Hil osterako jantzita
Bere itxuraren ardura duen orok okasioetarako jantzia kontuz prestatzen du: festa batera, famili ospakizun batera, lehen zita batera, lan elkarrizketa batera joateko aurrez gertatzen du zer jantziko duen, nola orraztuko den, alegia, zein itxura emango duen jendaurrean.
Publikoan agertzeko aukera horietako bat norberaren beila da. "Hil ta gero, salda bero", esango du batek baino gehiagok, eta bost axolako zaio zein itxura izango duen hil ostean. Baina badaude pertsonak beren irudiaren gainean ardura handia dutenak, eta sekula gaizki eman nahi ez dutenak jendaurrean. Ez eta hilda egongo badira ere. Izan ere, aurrikusten dute beilatokitik jende asko pasako dela, ikusgai egongo direla, askok itxuraren gaineko iritzia eskainiko dutela (eskatu gabe).Eta bizirik dauden bitartean, hil ostean erakutsiko duten itxuraz kezkatuta daude.
Horietako bat izan zen gugandik oso gertu egon zen amona bat, orain urtarrilean bere heriotzaren zortzigarreen urtehurrena beteko da.
Bizitza osoan pinpinrin, sasoi betean, laurogeitamar urte bete baino hiru hilabete lehenago, gaixotu eta hamabost egun beranduago hil zen amona. Hil bezain laster iloba kuttuna ez horren aspaldi gertatutakoaz oroitu zen:
- "Nik badaukat amonaren eskutitz bat, hil ondoren irakurtzeko esan zidana".
Atera zuen kartazala, zabaldu zuen eta amonaren azken borondateak irakurri ahal izan zituen bertan.
Eskuz idatzitako eskutitzeko naihen artean, beila non egin eta soinean zer eraman nahi zuen adierazten zuen amonak.
Zeuzkan arropen artean aukeratu zituen zeintzuk jantzi behar zitzaizkion: gona beltza, blusa krema kolorekoa eta oinetako beltzak. Guztiak kalerako erabiltzen zituen arropak, ez bereziki ezertarako gordeak, dotoreak.
Instrukzioak ematen zituen baita agintzeko belarritakoak ipinita izan behar zituela, eta aukeratu egiten zituen zeintzuk. Azkenik, iloba jakin batek orraztu behar zuela adierazten zuen, harek bai asmatzen ziolako, oso garrantzitsua: flekiloa aurreruntz zeukala orraztu behar zuen. Ez zegoen alde batera orraztutako flekiloak baino gehiago haserrarazten zuenik.
Hau ez zuen esan, baina ideia bat egin dezazuen, bere estiloa garaikide izan zituen Jane Wyman edo Claudette Colbertenaren tartekoa zen.
Amonak aurretik pentsatu bezala, jende asko etorri zen haren beilara. Bizi artean bezain dotore eman zuen hilkutxan. Berak aukeratutako arropa eta belarritakoekin, eta gustoko zuen orrazkera horrekin. Beilara gerturatutako guztiok bat etorri ginen: amona beti bezain dotore zegoen.
Musu bat, amama.