Conan Doyle, hiltzailea eta plagiatzailea?
Blog honen irakurleek jakingo duzuenez, beste irakurketa batzuekin tartekatuta Sir Arthur Conan Doyle-ren The original illustrated "Strand" Sherlock Holmes - The complete facsimile edition (Sherlock Holmes-en abentura guztiak dituen liburua) irakurtzen ari naiz (jada horri buruzko bi artikulu idatzi ditut, hemen eta hemen), eta orain justu The hound of the Baskervilles daukat esku artean. Ba bizitzaren kasualitateak, oraintsu neskalagunak irratian entzun du agian Sir Arthur ez dela obraren benetako egilea, baina ez hori bakarrik: batzuen arabera, benetako egilea Conan Doylek pozoituta hil zuen hori jakin ez zedin, eta bere gorpua hobitik atera nahi dute frogatzeko!
Ezaguna eta nahiko onartua da Bertram Fletcher Robinson kazetari, abokatu eta Doyleren lagunak errekonozitzen zaiona baino eskuhartze handiagoa izan zuela aipatutako nobelaren sorkuntzan. Hark erakutsi zion Sherlock Holmes-en sortzaileari Dartmoor, kontakizunaren tokia inspiratu zuena; Baskerville Robinsonen gurdi-gidariaren izena zen; eta Robinsonek kontatu omen zion Doyleri Sir Richard Cabell-en istorioa, Satani arima saldu ziolako infernura txakur-talde batek arrastaka eraman zuen gizonarena. Lehen edizioko oin-ohar baten honela dio: "This story owes its inception to my friend Fletcher Robinson who has helped me" (Istorio honek bere kontzepzioa lagundu nauen Fletcher Robinson adiskideari zor dio).
Baina orain sei gizonek osatutako talde batek (Rodger Garrick-Steele idazleak eta Paul Spiring fisikari, biologo eta polizia-ohiak lideratzen dutena eta patologo eta toxikologo bat ere badituena) uste dute nobela Robinsonek idatzia dela eta Doylek bion izenean ateratzea nahi zuela, baina argitaletxekoek ez zutela nahi izan; eta laudorio guztiak jaso ondoren, egia inoiz jakin ez zedin, Doylek Robinsonen emaztea (zeinarekin afera bat zuen) konbentzitu zuela senarra laudanoz pozoitzeko. Talde honetakoek Robinsonen gorpua Devon-eko bere hilobitik ateratzea eskatu dute, laudanoz hila izan ote zen aztertzeko, eta ez tifusez bere heriotza-agiriak dioen bezala.
Ez dakit, baina niri arraroa egiten zait Conan Doyle bezalako gizon batek, eskubide zibilen, justiziaren eta berdintasunaren alde konprometitutako gizon batek (ikusi berari buruzko aurreko artikulua), horrelakorik egitea. Baina zuzen baleude, pentsa: inoizko detektibe onenaren kasu konplikatuak asmatu zituen gizonak egindako hilketa deskubritu izango lukete, ehun urte beranduago! Ez lirateke beraiek izango inoizko detektiberik onenak?
Zurea irakurri ondoren, gehiago jakin nahiean bilaketak egin ditut eta aurten berpiztu den duela urte batzuetako historia dela ikusi dut: CNNko webean duela bost urteko albisteetan: Conan Doyle a murderer? eta Master of intrigue Conan Doyle accused of murder. Baina esaten duzun moduan, orain Fletcher Robinson-en gorpua hobitik atera nahi dute ea pozoitu zuten edo ... ez dakit horrek ezer frogatuko duen, misterio gehiago akaso :-)