Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Galtzontzilo matxinoak

Galtzontzilo matxinoak

Elena Laka 2013/01/20 22:11
"Errebelde hutsa naiz" dioten galtzontziloak

Debako Lersundi kaleko mihisedenda batean galtzontziloak erosi nizkion seme gazteari izango dira bi bat urte. Lau bat erosi nizkion, hamar tailakoak, denak desberdinak baina antzekoak: algodozkoiak, hankadunak, goma zabal samarrekoak.

Oso kalitate ona erakutsi dute. Egunero erabilita ere, kotoia ez da higatu gehiegi eta gomak ez du eman.

Baina lau galtzontziloetatik beheko hau garbigailutik atera, eskegi eta gordetzen dudan bakoitzean, zer pentsatua ematen dit.

Galtzontzilo matxinoak

 

Nork erabaki zuen galtzontziloen goman esaldi bat ipini behar zenik? Erosi nituen gainerako galtzontziloetako goman ez zegoen inolako testurik, marraren bat besterik ez. Hau da bakarra testua daukana.

Nork erabaki zuen hamar tailako galtzontzilo baterako esaldi aproposa "I am just a rebel"  zela? Eta zergatik ipini zuen esaldi hori, eta ez beste bat?

Galtzontzilo matxinoak 2

Galdera gehiago: Nik aukeratu nituen umearentzako galtzontziloak ala galtzontziloek ni aukeratu ninduten gure semea matxinadara bultzatzeko? Zeren, guraso-umeen artean horren sarriak eta ohikoak diren eztabaidetan semea kontrazale jartzen denean, ezin dut burutik kendu galtzontziloetako esaldia. Beste galtzontzilo batzurekin, gure umea ez ote zen izango otzanago?

Duela urte t'erdi, Espainiako txirrindularien itzulia Bergaratik pasa zenean eta herritar asko protesta egitera joan zirenean, semea etorri zen etxera esanez berak eta lagunak ertzain batek hitz egin ziela. "¿Chavales, estáis fuera de la ley?" galdetu omen zien ertzainkideak lasterketa ikusten ari ziren bederatzi urteko bi umeri.

Konprobatu nuen: mutikoak galtzontzilo hauek zeramazkien jantzita, galtzontzilo matxinoak. Ezaguna den ertzainkideen  bista zorrotza eta hizkuntza aniztasuna tarte, funtzionaria ziur konturatuko zela gure semea errebeldea izateko jaioa zela.

Zorionez galtzontziloak txiki geratu zaizkio aurten umeari. Baina bildur naiz ez ote den beranduegi. Audientziako korredorean deklaratzeko zain gaude biok: mutikoa matxinada eragiteagatik, ni nahitaezko laguntzaile izateagatik. Abokatuak larritasunaren barruan lasaitasunari eusteko esan digu, gartzelatik libratuko gaituen defentsa juridikoa  topatu omen duela: jurisprudentzia zaharra adierazten duena gerra ministro izan zen Lersundi generalak indultua ematen zuela Deban sortutako matxinada kasuetarako.

Joseba E.
Joseba E. dio:
2013/01/21 00:06
Abokatuek nik baino gehiago dakite lege kontuetaz eta ez dut nahi inor oraindik gehiago larritu... Baina indultua jasotzeko ez al da egon behar aurretiko kondena? Eta are gehiago, ez al da egon behar erruduntasun aitortzarik? Tira, itxura kafkianoa hartzen diot kontu guzti honi eta, hariari tiraka, Anthony Perkins aktorearekin akordatzea ere ia bapatekoa izan da, bera izan bait zen The Trial (Kafkaren Der Process nobelan oinarritua)filmeko protagonista nagusia. Akaso horregatik, eta aholku juridikorik ezin dudanez eman, gomendatu diezazukedan gauza bakarra da semeari Perkins lepodun jertserik ez erostea. Batek daki itxura kontuek nolako eragina izan dezaketen epaimahaikideengan.

http://3.bp.blogspot.com/[…]/perkins.jpg

Elena
Elena dio:
2013/01/21 08:27
Joseba, arrazoia, indultua jasotzeko lehenik kondena egon behar da. Baina ahal da kondenaren etena lortu indultua eskatu bitartean, eta azkenik indultua ematen bada, gartzelara joatea sahiestu.
Umeak ez doaz audientziara, adin txikikoen epaitegira baizik, eta indultuak ez ditu gerra ministroak ematen, justizia ministroak baizik. Baina horretxek litzentzia juridikoak izan dira arroparen inguruko istorio bat borobildu ahal izateko.
Mikel Larreategi
Mikel Larreategi dio:
2013/01/30 08:00
Olariaga gogoratu da zurekin (edo zure semearen gantzontziloekin...):

http://www.berria.info/zintak/olariaga/2013-01-30/
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera