Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Nire bota militarrak

Nire bota militarrak

Leire Narbaiza 2013/01/17 22:54
Ostiraleko katekorratza, punkak ekarritakoa.

Lehengo egunean armairutik nire bota militarrak erreskatatu nituen. Ahaztuak neuzkan, ez dakit zergatik, hainbat urtetan jantzi barik. Baina ez dakit nola, burura etorri zitzaizkidan, eta hondo-hondotik atera nituen. Itxuraz, ondo eta gainera, garbi-garbi eta lustratuta.

Bota horiek hogei bat urte dituzte, eta asko erabili nituen bere sasoian. Dr. Termans batzuk, Dr. Martens-ak erosteko ez geneukalako dirurik. Hala ere, bota ona eta sendoak.

Hurrengo egunean pozarren jantzi nituen eta lanera joan. Probatu nahi nituen eta deskubritu zergatik abandonatuta neuzkan armairu barruan. Min ematen ote zidaten? Zura sartzen ote zitzaien? Egun osoan erabilita, halakorik ez nuen nabaritu, nahiz eta orpo baten lokarriak asko estutuz gero, min pixka bat eman. Putzuetan ere sartu nintzen, ale, living la vida loca! Eta, ez, lehor, eroso eta epel izan nituen egun osoz oinak.

Jo, itzela izan zen. Izan ere, bota horiek sekulako historia zuten: zenbat kontzertu, parranda, gaupasa jasan ote dituzten, nire bizitzako une oso dibertigarrian! Gaztetu egin nintzen bat-batean, eta hamarkada bi atzera egin, momentu ederretara, gainera! Teletransportatu banindute legez 90ko hamarkadaren hasierara!

Bestalde, ez nuen dirurik gastatu behar; izan ere, euritarako bota batzuk behar nituen, eta erosteko asmoa neukan. Armairuko aurkikuntzarekin, horrelakorik ez nuen egin behar. A, zelako pagotxa!

****

Hurrengo egunean ere jantzi nituen. Gustura, eta aurreko eguneko moduan neuzkan. Atzera eta aurrera egun osoan, botak oinetan.

Iluntzean etxeratzeko ordua iritsi zitzaidan, eta azken momentuko kontu bategatik estu nenbilen trenera iristeko. Beraz, non hasi nintzen erdi antxitxika, geltokira sasoiz ailegatzeko. Poltsa, bufanda, guardasola, euria goian-behean, eta ni arrapaladan. Halako batean, hara non sumatzen dudan eskumako oinean zerbait arraroa, zer ote?

Zer izango zen, bada? Bota, eskalapoi (zueko) bihurtuta, edo nahiago baduzue, bota-txankleta neraman aldean! Bai, orpoko azpi aldea askatu eta zola klank-klank zebilen udako txankletak bezala, baina bota orkatilan ondo lotuta.

Ahal izan nuen moduan iritsi nintzen trenera, eta ondoren etxera. Eskerrak geltokitik gertu bizi naizen, bestela ezkerreko oina beratuta helduko nintzen.

Etxean, eskumako bota kendu eta indarra egitean hau ere txankleta bihurtu nuen! Supituan, gaztetutako hogei urteak itzuli zitzaizkidan baita samina ere! Nire poza, putza!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera