"Jon eta Mirka", "SOS Lusitania" eta "Museo bilduma", euskarazko komiki berriak
...Eta hasiko gara udazkeneko komikien berri ematen!
Gregorio Muroren Harriet argitaletxea, besteren artean, 80ko hamarkadan berak gidoitutako komikien edizio osoak berrargitaratzen ere ari da. Iaz Justin Hiriarten txanda izan zen, eta orain Daniel Redondok marraztutako Jon eta Mirka berreskuratu du. Gazteentzako zientzia fikziozko komiki hau abenturaz, robotez eta estralurtarrez betea dago. Serie honen lehen albuma bere garaian euskaraz ere atera zen, baina bigarrena ez zen hemen argitaratu, soilik Frantzian eta beste herrialde batzuetan, beraz euskal publikoarentzat berria da. Azkenik, klasiko hau osorik euskaraz!
Harriet argitaletxearen eskutik datorkigu Frantziako hiru albumeko SOS Lusitania seriearen edizio osoa ere, gidoia Patrick Cothias ezagunak (Les sept vies de l’épervier / Las siete vidas del gavilán sonatuaren gidoilaria) eta Patrice Ordasek eta marrazkiak Jack Maninik egindakoak dituena. 1915ean alemanek torpedoz erasotutako Lusitania itsasontziaren hondoratzearen gertaera historikoa kontatzen da, intrigaz betetako istorioan. Luxua horrelako lan bat euskaraz izatea!
Eta bukatzeko, Xabiroi aldizkarian atalka agertutako istorioen urteroko albuma ere atera da. Harkaitz Canok gidoilari gisa eta Iñaki Holgadok marrazkilari moduan osatzen duten tandemaren hirugarren istorioa da Museo bilduma, ikuskatzaile misteriotsu batek munduko museorik bitxienetan zehar egiten duen bidaia kontatzen duena. Egile bikotearen ohiko kalitate bikainarekin, jakina!
Bide batez, Harriet argitaletxearen bi komikien aurkezpena urriaren 19an egingo da Donostiako Komikigunean goizeko 11:00etan.