Euskal komikiari buruzko bi liburu jaso nituen oso denbora gutxian
Aste pare eskaseko tartearekin, euskal komikigintzari buruko bi liburu atera dira, zein baino zein interesgarriagoak. Eta beren egileek neuri kopia bana bidaltzeko adeitasuna izan dute. Mila esker Iratxe eta Mikel!
Norbaitek pentsa dezake zentzurik ba ote duen gai bereko bi liburu hain jarraian ateratzeak, ez ote diren errepikakorrak izango. Baina ez dira berdinak, eta osagarriak ere badirela esan daiteke, ikusiko den bezala.
Egungo euskal komikiaren historia liburua EHUk argitaratu du, Egungo euskal literaturaren historia bildumaren barruan. Iratxe Retolaza da egilea. Bertan euskarazko komikiaren historia kontatzen zaigu, XX. mendearen hasieratik gaur eguneraino, eta amaieran 11 komiki esanguratsuren iruzkinak egiten dituzte hainbat egilek. Liburua bera ere euskaraz idatzita dago. Intxaurrondoko Kultur Etxeko komiki solasaldietan izan genuen Iratxe urtarrilean liburuan oinarritutako euskarazko komikiaren inguruko hitzaldia ematen. Ezin interesgarriagoa izan zen. Liburua noiz aterako zain nengoen geroztik; dezente itxoin eta gero, hemen da azkenik!
Kike Infame eta Mikel Begoñak idatzitako Euskal komikia 1975-2017 liburua Bizkaiko Foru Aldundiak atera du. Euskal Herrian edo euskal egileek edozein hizkuntzatan egindako komikiaz dihardu liburu honek, ez soilik euskarazkoaz. Eta gainera, izenburuak dioen bezala, azken 40 urteetan zentratzen da, diktaduraren ondoko garaian hain zuzen ere. Kasu honetan, liburua ere elebitan dago. Liburu honek Bizkaiko Foru Liburutegian dagoen egileek eurek antolatutako erakusketa dauka oinarri, berriki azaroaren 4ra arte luzatu dutena.