarria, zaila egiten duelako estiloak azpiko esanahia ulertzea.
Artifizial sentsazioa dario idazkerari.
Ez du inolako zailtasunik aditz forma edo hiztegian.
Sasitza bat bezala da tarteka kontakizuna, dena dago nahasia.
Azalpen bat ematen dio tarteka bere estilo erdi filosofiko izan nahi horri.
Esaldika idatzitako liburua dirudi; lasai hartuz izanen da gustukoa izango duenik.
Aireportuko musika. Luis Garde
Nafarroan kokatzen du kontakizuna, 2020ko hamarkadan, etorkizuneko Nafarroako balizko egoera politiko bati buruz ari da, baina aurreko urteetako egoera politikoa islatzen du.
Borroka armatua berreskuratu nahi duen talde bat, talde honek politikari ezagun bat bahitu eta azkenik hil egingo du.
Paper idatzi sorta bat etorriko zaio idazleri, bahituak idatzitako poema liburu bat ere badu… paper eta liburuaren inguruan katramilatuko da istorioa, “zulo”tik idatzitako gutunekin batera, liburuko ardatz bihurtuz.
Eskuindar politikaz ari da, batez ere karlistei buruz: gainbegiratu bat ematen dio karlismoari: karlisten gerrak, gerra zibila, alderdi karlistaren geroko bilakaera eta jokabidea, barne borrokak…
Garai horretako giro politikoaz ari da, alderdi politiko eta politikoak daude marraztuta, pertsonaia zehatzak iradokitzen ditu.
Desbideratzen da kontakizunaren haritik bere burutapenetan luzatzeko, sarriak dira gogoeta eta burutapenok, interesgarriak asko eta asko.
Noizbehinka gai bat sakontzen du: poesia, tortura, politikaren azpijokoak, anarkistak, Aragoiko komunak, fraideekin eginiko sarraskia, fikzioa errealitatea kontatzeko tresna…
Poesia da ia uneoro ukitzen duen gaia, hainbat poesia liburu idatzitakoa da liburuaren egilea bera.
Istorioak berak badu interesa, jakin-mina sortarazten du, suspense puntua du, baina zeharkako gai eta burutapenak hainbeste desbideratzen denez, lausotu egiten da interesgunea.
Zeharkako deskribapenetan luzatzen da, literatura egiten du bere burutapen eta sen itsatsiz.
Idazkera ezberdin bat du, propio berea, zaila, iluna, lausoa, nahasi samarra tarteka, ertz askokoa, korapilatsua gertatzen da: literatura egin nahian esaldiak borobildu nahiaren ondorioz bezala.
Literatura egiten du tarteka, idazkera jantzia alegia, paragrafo luzeak osatuz ezer berezirik eskaini gabe, kakotx arteko esaldi pila, etenik gabe, agian azpimarratzeko teknika bat besterik ez da.
Errepikagarria egiten da, gaia bera eta bilbearen osagaiak… ezer berri edo erakargarririk eta jakin-minik erantsi gabe, horrek jo eta pasa irakurtzera eramaten zaitu tarteka, horrelako pasarte edo paragrafo luzeetan ez baitu ezer berri, tentagarri edo erakargarririk eskaintzen ez kontakizun aldetik ez literatura bezala ere.
Tarteka egitura, esaldi eta zenbait irtenbide literario ezohikoak ditu, guti erabilitako aditz formak… agian akats tipografikoak eta zuzentzaileari ihes egindakoak direla ere pentsatuko du norbaitek, ezbaian jar dezakete irakurlea, arauak aldatu direla pentsaraziz…; partitiboaren erabilpena da tarteka ohikotik ezberdina.
Atzizkiez baliatzen da usu hitz ezagunak erabiliz hitz berriak sortu eta esanahia indartzeko.
Idazlea irakurleari bere liburuaren nondik norakoak argitu nahian bezala dabil, zalantzak balitu bezala.
Nolanahi aberatsa da euskararen aldetik, idazkera ezberdin bat erakusten duelako.
Gaur egun ohi denez liburu izenburu, egile, zita… ingelesez!!! nola ez, etengabeko aipamenak.
Aldibereko. Bachmann Ingeborg.
Istorio ezberdinek osatzen dute liburua.
Viena inguruan dabil batez ere, Paris eta Londres ere oso bertan daude, nahiko iritzi ezkorra da berea.
Lehenengo kontakizunean bidaia bat eginen dute emakume eta gizonezko batek.
Bigarren kontakizuna egun osoa ohean egitea gogokoen duen neska baten inguruan dabil.
Hirugarren kontakizunean ikusmen arazoak dituen emakumea da pertsonaia: nahiago errealitatea ez ikusi.
Laugarrenean emakume edadetu eta bere errainaren harremanak dira kontakizun
Bosgarrenean, kanpoan dabilen alaba aitarengana doa bisitan, anaia ere aipagai izanen da.
Ez du ezer deigarririk kontatzen, baina pertsonaien barnera sarrarazi eta bertan biltzen zaitu. Kontaerak berak, egiturak, estiloak sortzen duen giroak… eramaten du pertsonaion barnera irakurlea ere sartzera, ibilbide horretako zergatiek, kontakizunak berak, ez du jakin-minik pizten, pertsonaien barnera sartzearen plazera da sortarazten duena batez ere.
Kontakizun guztietan daude bikote ezberdinak, bikote aldaketak…
Pertsonaien arteko harremanak, joera, oraina, lehena, sentipenak, iritziak… dena nahastuta baina ez nahasian.
Pertsonaien barne-bidaia, barne zirrikitu eta bidezidorrak, barne ibilaldiak, pertsonaiak bata bestearen barnera sartuz; beraien garunetan kiribiltzen da, bere burutapen eta barne bizipenetan, ukitu zehatzetan katramilatuz, kontraesanak agerian utziz.
Lehena eta oraina, balizkoa eta erreala nahasian bezala doaz.
Izaten ditugun baina azaleratzen ez ditugun burutapen eta sentimenduak, gizakion mundu sekretuak… barnean erabili izaten ditugun balizko beste mundu edo bizitza hori…
Emakumeak dira bost kontakizunetan pertsonaia zentrala, osagaia dira bere inguruan dabiltza jite ezberdineko gizonezkoak.
Misterio bat bezala dira kontakizunetako emakume zentralak, labirinto batean bezala dabiltza, jarreretan, ibilbidean baina batez ere gogoetetan.
Bikotearen elkarbizitza, bere konplexutasunarekin dago kontakizunetan, bikoteen elkartzea eta banatzea batez ere,
Pertsonaien gogoetek zeure gogoeta propioetara zaramatzate.
Agian nabarmenago sakonduak eta azpimarratuak daude gai batzuk: itzultzaile lana, bizitzari eta gizarteari buruzko iritziak, ile-apaindegia, hizkuntzak, batez ere alemana, ezkontza, argazkilari baten funtzioa, Algeriako gerra eta Frantziaren jarrera…
Istorioek ez dute loturarik, bai pertsonaien izaera, portaera eta hainbat antzekotasunek, baita kontaerak edo estilo literarioak ere.
Berehala harrapatu nau, batez ere idazkeragatik eta pertsonaien barneko ibilbideengatik.
Literatura aldetik ezberdina da, ohiko moldeak hausten ditu, bide berriak jorratzen, irakurlea partaide egiten du etenik gabe irakurritakoa lotzen eta interpretatzen, ze bidetan dabilen aurkitzen… pertsonaien barne zirrikituetatik murgiltzen zaituen sentipenagatik batez ere gozatuta da irakurketa.
Paragrafo oso luzeak egiten ditu tarteka, orri askotakoak noizbehinka, pertsonaiaren aldartearen arabera gehienetan, beste batzuetan paragrafo laburragoak dira eta irakurketa errazten dute, laugarrenean marratxo eta lerroz berezituz datoz elkarrizketa zenbait.
Lerro askotako esaldi luzeak ere sarriak dira paragrafo luzeotan.Hika-noka paragrafo berean korapilatuz egiten ditu elkarrizketak.
Zurrunbiloan, nahastuta, datoz narratzailearen jarduna, pertsonaien burutapenak, elkarrizketak, denbora, pentsamenduak, gogoetak, sentimenduak, gertaerak… irakurleak josi eta ordenatu behar ditu, dena harilkatu behar du… hori dena punturik gabeko paragrafo luzeetan.
Hizkuntza ezberdinetako esaldiak sartzen ditu itzulpenik gabe.
Egiten ditu inguru geografiko, natura zein urbanoen deskribapenak.
Batez ere lehen kontakizunean nabarmentzen da idazkera hau, baina beste lauretan ere antzera dabil nahiz ez hain nabarmen.
Amaiera katramilatsua dute kontakizun denek, sortarazten du halako jakin-min bat, nola bukatuko ote istorioa.
Gramatikalki ez du zailtasunik ez esaldien egiturengatik, ez hiztegiagatik, baina ez da irakurterraza, dosi txikietan irakurtzea hobe.
Argintza. Pello Lizarralde
Zine-aretoetako gerente batek bidaia bat hasiko du areto bateko egoera aztertzeko, aretoa itxi ala ez itxi erabaki nahi da: bidaia horren kontakizuna da eskaintzen zaiguna.
Kontakizuna lotzen duen haria fina da, hari horren inguruan harilkatzen du kontakizuna, hari horri jarraitzean dago lanaren xarma.
Narratzaileak gerentearen ibilia kontatzen du eta gerenteak ibiliko bizipenak, bi plano horiekin osatzen da liburua.
Gauzak esateko modu berezia du, zehatza, ohikotik ezberdina.
Ukitu propio du, zehazten zaila.
Bidaiaz eta gertaeren une zehatzak zehatz kontatzen ditu.
Unez une, pausoz pausoz, kontatzen du gertaeraren ibilia.
Ez filigrana literariorik bilatu, ezta esaldi biribil eta deigarririk, baina altxor bat da.
Patxada eskatzen du, paragrafo oroz gozatzeko.
Lasai, astiz, egin behar da irakurketa kontakizunak berak hala eskatzen duelako.
Egileak idazten gozatu duela dirudi, irakurtzea da irakurlearen gozamena.
Liburuaren azala ere deigarria da: salgai jartzen du aretoa.
Atzerrian. Nerea Balda
Atzerrira, Ingalaterrara, lanera joan den neska baten bizipen, oroitzapen eta gogoetak dira.
Pertsonaien barnean dabil pentsamendu eta sentimenduak irabiatuz.
Zertaz hausnartu asko eskaintzen du, gogoetarako hari-muturrez oparo baitago: idaztea, itzulpengintza, distantzia…
Zail samarra da kontakizuna jarraitzea, korapilatuta baitatoz tempusak eta pertsonaiak, baina horrek egiten du erakargarria, zatiok ehuntze horrek,
Literatura fina eta dotorea egiten du, irudimentsua ere.
Bidezidorretan bezala doa, hemen banatu eta han elkartu, beti baso trinko batean bazindoaz, pertsonaia ezberdinak ezagutuz eta beraiekin topo eginez.
Gertakizun, portaera, harremanen xehetasun asko ematen du, egoera borobilduz.
Egitura berezia du, zenbait atalen izenburu pertsonaia ezberdinen izenak jarriz, jarrerak, gertakizunak eta burutapenak korapilatuz.
Ez dakit literatura jantzia egin nahi duelako sartzen den hainbat bihurgunetan, esanahiaren zailtasunak kiribiltzen dituen zenbait esaldi, baina ulerzailak dira zenbait esaldi.
Horrez gain tarte zuri zabalez egituratuta dago, orrialdeak eta liburuaren mardula handitu baino arnasa ematen dio irakurleari eta honen garunei, irakurketa arindu eta erraztuz, irakurlearen arnasa eta patxada eskatzen baitu, baina horrez gain egituraketak beste mezu edo helbururen bat ote duen galdez bukatu dut.
Idazleak gustuko ditu liburu aipamenak, ingeleseko zitak… pertsonaia Ingalaterran dagoelako ala bere jakituria erakusteko.
Garunen azeleragailua da irakurketa.
Gustura irakurriko du puzzlea gustatzen zaion irakurleak.
Dauden elkarrizketak testu barnean doaz inolako zeinu eta ikurrik gabe, baina argi jarraitzen dira.
Sentipen gozagarria uzten du.