e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
H28 urdekaria hemen da!
Iaz bezala, H28 aldizkari saretitikoak paperezko urtekaria aterako du aurten ere! Eskuratu nahi baduzu, baina, kontuan izan ez dela kiosko edo liburu-dendetan salduko. Aurrez crowdfunding bidez erosi behar da, hiru modalitate hauetako batean: 10 €tan ale bat eta 20 €tan bi ale Durangoko azokan jasotzeko, edo 15 €tan etxean jasotzeko ale bat. Beharrezko minimora iritsi dira jada, beraz egin egingo dute. Baina zure alea lehenbailehen eskatu, ez baduzu gabe gelditu nahi!
Getxoko XV. Komiki Azoka, inoizko euskarazko argitaletxe, lan eta egileen presentzia handienarekin
Azaroaren 18tik 20ra, hau da, aste honetako ostiraletik igandera bitarte, Getxoko XV. Komiki Azoka egingo da, Areetako Geltokiko Plazan. Ohi bezala, standez gain hainbat ekitaldi egingo dira egun horietan zehar: erakusketak, tailerrak, aurkezpenak, hitzaldiak. proiekzioak, egile gonbidatuak (Horacio Altuna, Alex Robinson, Paul Pope, David Rubín...), sinatze-txandak...
Euskararen presentzia ez da inoiz oso handia izaten bertan, baina aurten inoiz baino handiagoa behintzat izanen da, azken urteotako euskarazko komiki-produkzioaren erakusgarri. Erakusketetako bat Binetazko bikote izango da, Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadok elkarrekin Xabiroin ateratako komikien ingurukoa. Luterl Taldea, beti bezala, han izango da bere argitalpenekin. Astiberriren postuan azkenaldian euskaraz atera dituzten komikiak izango dira. Harriet Argitaletxeak, iaz lehen aldiz Getxon Justin Hiriart-ekin aurkeztu zenak, aurten bost lan izango ditu bertan. Eta Xabiroiko standean, bere aldizkari eta albumez gain, beste etxeek argitara emandako lanak ikusi, erosi eta sinatzeko aukera ere egongo da.
Hona hemen euskarazko lanen eta egileen sinatze-txandak:
Egilea | Komikia(k) | Non | Ostirala 18 | Larunbata 19 | Igandea 20 | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Goiz. | Arrat. | Goiz. | Arrat. | Goiz. | Arrat. | |||
Dani Fano | TeleAtoi, Anubis 3.0, Kortsarioen Ostatua |
Xabiroiko postuan |
12:00- |
18:00- |
11:00- 14:00 |
18:30- 20:30 |
11:00- 12:30 |
17:30- 19:30 |
Joseba Larratxe Josevisky | Eneko Aritza | Xabiroiko postuan |
18:00- |
|||||
Adur Larrea | Okatxu, Gabriel Aresti | Xabiroiko postuan | 11:00- 13:00 |
17:30- 19:30 |
||||
Iñaki Holgado | Piztia otzanak, Zebra efektua, Museo bilduma | Xabiroiko postuan | 12:00- 14:00 |
18:00- 20:00 |
12:00- 14:00 |
17:30- 19:30 |
||
Fermin Muguruza | Black is beltza | Xabiroiko postuan | 13:00- 14:00 |
|||||
Harkaitz Cano | Piztia otzanak, Zebra efektua, Museo bilduma, Black is beltza |
Xabiroiko postuan | 13:00- 14:00 |
18:00- 20:00 |
||||
Guillermo Gonzalez | Kortsarioen ostatua | Xabiroiko postuan | 13:00- 14:00 |
18:30- 20:30 |
||||
Maite Gurrutxaga | Habiak | Xabiroiko postuan | 13:00- 14:30 |
17:00- 18:30 |
||||
Julen Ribas | Azken garaipena | Xabiroiko postuan | 17:00- 19:00 |
|||||
Zaldieroa | De rerum natura | Xabiroiko postuan | 19:00- 21:00 |
12:30- 14:30 |
||||
Alex Sanvi | Haur besoetakoa | Xabiroiko postuan | 12:00- 14:00 |
17:30- 19:30 |
||||
Mattin | Zarrakamalda | Xabiroiko postuan | 12:00- 14:00 |
|||||
Daniel Redondo | Jon eta Mirka | Harriet-en postuan |
12:00- |
17:30- 19:30 |
11:30- 13:00 |
17:30- 19:30 |
11:00- 12:00 |
|
Sinatze-gunean | 13:30 | |||||||
Gregorio Muro Harriet | Justin Hiriart, Jon eta Mirka | Harriet-en postuan |
12:00- |
17:30- 19:30 |
11:30- 13:00 |
17:30- 19:30 |
11:00- 12:00 |
|
Sinatze-gunean | 13:30 | |||||||
Marko | Txinara bidaia, Indiara bidaia | Harriet-en postuan | 12:00- 14:00 |
17:30- 19:30 |
||||
Arantza Ibarra | Mobilak | Luterl-en postuan | 19:30- 20:00 |
|||||
Kaiet Bengoetxea | Euskoman, Mobilak | Luterl-en postuan |
19:30- |
Han ikusiko dugu elkar!
Getxoko Manga Jaialdia aste bukaera honetan
Euskal Herriko komiki-azokarik garrantzitsuenak, Getxokoak alegia, urte batzuk daramatza bi aste bukaeratan banatuta izaten, lehenengoa mangari eta bigarrena komikiari eskainita. Komiki-azoka hurrengo aste bukaeran izango da eta emango dizuegu beranduago horren berri xehetasun gehiagoz, baina momentuz Manga Jaialdian zentratuko gara, aste bukaera honetan bertan baita.
Beraz, Getxoko Manga Jaialdia 2016 aste bukaera honetan izango da, hilak 12 eta 13. Hainbat stand izango dira manga saltzen (ikusi planoa hemen), baina manga azoketan ohikoa denez, ez da soilik manga egoten, Japoniar kulturako bestelako mila gauza ere bai baizik: anime-a, janaria, mozorroak, bideo-jokoak... Programazio osoa ikusteko hemen klik egin, eta ordutegi, prezio eta bestelakoentzat hemen.
Kunsthal-en II. Animazio Jardunaldietako komiki-ekitaldiak
Irungo Kunsthal Goi Mailako Arte Plastiko eta Diseinu Zentroak II. Animazio eta Ilustrazio Jardunaldiak antolatu ditu Tabakaleran ostiral eta larunbat honetarako, hau da, azaroaren 11 eta 12rako, Komikilabea programaren barruan. Aurtengo gaia "Emakumea animazioan, komikian eta ilustrazioan" da, eta ekitaldietako batzuk komikiaren inguruan izango dira, zehazki hauek:
- Joseba Larratxe: Una aproximación personal al cómic hitzaldia (ostirala 11, 13:15-14:30)
- Mai Egurza: Proceso de creación de El paseo de los sueños, sus personajes y su estilo visual hitzaldia (ostirala 11, 16:00-18:00)
- Juanpe Arroyo, Mai Egurza, Joseba Larratxe, Ana Cobos, Eva Figueroa: La mujer en la animación, la ilustración y el cómic mahai-ingurua (larunbata 12, 17:30-18:30)
Programa osoa eta zehaztasun gehiago beraien webgunean duzue. Ez dute zehazten, baina webguneari, programari eta ekitaldien izenburuei kasu eginda (dena gaztelania hutsean dago), pentsatzekoa da dena gaztelaniaz izango dela...
9. Ibarra Galtzakomik komiki-lehiaketa abian!
Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak 9. Ibarra-Galtzakomik komiki-lehiaketa antolatu du. Euskarazko lanak soilik aurkez daitezke bertara (komiki muturik ezin da), gaia librea da (baina eduki sexista edo arrazista edo intolerantea ez da onartuko), lanek jatorrizkoak eta argitaragabekoak izan behar dute, ez dira onartuko programa informatikoen aurrediseinatutako irudiekin egindakoak, eta sari eta kategoria ugari daude (oinarri zehatzak beraien webgunean dituzue, http://galtzakomik.blogspot.com.). Azaroaren 21era arte dago lanak bidaltzeko denbora. Zeren zain zaude?
Komikilabea, aste honetan Donostian
Donostia 2016k eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol sailak antolatuta, Komikilabea jardunaldiak izango dira aste honetan zehar Donostian. Antolatzaileez gain, Donostia Kultura, Tabakalera, Kutxa Kultur, Kunsthal eta Kaxilda liburutegia ere aritu dira laguntzaile. Komikian zentratuta badago ere, bere inguruko bestelako formatu edo arte-espresioak ere lantzen ditu, hala nola argazkigintza, marrazkigintza, zinema eta animazioa. Egia esan, aurreko astean ere izan dira jardunaldietako hainbat ekitaldi, baina komikizko ia denak aste honetan izango dira. Programazio osoa beraien webgunean dago, baina komikiekin lotuta eta hurrengo astean izango diren ekitaldiak hauek dira:
- Euskadi Fantastikoa XII: Julen Ribas erakusketa (Udal Liburutegi Nagusia, urriaren 29tik azaroaren 19ra): Besteren artean Azken garaipena komikia marraztu duen Julen Ribas artista arrasatearraren lanari buruzko erakusketa hau Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan egiten den Euskadi Fantastikoa erakusketaren hamabigarren edizioaren barruan kokatzen da.
- Nina Bunjevac: Fatherland erakusketa (Komikigunea, azaroaren 5etik abenduaren 3ra): Nina Bunjevac marrazkilari kanadarraren Fatherland (2015) komikian oinarritutako erakusketa.
- Storyline: komiki kolektiboa egiten tailerra (euskaraz eta gaztelaniaz, Tabakalera, azaroaren 6tik 12ra): Astebetez, Ibai Aizpurua, Luis Doviso, Mai Egurza, Paula Estevez, Joseba Larratxe Josevisky eta Aritz Trueba komikigileen eta animatzen den beste edozeinen artean komiki bat egingo da.
- Susanna Martín-ekin komiki-tailerra (gaztelaniaz, Intxaurrondo Kultur Etxea, azaroaren 7tik 8ra, 18:00etatik 21:00etara): UNRWA Euskadi (Ekialde Hurbilean dauden Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren Euskadiko atala) erakundearen laguntzarekin Susanna Martín (Bartzelona) marrazkilariak zuzenduko duen tailerrean komiki soziala eta bere rola hezkuntza-tresna gisa, komikiaren lengoaia, gidoia eta storyboard-a bezalako gaiak landuko dira.
- Javier de Isusi: Asylum erakusketa (Kaxilda liburudenda, azaroaren 7tik abenduaren 3ra): Javier de Isusik CEAR-Euskadi erakundearentzat errefuxiatuen dramaren inguruan egindako Asylum komiki bikainaren inguruko erakusketa.
- Iñaki Martiarena Mattin: Zarrakamalda solasaldia (euskaraz, Intxaurrondo Kultur Etxea, azaroaren 8an, 19:00etan): Intxaurrondoko Kultur Etxeko komikien inguruko solasaldien barruan kokatzen den ekitaldi honetan, Iñaki Martiarena Mattin (Donostia) komikigilearen Zarrakamalda (2016) lan argitaratu berriari buruz hitz egingo dugu egilearekin berarekin, nik gidatutako solasaldian.
- Komikiz, ezinbestean! solasaldia (euskaraz, Tabakalera, azaroaren 9an, 18:00etan): Konfliktoak, gudak, mugimendu sozialak, gutxietsien gatazkak... Komikiak ere badira gaur egungo egoera ezagutzeko leiho paregabea. David Zapirainek (Pasaia) Tabakalerako Ubiken ikusgai egongo diren komiki sozialen aukeraketa egin du eta bertan aurkeztuko dizkigu.
- Susanna Martín: Gaza Amal komikiaren aurkezpena (gaztelaniaz, Udal Liburutegi Nagusia, azaroaren 9an, 19:30ean): UNRWA Euskadirekin lankidetzan argitaratutako Gaza Amal: Gazako zerrendan emakume ausarten istoriotxoak (2016) komikia aurkeztuko du Susanna Martínek. Lan honetan ilustratzaileak Gazako emakumeen errealitatera hurbildu nahi gaitu eta baita emakume palestinarrei buruzko genero eta kultur estereotipoak hautsi.
- Superwomen: ohiko ikuspuntuari begirada berria tailerra (euskaraz, Tabakalera, azaroaren 10ean, 18:00etan): Idazleak, irakurleak, marrazkilariak, pertsonaiak, protagonistak... Zein leku okupatzen dute emakumeek komikian? Bechdel testa abiapuntu hartuta, lantegi honetan komiki eta komikigintzan emakumeek duten trataera, presentzia eta funtzioak aztertuko ditugu Ainara Azpiazu Axpi (Igeldo), ilustratzailearekin batera.
- Antonio Altarriba eta Kim: El arte de volar eta El ala rota komikien aurkezpena (gaztelaniaz, Udal Liburutegi Nagusia, azaroaren 10ean, 19:30ean): Antonio Altarriba (Zaragoza) gidoilariak eta Joaquim Aubert Puigarnau Kim (Bartzelona) marrazkilariek XX. mendeko Espainiako historia politikoaren errepasoa egiten duen El arte de volar (2009) eta argitaratu berri den El ala rota (2016) komikiez osatutako duologiaren aurkezpena Juanma Díaz de Guereñu eta Luis Gascarekin.
- Splendor in the grass: Come Prima ikuskizuna (Tabakalera, azaroaren 12an, 21:00etan): Komikia eta musika uztartzen dituen ikuskizun honetan Splendor in the Grass taldeak soinu banda jartzen dio 2014ko Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdian Fauve d'Or (lan onenari saria) irabazi zuen Lionel Papagalli Alfred marrazkilariaren Come Prima lanari. Oholtza gainean, komikiaren irudi eta testuak jasotzen dituen diaporama dinamiko bat proiektatzen duen pantaila eta ilunpean, Frantziako taldea, 60 hamarkada hasierako Italiara eramaten gaituen istorio hunkigarriaren erritmora.
Programa mamitsua benetan. Ez galdu!
Iñaki Martiarena Mattin: “Lokatzak bere burua zaindu nahi du, eta 'zaindu' hitza 'zaina' hitzetik dator”
(Elkar argitaletxearen aldizkariko 2016ko udazkeneko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Ibilbide luzea du Iñaki Martiarena Mattin donostiarrak euskal komunikabide eta argitaletxeetan, marrazkilari bezala. Berak ilustratutako liburu kopurua kontaezina da, eta komiki ugari ere egin du: hainbat komunikabidetarako umore grafikoa landu du (Egunkaria, Berria, Argia, Aizu!, Gaztezulo, Irutxulo...), komikiak argitaratu ditu Ipurbeltz edo Napartheid bezalako komiki-aldizkarietan, Donostia sutan 1813-2013 elkartearentzat Sua itzali, hiria piztu komikia egin zuen duela hiru urte... Orain Zarrakamalda komiki-liburu pertsonala argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin. Ia 300 orriko komiki mardul honetan, Lokatza ezizeneko pertsonaiaren barne-arazoak eta baratze bat aurrera ateratzeko abenturak kontatzen dizkigu Mattinek.
Kontaiguzu, Mattin, zeri buruz da Zarrakamalda komikia?
Lokatza izeneko gizon bati buruzko komikia da. Lokatzak badauka barruko borroka bat, ez du bere burua kokatzen, bere lekua egin nahi duen gizon bat da. Eta ezinegon horrek eramaten du baratze bat egitera.
Baratzeak badirudi ere gai nagusia, gauza gehiago dago komikian.
Nire helburua ez da izan baratzeen inguruko doktorego-tesi bat idaztea, edo nik baratzeei eta naturari buruz dakidana plasmatzea. Alderantziz, kontzeptu horietan ez dut ito izan nahi. Lokatzaren barne borrokak dira gai nagusia. Krisi ekonomikoak dakarkio krisi existentzial bat, edo alderantziz, badago bien arteko elkarlotura bat. Bere barruko bakea bilatu nahian dabil. Irtenbide bat bilatu nahi dio bere arazoari, eta ikusita kaleak eta hiriak ez diola deus eskaintzen irtenbide bat bilatzen saiatzen da, baratzearen bidez. Lokatzak maitatzeko eta maitatua izateko behar ikaragarria dauka, eta horrek eraman du baratze bat egitera. Bere burua zaintzen du beste norbait edo zerbait zaintzearen bidez. Eta “zaindu” hitza “zaina” hitzetik dator gainera.
Zergatik Zarrakamalda izenburua?
Nafarroan birao gisa erabiltzen omen da, norbaiti ergela edo mozoloa deitzeko, baina liburuko zentzuan zarrakamalda bat da sasia mozteko tresna zahar bat, igitai baten antzekoa baina kirten luzea daukana. Gipuzkoa aldean “aihotza” esaten zaio, baina nik liburu batean irakurri nuen “zarrakamalda” hitza eta gustatu zitzaidan. Tresnak eraman ninduen komikia idaztera eta marraztera. Zarrakamalda irudi bat da: bere bizitza sasiz beteta dago eta baratzearekin eta zarrakamaldarekin sasi horiek mozten doa, pixka bat argitasuna sartzeko bere bizitzan.
"Lokatzaren bizitza sasiz beteta dago eta zarrakamaldarekin sasi horiek mozten doa"
Beraz, egungo bizitzak sor ditzakeen arazo existentzialak kontatu nahi izan dituzu.
Beno, komikiaren sortze prozesua katarsikoa izan da. Hasieratik ere ez nuen oso garbi zehazki zein bilakaera izango zuen. Gero, nik erdia jartzen dut eta beste erdia irakurleak, bakoitzak bere interpretazioa egingo du hor kontatzen denaz. Azken batean horrelako proiektu bat egitea baratze bat aurrera ateratzea bezalakoa da: lursaila ondo kokatzen duzu ez galtzeko, gero zuk landatu egiten duzu, eta azkenean ateratzen da ateratzen dena.
Apur bat autobiografikoa da? Zenbat du Mattinek Lokatzaz, protagonistaz?
Komikian pertsonaiek egiten eta esaten duten guztiak ez du zertan nire iritzia edo bizipena izan behar. Baina jakina, horko hainbat pasarte eta erreferentzia nire hurbilekoak dira.
"Komikiaren sortze prozesua katarsikoa izan da"
Zein generotan kokatuko zenuke komikia?
Tonu egokia asmatu nahian hor ibili nintzen tentuz, ez sobera dramatikoa eta ez sobera umoristikoa egin nahian, entsalada horretan osagai denak ongi nahasten.
Irudiak zuri beltzean dira eta itxuraz sinpleak, baina nahita bilatutako sinpletasuna da.
Gustuko grafismo bat aukeratzen saiatu naiz, istorioari egokitzen zaiona. Nire helburua izan da istorio bat kontatzea hitzaren eta marrazkiaren bitartez. Hitza eta marrazkia kiribiltzen saiatu naiz, leka arban bezala. Hor tentsio bat sortzen da hitza eta marrazkiaren artean, ahalegin handia izan da, baina pozik geratu naiz emaitzarekin.
Hitzekin estilo propio bat duzu, hitz gutxi erabiltzen duzu. Ez da testu luzerik, elkarrizketak laburrak dira.
Ez dut nire burua ito kontu literariotan, hizkuntza jantzia ote den edo ez. Hitzekin jolastea maite dut. Jolasaren kontzeptua oso inportantea izan da niretzat, ez hitzekin bakarrik. Proiektu osoan jolastea izan da helburua, gustura izatea eta eroso aritzea baratze honetan.
"Horrelako proiektu bat egitea baratze bat aurrera ateratzea bezalakoa da"
Hitz joko asko daude komikian, Belardon ere asko erabiltzen dituzu.
Bai, gaztetako nire joera bat da. Nire jatorria umore grafikoa da, beraz ezinbesteko osagaia da niretzat umorea eta hitzekin jolastea.
Alde horretatik, Olariaga eta Zakilixuten eskolakoa zara.
Hemen ez dago isolatzerik, dena apur bat korala da. Denok txalupa berean gaude eta elkarri lagundu, kutsatu eta eragiten diogu, halabeharrez.
"Hitza eta marrazkia kiribiltzen saiatu naiz, leka arban bezala"
Lan erabat pertsonala da.
Lan guztiz pertsonala izan da, bai, enkargurik atzean egon gabe. Alde horretatik, Zarrakamaldaren dohain onenetako bat da zintzoa dela, inoiz baino zintzoagoa izan naiz nire buruarekin. Libre izan naiz nahi nuena egiteko.
Euskadin rokanrolak ez badu inoiz dirurik emanen, komikiak gutxiago. Nola animatzen da bat euskarazko komiki bat proiektu pertsonal gisa egitera?
Komikiarekiko maitasuna dago atzean. Heldu nintzen puntu batera non horrelako zerbait egitea falta zitzaidan. Zinta formatuan lan egin dut, ilustrazioan, diseinuan, zuzeneko emanaldian... Nire buruari esan nion: zuhaitzak landatu ditut, baina libururik ez dut. Formatu honetan lanik egin gabea nintzen, istorio ahaltsu bat ikusi nuen nire barruan eta iruditu zitzaidan forma hau eman ahal zitzaiola. Egia da kemen handia behar dela, zure buruarengan ikaragarri sinistu behar duzula eta lan asko egin behar dela, baina orain pozik egoteko moduan nago. Azken hitza irakurleak izango du, baina ni behintzat pozik nago. Apaltasunez baina harrotasunez ere.
Gainera lan hain mardula, ia 300 orri...
Aurretik egiteko lan modua epe motzekoa izan da. Hau mugarri bat da nire lanean, nire bilakaera profesionalean zein sortzailean. Nire buruari galdetu nion: badut barruan istorio bat kontatu nahi dudana, luzea izan daitekeela uste dudana. Ez nuen luzeegia ezta laburregia izatea nahi, eta azkenean asmatu dudala uste dut.
"Proiektu osoan jolastea izan da helburua, gustura izatea eta eroso aritzea baratze honetan"
Urte askotako lana izango zen, ezta?.
Hori da. Aspaldiko proiektua da hau, badira jada urte batzuk idazten hasi nintzela, baina beste zereginetan ere ibili naizenez gero, ez dut denborarik izan nik nahi nuen epeetan eta erritmoan lan egiteko.
Denbora gutxian baratzeei buruzko bi komiki atera dira euskaraz, Altza porru eta hau.
Altza porrun ere parte hartu dut. Baina proiektua jaso nuenean, harrez gero bukatuta nuen Zarrakamalda. Kasualitatea izan da.
"Zarrakamaldaren dohain onenetako bat da zintzoa dela, libre izan naiz nahi nuena egiteko"
Kasualitatea izateko gehiegi ez? Euskal Herrian kezka bat egongo da gai horren inguran edo modan dagen gaia da agian, natura eta baratzea...
Bai, baliteke Lurrarekin daukagun harremanaren isla bat izatea.
Zein publikorentzako modukoa da Zarrakamalda?
Nik uste dut komiki honek ase dezakeela bai komikizalea eta baita ere naturazalea. Eta ez horiek bakarrik, esan bezala natura eta baratzeaz haratagoko gauzak ere kontatzen dira. Eta formatuagatik (zuri-beltzean), euskara jantzian izateagatik, atsegina izateagatik... iruditzen zait ase dezakeela komikia sobera ezagutzen ez duen eta naturazalea ez den pertsona ere.
Lan hau nobela grafiko bat dela esango zenuke?
Ez nintzateke horrelakoetan sartuko, zer den nobela grafikoa eta zer ez, zerk egiten duen lan bat nobela grafiko... Konplexuen ondorio da askotan komiki bati nobela grafiko deitu nahi izatea. Nik komiki-liburua deitzen diot, arazorik gabe.
Parrapean III. Komiki Egunak hemen dira!
Hemen dira berriz ere, aurten hirugarrenez, Bilboko Mahatserrian Mikel Begoñaren kooordinaziopean egiten diren Parrapean Komiki Egunak. Nagusiki euskal komikiaren inguruan eta euskaraz izaten diren jardunaldiok martxan dira jada; aste honetan hasi ziren hainbat erakusketa eta ekitaldi gehienak hurrengo aste bukaeran izango dira, urriaren 27tik 29ra. Aurtengo jardunaldion protagonistak Antton Olariaga (berari emango zaio aurtengo Joseph Camino saria), Katalunia eta bereziki hango Cavall Fort komiki-aldizkaria, Irkus M. Zeberio eta Marlene Kraus egileak eta Xabiroi aldizkaria izango dira, garai honetan aterako diren euskarazko komiki-nobedadeekin batera.
Esan bezala, pasa den aste honetan hasi dira jardunaldiak, 18an ireki eta 29ra bitartean irekita egongo diren lau erakusketekin:
- Xabiroi aldizkaria: 11 urte (Santutxuko Udaltegia)
- Cavall Fort: 50 anys (Santutxuko Udaltegia)
- Wanne-Eickel Maturtene, Irkus M. Zeberio eta Marlene Kraus-en komikiak (Begoñako Udaltegia)
- Antton Olariaga: marra eta hitza (Begoñako Udal Liburutegia)
Pasa den aste honetan ere izan dira hainbat ekitaldi jardunaldion barruan: film laburren proiekzioak, zirkua, bertsolariak, musika eta dantza ekitaldiak... Eta aste honetan, ostegunetik aurrera, izango dira komiki ekitaldi gehienak. Hau da programazioa:
Osteguna 27
- 10:00etatik 13:30era (Begoñako Udaltegiko Liburutegia): Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean komikiaren sormen eta edizioari buruzko tailerra Irkus M. Zeberio eta Marlene Kraus-ekin.
- 13:30ean (Begoñako Udaltegia): Wanne-Eickel Maturtene erakusketan bisita gidatua Irkus M. Zeberio eta Marlene Kraus egileekin.
Ostirala 28
- 10:00etatik 13:30era (Begoñako Udaltegiko Liburutegia): Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean komikiaren sormen eta edizioari buruzko tailerra Irkus M. Zeberio eta Marlene Kraus-ekin.
- 19:00etan (Santutxuko Udaltegia): Cavall Fort y Xabiroi: trayectoria de dos publicaciones mahai-ingurua. Nik aurkeztuta, Merçe Canela (Cavall Fort-eko zuzendaria), Cristina Losantos (marrazkigilea), Oriol García (marrazkigilea) eta Dani Fano (Xabiroi-ko koordinatzailea) izango dira parte-hartzaileak. Amaitutakoan, bisita gidatua egingo da bi aldizkariei buruzko erakusketetan zehar.
Larunbata 29
- Goizean eta arratsaldean (Karmelo plaza): Euskal komikiaren azoka.
- 10:00etan (Santutxuko Udaltegia): Irakurle gaztetxoentzako komikien sotze- lana: gidoia, zirriborroak, tinta eta kolorea helduentzako tailer irekia, Cristina Losantos marrazkigilearen eskutik.
- 11:00etatik 14:00etara (Karmelo Plaza): Komiki-tailerrak ume eta gazteentzat, Amaia Ballesterosek emanak.
- 12:00etan (Karmelo Plaza): Antton Olariagari “Joseph Camino” sariaren emate-ekitaldia eta Antton Olariaga eta Asisko Urmenetaren arteko elkarrizketa.
- 12:30ean (Karmelo Plaza): Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren Museo Bilduma komikiaren aurkezpena, Dani Fanok aurkeztuta eta egileak bertan direla.
- 16:00etatik 19:00etara (Karmelo Plaza): Komiki-tailerrak ume eta gazteentzat, Amaia Ballesterosek emanak.
- 17:30ean (Karmelo Plaza): Gregorio Muro Harriet eta Daniel Redondoren Jon eta Mirka komikiaren aurkezpena, Ion Iñaki Artetxek aurkeztuta eta egileak bertan direla.
- 18:00etan (Karmelo Plaza): Patrick Cothias, Patrice Ordas eta Jack Maniniren S.O.S. Lusitania komikiaren aurkezpena, Ion Iñaki Artetxek aurkeztuta eta Patrice Ordas eta Gregorio Muro argitaratzailea bertan direla.
- 18:00 (Karmelo Plaza): Bilboko Casal de Bilbao katalanen etxearen eskutik Castanyada (musika eta gaztainak banatzea).
- 19:00 (Karmelo Plaza): Toma Castaña! ipuin-kontaketa (LaRitual).
- 20:00 (Café Teatro La Nube): amaiera-ekitaldi gisa, Zirriborroka katalan eta euskal marrazkigileen arteko desafioa (Oriol García eta Sussana Martín vs. Ainara Azpiazu Axpi eta Joseba Larratxe Josevisky). Aurkezlea eta Dj: Amaia Pérez de Arriluzea.
Ikusten duzuenez, programa ezin interesgarriagoa da. Han ikusiko dugu elkar!
"Jon eta Mirka", "SOS Lusitania" eta "Museo bilduma", euskarazko komiki berriak
...Eta hasiko gara udazkeneko komikien berri ematen!
Gregorio Muroren Harriet argitaletxea, besteren artean, 80ko hamarkadan berak gidoitutako komikien edizio osoak berrargitaratzen ere ari da. Iaz Justin Hiriarten txanda izan zen, eta orain Daniel Redondok marraztutako Jon eta Mirka berreskuratu du. Gazteentzako zientzia fikziozko komiki hau abenturaz, robotez eta estralurtarrez betea dago. Serie honen lehen albuma bere garaian euskaraz ere atera zen, baina bigarrena ez zen hemen argitaratu, soilik Frantzian eta beste herrialde batzuetan, beraz euskal publikoarentzat berria da. Azkenik, klasiko hau osorik euskaraz!
Harriet argitaletxearen eskutik datorkigu Frantziako hiru albumeko SOS Lusitania seriearen edizio osoa ere, gidoia Patrick Cothias ezagunak (Les sept vies de l’épervier / Las siete vidas del gavilán sonatuaren gidoilaria) eta Patrice Ordasek eta marrazkiak Jack Maninik egindakoak dituena. 1915ean alemanek torpedoz erasotutako Lusitania itsasontziaren hondoratzearen gertaera historikoa kontatzen da, intrigaz betetako istorioan. Luxua horrelako lan bat euskaraz izatea!
Eta bukatzeko, Xabiroi aldizkarian atalka agertutako istorioen urteroko albuma ere atera da. Harkaitz Canok gidoilari gisa eta Iñaki Holgadok marrazkilari moduan osatzen duten tandemaren hirugarren istorioa da Museo bilduma, ikuskatzaile misteriotsu batek munduko museorik bitxienetan zehar egiten duen bidaia kontatzen duena. Egile bikotearen ohiko kalitate bikainarekin, jakina!
Bide batez, Harriet argitaletxearen bi komikien aurkezpena urriaren 19an egingo da Donostiako Komikigunean goizeko 11:00etan.
Bi komiki erakusketa urrian Donostian
Hilabete honetan Donostian bi komiki-erakusketaz gozatzeko aukera izango dugu. Batetik, Komikigunean Euskal binetak 1894-2014 erakusketa dago ikusgai irailaren 26tik, eta urriaren 28ra arte egongo da zabalik. Duela bi urteko Parrapean jardunaldietarako prestatu zuen euskal komikigintzaren errepasoa egiten duen erakusketa ezin interesgarriago hau Mikel Begoñak (Komikeri blog ezinbestekoaren egileak), eta erakusketa Mikel berak gidatuta bisitatzeko parada izango da 20an arratsaldeko 19:00tan. Bestetik, Egiako Kultur Etxean Fantascity - Fantasiazko hiriak komikietan erakusketa ikus daiteke urriaren 3tik 38ra bitartean. Ikustera joan, merezi dute eta!