e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Iñaki Holgado, Aiacciuko Komiki-Azokan saritua
Iazko abenduaren 7tik 9ra ospatutako Aiacciuko Komiki-Azokan Aurkikuntza Saria eman diote Iñaki Holgado Errenteriako komikigile eta Xabiroiko ohiko kolaboratzaileari, iaz Soléil argitaletxearekin eta Stéphane Piatzszeken gidoiaz Frantzian kaleratutako Rétine saileko 1. albumagatik, Guérrilla dans la ville basse izenburukoa. Zorionik beroenak, Iñaki!
Bide batez, otsailean kalean izango da 2. zenbakia, Course dans le Salar izenekoa...
"Baztanga eroa" 2
Baztanga eroa euskarazko komiki fanzine txikiaren 2. zenbakia, Maite dut kirurgia estetikoa!, atera du Hamar Hatz Handik. Aurreko biak bezala, 16 orri berri hauek ere online ikusi edo deskargatu daitezke eta hainbat liburu-denda, kafetegi edo tabernatan eskuratu daitezke (webgunean ikus dezakezue non). Eskerrik asko!
Bideo-jokoen hedapen geldiezina
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko urriko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
1970eko hamarkadan taberna eta jolas-aretoetako arkadeak agertzen hasi zirenetik, eta urte luzez, bideo-jokoak gazteen eta frikien kontua izan dira, gizartearen gehiengoak gaizki ikusitako gauza bat. Pertsonen garapenerako eta sozializaziorako okerrak omen ziren, adikzioa sortu eta biolentzia bultzatzen omen zuten. Gaur egun, oso ezberdina da panorama.
Aldaketa pertzepzioan eta erabileran
Orain, denetariko jendea ikusten da bideo- jokoekin jolasean: helduak mugikor eta tabletetan, familia guztia etxean kontsolarekin, lagunekin edo sarearen bidez konektatuta... Gainera, ikerketa askok frogatu dute bideo-jokoek begi-esku koordinazioa hobetzen dutela (eta, gaur egungo kontsolekin, gorputz guztiko gaitasun motorrak ere bai) eta kontzentrazio-ahalmenean laguntzen dutela. Eta taldean ere jolasten da, familia eta lagunekin edo sarearen bidez konektatuta.
Gero eta gehiago entzuten da bideo-jokoek hezkuntzan duten erabilgarritasuna; horren erakusgarri, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean martxoan antolatu zituzten "Bideo-jokoak eta hezkuntza" jardunaldiak eta haren harira prestatu zuten bibliografia zabala. Hain zuzen, bideo-joko mota bat serious games (joko serioak) deritzenak dira, entretenitzeko ez baizik eta ikasteko diseinatutako jokoak, alegia. Eta gamification kontzeptua ere modan dago hezkuntzan; hau da, zerbait errazago ikasteko, hura joko gisa planteatzea (helburuak jarriz, puntuak lortuz eta abar), eta bideo-jokoen bidez ere egin daiteke.
Aldaketa teknologian
Bestalde, ezin ukatuzkoa da bideo-jokoek izan duten eboluzio teknologikoa. Bideo-joko gero eta ahaltsuagoak egin beharrak ekarpen handia egin die teknologiaren beste arlo batzuei. Txartel grafiko eta mikroprozesagailuen ahalmenetan (3D gaitasuna, bit kopurua...) etxeko ordenagailu edo telefono mugikorren aurretik joan dira sarri arkade eta kontsolak. Nintendoren Wii kontsolako Wiimote agintea (3D espazioan eskuekin egindako mugimenduei jarraitzeko gai dena) aitzindari izan zen orain smartphone guztiek dakartzaten azelerometroak txertatzen, eta Microsoften Xbox kontsolako Kinecta (gorputz atalen mugimenduak detektatzeko gai den infragorri-igorle eta -sentsorea) ikerketan eta beste arlo askotan erabili da, eta aurrerapen handia ekarri du (ikus 276 zk.).
Teknologian eboluzionatzeaz gainera, gero eta plataforma gehiagotan erabiltzen dira bideo-jokoak. Hala, hamar urte eskasetan bideo-jokoetan aritzeko plataforma nagusia hiru aldiz aldatu da. Aurretik tabernetako arkade-makinak, eskuko LCD kontsolak eta Sinclair ZX Spectrum edo Commodore 64 moduko etxeko ordenagailuak baziren bideo-jokoetan jolasteko euskarriak, XXI. mendearen hasieran PCa zen plataforma nagusia. Geroago, kontsolak izan ziren jaun eta jabe; 90eko hamarkadatik edo are lehenagotik ere existitzen ziren arren, 2000tik aurrera ateratako 6. belaunaldikoak deritzenak (Dreamcast, PlayStation 2, GameCube, Xbox...) eta, batez ere, 7. belaunaldikoak (Nintendo DS, PSP, Xbox 360, PlayStation 3, Wii...) masiboki sartu ziren etxeetan. Eta gaur egun, gailu mugikorrak (smartphone eta tabletak) dira bideo-jokoetan errege.
Kontsolekin hasi bazen ere, azken horiekin gauzatu da jokalarien profilaren aldaketa. Izan ere, gailu mugikorretan casual games motako jokoak dira nagusi, errazagoak eta jokozale amorratuenaz haratagoko jokalari-mota zabalago batentzat pentsatutakoak. Halaber, gailu mugikorretako bideo-jokoek ekoizle gehiagori eman diote jokogintzan sartzeko aukera. PCentzat jokoak egiteak banaketaren eta salmentaren konplikazioa zuen, eta ez zen erraza enpresa txiki lokal batek titulu handiei itzal egitea. Kontsolekin are gehiago, kontsola-ekoizlearen lizentziak behar baitira jokoak garatzeko eta bideo-jokoen denda espezializatuen zirkuituan sartzea oso zaila baita. Gailu mugikorretan, ordea, jokoak deskargatu egiten dira aplikazioen onlineko denda zentralizatu batetik; beraz, banaketa oso erraza da, eta jokoak merkeagoak izan ohi dira. Halere, nahiz eta errazagoa izan jokoa banatu eta salmentan jartzea, saltzea zailagoa da; izan ere, askoz ekoizle eta joko gehiago daudenez, ez da erraza norberaren produktua erakusleiho erraldoi horretan nabarmentzea eta eroslea konbentzitzea.
Edonola ere, testuinguru horretan, Euskal Herrian sortu dira bideo-jokoak egiten dituzten hainbat enpresa merkatu globalean arrakasta izan eta sariak ere lortu dituztenak: Delirium Studios, Ideateca, Ikasplay, Dada Company... Bideo-jokoak garatzeko ikasketak eskaintzen dituen DigiPen nazioarteko institutuak ere campus bat du Bilbon, Europako bakarra.
Hurrengoa, weba eta HTML 5
Aurrera begira, alorreko aditu eta eragile ia guztiek uste dute laster weba eta HTML 5 izango dela bideo-jokoetarako plataforma nagusia. Gaur egun ere badaude web-jokoak, baina Flash teknologia darabilte, eta horrek hainbat desabantaila ditu: nabigatzaile guztiek ez dute Flash plugin-a instalatua (Apple-ren gailu mugikorrek, esaterako, ez dute), teknologia propietarioa da... Orain artean hau erabiltzeko arrazoia da HTML estandarraren orain arteko bertsioa, 4.01, ez zegoela pentsatuta jokoetarako. Baina HTML 5ek jokoak garatzeko apropos egiten duten ezaugarri berri asko ditu, 2010eko martxoko zenbakian kontatzen genizuenez: irudiak marraztea (baita 3Dn ere) ahalbidetzen duen pintura-oihala, hardwarearekin (mikrofonoa, webcama...) interakzioa izateko aukera, offline funtzionatzeko ahalmena, sare-komunikazioak egiteko aukera...
Oraingoz, nabigatzaile guztiek ez dituzte HTML 5en ezaugarri guztiak ahalbidetzen, eta HTML 5 jokoak egiteko programazio-ingurune edo -lengoaiak ez daude nahikoa garatuta, baina seguru aski etorkizun hurbilean hori aldatu egingo da eta bideo-jokoen garatzaileak HTML 5era pasako dira, abantaila ugari baititu: ez dago jokoa plataforma guztietarako garatzen ibili beharrik, jokoak gailu mugikorretan nahiz PCan berdin ibil daitezke, estandar irekia da...
Bideojokoen plataforma nagusia aldatuz joan da azken urteetan, baina horrek ez du esan nahi beste plataformetan jada existitzen ez denik. Hala, bideo-jokoek izan duten hedapen geldiezinari esker, mundu digitaleko parte dira gaur egun. Edonon daude, PCetan, smartphonetan, tabletetan, kontsoletan, webean, telebistetan... Eta gero eta jende gehiagok eta gizarte-talde (adin, klase nahiz sexu) ezberdin gehiagok erabiltzen dituzte. Etorkizuneko mundu digitala eta bideo-jokoak eskutik doaz.
Komiki erakusketak eta lehiaketen sarituak
Berriki ezagutarazitako komiki-lehiaketa batzuen emaitzak dakarkizuegu gaurkoan, hainbat komiki-erakusketaren berri emateaz gain.
Lehenik, Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak V. aldiz antolatu duen Ibarra Galtzakomik euskarazko komikien lehiaketako irabazleak jakinarazi dituzte. Hauek dira:
- 1. saria 18 urtetik gorakoen artean: Ainara Azpiazu Axpi, Perfekzio bila lanarengatik. Saria: 600 €.
- 2. saria 18 urtetik gorakoen artean: Maitane Gartziatena, Sekretu bat lanarengatik. Saria: 400 €.
- Aipamena 18 urtetik gorakoen artean: Gorka Salaberria, 2040/07/06 lanarengatik. Saria: komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
- 1. saria 12 eta 18 urte artekoen artean: Paulo Albisua, Benzeslao ajentea. Gobernua,... ze fundamentua! lanarengatik. Saria: 400 €.
- 2. saria 12 eta 18 urte artekoen artean: Sara Maiza, Nere bidaia lanarengatik. Saria: 200 €.
- 1. aipamena 12 eta 18 urte artekoen artean: Naia Imaz, Ardi beltza lanarengatik. Saria: komiki bilduma.
- 2. aipamena 12 eta 18 urte artekoen artean: Izaro Perurena, Hosto bidaiaria lanarengatik. Saria: komiki bilduma.
- 1. saria 12 urtetik beherakoen artean: Hodei Yañez, Animaliak gerra erdian lanarengatik. Saria: komiki bilduma eta marrazketarako materiala.
- 1. aipamena 12 urtetik beherakoen artean: Arkaitz Jauregi, Hortz haundi magoa lanarengatik. Saria: komiki bilduma.
- 2. aipamena 12 urtetik beherakoen artean: Aimar Alvarez, Urki salbatzeko taldea lanarengatik. Saria: komiki bilduma.
- 3. aipamena 12 urtetik beherakoen artean: Lorea Muñoz, Abentura berria lanarengatik. Saria: komiki bilduma.
- 4. aipamena 12. urtetik beherakoen artean: Ane Antxustegietxarte, Putza! lanarengatik. Saria: komiki bilduma.
Lan guztiak Ibarrako Kultur Etxean ikus daitezke abenduaren 21a bitartean, eta online ere badaude guztiak, goiko esteketan.
Bigarrenik, Kutxak antolatzen duen Kutxa Kultur Komikia lehiaketaren 2012ko edizioak ere baditu jada irabazleak. Hiru sari daude eta aipamen bat, eta horiez gain beste lau lan aukeratu dira argitaratzeko. Hauek dira guztiak:
- 1. saria: Diego Besné, Pisando Charcos lanagatik. Saria: 900 €.
- 2. saria: Elva Vázquez Lombardía, El maletín lanagatik. Saria: 400 €.
- 3. saria: Ruben Sanchez Hurtado de Rojas, Primera Clase lanagatik. Saria: 200 €.
- Aipamen berezia (sari ekonomikorik gabe): Brais Rodríguez Verde, El maletín lanagatik.
- Argitaratzeko hautauak: Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza El maletín lanagatik, Isabel Calvo Garcia Izen gabeko lanagatik, Xavier Tárrega Ratón Maletines de primera clase lanagatik eta Alai Zubimendi Idarreta Lehen Maila lanagatik.
Aurkeztutako lanen erakusketa izango da Kutxa Boulevard aretoan abenduaren 14tik urtarrilaren 7ra bitartean.
Azkenik, euskal presoen eskubideen aldeko Herrira erakundea urtarrilaren 12rako antolatzen ari den manifestazioaren aurreko ekintzen barruan, hainbat komikigilek presoei eta espetxe politikari buruz egindako komikien erakusketa antolatu dute. Parte hartuko duten komikilariak ondokoak dira:
- Abarrots
- Adur Larrea
- Alatz Lopez
- Amaia Ballesteros
- Asisko Urmeneta
- Ainara Azpiazu Axpi
- Dani Fano
- Exprai
- Iñaki Holgado
- Jokin Larrea
- Joseba Larratxe
- Kako
- Lope
- Martintxo Altzueta
- Mattin
- Tasio
- Zaldieroa
- Mikel Orbegozo (presoa, Preso nago komikiaren egilea)
Erakusketa Iruñeko Zabaldin (Nabarreria 25) egongo da, abenduaren 17tik 31ra arte, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:30etara. Gainera, gaur 19:30ean egingo den aurkezpen ekitaldia eta gero, 18tik aurrera erakusketa birtuala ere egongo da webgune horretan, eta nahi duen edozein komikigilek bidali ahal izango ditu lanak bertarako.
Euskarazko komiki gehiago
Anubis 3.0 komikia dela-eta egin nion eta hemen argitaratu nuen elkarrizketan, komiki horren egile eta Xabiroi aldizkariaren koordinatzaile Dani Fanok hau zion iazko Getxo Durango-Gabonetako euskarazko komikien uzta ohiz kanpokoari buruz (8 komiki atera ziren!): "Aurreko urtea ona izan zen euskarazko komikiarentzat, bai; inoiz baino euskarazko komiki gehiago atera ziren. Baina aurten ikusiko dugu ea hori zirkunstantziala izan zen edo joera bat dagoen. Joera bat bada, ongi etorria izan dadila. Hala ere, nik uste dut zirkunstantziala izan dela."
Eta Danik asmatu, aurtengo uzta ez baita inondik inora iazkoa bezain oparoa izan. Hala ere, ez da Anubis 3.0 izan aurtengo euskarazko nobedade bakarra. Durangon ikusi (eta erosi, jakina) nituen beste biren berri ematera natorkizue oraingoan.
Batetik, Bermeoko Euskeraz Berbetan taldeak argitaratu duen Canterburyko paperen misterioa dugu. Edorta Jimenezen gidoia eta Rober Garayren irudiak ditu album honek, eta beste egile batzuen laguntza izan dute istorioa lantzeko eta dokumentatzeko: J.I. Unanue, Bitor Uriarte, Aingeru Astui, Alberto Astui, Maribel Mentxaka eta Jose Luis Bilbao. Gazte batzuen ikerketa historiko baten abentura aitzakiatzat hartuta, Bermeoko historia kontatzen da, erromatarren garaietatik 1504 urtera arte, Bermeoko sutera arte hain zuzen ere. Hortik aurrerakoak hurrengo bi albumetan kontatzeko asmoa dute, Alterriko kontuak izeneko trilogia baten lehen zenbakia baita album hau.
Bestetik, Desclée de Brouwer argitaletxeak Antton Duesoren Punki pertsonaia ezagunaren antologia bat atera du, Punki 1989-2008. Liburu hau, baina, ez da komikia soilik, Punkirekin, Ipurbeltzen ateratako komiki-formatuko abenturez gain, hainbat liburu ilustratu ere egin baitzituen Duesok; antologiaren erdia inguru komikia da, eta beste erdia istorio idatziak.
Beraz, komikizale euskalduna, baduzu zertan gastatu kultura-bonoa! ;-)
Dani Fano: “Psikostasia beste hainbat gauzaz hitz egiteko aitzakia izan da”
Daniri Xabiroi aldizkarirako Anubis 3.0 albumaren harira egin nion elkarrizketaren bertsio osoa dakart hona. Egiten nuen lehen elkarrizketa zen, eta nabari da: elkarrizketatuari galdera laburrak egin eta berari gauzak azaltzen utzi beharrean, galdera luzeak ere egin nituen nire iritzia emanaz... Nik berari elkarrizketa bat egin baino, bion artean izandako elkarrizketa bat da momentu batzuetan, Dani lagun izateak emandako konfidantzak bultzatuta... Tira, hala ere, Danik oso ongi ezagutzen du hemengo komiki-mundua eta gauza oso interesgarriak esan zituela iruditzen zait ez soilik bere albumaz, baita ere komikigintzaz orokorrean eta partikularki euskarazkoaz, euskal kulturaz, kultura popularraz, digitalizazioaz... Eta denak ez zuenez tokirik izan Xabiroin, hemen daukazue 45 minutuko elkarrizketa osoaren transkribapena. Xabiroiko elkarrizketan agertutako argazkiak ere sartu ditut, eta harako aldizkariko hainbat kolaboratzailek egindako Daniren karikaturak ere bai (Asisko, Adur, Lope, Iñaki G. Holgado eta Zaldieroa). Ongi esanak kontuan hartu eta gaizki esanak barkatu! (Daniren merituz dira lehenak, eta nire erruz bigarrenak)
Dani Fano: “Psikostasia beste hainbat gauzaz hitz egiteko aitzakia izan da”
Pertsonen arimaren pisua neurtuko lukeen makinarik bagenu, zer uste duzue esango lukeela bankari, publizista, kalakari, esplotatzaile eta antzekoez? Planteamendu hori dauka Anubis 3.0 komikiak, Xabiroin azken urteetan atalka argitaratu ondoren orain albumean aterako denak. Zientzia-fikziozko komikia izanagatik, gaurkotasun handiko gaia da, argi dago. Jende mota horien eta horiek kontrolatutako sistemaren aurka mendeku pertsonala hartzen du albumean Dani Fano egileak.
Argazkia: Maite Landatxe
Anubis 3.0 komikian psikostasia deritzon gaia planteatzen duzu. Zer da psikostasia zehazki?
Psikostasia da arimaren pisatzea. Antzinako egiptoarrak hasi ziren arimaren pisatzea aipatzen mito bezala. Baina Anubis ez da psikotasiari buruz. Psikostasia izan da oso aitzakia polita beste hainbat gauzaz hitz egiteko. Duela hainbat urte (ez dut gogoan zenbat), nire eskuetan erori zen National Geographic aldizkariaren zenbaki bat, egiptoarren Hildakoen liburua aipatzen zuena. Orduan ni justu ari nintzen bilatzen istorio autokonklusiboak egiteko aitzakia bat. Eta perfektua iruditu zitzaidan. Arimarik gabeko jendea! Orduan, bada bai, psikostasia Anubisen aipatzen da, baina ez da komikiaren ardatza.
Komikian irudikatu duzu jendearen arima pisatzen duen makina bat, eta pisu horrek adierazten du pertsona bat ona edo txarra den. Etorkizunean kokatutako zientzia fikzioa da, beraz, baina gaurkotasun handiko istorioak kontatzen ditu.
Bai, hala da. Behin entzun nuen, Iban Zalduaren ahotan uste dut, zientzia fikzioa gaurko gauzez hitz egiteko modu bat dela. Eta horrekin ados egonda, nik ez nuen urrutiko etorkizun bat planteatu nahi. Noski, gaur ez dugu arima pisatzen duen makinarik (ez dakigu arima zer den edo dagoen ere!), eta horregatik kokatu behar nuen etorkizunean. Baina ez hain urrutikoa, 2030 inguruan gertatzen da, ze nik nahi nuen gure gaurko munduaz hitz egin, gure gaurko mundua populatzen duten ergel ugariez hain zuzen ere.
Aipatu duzun Hildakoen liburuan, arimaren pisatzea da pertsona bat hil ondorengo bizitzara joateko epaiketa, zintzoa edo gaiztoa izan den ikusteko. Zure komikiko pertsonaia guztiak (bankaria, enpresari esplotatzailea, tertulianoa...) epaiketatik oso gaizki ateratzen dira. Mendeku pertsonal bat hartu duzu hor?
"Lagun hurkoari ezikusiarena egin dioten pertsona horiek, noizbait beraien berekoikeria ordaintzen dutela pentsatu nahi dut"
Erabat! Ikusten da ulertu duzula komikia, kar kar kar... Nire amaren osabak esaten zuen bizitzan, ortuan bezala, ereindakoa jasotzen dela. Nik ez dakit hala den, ziur aski bai. Baina ziur aski ere, batentzat tomate goxoa dena beste batentzat kaka putza da; adibidez, niretzat lagunak izatea da onena, baina beste batek agian nahiago du Mercedes bat. Edonola ere, nire ametsetan, kabroiak izan diren eta lagun hurkoari ezikusiarena egin dioten pertsona horiek, noizbait beraien berekoikeria ordaintzen dutela pentsatu nahi dut. Bizitza errealean hala gertatzen den? Ziur aski ez, edo ez beti behintzat. Horregatik, komikian behintzat mendekua hartu dut.
Lasaiago gelditzen gara, halako justizia dibino bat badagoela pentsatuta.
Bai, hori da. Erlijiotan hori pentsatzen da. Eta hori zen egiptoarren asunto hori ere, egiazko bizitza hiltzean hasten dela eta orain bizi dugun bizitza azterketa bat edo gerokorako prestatzeko pasatu beharreko zerbait dela.
Zein pertsonaia aurkituko ditugu epaituak arimaren pisatzearen bidez?
Denetatik apur bat. AEBetako publizista bat, goi mailako kirolariak dopatzen dituen kirol mediku italiar bat, esatari politiko eta zutabegile ustel espainol bat, banku-langile euskaldun bat eta giza baliabideen zuzendari txinatar bat. Ospe zaleak, botere zaleak, eta diruzaleak. Ez dut emakumezko pertsonaiarik aukeratu. Larrutu nahi nuen pertsonaia, diruzale eta handizalea, ez nuen emakumezko itxuraz ikusten. Gidoiaren hasierako zirriborroan telebistako aurkezle frantziar bat ere sartu nuen, eta emakumezkoa zen, baina, azkenean, kentzea erabaki nuen. Boterea eta dirua, gizonezkoen esku izan da orain arte, eta ez zitzaidan bidezkoa iruditzen emakume bat arimagabe horien artean sartzea. Agian hemendik 50 urtera… Ez ditut buruarekin aukeratu, aukeratzea erraietatik zuzen-zuzen atera zait. Oso garrantzitsua izan da ere niretzat, “lehen” munduko leku ezberdinetakoak izatea, batez ere mendebaldekoak; azken mendeetan diruzaletasunaren kulturaren buru izan baita mendebaldea. Zoritxarrez, hazkunde ekonomikoan sutsu ari diren beste lekuetako herriek arima gabeen hazkundean ere neurri berean ari dira. Baina, horiek ere, hemendik 50 urtera izango lukete lekua Anubisen...
Robota da azkenean denetan "humanoena" agian. Zientzia fikzioan sarri erabiltzen da robotaren irudia gizatasunaz hausnarketa egiteko (Blade Runner, I, robot...).
Uste dut robotak jakinmina irudikatzen duela, xalotasuna. Aipatu dituzun horiek ere, neurri batean, gauza bera irudikatzen dutela esan daiteke; horiek eta 2001: A space odyssey filmeko HAL konputagailua, adibidez. Sinpleak dira, matematikoak. Gizakiak ezagutzerakoan ateratzen dituzten ondorioak erradikalak dira, dudarik gabekoak, eta gu, aldiz, dudaz beterik bizi gara; beti beldurrez. Gizakiaren izaera aztertzeko oso ikuspegi erakargarria izaten da beldurrik eta dudarik ez duen robotarena.
Anubis 3.0 arte, gehienbat landu duzun generoa umorearena izan da. Baina azken bietan, Anubisen eta Kortsarioen ostatuan (orain Xabiroin ateratzen ari zaretena, zeinaren gidoia idazten duzun), gai serioagoak landu dituzu, beste genero batzuk (zientzia-fikzioa eta abentura/historikoa hain zuzen ere). Zein duzu gustukoen? Eboluzio pertsonal bat dago hor, edo umorera itzultzeko asmoa duzu?
Nik uste dut gauza horiek guztiak daudela nire barruan. Idatzi izan dudanean (gaztetxotan-eta, olerkiak, ipuinak...), oso transzendentala jartzeko eta sakonkeria astunetan erortzeko joera izan dut. Baina bestalde, nik uste dut umorea maite dudala eta nire eguneroko bizitzan umoretsua naizela. Eta TeleAtoin (Xabiroin ateratako aurreko albuma) hori ateratzeko asmo zehatza izan nuen, alderdi transzendentala baztertuz. Komikigintzan hasi nintzenetik, umore grafikoa landu dut batez ere. Eta istorio luze bat planteatzerakoan, transzendentalismoa alde batera utzi nahi izan nuen; areago, justu plano pertsonalean garai transzendental bat bizitzen ari nintzelako. Baina Anubisekin hasi nintzenean, gorputzak eskatzen zidan hostiak banatzea. Dena den, uste dut Anubisek baduela bere umore puntua, umore beltza edo. Azken finean, obraren atzean beti dago autorea. Eta Kortsarioen ostatuan ere, istorio batzuk badute bere txistetxoa, nahiz eta honetan jo nahi nuen abenturara, edo abentura historikora, edo abenturara errealitate ukitu batzuekin.
"Ni oso eroso sentitzen naiz genero horietan guztietan: umorea, zientzia-fikzioa, abentura, historikoa... Baina askoz zailagoa da barre eragitea beste edozer sentimendu probokatzea baino"
Ni oso eroso sentitzen naiz genero horietan guztietan. Hala ere, onartu behar da egia dela beti esaten den topiko hori, askoz zailagoa dela barre eragitea beste edozer sentimendu probokatzea baino. Idaztea edo gauzak kontatzea sentimenduak probokatzea bada, umorea zalantzarik gabe zailenetakoa da, zailena ez bada.
Orain arte egin dituzun komikietan zu izan zara gidoilari eta marrazkilari. Kortsarioen ostatuan pasatu zara bakarrik gidoia egitera beste batek marrazteko. Ezberdina da? Zer moduzko esperientzia da?
Oso ezberdina. Prozesuko gauza asko berdin gertatzen dira, baina orokorrean oso ezberdina da. Eta kontrakoa tokatu zaidanean ere, beste baten gidoia marraztea alegia, oso ezberdina da. Hau da, oso ezberdina da gidoilari izatea, edo marrazkilari izatea, edo biak. Hor sartzen dira talde dinamikak, eta ni ohituta nago taldean lan egitera. Gero hori ongi joan behar da, eta Guillermorekin (Kortsarioen ostatuaren marrazkigilea da Guillermo Gonzalez), oso ongi doa. Zuk pentsatzea eta, lapitza ukitu gabe, Guillermoren irudi zoragarri horiek jasotzea, opari bat jasotzea bezala da. Orduan, ardura askoz gutxiago sentitzen da, gidoilari baten marrazkilaria zarenean baino; beste baten istorioa marraztean, nahiz eta zuri ere gustatu eta zurea egin, ez da gauza bera, erantzun behar diozu. Eta polita da, tirabirak ere egoten diren arren. Guillermo gaixoa erotzen dut dokumentazioarekin: kaia ez zen horrela, hau kendu, hau ezin da agertu... Baina oso aberasgarria da. Talde lanari buruz esaten diren topiko guztiak (bi buru jartzen direla martxan eta emaitza hobea dela, aberasgarria dela...) egia dira. Hori bai, nire joera, martzianoa eta ermitaua naizen aldetik, beti bakarkako lana egitea da, baina bestea gustura egiten dut. Anubisen adibidez Asiskok parte hartu du, atal batean bere gidoi bat marraztu dut (egia esan, ez da nabaritzen, ze oso ondo ulertu zituen istorioaren nondik norakoak) eta proiektuaren hasieratik egon gara elkarlanean.
Komikigintzari dagokionez, ba al duzu beste lanik esku artean, edo etorkizuneko proiekturik?
Bai, beti daude gauzak esku artean eta buruan, egon behar dute. Orain Kortsarioen ostatuarekin badut denbora baterako. Gero ziurrenik ez dut Xabiroin beste sail luze bat egingo, Xabiroitik kanpoko proiektu luze batean bainago. Baina tarteka istorio laburren bat edo kolaborazio bat, gidoilari gisa edo marrazkilari gisa, egingo dudala pentsatzen dut. Eta noski, seme jaioberria, hori daukat orain proiekturik handiena.
Komikigintzaz gain, eta komikilari gehienak bezala, beste lan askotan ere aritzen zara: diseinua, animazioa, ilustrazioa... Zein atsegin duzu gehien? Zure pasioa komikia da eta besteak jan ahal izateko egiten dira, edo denak berdin maite dituzu?
Komikigileok sekulako suertea daukagu, gure txikitako edo gaztetako afizioa lanbide bihurtu dugu. Baina lanbide bihurtzen denetik ez da hain dibertigarria, kar kar kar... Irudigintzaren munduan, jakina, nik baditut nire preferentziak.
"Komikigileok sekulako suertea daukagu, gure txikitako edo gaztetako afizioa lanbide bihurtu dugu"
Adibidez, animazioa ez zait batere gustatzen, ni sinpletasunaren aldekoa bainaiz eta animazioak baliabide asko behar ditu. Aurreko enkarnazioan artisaua-edo izango nintzen, eta niri gustatzen zaizkit bizpahiru pertsonen artean, etxean, baliabide gutxirekin, brikolaje moduan egiten diren gauzak. Animaziozko pelikula ziztrinenak daukan aurrekontuarekin 30.000 Xabiroi egin daitezke!
Erosoena ilustrazioa da, gozamena da. Testu luze bat daukazu, hortik aukeratzen duzu irudi politena eta egiten duzu. Oso erosoa eta gustagarria da.
Baina ni asetzen nauena komikia da. Ilustrazioa motz geratzen da. Komikia lan oso neketsua da, gauza asko hartu behar dira kontuan: erritmoa, planoak... Hizkuntza konplikatuagoa da. Baina berez, nire joera komikirakoa da, gehiago asetzen nau.
Beraz, laburtuz: komikia gustukoen, baina tarteka, atseden hartzeko, ilustrazioa.
Eta Xabiroi aldizkariko koordinatzaile eta editore lana, zer moduzko esperientzia da?
Opari bat. Tira, gauzen buru edo arduradun egoteak baditu bere desabantailak, baina Xabiroiko lantaldearekin lan egitea oso erraza da. Kasu honetan topikoaren guztiz kontrara (komikigileak alperrak, bohemioak... direla), oso jende arduratsua da. Oso zaila da marrazkiaz bizitzea, eta marrazkiaz bizi dena derrigor izan behar da oso langile fina, arduratsua, epeak eta eskakizunak betetzen dituena. Horrez gain, kontatzeko gauzak dituen jendea da. Jende horrekin lan egitea opari zoragarria bat da. Bestalde, aldizkaria ez denez hilero ere ateratzen, ez da lan zaila. Eta Ikastolen Elkartearekiko harremanak ere oso onak dira hasieratik. Beraz, lan polita, erraza eta gustagarria.
Eta lan ona egiten duzuela gehituko nuke nik.
Eskerrik asko.
Nola ikusten duzu komikigintza orokorrean, gaur egun?
Bat nator Juanma Diaz de Gereñuk esaten duenarekin: komikizaleentzat eta irakurleentzat hau da inoiz izan den garairik onena. Inoiz baino aukera gehiago dago, formatu ausartagoak...
Irakurle helduentzat bai, baina haurrentzat kontrakoa agian...
Bai, horretan huts egiten du. Frantzian ziur aski ez da horrela, baina hemen bai. Eta AEBetan ere bai; Arthur Suydam-ek gauza bera zioen, komikigintza hazi egin dela garai bateko irakurleekin batera.
Baina aldi berean ez da haurrentzat ezer egiten. Badirudi haurrentzat ipuinak eta literatura besterik ez direla egokiak. Lehen komikiak batez ere haurrentzat ziren, zerbait bazegoen helduentzat, baina orain batez ere helduentzat egiten da eta haurrentzat oso gutxi dago.
Guztiz ados, eta hori zen Arthur-en kezka, Avilés-en entzun nion horri buruz hitz egiten. Adibide gisa superheroien komikiak jartzen zituen: 80ko hamarkadako gidoiak oso sinpleak dira, haurrentzakoak; eta gaur egungoak oso konplexuak dira. Irakurlearekin batera garatu dira, eta garapen hori oso ongi dago. Baina ez dute buelta osoa eman...
Ez dute harrobia lantzen. Ez bada jarraitzen haurrentzat zerbait egiten, etorkizunean ez da egongo nork irakurri...
Hala da. Horretaz oso kontziente dira Frantzian. Han jarraitzen dute haurrentzako komiki-aldizkariak egiten, defizitarioak izanagatik, inbertsio bat dela jakinik.
"Animazioa ez zait batere gustatzen; erosoena ilustrazioa da; baina ni asetzen nauena komikia da"
Txikitxoen mundua ez da hain zaila, gurasoek edozein gauza erosten baitute. Baina gaztetxoena, Xabiroiren helburu-publikoa hain zuen, oso zaila da. Gauza askoren eskaintza ikaragarria dute, gurasoek ez dute edozer gauza erosten, beraiek ez dute dirurik... Konpetentzia ikaragarria da orain. Estetikoki, adibidez, jauzi ikaragarria egon da. Star Wars eta Eraztunen Jaunaren artean kristoren diferentzia dago. Tira, eta Star Wars agian libratzen da, baina bideojokoek gaur egun duten sofistikazioa, estetika eta irudien maila izugarria da. Gazteak gaur ezin dituzu lau marrazkitxo sinplerekin limurtu, horiena berdindu behar duzu.
Hala ere, hor badago pertzepzio oker bat. Badirudi alderdi estetikoak edo sofistikazioak markatzen dutela produktu baten kalitatea, eta ez da horrela, film bat, bideojoko bat edo komiki bat ona izan daiteke aspaldikoa izanagatik edota teknikoki sinple eginagatik. Baina egia da zaila dela publiko hori erakartzea irudi sinpleekin...
Baina egin behar da hori ere, puntu bateraino. Gorde behar duzu Arranotxu, adibidez.
Irudia: Asisko, Adur, Lope, Iñaki G. Holgado, Zaldieroa
Oso proiekzio polita egiten zuen Raquel Alzatek. Zioen nerabe bat pultsio sexual ibiltari bat dela, desioak eta irudiak mugitzen duena, eta irudiarekin erakarri behar duzula. Bere ustez, emakume gero eta gehiago sartu dira komikian azken aldian mangaren bidez. 80ko hamarkadako irudi-proposamena (Richard Corben eta), oso bideratuta zegoen gizonezkoengana. Emakumeak norekin maitemintzen dira, Conan El Bárbarorekin edo Corto Maltésekin? Cortorekin, hau da, sotiltasuna, lau marra. Eta hori da manga estiloa, lau marrarekin pertsonaia sotil bat.
Beraz, irudia zaintzea, modu batera edo bestera, sofistikazioaz edo sinpletasunaz, garrantzitsua da engantxatzeko, batez ere gaztetxoekin.
Xabiroiko egileei, marrazki surrealistak-eta sartzen dituztenean, galdetzen diet ea noiz iritsi ziren beraiek surrealismora. Ez al zuten 15 urterekin flipatzen Galactica eta Blade Runner ikusten? Maus hartuko du gaztetxo batek? Igoal irakurtzen duenean gustatuko zaio, baina hartuko du irakurtzeko? Hori da galdera. Eta guk daukagu literatura idatziak ez daukana: irudiaren indarra. Azal indartsu batek asko egiten du. Dei Gaztelumendiren azala duen Xabiroia agortuta dago, ez da alerik gelditzen! Guk irudiaren indarra daukagu eta erabili egin behar dugu.
Nola ikusten duzu komikigintzaren egoera Euskal Herrian?
Askotan, komikigintzari buruz hitz egiten denbora asko galtzen da eta ez da komikiei buruz hitz egiten. Komikigintza zer da? Apokaliptikoa jarriko naiz, nahiz eta ez nukeen nahiko (hainbestetan atera naute adierazpen apokaliptikoekin!), baina aitor dezagun: hemen komikigintza ez da existitzen! “Gintza” atzizkiak zerbait egiten dela adierazten du. Eta hemen ez dago ezer!
Ez dago industriarik, ez dago argitaletxerik komikietara dedikatzen dena...
Ez dago euskal komikigintzarik. Astiberri argitaletxea dago, Euskal Herrian finkatutakoa, baina bere produkzioaren %99 gaztelaniaz egiten du eta merkatua Espainia du.
Aurreko urtea ona izan zen euskarazko komikiarentzat, bai; inoiz baino euskarazko komiki gehiago atera ziren. Baina aurten ikusiko dugu ea hori zirkunstantziala izan zen edo joera bat dagoen. Joera bat bada, ongi etorria izan dadila. Hala ere, nik uste dut zirkunstantziala izan dela, gauza batzuk bai baitakizkit nola gertatu diren.
"Hemen komikigintza ez da existitzen [...] Aurreko urtean inoiz baino euskarazko komiki gehiago atera ziren; baina aurten ikusiko dugu ea hori zirkunstantziala izan zen edo joera bat dagoen"
Adibidez, Unai Iturriaga eta Alex Sanviren Udaberririk ankerrena komikia Durango 1936 Kultur Elkartearen ekimen puntual bat izan da. Ez da argitaletxe batek bultzatutako lana izan. Agian horregatik geratu da hain zoragarria eta freskoa, kar kar...
1512 – Nafarroa, amets urratua ere erabat zirkunstantziala izan da. Joseba Asironen iniziatiba bat, garai justua zelako. Indianoarena ere zirkunstantziala da, Galtzagorrik berreskuratu du aspaldiko komiki bat orain berriz argitaratzeko, baina gehiago?
Xabiroirena ez da zirkunstantziala, guk urtero ateratzen dugu bat. Eta De Rerum Naturarena ere ez, Elkarrek bi urtean behin Patxi Huarteren zinten bilduma bat egiten duelako. Baina gehiago? Denborak esango du.
Entzuten dira oihartzun batzuk, “badirudi ez dakit nork hasi nahi duela”, baina garai txarrak dira horretarako. Asmoak ba omen daude, baina sosik ez...
Aitortu behar da ere abiapuntua oso txarra dela. Euskal kulturgintzan aritu izan diren sustatzaileak (argitaletxeak, elkarteak...) ez dute izan komikienganako joerarik. Egon dira Habeko Mik, Ipurbeltz, Ikusager... eta ezer gutxi gehiago! Oso-oso gutxi egin da.
Eta gainera horiek denak 70 eta 80ko hamarkadetakoak dira, aspaldikoak, gaur egun ez daude...
Baina justu orduan hasi zen sortzen euskal literatura idatzia, eta inork ez zuen pentsatu “ez dugu komikirik”. Eta pentsatu zenean, haurrentzat pentsatu zen. Begira, gure komikiak askotan jartzen dituzte haurren txokoan eta ez komikien gunean. Zergatik? Euskaraz direlako.
Ez da izango komikiak direlako, eta jendeak oraindik pentsatzen duelako komikiak haurrentzat direla?
Ez, ez! Okatxu, Piztia otzanak, Irati eta gureak bezalako beste gaztelaniazko komiki batzuk komikien gunean daude denda berean. Baina euskaraz badaude, haurren txokora! Eguneroko bizitzan bezala: helduekin gaztelaniaz, euskara haurrekin egiteko.
Euskarak, dena delako arrazoiengatik, ez dio eman aurpegia komikiari. Ze hemen komikigile onak garai guztietan egon dira... Baina hausnarketa honetara ez dugu komikigileok iritsi behar, kultura sustatzen aritu direnak egin behar dute.
Bai, bere garaian ikusi zen euskarazko telebista baten, literatura baten, egunkari baten... beharra, baina inork ez du ikusi euskarazko komikiaren beharrik.
Hori da. Ez da kasualitatea Habeko Mik ere euskara irakasteko helburuz sortu izana. Komikia beti da baliabide bat, ez berezko helburua. Haurrak irakurketara zaletzeko, euskaraz ikasteko... Eta komikigileok zirrikitu horiek baliatu ditugu berezko helburu diren komikiak egiteko. Hau da, Habeko Mik-eko komikiak ez dute helburu didaktikorik, sorkuntza hutsa ziren. Baina beti horrela ibili behar...
Horretan herentzia espainola daukagu. Orain hasi da Espainian komikia prestigioa hartzen, eta orduan gu atzetik, baina oso atzetik. Adibidez, nobela grafikoaren eztabaida ergel hori, espainolek gainditua dute jada, eta orain sartzen gara gu...
Baina pena da, espainolen ereduari jarraitzen ibiltzea, hor bertan dugunean Frantzia ere. Are gehiago, Euskal Herriko iparraldea ere jarrai genezakeen...
Hala da! Askotan hartu izan dugu eredutzat iparraldea, baina komikian ez, horretan oso espainolak gara. Eta espainolen eztabaidak izaten ditugu, adibidez nobela grafikoarena. Kultura frankofonoan ez da eztabaida hori egon, nobela grafikoa ez du inork aipatzen. BD (“Bande Dessinée”, hau da, komikia) egiten dute beraiek. Guy Delisleren webgunean sartzen zara eta ikusiko duzu berak egiten duela BD, ez “roman graphique” edo horrelakorik.
"Askotan hartu izan dugu eredutzat Euskal Herriko iparraldea, baina komikian ez; horretan oso espainolak gara"
Konplexuak daude nobela grafikoaren kontzeptuaren atzean, ez? Frantziarrek ez dute konplexurik, komikia maite dute eta komikia ona da berez. Hemen, aldiz, komikia egin nahi baduzu, beste izen bat eman behar diozu. Eta marketin kontuengatik ere egiten da, noski.
Euskarazko literatura idatzia sortu zenean, inork ez zuen sortu umorezko eleberririk. Intelektualtasuna zen nagusi, Leturiaren egunkari ezkutua eta, gauza sakonak. Kultura sakona izan behar baita... Kultura ez da sakona! Kultura gauza asko dira. Tom Sharpe ez al da literatura? Literatura eta oso ona gainera! Intelektualtasun egarri hori konplexuetatik sortzen da.
Bai, eta umorea bezala, genero beltza, beldurrezkoa edo entretenimenduzkotzat hartzen diren beste batzuk ere...
Bai, asko kostatu zaigu hori onartzea. Adibidez, hemen ez da Emilio Salgari bat inoiz aterako! Agian orain, pixkanaka... Egia da denbora behar dela gauzak aldatzeko.
Frantzian argi daukate hori, entretenimenduzkoa ona izan daitekeela. Niri ere, galdetzen badidazu zein den komiki hobea, Persepolis edo Asterixen Liskarra, ez dizut esango ez direla konparagarriak, ez. Argi esango dizut: Liskarra! Eta Maus edo El archivo corso? El archivo corso! Ez da soilik komikiak gehiago gustatzen zaizkidala, teknikoki ere hobeak iruditzen zaizkit, eta ez diot irudiagatik. Liskarrako barkuko eszenaren erritmoa, bineten trantsizioa... Edo Asterix Korsikan komikian “nire arrebari hitz egin diozu” bineta berdin horiek... Jenialtasun hutsa dira, eta han badakite apreziatzen eta euren ikono bihurtzen dute.
Gu, aldiz, konplexuz beteta gaude. Eta askotan egin ditugu gauza oso onak, ahaztuta gelditu direnak, bizkarra eman diegulako. Horregatik, abiapuntua oso eskasa da. Zerotik abiatu behar dugu. Edo minus 12tik!
Azken galdera bat: Zure ustez zer eragin izan dezake digitalizazioak (liburu elektronikoak, tabletak...) komikiaren munduan? Eta, bereziki, euskarazko etorkizuneko komikigintzari zertan erasan edo lagun diezaioke?
Digitalizazioak ekarriko duenaren inguruan gauza bakar bat dago argi: argitaratze prozesua merkatzen eta errazten duela. Horrek esan nahi du baliabide gutxiago behar direla argitaratzeko eta, beraz, abantaila guztiak sortzailearentzat izango dira. Bitartekari kopurua asko murriztu daiteke eta autoedizioa errazagoa bihurtzen da. Aukera asko irekitzen ditu honek. Orain arte oso zaila izan da komiki bat kaleratzea, oso garestia baita. Ez da nobela bat bezala, nobeletan papera askoz merkeagoa da, ez dago irudirik, ez dago kolorerik... Orduan, komiki bat ateratzeko argitaletxe baten bitartekaritza behar duzu, eta argitaletxeek komiki oso gutxi argitaratzen badute, odisea bat bizi behar duzu, milaka iragazki pasatu behar dira. Digitalizazioarekin oso erraz egin daiteke. Hori bai, oraindik bidea geratzen zaigu horretara iristeko.
Batzuk mehatxu moduan ikusten dute, baina mehatxua gehiago da batez ere argitaletxe, denda, banatzaile eta inprententzat...
Beldurra dago gauza berriei. Inork ez daki nola lortuko den kobratzea, pirateria hor dago...
Trantsizio-denbora bat beharko da...
Horretan hasi berriak baikara. Ematen du informatikan beteranoak garela, baina ume moko batzuk gara.
Jada existitzen diren industrientzat mehatxua izan daiteke, baina euskarazko komikigintza, esan dugun bezala, ez bada existitzen, digitalizazioak aukerak besterik ez dakartzala iruditzen zait.
Hemen ez dago pastelik, beraz ez dago zatirik banatzeko.
Baina gauza asko argitzeko daude. Oraindik ez dut argi funtzionatuko duen komiki digitalak. Angulemako azokan paper tonak eta tonak ikusten dira, haiek ez badira oraindik sartu... Liburu digitala errazagoa da, musikarena egina dago, baina komikia...
Irakurgailuek orain artean kolorerik ez zutelako, baina orain tabletekin...
Bai, iritsiko da hori ere. Etorkizuna hori da.
DANI FANO ARDANAZ (Donostia, 1968) Soin Hezkuntza ikasketak egina da, baina marrazkiak egitetik bizitzera jo zuen aspaldi, komikigintzan, ilustrazioan eta animazioan arituz. Ikastolen Elkarteko ikasmaterial asko ilustratu du, tartean Space Search ingelesa ikasteko CDa, Britainia Handiko ESU President's Award saria irabazi zuena. Umorezko zintak egin zituen Ardi Beltza, Kale Gorria eta Mutxo aldizkarietan, eta horretan dabil Elhuyar aldizkarian. Ipurbeltzen Beto asmatzaileren istorioak egin zituen. Xabiroi aldizkaria koordinatzen du, eta bertan TeleAtoi eta Anubis 3.0 komikiak egin ditu atalka. Gaur egun Kortsarioen ostatua sailaren gidoia egiten ari da, Guillermo Gonzalezek marrazten duena. |
---|
Argazkia: Maite Landatxe
Elhuyarren hizkuntza-teknologiak: Bilaketa eleaniztunak
- (Elhuyar aldizkariko 2012ko iraileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Duela bi urte, aldizkari honen atal honetan bertan, Interneteko bilatzaileek izan duten eboluzioa eta etorkizunean izango dituzten ahalmen berriak aurkeztu genizkizuen. Orduan aipatzen genuen Elhuyarko hizkuntza-teknologien I+G sailean ari ginela ikertzen eduki eleaniztunean hobeto nabigatu eta bilatzeko tekniken inguruan. Teknologia horiek jada errealitate dira eta hemen zehatzago azalduko dugu zer diren eta zertarako diren erabilgarriak.
Elezkari, bilatzaile eleaniztuna
Sarean euskaraz aritzeko ohitura dugunok bi arazo nagusi izaten ditugu edukia bilatu nahi dugunean. Bata, euskarazko edukia bilatu nahi dugunean: bilatu nahi duguna izen berezia bada, edo teknikoa, edo laburra, aukera handiak daude hori bera beste hizkuntza batzuetan ere berdin esateko, eta beste hizkuntzetako emaitzak agertuko zaizkigu euskarazkoak agertu beharrean. Bestea, zerbaiti buruzko edukia bilatu nahi dugunean, ahal bada euskaraz baina ezin bada besteren batean (euskaldun ia guztiak gutxienez elebidunak baikara): lehenengo bilaketa euskaraz egingo dugu; emaitza egokirik ez badugu aurkitzen (zoritxarrez maiz gerta daitekeena, euskaraz dagoen edukia ez baita nahiko genukeen bezain ugaria), beste bilaketa bat egingo dugu ongi moldatzen garen beste hizkuntzaren batean, demagun gaztelaniaz edo frantsesez, horretarako bilaketa-terminoak itzuliz (sarri batere erraza ez den kontua); eta gustura gelditzen ez bagara, ingelesera joko dugu, berriz ere hitzak itzuliz eta beste bilaketa bat eginez.
Hori ekiditeko garatu dugu Elezkari deitu dugun teknologia. Bertan, guk bilaketa bakarra egingo dugu euskaraz, eta bera arduratuko da hitzak beste hizkuntzetara itzultzeaz eta bilatu behar den tokietan bilatzeaz, gero emaitzarik esanguratsuenak bueltatzeko, dauden hizkuntzan daudela.
Tresnaren indargunea bilaketa-terminoen itzulpena da. Hiztegiak eta hizkuntza-teknologiak konbinatzen ditu itzulpen egokia emateko, eta hau ez da gai hutsala: anbiguotasunak ebazten dira ordain egokia aurkitzeko, sinonimoak baliatzen dira emaitza gehiago lortzeko baina nahi gabeko emaitzak baztertuz... Tresna oso baliagarria da kasu askotarako: edukia hainbat hizkuntzatan duten webguneetan, bilaketa hainbat webgunetan egitea ahalbidetu nahi duten atari espezializatuetan, enpresetako intranetetan eta abar. Eta goian aipatutako erabilera-adibidean abioko hizkuntza euskara bazen ere, beste edozein izan daiteke. Gainera, tresnarentzako hedatze posible bat izan daiteke beste hizkuntzetan dauden emaitzak abioko hizkuntzara itzultzea itzulpen automatiko bidez, teknologia hori ere lantzen baitugu. Existitzen diren antzeko tresnen mailan dago Elezkari, baina euskara kontuan hartzen duen bakarra da.
Dokusare, dokumentu-erlazionatzaile eleaniztuna
Komunikabideen online bertsioetan, blogetan eta eduki ugaria duten webguneetan oso ohikoa da, albiste edo artikulu jakin batean gaudela, amaieran antzeko edukietarako estekak erakustea, gaiaren inguruan sakondu ahal izateko. Esteka horiek metodo automatikoen bidez jartzen dira, baina normalean webgune horretako bertako edukirakoak izaten direnez eta hizkuntza berean egoten direnez, oso sinpleak izaten dira metodook, hitzen kointzidentzia hutsean oinarrituak.
Dokusare teknologiak hori bera egiten du, baina hainbat hizkuntzatan dagoen edukia erlazionatzeko eta antzekoenak bilatzeko gai da. Edukia hizkuntza batean baino gehiagotan duten komunikabide eta webguneek baliatu dezakete, edo kanpoko webguneetako eduki erlazionatua erakutsi nahi dutenek.
Biak Zientzia.net atarian
Dokusare eta Elezkari ikerketa proiektu gisa jaio ziren eta urteetan aritu gara haietan ikertzen eta nazioarteko kongresuetan aurrerapenak aurkezten, baina gaur egun funtzionatzen duten teknologiak dira. Elhuyar Fundazioaren Zientzia.net webgunean jarri dira martxan estreinakoz, uztailean prentsaurrean aurkeztu genuenez. Euskarazko zientziaren ataria izateko bokazioa du Zientzia.net-ek, eta horregatik ez ditu bere bilatzailea eta antzeko edukietarako estekak barne-edukira mugatzen. Zientziari buruzko erreferentziazko nazioarteko hainbat webgunetako edukia ere hartzen du kontuan bi kasuetan: Nature, Science , Physics World, Futurity... Hala, Zientzia.net-eko bertako edukiez gain, webgune horietako edukia atzitu eta bilatu ditzakegu, beti euskaratik abiatuta.
Hizkuntza-teknologiek eman dezaketenaren adibide bikainak dira Dokusare eta Elezkari. Teknologia horiek aurrerapauso handia dira erabiltzaileentzat eta euskararentzat. Beraz, espero dezagun etorkizunean teknologia horiek toki gehiagotan ikustea, eta horrelako teknologia gehiago eguneroko bilakatzea.
Sexismoaren aurkako komiki-tiren I. lehiaketa
Arrasateko Udalak sexismoaren aurkako komiki-tiren I. lehiaketa antolatu du (edo komiki-zintena, komikilari gehienek dioten bezala, edo komiki-bandena, Euskalterm-en arabera).
Sexismoaren inguruan kontzientziatzeko komiki-bandak aurkeztu behar dira bertara, abenduaren 7ko eguerdia baino lehen. Lehen saria 400 eurokoa da; horrez gain euskarazko lanik onenarentzat 400 euroko beste sari bat egongo da eta 150na euroko beste bi akzesit.
Oinarri zehatzak hemen irakur daitezke.
Getxoko komiki eta manga azokak
Getxoko Komiki Azoka berritasunekin dator aurtengoan. Ohiko azokaz gain, azaroaren 23tik 25era izango dena, Manga Azoka egingo da ondoko asteburuan, hau da, abenduaren 1ean eta 2an. Mangak urtetik urtera presentzia gero eta handiagoa zuenez, duela urte batzuk manga aparteko karpa batean jarrita saiatu ziren, baina gero berriz ere karpa bakarrera itzuli; orain, bi azoka bi aste bukaeretan!
Azoka biak Areetako Geltokiko Plazan izango dira, eta 11:00etatik 14:30era eta 17:00tatik 21:00tara egongo dira irekita.
Xabiroiko standa
Euskal Herriko komiki-azoka garrantzitsuena den honetan, euskararen presentzia ia hutsala izan ohi da, eta hala izango da aurten ere. Euskarazko komiki bakar-bakarretakoak Xabiroi komiki-aldizkarikoenak izaten dira. Han izango dira aurten ere lehen aste bukaeran, beraien aldizkaria eta albumak (Dani Fanok aurkeztu berri duen Anubis 3.0, esaterako, edo berriki Euskadi Literatur Sarietan haur eta gaztetxoentzako literaturan garaile atera den Azken garaipena, Iban Zaldua eta Julen Ribasena) saltzen eta sinatzen. Hona Xabiroiko egile bakoitza zein egun eta ordutan egongo den:
- Ostirala 23: goizez, Juan Luis Landa, Iñaki G. Holgado, Josevisky, Dani Fano; arratsaldez, Juan Luis Landa, Iñaki G. Holgado, Alex Orbe, Sanvi, Dani Fano.
- Larunbata 24: goizez, Adur Larrea, Dani Fano; arratsaldez, Adur Larrea, ZaldiEroa, Asisko Urmeneta, Dani Fano.
- Igandea 25: goizez, ZaldiEroa, Asisko Urmeneta, Dani Fano; arratsaldez, Dani Fano.
Komiki Azokako programazioa
Omenaldiak
- Norma Editorial argitaletxea
- Luterl taldea
Karpa barruko erakusketak
- Miguelanxo Prado: Ardalén
- Santiago Valenzuela
- TMEO 25 urte
- Hazañas bélicas de ayer y hoy
Karparen inguruko erakusketak
- El Balanzín
- APIEren aldizkaria
Beste erakusketak (azaroaren 19tik abenduaren 10era)
- Bizkaia Zubian, Raquel Alzateren La caja oscura
- Areetako Glass kafetegian, Koldo Azpitarte eta Angel Unzuetaren Reliquias
- Erromoko Jai Alai kafetegian, Iñaket-en Old Dibuix eta Nuevos
Bestelakoak
- Arrugas filma (zuz.: Ignacio Ferraras). Azaroaren 23an, 21:00tan, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, 2,90 €
- Rol partidak (Imagina taldearen eskutik)
- Komiki tailerra (bi maila)
- Makillajea eta efektu berezien tailerra
- El Balanzín doako aldizkaria
Gonbidatutako egileak
- Eddie Campbell
- Miguelanxo Prado
- Santiago Valenzuela
- Max
- Manel Fontdevila
- Marika
- Alfonso Zapico
- Mauro Entrialgo
- Teresa Valero
- Albert Monteys
- Hernán Migoya
- Javier De Isusi
- Larri
- Ata
- Abarrots
Egongo diren beste egileak
- Juan Díaz Canales
- David Sánchez
- Carlos Vermut
- Pepo Pérez
- Manuel Bartual
- Juan Díaz-Faes
- Enrique Vegas
- Jorge De Juan
- Javier Pulido
- Javier Rodríguez
Egitaraua
Ostirala 23, goizez
- 11:00 : Azokaren hasiera
- 12:00 : Proiekzioa: komiki film laburrak ("Crossbow: Año Uno", "Zona de Caza", "Decapoda shock", "85.12.30", "Super recortes", "Descafeinado infernal", "Espejo", "Ketchup!", "Tengo que matar a María", "Le llamaremos Bobby", "Cuchillo McGregor y el Vasco", "Bajo la cama")
Ostirala 23, arratsaldez
- 17:15 : Proiekzioa: Series de tebeo: "Amazing Mask", "Basauri Vice"
- 18:30 : Topaketa Santiago Valenzuelarekin (moderatzaile Alberto García El Tío Berni)
- 19:00 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean): TMEOren egileak (Mauro Entrialgo, Larri, Ata, Abarrots )
- 19:00 : Sinatze-txanda: Jorge De Juan (La Cúpularen saltokian)
- 19:00-20:30 : Sinatze-txanda: Eddie Campbell, David Sánchez (Astiberriren saltokian)
- 19:30 : 2012ko omenaldia eta sari banaketa : Norma Editorial - Luterl Taldea
- 19:45 : Mahai-ingurua: "TMEO: 25 años dando guerra" (Mauro Entrialgo, Larri, Ata, Abarrots ; moderatzaile Ricardo Mena)
Larunbata 24, goizez
- 11:00 : Sinatze-txanda: Jorge De Juan (La Cúpularen saltokian)
- 11:15 : Mahai-ingurua: "Superhéroes: ¿ocaso o nuevo amanecer? ¿Qué está pasando?" (Javier Pulido, David López, Javier Rodríguez ; moderatzaile Koldo Azpitarte )
- 11:30 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean): Eddie Campbell, Miguelanxo Prado, Santiago Valenzuela
- 12:00 : Sinatze-txanda: Max, Jorge De Juan (La Cúpularen saltokian)
- 12:00-13:30 : Sinatze-txanda: David Sánchez, Manuel Bartual, Juan Díaz-Faes (Astiberriren saltokian)
- 12:30 : Mahai-ingurua: "Piruetas en el mercado internacional. El cómic dentro y fuera de nuestras fronteras" (Juan Díaz Canales, Teresa Valero, Alfonso Zapico ; moderatzaile Koldo Azpitarte )
- 13:00 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean) : Javier Pulido, David López, Javier Rodríguez, Alfonso Zapico
- 13:00 : Sinatze-txanda: Max (La Cúpularen saltokian)
- 13:30 : mahai-ingurua: "Cómic y transmedia. Relación con otros medios, presencia en la red y alternativas editoriales" (David Sánchez, Carlos Vermut ; moderatzaile: Manuel Bartual)
Larunbata 24, arratsaldez
- 17:00 : Sinatze-txanda: Jorge De Juan (La Cúpularen saltokian)
- 17:05 : Komiki aurkezpena eta mahai-ingurua: "Nuevas hazañas bélicas: ¿Una rareza en el panorama actual?" (Hernán Migoya, Joan Navarro, Albert Monteys ; moderatzaile Borja Crespo)
- 17:30 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean): Juan Díaz Canales, Teresa Valero, David Sánchez, Carlos Vermut
- 18:00 : Sinatze-txanda: Enrique Vegas, Víctor Santos (Dolmenen postuan)
- 18:00-19:30 : Sinatze-txanda: Javier De Isusi, Mauro Entrialgo (Astiberriren saltokian)
- 18:30 : Topaketa: Eddie Campbell (moderatzaile Pepo Pérez)
- 19:00 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean): Santiago Valenzuela, Hernán Migoya, Albert Monteys
- 19:00 : Sinatze-txanda: Max (La Cúpularen saltokian)
- 19:45-21:00 : Sinatze-txanda: Eddie Campbell, Juan Díaz Canales, Pepo Pérez (Astiberriren saltokian)
- 19:45 : Topaketa: Miguelanxo Prado (moderatzaile Yexus)
Igandea 25, goizez
- 11:00 : Sinatze-txanda: Max (La Cúpularen saltokian)
- 12:00 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean): Pepo Pérez, Manuel Bartual, Juan Díaz-Faes
- 13:00 : Solasaldia: "Autores vascos a la conquista de Francia" (Raquel Alzate, Koldo Azpitarte)
- 13:00 : Sinatze-txanda: Jorge De Juan (La Cúpularen saltokian)
- 13:00 : Sinatze-txanda (sinatzeen gunean): Eddie Campbell, Prado, Santiago Valenzuela, Alfonso Zapico
- 13:00-14:30 : Sinatze-txanda: Borja Crespo, Juan Díaz-Faes, Albert Monteys, Pepo Pérez (Astiberriren saltokian)
Igandea 25, arratsaldez
- 18:00 : Mahai-ingurua: "Autoedición" (Jesús Rodríguez Duandikoetxea, Santi Alonso Velasco, Iván Pérez "Livanper", Sergio Sánchez Isasi)
- 19:00 : Mahai-ingurua: "¿Cómic femenino o feminista?: Debate sobre las etiquetas" (Marika, Myriam Cameros ; moderatzaile Josune Muñoz)
- 19:00-19:45 : Sinatze-txanda: Eddie Campbell (Astiberriren saltokian)
Manga Azokako programazioa
Oraindik zehazteke
Anubis 3.0, gaur egungo arimagabeen kritika gupidagabea zientzia fikzioz mozorrotuta
Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariak urtean behingo albumen argitalpenekin jarraitzen du. Euskarazko komikigintzan aktiboki eta era jarraituan aritzen den agente bakarra dugun hau (digitalean soilik eta lau hizkuntzatan argitaratzen duen Sauré argitaletxearen salbuespenarekin), album bilduma oso majoa osatzen ari da. Aurretik Saiak (Joxean Muñoz eta Juan Luis Landa), Piztia otzanak (Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado), TeleAtoi (Dani Fano) eta Azken garaipena (Iban Zaldua eta Julen Ribas) atereak zituen; oraingoan Dani Fano aldizkariaren koordinatzailearen album berri bat kaleratu du: Anubis 3.0 - Arimaren pisatzea.
Anubis 3.0 komikia zientzia fikziozkoa da (etorkizunean kokatua, non jendearen arima pisatzen duen makina bat asmatu duten, antzinako egiptoarren psikostasiaren bideari jarraiki), baina neurri batean soilik. Bere benetako helburua gaur egungo munduaren gizatasunaren (edo gizatasunik ezaren) inguruko hausnarketa eta kritika egitea da. Hala, arima pisatzen duen makinaren bitartez, gure jendartean goi mailan dauden klase sozialak larrutzen dira gupidagabe: tertulianoak, enpresariak, bankariak, publizistak, mediku dopinlariak... Mendeku pertsonala hartzen du egileak horien guztien kontra.
Horrela esanda panfleto politiko edo kritika sozial hutsa lirudikeen arren, ezer ez errealitatetik urrunago. Lanaren kalitatea eta balio literarioa ezin dira zalantzan jarri. Istorioak landuak dira oso, ezusteko biraketez beteak. Aurretik Xabiroi komiki-aldizkarian atalka agertu denez, pertsonaia bakoitzaren istorioak autokonklusiboak eta osoak (bere zentzu guztietan) dira, baina aldi berean arima pisatzearen kontuak ematen dio guztiari beste osotasun bat, ustekabeko amaiera eder batekin. Eta zientzia fikzioaren tradizio klasikoenean bezala (Blade Runner, I, robot...), robotaren figuraz baliatzen da egilea gizatasunaz hausnartzeko, hemen ere agian denetan humanoenak arimagabeko robota delarik...
Daniren lanetan ohikoa denez, irudi eder eta landuez hornitua dago albuma. Gainera, hiru garai irudikatu beharraren zailtasun gehigarria du, komikian antzinako Egipto, gure garaia eta etorkizuna agertzen baitira. Denetan ederki moldatzen dela erakusten du Danik (etorkizuneko dekoratuak marrazten aurreko TeleAtoi albumean jasotako esperientzia nabari da).
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi albumaren promoziorako Dani egiten ari den lana, orain arte ikusigabea euskarazko komikigintzan. Webgune ikaragarria egin du (http://anubiskomikia.blogspot.com), informazio baliagarri eta irudi eder ugarirekin hornitua: komikiaren sinopsia, psikostasia zer den, orrialde baten eraikitze prozesua, irudi amaituen eta zirriborroen galeria, komikiaren 10 orri ikusteko aukera... Eta (nik dakidala, lehenengo aldiz euskarazko komiki batentzat) bideo trailerra ere egin du Danik, polita benetan. Bestalde, Willy Roa adiskide, irrati esatari eta 3D irudigileak komikiko robotaren 3D animazio bat ere egin zuen. Behean dituzue biak.
ANUBIS 3.0 TrailerHD from Dani Fano on Vimeo.
Anubis 3.0 from WillyRoa on Vimeo.
Fitxa |
---|
Izenburua: Anubis 3.0 - Arimaren pisatzea Gidoia eta irudiak: Dani Fano Argitaletxea: Ikastolen Elkartea Urtea: 2012 ISBN: 978-84-940197-4-6 |