Intxaurrondoko komiki-solasaldien kurtso berria
Lehen bi ediziotan saioen erdia euskaraz egin ondoren eta azken kurtsoan saio guztiak gaztelaniaz izan eta gero, orain martxan jarri den kurtsoan, Intxaurrondo Kultur Etxeak antolatutako komiki-solasaldietako lau euskaraz izango dira berriz ere! Lehenengo urteetan Iosu Mitxelenak gidatzen zituen euskarazko saiook; orain neuri pasatu didate lekukoa.
Gaztelaniazko saioetaz, iaz bezala, Juan Manuel Díaz de Guereñu arduratuko da, eta ondoko lanak izango dituzte aztergai: urriaren 11an Cuento de una rata mala (Bryan Talbot), abenduaren 13an He visto ballenas (Javier de Isusi), otsailaren 14an Mis circunstancias (Lewis Trondheim), apirilaren 11 Historias del barrio (Gabi Beltrán eta Bartolomé Seguí) eta ekainaren 13an Intrusos (Adrian Tomine).
Euskaraz honako gai edota lan lan hauek izango ditugu solasgai:
- Azaroaren 8an, Iñaki Martiarena Mattinen Zarrakamalda lan atera berriaz arituko gara, Mattin bera gurekin izango delarik.
- Urtarrilaren 10ean euskal komikigintzaren historiaren errepasoa egingo dugu Iratxe Retolazarekin. Izan ere, hurrengo hilabeteetan Egungo euskal komikia eta literatura liburua argitaratuko du Iratxek.
- Martxoaren 14an Adur Larreak Gabriel Aresti - BioGrafikoa bere lanari buruz hitz egingo digu.
- Maiatzaren 9an Alan Moore eta Dave Gibbonsen Watchmen komikia aztertuko dugu, nire komikirik gustukoena.
Saio guztiak Intxaurrondo Kultur Etxean (Felix Gabilondo Plaza) izango dira arratsaldeko 19:00etan. Interesgarriak izango dira, agertu!