BIDAIAK 98. DANIMARKA
Ekainaren 21a. Igandea. 57.a – D:30a.
HYLHONH PENINTSULA.
Lur-mihia. Zortzi aste dira gaur etxetik atera ginela ibilaldira. Bihar hasiko gara beherantz, etxera bidean.
Zazpiak eta erdietarako jarri zaigu gizon adindu bat, ontziei bizkarra emanda, erdizka kanpinera erdizka itsasora begira, bi botila garagardoz zamatuta, egonean eta edanean egunari aurre egiteko prest.
Ze nolako zurrutada jo dion harriko iturriari gazte batek harrikoa egiten ari ginela. Ondoren irribarrea luzatu dit: astelehena igandean, jai-egunaren jai-biharamuna.
Bikingo ontzia jarri dute ur-gaineko ibilian, arraunketaz ezer gutxi zekien jendea zela arraunlari: liluraren zoriona zerien aurpegiei. Egun osoz auzo lasaia izan genuen bikote isila da ontziaren arduraduna: gartsu ikusten ditugu gaur ontziaren ardura hartzen zein arraunketa zuzentzen, berbatsu ozen biak.
Danimarkako azken irteera gaurkoa: Ipar Itsasoaren eta fiordoaren ertzetik eginen dugu ibilia, Hegorantz, eta barne bide nagusietatik itzuliko gara etxera.
Eguraldi eguzkitsua, bero eginen du.
Itsasoa dugu lagun kilometro etengabeetan, Ipar Itsasoa alde batetik Nissun fiorda bestetik; pare-parean dugu fiorda, tartean padura estua gelditzen zaigula, itsasoa berriz ezin dugu ikusi, hareazko muna garaiak, dunok, banatzen gaituelako itsaso ikuspegia galaraziz.
Harea fineko hondartza da itsasertza. Holandan balitz gizakiak eginiko muna dela esan zitekeen, lurrak itsasoari lapurtu edo itsasotik babesteko, baina hemen fiordo edo golkoa, eta ez haziendarik ez lur landurik duen padura, da munen barrualdea. Berezkoak behar dute munok.
Goizean goiz bi bikote heldu garagardo botila aurrean zutela.
2 neska gaztetxo garagardoa edaten 10ak eta erdietan kale gorrian Humluneko kalean.
Ezindu nagusi bat errepideko bakardade gorrian gurpil-aulkian autoekin lehian, itxuraz lasai.
Albo batean dago eliza herri txiki askotan, beti tontorrenean. Eliza gehienek latorrizko teilatua dute, gris-zurixkara kolorekoa.
Ferring. Turistentzako edo bertakoentzako dendatxo bat, eta kitto.
Antzerakoak dira itsasertzeko herriak, erabat txikiak.
Ibiliko da jendea asteburu eguzkitsuetan eta udaran, baina ez da pilatzen toki batean, hondartza luzea baita eta bertan banatu eta barreiatzen da, errepidetik hasiz dunak garaitzen dituzten bidegorriek erakusten dutenez.
Txori-gune dira dunok: iragarki-tauletan ematen da bertako txorien berri.
Gizon bat etxe-atarian: bi garagardo botila darama eskuan, hiru gazte herriko sarreran kaxakada garagardorekin: asteburuetan izugarri edaten da Danimarkan.
Bi mutiko herritxo batean zerbait saltzen errepide ertzean.
Torsminde. Kanpotarrentzat ordupasako lekua izan daiteke asteburuetan. Fiorda lotzen da bertan itsasoarekin, irekitzen den zubi batez zeharkatzen da lotura-ubidea. Portutxoa du dunen babesean.
Antzinako moldez eginiko udako etxola edo etxetxo mordoa elkarren ondoan pilatuta, urbanizazioa, duna azpian.
Stadil izeneko bi fiord: hauen inguruan eta beherantz errimeak dira lastozko teilatuak, bai granjetan, bai etxeetan, baita etxe berrietan ere, egunotan ikusten ez genituen etxeak; bertako padurako lastoarekin eginiko teilatuak dira: pilatuta daude azaook.
Etxe sailak dunetan, etxola handiak, asko, etxola handien tankerakoak, gaurkoak ala antzinakoak diren bereiztea zaila den etxeak.
Granja handiak, adreiluzkoak, galduxeak daudenak ere ederrak.
Lurzoru erabat laua.
Barrura egiten dugu tarte batez, bitxilorea jarraituz. Ubide asko dago, ez dakigu lurrok ureztatzeko diren ala drainatzeko. Behi asko, zaldirik edo ardirik ez ordea. Galsoroa nagusi, patata-sail bat; baratz edo berotegirik ez.
Ringobing. Itsasoaren parez pere, izen bereko fiordo zabalaren bazterrean kokatua. Garai batean portutik bizi omen zen, gaur egun turisterria da, zaindua, txukuna, atsegina. Oso zabala behar zuen izan plazak, eliza eta hiru eraikuntza baititu erdian, halaz ere tamainaz ederra da hiru eraikinok jan egiten duten arren. Mortua dago herria, portuan dago kanpotar jendea: sendo egindako portua, arrantzaleek txabolatxo piloa dute bata bestearen jarraian: arrantzale portua nonbait. Jaiak dira portuan, herriko jaiak agian; txosna ugari, arratsalderako ekintzak gertatzen ari dira portuko plazan; uda giro petoa oraindik jendeketarik bildu ez bada ere.
Bi neska koskorrek beraiek pintatutako harritxoak saltzen dituzte kalean, garesti saldu ere: plastikozko laukitxo koloretsu bat erosi diegu, huskeria bat, 5 koroagatik: umeok pozik uzteko asmoz gure azken egunean.
Hau da bisitatu dugun azken herria, bertan hartu dugu azken izozkia, bazkal aurretik bada ere, bertan agian azkena den argazkia.
Sonderving. Herri kozkorra; hondar munetatik barrura gelditzen da. Hondartza, itsasertzeko dunak. Jai giroa, baina ez itogarria: jendea bainujantzian, dendak, kafetegiak, mahaitxoak, toldopeak. Autoa eta jendea erruz. Oinez egin behar da hondartzarakoa muna hareako irekidura betetik. Ez gara gelditu: jende asko, zerikusi gutxi, nahiko ibilita gaude eta bazkaltzeko aukerarik ez dugu ikusten.
Ez ote dituzte hiritartuko itsasbazterrok Europaren eta aurrerapenaren aitzakiaz.
Hvide Sande. Fiord eta itsasoaren arteko lotura berritzen ari dira. Jai giroa; igandezaleak, arratsaldeko pasealariak. Arrantzale portua: oraindik egiten omen arrain enkantea lehen gure kofradietan bezalatsu, ahoz, prezioak garestitik merkeagora ahoskatuz. Bi zubi.
Ziurtatu dugu azken egunotan tarteka ikusi ditugun egur eta sastraka pilatuak ez direla zabor bilketak, S.Juan-surako asmotan pilatutakoak baizik: taket edo hesola luzea erdian, biribilean prepezioz pilatutako egurrak dituen piloa ikusi dugu padura batean, herri baten alboan. Agian zaborreria pilatze hutsa besterik ez zen.
29 graduko hozberoa.
Militarrek bereganatu dute duna saila, tiroa jopuntura nola findu ikasi eta armategia egoera onean gordetzeko: hilketa aurreko saioak.
Tarm, izugarrizko ibaia herritik gora: 20 metrotik gorako zabalerakoa izateaz gain korronte bizikoa: hara non hilabete batez errekatxoa besterik ikusi ez dugun ondoren.
Bide handietatik egin dugu etxera itzulerako hegazkada, abiadura bizkorrean.
Jende asko ikusten da hondartzetan. Jende ugari dabil kanpin inguruan, bazkal osteko giroan. Agure bat izan dugu aurrean poltsakada garagardo botilekin, ondoren gizon adinekoa polito jarrita kantari emazteak eusten ziolako zutik: gerora, oraindik kantari sumatzen dut aurreko golko ertzean.
Golkoan daude bela zuriak ur-azal urdinean. Portuan dugu berriro bikingo ontzia.
Herri kantaria da daniarra: kantatu egiten dute bazkaldu, afaldu eta edan ondoren.
250 kilometro, azken hegazkada aurreko azkenak, azken irteerakoak, irteerako azkenak.
Ekainaren 22a. Astelehena. 58.a – A:2.a
Maparekin etorri zaigu ordaintzerakoan kanpineko arduraduna, ia nongoak ote garen. Esan diogu. Iaz Donostian egona da. Gehitu behar izan diogu ez garela espainolak, euskaldunak baizik: irribarrea atera zaio eta "bask" esan du, gogorrak, borrokalariak edo zerbait antzerako garela adieraziz imintzioz. Zerbait ikusi edo ikasi zuen Donostiara bisitan.
Danimarka uzteko eguna heldu zaigu, autoaren motorrari eragitean argiak pizteko ohitura berezkoa egin zaigunean. Begiak denari begira zabalik, zer izango ote, jakin minez, zeharkatu genuen muga bera zeharkatu dugu itzuleran. Ez asko, baina zerbait gehiago badakigu herri honetaz, bertan ordu eta egun asko bizi izan dugun sentipena dugu. Lagunak eta kideak ditugu zain Sakanan, eta kare-haitzak Duela bi hilabetekoari berriro heltzeko prest eta gogoz goaz.
Militar konboia izan dugu lagun Randersetik Alemaniako muga bertaraino, bata bestearen ondoren eta jarrai estuan kamioi, kamioneta, hondeamakina, iraulki... ilarak. Berri itxurakoak denak. Jainkoa omen lez, edonon presente militarrak, gizartearen eta munduaren jabe.
Euria lagun ia bidaia osoan, agurra, ostera, eguzkiarekin eman digu Danimarkak.
Duela 30 egun jakin-minez begiratu genion lurraldeari nostalgiaz begiratzen diogu orain: ezaguna eta laguna zaigu, baita autobideko gorbata gorriak ere.
Ez dakigu alemaniarra ala daniarra mugazinaren begiradapean, ia geldituz, muga zeharkatu ondoren bukatu zaigu Danimarkako abentura.