Etxean egoteko azken moda
Etxean, goxo-goxo egoteko eguraldi aproposa dugu. Eta sofan botata egoteko edo etxeko lanak egiteko bakoitzak bere estiloa dauka. Aurreko batean aipatu genuen askok pijaman egotea dutela gustuko.
Beste batzuek, ordea, arropa zahar eta erosoa dute atsegin, sekulako piura erabiltzen dute hauek: txandal praka zahar emanak, aitaren jertse handi forma gabekoa, galtzetinak bakoitza bikote batekoak, eta gainean txabusina. Glamour guztia galduta, edozelan egindako kopeta. Dirua emanda ere ez genuke nahi horrela inork ikustea, etxekoek salbu (eurak ere antzera egoten dira-eta).
Itxura hori saihesteko eta epel-epel egoteko bata-manta asmatu zuten
Tapaki bat mahukekin, finean. Hori bai, manta arruntak baino txukunagoa. Begitu, bestela, zelako festak ospatzen dituzten bata-mantadun koadrila honek, ez dizue inbidiarik ematen?
Kanpinera eramateko ere balio du!
Eta diseinuak ere anitzak dira
Super-heroia sentitu nahi izanez gero ere, badugu aukera
Azken joera zela pentsatuta nengoen, baina auzoko bazar txinatar batetik pasatu nintzen igandean, eta kaxa batek iltzatuta laga ninduen begira: Lazy Cozyg! Bata-mantetan aurreratuena!
Buzo itxurakoa! Familia guztiarendako! Oinak ere hartzen ditu!
Barrutik, gainera, pijama edo nahi dena eraman daiteke! Gainera, honekin ere kanpinera joan gaitezke, baina askoz erosoago, atorrak tatarrez erabili barik
Beste alde batetik, teletubbie itxura pixka bat ere hartzen diot, eta 2014ko Aratusteetan teletubbie mozorroa prestatzeko modu erraza eta merkea ere bada
Dena den, ez dago aitzakiarik, negu honetan hotza pasatzen duenak gura duelako da! Merke-merke txinatarren denda horretan!
Gordetako kamiseta urdina
Kamiseta zaharren tiradera dut nire komodan. Bertan, kalerako erabiltzen ez ditudan elastikoak dauzkat. Batzuetan, neguan barruko tixert gisara ere erabiltzen ditut. Ia guztiak zuriak dira, edo beltzak. Grisen bat ere badago.
Nire sarreka horretan arkeologia ere egin liteke, argi erakusten baitu non mugitu naizen eta zeren alde (eta kontra) ibili naizen. Kamiseta guztiak oso maiztuak daude, zaharrak izateaz gain, asko erabili izan ditudalako urteetan. Kotoiak ez du ondo jasaten ez denbora ez garbigailutik sarri pasatzea.
Kaxoiaren hondoan elastiko urdin bat dago, berri-berri, nahiz eta hamar urte dituen. Ez dut inoiz jantzi, txiki dudala ere esango nuke. Inoiz ez erabili arren, ez dut sekula santan botako, zatarra bada ere. Elastiko horretan "Egunkaria aurrera" dio.
Gorputza ez dit jantzi, baina gogoa eta bihotzaren babesgarri eta beroki izan da. Beti gordeko dut, inoiz ahaztu ez dakigun, ez jasandakoa, ez jasotakoa. Musu bat duela 10 urte derrigor jantzi behar zenutenoi! Guk bihotzean daramagu jantzita!
Ratzinger, fashion victim hori!
Aste honetan jakin dugu Ratzingerrek kargua laga, aitasantu izateari utzi eta komentu batera erretiratuko dela. Seguru nago jende asko poztu dela; izan ere, berak eta bere karguak pertsona askori min eman izan diote hainbat konturengatik. Honetaz luze idatzi da egunotan eta Idurre Eskisabelek zein Lander Garrok. Bat banator ere eurekin ia guztian, blog honetan Benedikto XVI.aren falta igarriko dugu.
Harrituta? Ez. Badakizue zelako argazkiak eskaini dizkigun janzkera berezienak erabilita? Kostatuko zaio Espainiako konferentzia episkopal osoari horrelakoak eskaintzea (nahiz batzuk-batzuk lortu ditugun).
Aurreko hiru aitasantuek janzkera sinpleagoa zuten. Nahiz eta sotana, kasula, alba, tiara eta abarrak mantendu askoz ere sinpleagoak eta minimalistagoak ziren, Kontzilio Vatikano bigarrenaren aurrekoek janzkera arranditsuak baztertuz. Baina alemaniarrak, museoko piezak atera; oihal, ehun eta brodatuei hautsa kendu; eta jantzi ditu inongo erreparorik gabe
Belusezko muzeta granate hori, larru zuriz azpildua, eta hurrez brodatutako estola
Behean beste modelo batekin
Kapa (uste dut beste izen bat duela) ere artelana da: ertz osoa dekoratuta dauka. Mitra ere (burukoa) oso-oso landua.
Beheko mitra ere badago marraztua, urre koloreko oihalean.
Azpiko argazkian ikus daiteke nolako kapa gorri luzea eta mitra daraman. Begiratuta, XVI. mendekoa dirudi, gutxienez.
Baina antzinako aitasantuen fastuositate hori alde batera lagata, atentzio nadiena zapatek ematen didate. Beti eroan izan ditu gorriak, guztiz zuriz jantzi arren. Antza denez boterea sinbolizatzen dute Bizantzion enperadoreak eta aitasantuak besterik ezin baitzuten erabili. Hau ere, berreskuratu du. Konturatuko zineten, beti dela boterea eta aberastasuna adierazteko…
Kasula gorria urrez brodatua, eta albaren parpailak ez dira txinoen dendetan erositakoak, alajaina. Zapata gorriak eta galtzetin zuriak, ez zioten esan diskotekara ez diotela sartzen lagako, ala?
Zapatez gain, kamauroa ere berreskuratu du, buruko gorri hori, Santa Klausena izateko ponpoia baino behar ez duena…
Eta hemen agertuko zaigu sonbreruekiko duen tirria hori; izan ere, ez da berreskuratu duen kapela bakarra, teila-sonbreirua ere atera du armairutik
Eta oparitu dizkioten guztiak jantzi ditu inongo erreparorik gabe:
Panama estilokoa, biserak, Munduko herrietako tipikoak:
Salvadorko nekazariena,
Mariatxiena,
Tiroleko tipikoa,… Txapelik ez diotelako pasatu! Hala ere, polizia eta militarrenak izan dira ugarienak:
Italiako militarren galakoa,
poliziena,
Eta nola ez, trikornioa
Bi bertsiotan, normala eta galakoa.
Azkenean antzekoak elkartu egiten dira: Jainkoak egin eta eurak elkarrekin!
Gona bai ala ez?
Abandonatu samar nuen azaro aldera egindako inkesta. Galderetako bat gonari buruzkoa zen, eta beti izan dut jakin-mina gai honekin. Inkestaren emaitzen artean gehiengoak zioen gona gustatzen zitzaiela baina alferkeria ematen ziela janzteak.
Alferra, zer dela eta? Galdetuko du norbaitek. Gonarik ez duela inoiz jantzi erantzungo nioke; izan ere, gona janzteak badakar hainbat buruhauste: depilazioa (bai, ezin diot tortura barbaro horri izkin egin), Emakume ausarta, bien!
galtzerdiak jantzi, hotzik ez pasa, refajo guztiak atondu, luzeraz ondo doakion berokia aukeratu… Praken aldean desabantaila handia.
Norbaitek esango dit ez ditudala gonak maite. Ez, asko gustatzen zaizkit, nahiz eta 4 urtetik 14 egunero gonarekin jantzita joan eskolara, uniformatuta. Ikaskide askok gorrotoa hartu zioten, baina nik ez (tira, "Galesko printzea"
estanpatuak gar egun espantu handia sortzen dit oraindik, baina gonak ez)
Tortura, e? Horrela 10 urtean…
Dena den, eta blog honen izenena "Anti-gona" izan, asko maite dut gona, baina ni ere nagiak hartzen nau. Galtzak (panty, leotardoak) nahikoa izango dira egiten duen hotzarekin? Galtza/panty/leotardoak ez dute egunean zehar beherantz egingo, eta deseroso egon? Zapata polit horiekin (ezin da edozein zapata jantzi, ganoraz geratzeko) ez ditut oinak blai izango? Ez zaizkit behatzak izotz-koskor bihurtuko? Gona honi ondo datorkio jertse/alkandora/niki hau? Galdera gehiegi goizean erdi lo erantzute erantzuteko! Hain da erraza prakak jantzi, jertsea gainetik eta kalera!
Eta hori gona janzten dudan bakoitzean hobeto nagoela esaten didatela! Baina erosotasuna hain da garrantzitsua lan-egunetan…
Oharra: Gonaz beste post bi ere idatzi behar ditut egunotan, hari asko baititu mataza honek
Mirandako baserritarrak
Gurean baserritarren arropek Gabonetatik Santa Agedararte irauten dute. Badihardut gertatzen semeen arropa, eta hara inguruko hizki guztiak irakurtzeko daukadan mania hori:
Espainian egindakoa.Tira, badakigu Espainian bizi garela, baina baserritarren arropan ere ipini beharra zegoen?
Esportatu egingo dituzte euskal baserritarren jantziak?
Eta 947 31 07 61 nongo telefonoa ote da, ez baita Euskal Herrikoa.
Etiketari buelta eman, eta haratx:
"Creaciones Agasa SL, confección y venta de trajes regionales", Miranda de Ebroko enpresa bat.
Mirandako txakolinaren ondoren, Mirandako baserritar jantziak.
Txirri-txirri euskal ikurren inbasioa gertatzen ari diren seinale.
Galtzontzilo matxinoak
Debako Lersundi kaleko mihisedenda batean galtzontziloak erosi nizkion seme gazteari izango dira bi bat urte. Lau bat erosi nizkion, hamar tailakoak, denak desberdinak baina antzekoak: algodozkoiak, hankadunak, goma zabal samarrekoak.
Oso kalitate ona erakutsi dute. Egunero erabilita ere, kotoia ez da higatu gehiegi eta gomak ez du eman.
Baina lau galtzontziloetatik beheko hau garbigailutik atera, eskegi eta gordetzen dudan bakoitzean, zer pentsatua ematen dit.
Nork erabaki zuen galtzontziloen goman esaldi bat ipini behar zenik? Erosi nituen gainerako galtzontziloetako goman ez zegoen inolako testurik, marraren bat besterik ez. Hau da bakarra testua daukana.
Nork erabaki zuen hamar tailako galtzontzilo baterako esaldi aproposa "I am just a rebel" zela? Eta zergatik ipini zuen esaldi hori, eta ez beste bat?
Galdera gehiago: Nik aukeratu nituen umearentzako galtzontziloak ala galtzontziloek ni aukeratu ninduten gure semea matxinadara bultzatzeko? Zeren, guraso-umeen artean horren sarriak eta ohikoak diren eztabaidetan semea kontrazale jartzen denean, ezin dut burutik kendu galtzontziloetako esaldia. Beste galtzontzilo batzurekin, gure umea ez ote zen izango otzanago?
Duela urte t'erdi, Espainiako txirrindularien itzulia Bergaratik pasa zenean eta herritar asko protesta egitera joan zirenean, semea etorri zen etxera esanez berak eta lagunak ertzain batek hitz egin ziela. "¿Chavales, estáis fuera de la ley?" galdetu omen zien ertzainkideak lasterketa ikusten ari ziren bederatzi urteko bi umeri.
Konprobatu nuen: mutikoak galtzontzilo hauek zeramazkien jantzita, galtzontzilo matxinoak. Ezaguna den ertzainkideen bista zorrotza eta hizkuntza aniztasuna tarte, funtzionaria ziur konturatuko zela gure semea errebeldea izateko jaioa zela.
Zorionez galtzontziloak txiki geratu zaizkio aurten umeari. Baina bildur naiz ez ote den beranduegi. Audientziako korredorean deklaratzeko zain gaude biok: mutikoa matxinada eragiteagatik, ni nahitaezko laguntzaile izateagatik. Abokatuak larritasunaren barruan lasaitasunari eusteko esan digu, gartzelatik libratuko gaituen defentsa juridikoa topatu omen duela: jurisprudentzia zaharra adierazten duena gerra ministro izan zen Lersundi generalak indultua ematen zuela Deban sortutako matxinada kasuetarako.
Nire bota militarrak
Lehengo egunean armairutik nire bota militarrak erreskatatu nituen. Ahaztuak neuzkan, ez dakit zergatik, hainbat urtetan jantzi barik. Baina ez dakit nola, burura etorri zitzaizkidan, eta hondo-hondotik atera nituen. Itxuraz, ondo eta gainera, garbi-garbi eta lustratuta.
Bota horiek hogei bat urte dituzte, eta asko erabili nituen bere sasoian. Dr. Termans batzuk, Dr. Martens-ak erosteko ez geneukalako dirurik. Hala ere, bota ona eta sendoak.
Hurrengo egunean pozarren jantzi nituen eta lanera joan. Probatu nahi nituen eta deskubritu zergatik abandonatuta neuzkan armairu barruan. Min ematen ote zidaten? Zura sartzen ote zitzaien? Egun osoan erabilita, halakorik ez nuen nabaritu, nahiz eta orpo baten lokarriak asko estutuz gero, min pixka bat eman. Putzuetan ere sartu nintzen, ale, living la vida loca! Eta, ez, lehor, eroso eta epel izan nituen egun osoz oinak.
Jo, itzela izan zen. Izan ere, bota horiek sekulako historia zuten: zenbat kontzertu, parranda, gaupasa jasan ote dituzten, nire bizitzako une oso dibertigarrian! Gaztetu egin nintzen bat-batean, eta hamarkada bi atzera egin, momentu ederretara, gainera! Teletransportatu banindute legez 90ko hamarkadaren hasierara!
Bestalde, ez nuen dirurik gastatu behar; izan ere, euritarako bota batzuk behar nituen, eta erosteko asmoa neukan. Armairuko aurkikuntzarekin, horrelakorik ez nuen egin behar. A, zelako pagotxa!
****
Hurrengo egunean ere jantzi nituen. Gustura, eta aurreko eguneko moduan neuzkan. Atzera eta aurrera egun osoan, botak oinetan.
Iluntzean etxeratzeko ordua iritsi zitzaidan, eta azken momentuko kontu bategatik estu nenbilen trenera iristeko. Beraz, non hasi nintzen erdi antxitxika, geltokira sasoiz ailegatzeko. Poltsa, bufanda, guardasola, euria goian-behean, eta ni arrapaladan. Halako batean, hara non sumatzen dudan eskumako oinean zerbait arraroa, zer ote?
Zer izango zen, bada? Bota, eskalapoi (zueko) bihurtuta, edo nahiago baduzue, bota-txankleta neraman aldean! Bai, orpoko azpi aldea askatu eta zola klank-klank zebilen udako txankletak bezala, baina bota orkatilan ondo lotuta.
Ahal izan nuen moduan iritsi nintzen trenera, eta ondoren etxera. Eskerrak geltokitik gertu bizi naizen, bestela ezkerreko oina beratuta helduko nintzen.
Etxean, eskumako bota kendu eta indarra egitean hau ere txankleta bihurtu nuen! Supituan, gaztetutako hogei urteak itzuli zitzaizkidan baita samina ere! Nire poza, putza!
Futbolariak eta trajeak
Elenak ostiraleko katekorratzan "Irabazi ala irabazi" argitaratu zuen, futboleko kamisetaz. Nik ere kirol hori praktikatzen dutenen bidetik joko dut gaurkoan; izan ere, irudi batek aho bete hortz laga ninduen. Honetxek
Mesi Urrezko baloia jasotzen! Esmokin hori, ai, ene! Jaka tantoduna, eta ttattarra ere berdina! Egia esan, beti ibiltzen naiz kexaka gizonezkoen janzkera gatz bako eta uniformeaz, eta behin batek normatik irten eta hau jantzi!
Gainera prakekin ere ez zihoakion oso ondo, koadrila aspergarri honetan ondo ikusten den moduan. Baina badago kontu barregarriagorik futbolari aldra osoa traje berarekin uniformatuta joatea baino? EZ!!
Espainiako selekzioa izan
Reala
ala Athletic, beti erridikulu.
Trajez janztea aspalditik datorren kontua da. Ahaztezina egiten zaigu adin batekoei Emilio Tucci markak mundial bat zela-eta (ez dakit zein) egindako iragarkia: Espainiako selekzioa futbolean jokatzen, trajez jantzita. Zoritxarrez, ez dut iragarki mitiko hori aurkitu sarean!
Baina publizitateaz gain, uniformeen artean trajearena sartzeak izan lezake arrazoiren bat: txandalismoa saihestu, edo jokalari askoren benatako joera cani poligoneroa, aski zabaldua euren artean, ez bistaratu. Klubek eta selekzioek nahiago izango dute traje-uniformea izarren distirak baino, pentsatzen dut.
Cani poligonero ukitu hori askok izaten dute, Cristiano Ronaldok, adibidez:
Edo sasoi bateko Gutik
Beti ere ukitu cani aberatsa, jakina.
Gure produktu nazionalen artean ere badugu ukitu hori duenik ere, Aitor Ocio zoragarria, adibidez
Baina futbolarien artean ukitu cani-a aspalditik datorrela esango nuke, bestela zer egiten zuen Satrustegi handiak zilarreko kate potolo horrekin? (pilotari askoren look-aren partea ere badena gaur egun, batez ere urrekoa bada).
Orduan, canismoa futbolarien kontu hutsa da, ala kutsu poligoneroa pilotarien kontua ere bada? Ez dakit, bada! Aztertu beharra dago. Makarra itxura zenak izena ere aldatu duenez, ikusi behar…
Irabazi ala irabazi
Gurasooi irakatsi ziguten gure umeei irakatsi behar geniela kiroletan garrantzitsua ez dela irabaztea, parte hartzea baizik. Inportantea ahalegintzea dela eta ondo pasatzea. Onkeria xaloak.
Etorri zen Olentzero, ekarri zuen Juventus futbol taldearen kamiseta (Bangladeshen egindakoa Italiako prezioan erosia) eta egia elastikoaren bizkarrean agertu zen errealitate gordin moduan: kirolean eredu direnentzako garrantzia duen gauza bakarra irabaztea da, diote eurek. Partida eta dirua, diot nik.
Hil osterako jantzita
Bere itxuraren ardura duen orok okasioetarako jantzia kontuz prestatzen du: festa batera, famili ospakizun batera, lehen zita batera, lan elkarrizketa batera joateko aurrez gertatzen du zer jantziko duen, nola orraztuko den, alegia, zein itxura emango duen jendaurrean.
Publikoan agertzeko aukera horietako bat norberaren beila da. "Hil ta gero, salda bero", esango du batek baino gehiagok, eta bost axolako zaio zein itxura izango duen hil ostean. Baina badaude pertsonak beren irudiaren gainean ardura handia dutenak, eta sekula gaizki eman nahi ez dutenak jendaurrean. Ez eta hilda egongo badira ere. Izan ere, aurrikusten dute beilatokitik jende asko pasako dela, ikusgai egongo direla, askok itxuraren gaineko iritzia eskainiko dutela (eskatu gabe).Eta bizirik dauden bitartean, hil ostean erakutsiko duten itxuraz kezkatuta daude.
Horietako bat izan zen gugandik oso gertu egon zen amona bat, orain urtarrilean bere heriotzaren zortzigarreen urtehurrena beteko da.
Bizitza osoan pinpinrin, sasoi betean, laurogeitamar urte bete baino hiru hilabete lehenago, gaixotu eta hamabost egun beranduago hil zen amona. Hil bezain laster iloba kuttuna ez horren aspaldi gertatutakoaz oroitu zen:
- "Nik badaukat amonaren eskutitz bat, hil ondoren irakurtzeko esan zidana".
Atera zuen kartazala, zabaldu zuen eta amonaren azken borondateak irakurri ahal izan zituen bertan.
Eskuz idatzitako eskutitzeko naihen artean, beila non egin eta soinean zer eraman nahi zuen adierazten zuen amonak.
Zeuzkan arropen artean aukeratu zituen zeintzuk jantzi behar zitzaizkion: gona beltza, blusa krema kolorekoa eta oinetako beltzak. Guztiak kalerako erabiltzen zituen arropak, ez bereziki ezertarako gordeak, dotoreak.
Instrukzioak ematen zituen baita agintzeko belarritakoak ipinita izan behar zituela, eta aukeratu egiten zituen zeintzuk. Azkenik, iloba jakin batek orraztu behar zuela adierazten zuen, harek bai asmatzen ziolako, oso garrantzitsua: flekiloa aurreruntz zeukala orraztu behar zuen. Ez zegoen alde batera orraztutako flekiloak baino gehiago haserrarazten zuenik.
Hau ez zuen esan, baina ideia bat egin dezazuen, bere estiloa garaikide izan zituen Jane Wyman edo Claudette Colbertenaren tartekoa zen.
Amonak aurretik pentsatu bezala, jende asko etorri zen haren beilara. Bizi artean bezain dotore eman zuen hilkutxan. Berak aukeratutako arropa eta belarritakoekin, eta gustoko zuen orrazkera horrekin. Beilara gerturatutako guztiok bat etorri ginen: amona beti bezain dotore zegoen.
Musu bat, amama.