Ramon Olasagasti eta César Llagunok euskal mendizaletasunari buruz egindako lau komikien inguruko erakusketa
Sua Edizioak argitaletxeak eta Mendi Film-ek azken urteotan euskal mendizaletasunaren gertaera eta pertsona esanguratsuenei buruzko lau komiki argitaratu dituzte: Everest, 1980ko espedizioa - Herri oso bat gailurrean, Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak, Andres Espinosa, bakarrik eta libre eta Edurne Pasaban. Guztien gidoia Ramon Olasagastik eta marrazkiak César Llagunok egin dituzte, eta azken bietan koloreztatzaile aritu dira Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejo.
Bada, ostiralean inauguratu zen lau komikion inguruko erakusketa Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean, Gure gailurretako historia marrazten, eta abenduaren 12a bitarte egongo da bisitatzeko aukera. Galdu ezin den aukera, oso ongi baitago.
Izan ere, lau komikiotako bakoitzak euskal mendizaletasunaren mende bateko historiako garai edo alderdi bat erretratatzen du, eta horien bitartez Euskal Herriak eta mendiak izan duten harremanaren ibilbide osoa ezagutu daiteke: euskal mendizaletasunaren eta Euskal Mendizale Federazioaren hastapenak Andres Espinosarenean, frankismoko eta frankismo osteko lehen urteetako berpiztea eta himalaismoaren lehen urteak Everestekoan, himalaismoaren garapena eta sendotzea Iñurrategitarrenean eta emakume aitzindariak Edurnerenean.
Eta hala paratu dute erakusketa: lau komikietako protagonistak erakusten dituen iruditik abiatuta, mendiko soka eta mosketoiei jarraituz panelez panel, kronologia historikoa erakusten zaigu komikien argitaratzearenaren ordez, istorio guztiaren abiapuntu izan diren lau komikiak dauden bitrinan amaituz. Paneletan komikiotako binetak agertzen dira, testuinguru historikoaren testuzko azalpenekin, testuetako asko ere komikietakoak izanik. Horiez gain, komiki baten sorkuntza prozesua erakusten duten panelak ere badaude: gidoia, pertsonaien diseinua, storyboard-a, zirriborroa, tintaztatzea, errotulazioa, kolorea...
Panel guztiek mendiko aldapa bat irudikatzen dute, diagonal batek banatuta zeru urdina eta elur zuria. Eta bitxiena: erakusketa aretoko paretak ere margotu dituzte mendi-zerumuga bat modu berean irudikatzeko, zeru urdin eta elur zuri.
Esandakoa: abenduaren 12a bitarte daukazu ikusteko.

