Gordetako kamiseta urdina
Kamiseta zaharren tiradera dut nire komodan. Bertan, kalerako erabiltzen ez ditudan elastikoak dauzkat. Batzuetan, neguan barruko tixert gisara ere erabiltzen ditut. Ia guztiak zuriak dira, edo beltzak. Grisen bat ere badago.
Nire sarreka horretan arkeologia ere egin liteke, argi erakusten baitu non mugitu naizen eta zeren alde (eta kontra) ibili naizen. Kamiseta guztiak oso maiztuak daude, zaharrak izateaz gain, asko erabili izan ditudalako urteetan. Kotoiak ez du ondo jasaten ez denbora ez garbigailutik sarri pasatzea.
Kaxoiaren hondoan elastiko urdin bat dago, berri-berri, nahiz eta hamar urte dituen. Ez dut inoiz jantzi, txiki dudala ere esango nuke. Inoiz ez erabili arren, ez dut sekula santan botako, zatarra bada ere. Elastiko horretan "Egunkaria aurrera" dio.
Gorputza ez dit jantzi, baina gogoa eta bihotzaren babesgarri eta beroki izan da. Beti gordeko dut, inoiz ahaztu ez dakigun, ez jasandakoa, ez jasotakoa. Musu bat duela 10 urte derrigor jantzi behar zenutenoi! Guk bihotzean daramagu jantzita!