Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Denon hizkerak inporta du

Leire Narbaiza 2016/12/15 16:58
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu" atalean abenduaren 15ean emititutakoa

Sarritan iruditzen zait amaitutzat ematen genituen antzinako eztabaida batzuk ziklikoki berpizten direla. Esaterako, orain pare bat urte atzera ere irten zen hau: nor da euskal idazlea euskaraz idazten duena ala Euskal Herriko edozein idazle? Aho bete hortz geratu nintzen, orain 30-25 urte ere izan zelako zalantza bera, eta nire ustez behin betiko erabakita zegoelako.

Egunotan, Bibliako Lazaro bezala etorri da gurera aspaldiko eztabaida: euskalkiak versus batua. Batua versus euskalkiak. Ufa! Baina zenbat buelta eman behar zaizkio kontu berari?

Ibon Sarasolaren esanek isiotu dute sua. Bere azken liburua aurkezteko Naiz-i eskaini zion elkarrizketak izenburu hau zuen: Bizkaierak euskalki izateari utzi beharko dio, jatorkeria baztertu (orain aldatuta du izenburua berriak). Gero, Euskadi Irratiko Faktorian duen saioan, leundu egin zituen berbok, eta bizkaiera beharrean euskalkiak zirela zehaztu zuen. Kontua da egunkariko lerroburu handiak bizkaieradunok, edo hobeto esanda, mendebaldeko hizkera dugunok sutu egin gintuela.

Momentuko haserrea pasatuta, hala ere, irratian entzundakoari buelta batzuk eman ondoren, nahasketa hutsa iruditu zitzaidan; izan ere, erregistro formalaz jardun zuen bere etxeko euskaran! Halakorik! Estandarra hori ote da? Desager daitezela euskalkiak, baina nirean egingo dut irratian!

Gainera, kultura popular falta, edo folklorearen ezagutza eza erakutsi zuen Oskorriren ‘Hauxe da despedidia’ diskoaren izenburua kritikatu zuenean. Ea nola jar dakiokeen “despedidia” disko baten izenburuari zioen. Ez du Maurizia Aldaiturriaga ezagutzen euskaltzainak! Jakina, urbanita da! Jakin dezala Maurizia handiak beti amaitzen zuela horrela emanaldia. Ruper Ordorikak ere erabiltzen du horretarako, barren! Keinu bat egin nahi zioten gure figura bati eta bertso zahar batzuei Oskorrikoek! Zer irudituko litzaiokeen beste talde batek Munduyan ezta gauzaric hayn eder ez plazentic Etxeparek idatzi zituen moduan aukeratu izan balu musika talde batek disko baten izenbururako? Horrezaz gain, ez dut elegantea ikusten disko eta talde horren aipamena egitea beti eta hain nabarmen.

Beste kontu bat ere esan zuen, Durangon pankarta feminista bat ikusi zuela bertako euskaran! Durangon bertako euskaran! Zelako sakrilegioa! Nire ustez herri horretako euskaran ondo idatzia, osorik eta ortografia ona badu egokia da, oso egokia!

Baina, finean, ideia entsalada bat egin zuen: estandarra, aldaerak, erregistroa, jasoa, euskalkia, jatorkeria, batua… eta denak dira desberdinak. Alde batetik batua edo estandarra dago deklinabidea, aditza, ortografia eta gauza gutxi gehiago dauzkana batuta. Honek aldaerak ditu adibidez Ladron Aranak bere liburuetan erabiltzen duena edota Eneko Bidegainek artikuluetan baina biak dira batua. Erregistroak ere baditu: jasoa (albistegietan, Urkulluren diskurtsoak,…). Kolokialagoa-edo  magazina den irrati saio batan erabiltzekoa. Lagun artekoa ere badu, kuadrilla giroan edo familian erabiltzen dutena batez ere euskalkia erabiltzen ez dutenek.

euskalkien mapa Koldo Zuazo
Euskalkiak ere aldaerak eta erregistroak dauzka. Ez da berdin berba egiten ume txikiekin, herriko aldizkariko artikulu batean idatzi edo ezezagun batekin, zerbait eskatzeko.
Baina agian amorrurik handiena sortzen dit euskalkia zabarkeria eta jatorkeriarekin parekatzeak. Ez da horrela. Batzuek ahalik eta ilunen eta itxien idaztea, kontrakzioz beteta eta ia inork ez ulertzeko moduan ez da egokia eta ezin da euskalkiarekin parekatu, ezin da esan euskalkian jardutea dela, “det” eta “zai” esatea batuan jardutea ez den bezala.
Denon hizkerak inporta duelako!

Alfabetizazioaren aukera galdua

Leire Narbaiza 2016/12/12 00:30
#MadalenakKafesnetan 2. atala: Kafesne gutxi eta denbora laburrean, madalena siku!

Alfabetatze euskalduntze koordinakundea. Helduen alfabetatze eta berreuskalduntze erakundea. Ezagunak egiten zaizkizue izen hauek? Agian horrela esanda ez, baina akronimoak ematen badizkizuet denok ezagutuko dituzue: AEK eta HABE. Biek ala biek dute alfabetatzea euren zereginen artean. Baina existitzen ote da halakorik?


Hamasei urterekin sartu nintzen euskaltegian alfabetatzera, A ereduko neskatila nintzelako. Euskara berreskuratu -erdi galduta nuen- eta poesia euskaraz irakurri -eta ulertu- helburu jarrita, ekin nion prozesuari. Bi ikasturte eman ostean, zerbait lortu nuelakoan, karrera ere euskaraz egiten hasi eta amaitu nuen. Hori izan zen alfabetatzeaz izan nuen azken berria.


alfabetizazioa

Urtarril honetan egin ditut 26 urte lanean hainbat euskaltegitan, zonalde askotarikoetan, egoera anitzekoak, ezagutza eta erabilera desberdinekoak. Hori bai, denak bizkaiera edo mendebaldeko hizkeraren eremuko ikastegiak dira. Nire lehenengo urte hartan talde bat sortu zen. Iaz beste bat ezagutu nuen Mungian eta ahoa bete hagin laga ninduen. Sui generis batzuk ere ikusi ditut, erretiratuekin esate baterako, Eibarren.


Askok kontra egingo didazue gaur egunean ez dagoela alfabetatze premiarik, jendeak badakielako idazten eta irakurtzen. Arrazoi puntu bat ere baduzue, ez dizuet ukatuko. Ume eta gaztetxo gehienek euskaraz ikasten dute eta hala egiten ez dutenek euskaldundu behar dira, ez alfabetatu. Ados.


Baina badago jende multzo handia helduaroan, euskaraz egiteko gai dena (maila askotakoak), eta ez dena edozein testu euskaraz irakurri eta ulertzeko gai. Edo ikaragarri kostatzen zaio, behintzat. Asko guraso izango dira, edo aitita-amama sasoikoak. Ezingo diete ezertan lagundu umeei. Ez dira izango eredu. Gaztelania edota frantsesa hobetsiko dute irakurtzeko orduan. Erdaldun elebakarrak balira legez.


Biztanleriaren kopuru handia, euskaraz ahoz ondo jakin arren, alfabetatu barik dagoenean kalteak baino ez dakartza gure hizkuntzaren normalizazioan. Ondorio negatiboak kazetaritzan, lehenbizi. Inoiz ez du euskarazko prentsan irakurriko, ezin baitu (ez bada zerbait laburra); beraz, euskaldun horrek beti joko du erdal prentsara eta komunikabideetara oro har (irratia izan liteke salbuespena, baina euskalki periferiko batekoa izanda, zailago). Euskal literatura ere ezin du kontsumitu; edo behintzat ezingo du letrez disfrutatu.


euskal prentsa


Esan bezala, alfabetizazioaren abandonuak eta eskasiak kalte asko dakarzkio euskarari: kultura kontsumo urria, batez ere literaturarena; euskal komunikabideak indartu ezina; euskararen aberastasuna ez sendotzea; elkar ulertzea oztopatzea, hainbat euskalkietakoon artean eta euskara batua ez ganoraz ulertzea; euskararen produkzioa mirrintzea; batua finkatzeko eta osotzeko aukera galdua; zuzentasunari kalte nabarmenak hiztun batzuen hizkera fosilizatuta geratuko baita, ume eta txakurrekin berba egiteko...


Aurreko urteetan abandonatu egin da alfabetatzea, ez delako interesatu. Askok uste zuten ez zutela behar, eurak euskaldunak izanda, erdaldunen lana zela euskara  ikastea. Oso jarrera erosoa. Hau guztiau argi ikusten da: arnasguneetan erdaraz funtzionatzen da irakurtzeari dagokionez, esate baterako. Euskal letrendako arnasgunerik ez

@garaigoikoa @KikeAmonarriz @BlogakCom #arnasguneak ezagutu ditudan neurrian ikusi dut erlajazio handia eta gehiena erdaraz leitzen dela

— rubensánchezbakaikoa (@arlotea) 2016(e)ko urtarrilak 12

Baina zer da alfabetizazioa? Nire ustez, kontu zabal bat da, ez idaztarau multzo soil bat, sinonimo zerrenda hutsa. Izan beharko luke gure artikulugileen testuak irakurri, literatura leitu, eta euskaraz idazten dena ezagutu eta jakin zein den euskaraz idatzi den lehen liburua edo zein nobedade interesatuko zaizkigun hurrengoko Durangoko uztan. Prentsa euskaraz kontsumitzea, interneten euskaraz ganoraz jardun ahal izatea. Berba baten herri kultuagoa izatea.

Baten batek esango du bere aurrekoek ez zekitela euskaraz idazten eta irakurtzen, eta ederto egiten zutela euskaraz, gaztelaniaz baino hobeto. Arrazoia du, baina beste sasoi batean gaude. Orain gutxi dira euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen direnak. Gainera, gure aurreko belaunaldiak ahozko mundu batekoak ziren, orobat; gaztelaniaz ere gutxitxo irakurtzen zuten, alegia. Gaur egun, ostera, letraz egindako gizartea dugu geurea, eta gutxi ala asko itzela da zenbat idatzi eta irakurtzen dugun.

euskarazko liburuak

 

Izan ere, inork imajinatuko luke hizkuntza normalizatu bat bere hiztunen gehiengoa gai ez bada hizkuntza horretan  irakurtzeko? Ezingo genuke, ezta? Lizardik zioena “nahi haunat noranahikoa, jakintza hegoek igoa” ezinezkoa da alfabetizazio barik.


“Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek guztia eman ez dezaten”. Erdaldunei euskaraz ikasteko esaten diegu, euskararen alde zerbait egin dezatela. Baina etxetik euskara jaso genuenok ere egin beharko dugu ahalegintxo bat hizkuntza hobetu eta zeozer gehiago ikasteko.


Ikasi ez izanak, edo ganora gutxiko alfabetatzeak beste albo ondorioak ere badakartza: “Marteko euskara” eta “Euskalduna naiz por la gracia de Dios”, Madalenak Kafesnetan beste atal batzuetan garatuko ditugunak.


kafesnea

Save

Madalenak kafesnetan

Leire Narbaiza 2016/12/03 00:43
Madalenak kafesnetan atalaren lehenengo posta

Badira momentuak non buruan bueltaka daukaguna, urteetako hausnarra, ordenatu eta azaldu behar dugun. Hori da “madalenak kafesnetan”.

Hau guztiau Fermin Etxegoienek blogean lagatako erantzun batek isiotu zuen. Berak hitzez hitz hauxe zioen: “Hizkuntza batez jabetuko zara hizkuntza horretako zenbait mutur linguistiko –esamolde- behin eta berriro inguruan entzuten baldin badituzu, zu atrapatu arte.

Ia-ia -esango nuke- prozesu intelektualari uko eginda; hobe errepikapenak”. Irakurritakoan madalenak eta kafesnearen irudia etorri zitzaidan, sarritan ikasleei botatzen diedana: katilu bi kafesne dauzkagu eta madalena bana. Katilu bat kafesnez beteta dago, besteak pixka bat besterik ez du. Beteta dagoen horretan sartzen badugu madalena, di-da, segundo gutxiz madalena ez da bustiko asko. Beste katiluan, kafesne gutxi duen horretan sartzen badugu madalena eta luzaroan badaukagu, pla-pla geratuko da, mela-mela eginda. Azkenean kafesne kantitatea baino, zenbat denboratan izan dugun madalena murgilduta da gakoa madalena blaitzeko.

Horregatik blogeko atal berri honek izango du Madalenak kafesnetan izena. Batzuetan kafesnerik ez dugulako, bestetan astirik ez, hurrengoan, madalena beharrean soletilla bizkotxoak, eta katilua beharrean, basoa…

Euskararen paraderoaz egin gura dut berba, zer gertatu zaigun jakin, eta frankotiratzaile mundu honetan egia pare bat jaurti, izan liteke kamikazeegia naizela.

Euskararen munduan aspaldi nabil. 26 urte lanean euskaltegietan, euskara elkarteetan, soziolinguistika mintegian, ikastaro, jardunaldi eta abarretara joaten, lagun artean hitz egiten eta urte hauetako inpresioak baino ez dira nire madalena hauek.

Aitortu behar dut zertzelada hauek ezkorrak direla oso, ni horrela bainago. Ezkorregi, beharbada, baina gerrera, oso gerrera. Izan ere, ezkor egoteak ez du esan nahi kemen faltan gaudela, ez. Ezkortasunak arazo bakarra dauka, nekea eta hori bai da arriskutsua. Zoritxarrez, inguruan jende asko dut nekatuta egoerarekin.

Agian, porrota aldarrikatu beharko genuke, @martin_kitto-k esan zidan bezala, positibismo on faltsua beharrean. Ez dugu zintzoago jokatuko? Ezkortasunarena aurretiaz laga nahi dut argi, inor harritu ez dadin. Era berean, nire ikusmira txikitik eta pertsonaletik abiatutako hausnarketa eta behaketa da. Nire mundutxotik, nire egoera eta ingurutik. Ni eta nire zirkunstantziak baikara.

Kritikoegia, igual. Irtenbiderik ere ez dut proposatzen, baina hanka sartzeetatik ikasten dugulakoan nago. Horregatik, fokatu horretan eta alda dezagun txarto egin duguna, sasoiz gaude eta.

Eroriz ikasten da oinez!

plum cake eta kafesnea


Doakotasuna, azterketak eta propaganda

Leire Narbaiza 2016/12/02 11:10
Gipuzkoako Hitzan 2016ko abenduaren 2an argitaratua

Doan, debalde, dohainik, musu-truk! Berba paregabeak black friday, merkealdi eta deskontuen sasoi honetan. Kontsumismoaren garaian amu ederrak dira.


Dena dela, kontu batzuetan ezinbestekoa da doakotasuna. Gizarte aurreratu eta moderno batean hezkuntza dohainik izan behar dela deritzot, baita osasuna, gizarte zerbitzuak eta liburutegiak ere, besteak beste. Oinarrizko zerbitzuak direlako eta biztanle guztiendako libreak izan beharko liratekeelako; nahiz eta azken aldian kopagoa edo berrordainketaren mamua hegaka dabilen. Haize berrien patua.


Pasa den astean Eusko Jaurlaritza osotzeko paktua sinatu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Titular asko eman zituen, baina komunikabide askotan nabarmendu zuten euskara ikastearen doakotasuna adostu zutela. Berria-ren beraren titular nagusia hauxe izan zen: Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte.euskaltegia


Urtarrileko merkealdia izan barik, halako albiste pozgarria! Jakina, goitik behera irakurri nuen artikulua, luzaroan zain geunden berria zelako. Nire lehendabiziko poza zapuztuta geratu zen, ordea. Izan ere, akordioan jasotakoa ez da doakotasuna. Atzera ere propaganda, amuari kosk egin geniezaion. Berriro ere dezepzioa, eta adar-jotzean dabiltzan sentsazioa. Kontzeptu okerra darabiltelako. Nahita edo ez. Baina zerbait debalde denean ez da ordaintzen. Eta kasu honetan, ordaindu egin behar da. Ondoren, azterketa bat egin eta gainditu. Oso pedagogikoa dena.


Neurri honek zer dakarren? Lehenengo eta behin, hainbat lagunek ezin dutela matrikulatu, aldez aurretik dirua jarri behar delako. Modulu arrunt batek (8-10 astean) 300 eurotik gora balio du, bi epetan ordainduta (oro har nabil, herri eta euskaltegi bakoitzak arau desberdina duelako). Suertatu izan zait matrikulazio sasoian prezioa esan eta “eskerrik asko, pentsatuko dut” erantzun, baina itzuli ez, edonoren esku ez baitago kurtso hasieran dirutza hori ordaintzea.


Ezintasun ekonomikoa batetik. Bestetik, dirua jaso ahal izateko derrigorrean azterketa –barkatu, “Euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko probak” dute izena orain, neo-hizkuntza horretan!– gainditu behar izatea. Nongo burutan sartzen da hori? Titulitisak jota geundela salatu izan dugu, orain areagotu egingo da gaixotasun larri hau. Titulurik behar ez duena ere, titulu bila. Dakarren kalte guztiekin: urduritasuna, presioa, klaseak azterketari begirakoak izatea,… Gurpil zoroa, azken baten.


Imajinatzen duzue “euskaltegia” jarri beharrean “eskola” jarriko balu? Ezin eskolara joan garestiegia delako? Azterketa gainditu ezean, ordaindutako dirua ez itzultzea? Ezinezkoa Europa Mendebaldean, ezta? Bada, euskarekin gertatzen da ofiziala den eremuan.


Doan, benetan doan, EAEn gaztelania da. Bai. Eta ez du Espainiako gobernuak ordaintzen, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak baizik. Bai, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan. Horietako batzuetan euskara ere ematen da, baina oso maila baxuan.


Zertan gabiltza, euskararen black friday baten? “Ni ez naiz ergela” aldarrikatzen zuen merkataritza gunea bezala amua jaurtita ea irensten dugun? Edo euskararen kontura hauteskunde kanpaina iraingarria egin zuenari aurpegi garbiketan?


Egia esatera, ez dakit zein den helburua, baina argi dut bihar euskararen egun dontsu horretan denei ahoa beteko zaiela berba ederrez, manifestuak irakurriz, eta argazkian panpox agertzeko asmoz. Nekagarria da, oso!

Gipuzkoako Hitzan

"Apaizen gela"

Leire Narbaiza 2016/11/28 15:03
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu" atalean azaroaren 17an emititutakoa.

Whatsappez “Apaizen gela-Sala de curas” idatzita zuen kartel baten argazkia jaso nuen, Osakidetzako atondo guztien ondoan daudenen berdin-berdina, kolore korporatibo eta diseinu berarekin.

Barre egin nuen, negar ez egiteagatik. Ikaragarria iruditu zitzaidan hain hanka sartze nabarmena egitea halako instituzio batek, eta berehala twitterren jarri nuen, halakoekin hori egiten delako. Bertxio eta atsegite artean ibili ginen itzulpena komentatzen. Eta zalantzan jarri genuen benetakoa zela “apaizen gelaren” zenbakia 000 zelako, eta numerazio horrekin ez delako gelarik inon.

Twitterreko erabiltzaile gehiagok ere bazuten jarrita ditxosozko argazkia. Epidemiak jota zeuden sare sozialak, antza. Leku guztietatik heltzen zelako “apaizen gela” dontsuaren argazkia.
Handik ordu batzuetara, hara non jaso nuen Jon Darpon osasun sailburuaren beraren erantzuna twitterren: “Kartel hori gezurrezkoa da” eta benetako argazkia jarrita zeukan txioan. Nik eskerrak eman nizkion eta bertxiotu egin nuen.

@txargain Kartel hori gezurrezkoa da. pic.twitter.com/CmFD9B9bKK

— Jon Darpón (@jdarpon) 2016(e)ko azaroak 1
Norbaitek ziria sartu nahi izan zigun, eta ederki sartu ere. Ziztu bizian zabaldu zen interneten, eta hau harritzekoa ez bada ere, jende gutxik jarri zuen zalantzan kartela benetakoa zela.
Fakeak, gezurra zabaltzeak asaldatuko ditu asko, ziur naiz. Esango digute datorkigun guztia itsu-itsuan sinisten dugula. Egia izan liteke, baina ikusi izan dut beste kasu batzuetan jendeak zalantza egiten. Kasu honetan kezkatu beharko lukeena da zein erraz onartu genuen egia izan zitekeela. Hori da larria, aukera handia zuela benetakoa izateko.
Zer dela eta pentsatu genuen kartel hori erreala zela?, posible litzakeela halako astakeria metakrilatoan inprimatzea? Egia esatera, ohituegi gaude horrelakoetara, nonahi aurkitzen dira halakoak-eta. Ala ahaztuta daukazue “drogarik gabe, atsedenik ez” famatu hura?

Jar ezazue edozein bilatzailetan #zazpikia (traolarekin) edota “euzkal errian euzkaras”, eta ikusiko duzue nola ez dudan gezurrik esaten. Makinatxo bat kartel, idazki eta iragarki ikusiko duzue antzeko akatsez josiak, ortografia faltez eta euskara ulertezinean. Leku ofizialetakoak edo pribatuetakoak, baina itzela da zenbat eta zenbat dauden jasota.

Ekiditu Osaquidecha

Osakidetzan ardura ei die euskarak, baina oraindik zaila da atentzioa euskaraz jasotzea, edo osasun sailburu euskalduna izatea (ba ote da inoiz halakorik izan?). Euskarak axola die, baina kasualitatez, “apaizen gelaren” pasadizoa gertatu eta egun batzuetara nire osasun-etxera joan eta paperezko kartel bat aurkitu nuen, Osakidetzak inprimatutakoa inprentan, dotore diseinatuta. Elebidun, jakina, baina akastuna. Akatsak euskarazko bertsioan, noski. Hori dela eta, ez dakit zergatik halako errektifikazioak egin eguneroko ogia direnean euskararen kontu honetan.

Beraz, jada ezerk ez gaituenez harritzen, sinestuko ditugu, dulantzi barik.

Hemen Info7ren webean

 

Lanerantz, esaneko baina errudun

Leire Narbaiza 2016/11/18 17:10
Gipuzkoako Hitzan 2016ko azaroaren 18an argitaratua.

Lanerantz irten gara. Aurretik egun luzea daukagu, ordutegi zoroari esker. Lan egin behar dugu bizi behar garelako, dirua ezinbestekoa zaigulako irauteko. Era berean, umeak ekarri behar direla esaten digute, etengabe. Emakumeko X haur behar dela gure gizarteari eusteko. Beste ardura bat gehiago andrazkoon bizkarrean. Seme-alabak ekarri, ederto. Hazi, ostera, zelan egin lan ordutegi infinitu hauekin?

Lanerantz irten gara. Esan ziguten lanagatik edozer egin behar genuela, lanpostua zegoen lekura joan behar zela, kosta ahala kosta beharrari eusteko. Harantz goaz, kilometroak eta kilometroak egin hara iristeko. Lan jardun eternala gutxi ez balitz, gehitu behar diogu bidean ematen dugun denbora. Automobilean joaten gara, garraio publikoan ezinezkoa delako: ez dagoelako, edo, egonda ere, bertan emandako denbora lotarako denborari ostu beharko geniokeelako. Horregatik egiten gaituzte aldaketa klimatiko eta kutsaduraren errudun. Kontzientziabako erosozale fama ere ezarri digute.

Lanerantz irten gara. Horretarako automobila erosi behar izan dugu, dakarren gastu eta arrisku guztiekin. Kexatu egiten gara xahutu beharreko dirutzagatik. Horren aurrean, auto ofizialean doazenek errieta egiten digute: uste badugu autobidearen kostua handiegia dela, har dezakegula errepide nazionala. Trajedun horiek errepide hori egunero erabiltzen ez duten seinale.

Lanerantz irten gara. Jakin badakigu osasuna galtzen gabiltzala auto-ilaretan eta istripuetan. Nerbioak galduta aparkatu ezinda ibiltzen gara, tentsio etengabean. Esaten digute garajea erosi edo alokatzeko, denon esku balego moduan aparkalekua ordaintzea. Aparkatzea ere, dirudunen mesede.

Lanerantz irten gara. Patronaleko arduradun ahoberoak esan digu ez dakiela denondako beharrik egongo den, gaztelaniazko maskulino plurala erabilita: para todos. Femenino pluralarendako, lanik ez. Gizonek lanposturik ez edukitzearen errudunak ere bagara etxetik kanpora lan ordainduan gabiltzan andreak.

Lanerantz irten gara, dirua kobratzeko asmotan. Gastatzeko esan ziguten, gure eskubidea zela, eta ekonomia indartuko genuela. Guk, esan eta egin. Orain ere, errudun bihurtu gaituzte, gure posibilitateen gainetik bizi izan garelako, maila sozial horretakoak ez ginenez, larregi gastatu, eta krisi ekonomikoa geuk sortu dugula.

Lanerantz irten gara, eta solidarioak izateko eskatu digute. Baina solidaritate bakarra gurea izan da, inortxok ere ez duelako elkartasun keinurik ere egin gurekiko. Zerbaiti ezetz esanez gero, gu gara errudunak.

Lanerantz irten gara. Eredu neoliberalak egin du ondoen dakiena egiten: errudunak aurkitu. Eta beti gara gu, norbanakook: umerik ez dugulako, kutsatzen dugulako, arazoak eragiten ditugulako errepideetan, emakumeok dagokigun lekuan egoten ez dakigulako, solidarioak ez garelako, krisia sortu dugulako. Errudunak norbanakoak, lanerantz irteten garenok. Sistemak, ordea, ez dio inoiz errurik egozten sistemari. Eta errudunak beti izango gara errudun, egiten duguna egiten dugula; kontrakoa egiten badugu ere. Neoliberalismoak norbanakoa kulpadun bihurtu du statu quo-ak bere horretan jarrai dezan.

Eta guk lan egin besterik ez genuen nahi…

Gipuzkokako Hitzan

Herio, Halloween eta hileta zibilak

Leire Narbaiza 2016/11/04 10:55
2016ko azaroaren 4an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Sartzea egin dugu azaroan, heriotzarekin estuki lotuta dagoen hilabetean. Baliteke, argi orduak murriztu eta egunak laburtzeak laguntzen duela konexioa egiten. Agian, udazkenak udaren amaiera dakarkigulako, eta iragartzen digulako naturaren lo-aldia. Horrek ere izango du eragina. Arbola askok ere hilda dirudite hostoak galduta. Tristura eta akabua irudikatuta izadian neguaren atarian.


Tradizionalki, heriotzaren errito eta jaialdiek bete dute urteko hamaikagarrena, Gaztainerre egunak, kasurako, Debabarreneko zati baten. Edo galiziarren Magostok. Jakina, Eliza katolikoak ere aprobetxatu zuen abagunea eta aste honen hasieran izan ditugu Domu Santu eta Arimen egunak. Eta nola ez, joan-etorriko Halloween dontsua, orain sustraietara itzuli ezinda darabilguna. Denetan Herio, guztietan hiltzea.


Kuriosoa egiten zait Halloweenen itzulera reloaded hau: bizirik dauden hildakoak, mamuak, fantasmak agertzen zaizkigu nonahi, heriotza inoizkorik taburik handiena denean. Saihesten den gaia, inork aitatu nahi ez duena. Eta elkarrizketan sartuz gero, mintzakide asko deseroso sentitzen dira. Izan ere, ostrukarena egiten dugu. Gaiari itzuri eginda, ematen du guri ez zaigula gertatuko; ez garela sekula hilko, alegia.

Eibarko umiak Halloweenen
Arimen gaua Eibarko Sosolan

Hori ikasi nuen etxeko bat hil zenean. Harreman handiko ezagun batzuek ahaleginak eta bi egiten zituzten nirekin topo ez egiteko, izkin egiten zidaten. Ez zekitelako zer esan, nola zuzendu niregana. Gure amamek bazekiten, ostera. Gure aurrekoen heziketan bazegoen heriotzaren aurrean zelan jokatu, guri erakutsi ez zigutena, tabua delako horretaz berba egitea.


Horregatik nago oso ados Hedoi Etxartek Euskadi irratiko Faktoriako tertulian esandakoarekin (02:14:00-tik aurrera): boterearen ideologiak sinistarazi nahi digula ez garela hilko, baina hil egiten garela. Eta familiako bati gertatutakoan etortzen direla koplak. Izan ere, gizarte laikoa erritoetan dabil makal. Eliza katolikoak eskaintzen digula agur esateko modua.

entierro zibila eibarren
1932 g.g.b. Entierro zibila Eibarren, anda Urkizutik gora. Beste askoren artean, Juan Gabilondo, Luis Bueno eta Aurora Amuategi. Castrillo Ortuoste Fondoa. Eibarko Udal Artxiboa


Batez ere, azpiegitura eskaintzen digu. Eliza asko ederrak dira, handiak. Estalita daude eta jesarlekuak dauzkate. Zeremonia egituratua, abestiak, intsentsua, despeditzeko era bat. Baina, hildakoa erlijioso ez denean, zer? Etxartek dioen moduan, laga gaituenak inguruan badu kolektiboren bat, edo ondo berba egiten dakien norbait, salba daiteke. Baina ez badu?


Hileta zibilak hori dauka, inor ez dela arduratzen, leku egokirik ez dagoela. Berriak zaretela kontu honetan. Eibarren, aldiz, entiarro zibilla egon da mende batez, gutxienez. Baita frankismoan ere. PSOEko norbait arduratu izan da abade laikoarena egiteaz. Kontua da, sasoi baten hileta hau aukeratzen zutenak sozialista zaharrak, errepublikanoak edota horrelako ideologia zutenak zirela –Egia da, gaur egun, eskatuz gero, edonorena egiten dutela, gogaide ez bada ere–. Eibarren tradizio bat badugu, laguntzen diguna beste ideologia batzuetakooi bidea egiten. Hala ere, Etxartek adierazi bezala, zerbait gehiago beharko genuke hileta zibil horiek hornitzeko. Maite ditugunei agur esateko zeremonia behar-beharrezkoa delako.


Beraz, Halloween eraldatzen gabiltzan honetan, gure sustraietara itzuli nahian; aprobetxa genezake heriotzaz, Herioz, Balbeaz hitz egiteko. Eta era berean, zer nolako agurra nahiko genukeen adierazi. Dena naturalagoa litzatekeelako.


Azaroan orbelak airez aire, ifartxo dultzean...


Gipuzkoako Hitzan

Futbolaren albo-kalteak

Leire Narbaiza 2016/10/23 15:43
Gipuzkoako Hitzan 2016ko urriaren 21ean argitaratua

Aitorpen bat egin behar dizuet, gaztetan oso futbolzalea izan nintzen. Oso! Igandero joaten nintzen Ipuruara Eibar ikustera. Ederki pasatzen genuen, eta gustura ibili nintzen. Gero ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina poliki-poliki joateari laga nion, bizitzaren beste arlo batzuetan murgildu nintzen. Eta jakin barik zelan, gorrotatzen amaitu nuen; erretzaile amorratuak tabakoa lagatzen duenean bezala, gero ezin duela usandu ere egin zigarroaren kea, eta tabakoaren aurkako zorrotzena bihurtu. Pasio zuena, gorroto bilakatuta. Tabakoaren lekuan jarri futbola, eta hori izan zen pasatu zitzaidana. Ez dakit nola.


Askotan hausnartu dut zer dela eta izan nuen aldaketa hura. Ez dut emaitza garbirik aurkitu. Baina esan nezake, dena hasi zela kontratu handi eta diru askokoak egiteari ekin ziotenean, Reala euskal herritarra ez zirenak kontratatzen hasi zenean. Gugandik urrundu zenean astiro-astiro, berba baten. Hor hasi zen nire ziaboga, aldaketa osoa.


Egia esatera, gogo-hoztasun horrek oinarri sendoa zuen. Orduan konturatu ez banintzen ere, hemendik, denboraren distantziak ematen duen perspektibarekin, berretsi nezake motibo askotxo neuzkala. Orain argi eta garbi ikusten ditut.


Futbola ez da alferrik herriaren opioa. Hala erabiltzen dute gobernuetatik. Bestela, nola azaldu partidu zaparrada etengabea? Zelan ulertu astean 7 egunetan jokatzen dutela futbolariek, ia edozein ordutan, astelehen buruzuri bateko gaueko 10etan, adibidez? Bai, telebista pribatuak, Txinako zaleek,... esadazue gura duzuena, baina atertu gabeko eraso honek planifikatuta dirudi.


Bestetik, aitatu behar dut, futbolak eta bere inguruan mugitzen den parafernalia horrek zein errespetu gutxi duen beste kolektiboekiko. Eibarren ondotxo dakigu hori! Egon zintezke urte osoan dantza taldearen emanaldia prestatzen egun zehatz baten herriko plazan jende guztiaren aurrean aurkezteko, baina futbol taldea beste dibisio batera igotzear dagoenez eta hori ospatu behar denez, dantza taldeak aldatu behar du eguna, astebeteko epean! Gero, gainera, ez igotzeko eta ospakizuna (eta dantza emanaldia) bertan behera lagatzeko!


Jarraitu nahi nuke Gipuzkoa-Bizkaiaren arteko ikusezinaz. Gauza asko daude horren atzean –batez ere egunkari talde ezagun bat, gorrotoa hauspotzea komeni zaiolako–. Futbolak sustatu egiten ditu ezinikusi horiek, askorendako identitate ikur bakarra futbol ekipoa delako. Esperientziaz diotsuet: ia beti Bizkaian lan egin duen gipuzkoarra izanik, sarriegitan esan didate “aaaa, Reala, uuu!”. Nik aurpegian egin diet barre, jakina!


Baina latzena futbolarien ukiezintasuna da. Messirekin gertatu da. Espainiar estatuan bizi garen guztioi dirutza lapurtu digu (zergarik ez ordaintzea lapurtzea delako), baina segitzen du normal-normal inongo lotsa barik jokatzen. Gainera, jendearen babesa du! Itzela.


Itzeletan itzelena, baina, Luna eta Enrich Eibarko jokalariena da. Imanol Epeldek bere blogean dioen legez, irakasleak balira aspaldian egongo lirateke kalean, lan barik eta beste inon lanean hasteko aukerarik gabe. Baina futbolariak direnez, ez da ezer gertatzen. Edo Abasoloren moduan, indultatuta libre, eraso sexualengatik zigortua izan bazen ere.


Horiek dira gure umeen idoloak, eredu dituztenak. Gero hileta jotzen ibiliko gara belaunaldi gazteek ez dituztelako espektatibak betetzen!

Gipuzkoakoa Hitza-n

Lehendakarigaiek euskaraz jakin behar dute, bai!

Leire Narbaiza 2016/10/18 16:49
Info7 irratiko "Gureaz blai" saioko "Egin kontu"-rako egindako kolaborazioa, 2016ko urriaren 18an emititutakoa

Pasa den astean txiolari euskaldunen artean zabaldu zen Ser irrati kateari  Kirmen Uribek eskainitako elkarrizketa. Sarelariak asaldatu egin ginen; izan ere, elkarrizketaren izenburua zen “Lehendakarigai batek ez luke euskaraz jakin behar, baina detaile bat litzateke”.

Titular deigarria, benetan. Baina elkarrizketa entzunez gero, adierazpenak askoz ere deigarriagoak dira, batez ere kazetariak behin eta berriro aitatzen duelako Uribe euskara aholku batzordeko kide dela. Idazleak berak ere badio hori, nolabait batzorde horren bozeramale bihurtuta, edo.

Etengabe pertsonaren eskubideaz mintzo da, bakoitzak erabaki behar duela zein hizkuntzatan berba egin nahi duen. Ados egon ninteke, baina premisak funtziona dezan zati bat falta zaio. Zein hizkuntzatan hitz egin nahi den erabakitzeko, hizkuntza biak jakin behar dira, bestela ezinezkoa da. Elebakarrek ezin dutela aukeratu, alegia. Beraz, lehendakarigaiak jakin beharko luke euskaraz, gero erabaki ahal izateko euskaraz egin ala ez.

Adierazpenari, aholku batzordean dagoen baten ahotik etorrita, larria deritzot, erakusten duelako soziolinguistikaz gutxitxo dakiela, kaleko edozeinek bi bider pentsatuta ondoriozta lezakeelako aurrerago esandakoa. Horretara, zein da Uriberen meritua (edo beste edozein kiderena) aholku batzordean egoteko? Euskal idazlea izatea nahikoa da?

Tira, itzul nadin elkarrizketara. Edozein lehendakarigairen helburua lehendakari izatea dela esango nuke. Beraz, legalki hizkuntza koofizial bi dituen erkidego bateko agintari nagusia. Presidente egokia izateko beharrezkoa litzateke herri horretako hizkuntza jakitea, ezta? Hemen baino ez da hori gertatzen, beste leku batzuetan pentsaezina litzateke bertako mintzaira ez jakitea. Zer planteatuko du Uribek: zer nahi duzu lehendakari ona eduki ala lehendakari euskalduna?

Gainera, lehendakari horren peko gobernuak nola eska liezaioke edozein langile publikori hizkuntza eskakizuna, lehendakariak berak tutik ere ez dakienean? Zer oinarri du horrek?

Aitatzen duen beste kontu bat sentsibilitate nazionalistarena da. Baina ideia hori oso erredukzionista eta sinplista da, gaur eguneko EAErekin lotzen ez dena. Ez ote du Kirmenek gure gizartea ezagutzen? Ideia hori oso demodé dago, eta euskara ikasi nahi ez dutenek baino ez dute haizatzen!

Baina penagarriena azken hitza da: detailea. Detailea litzateke lehendakarigaiak euskaraz jakitea, edo ikastea. Ematen du euskaldunok konformatu behar dugula erdaldun elebakarrek emandako oparitxoekin. Aberatsen mahaietatik jausten diren ogi apurren zain dauden pobre gosetuak dirudigu. Detailea da euskara jakitea, ez justizia, ez eskubidea. Menperatuen mentalitatea da hori, bigarren mailakoak garela askorendako, alegia.

Euskal idazle saritua, baina baina gure aurreko analfabeto askoren mentalitatea duena.

Hemen Info7-ren webean

"Matxotiak"

Leire Narbaiza 2016/10/14 12:07
...eta kitto-n 2016ko urrixaren 14an argitaratuta

Zerk bultzatu ahal dau gizon bat, hartu-emon sexuala izan, grabau eta lagun bateri bialtzera? Ze motibo egon leike jarduera intimo eta pribau bat lagunekin konpartitzeko? Ze satisfakziño euki leike personiak halako kontu batekin?


Bakotxak egin leike gura dabena bere intimidadian, beti be konsetidua danian eta adin nagusikuen artian. Bakotxak dittu bere filixak eta bere fobixak, gustuak eta disgustuak. Hirukotian jardutzia sexu kontuetan ondo ikusten dot, gustoko izan ezkero. Baiña txarto dago baimen barik grabatzia, eta txartuago neurri barik zabaltzen bada. Larrixagua, bakarmen eskaeria egin, eta barkamenik eskatzen ez bajako kaltia sufridu daben  andrazkuari. Horrek ez daka izenik!


Esango neuke harrokerixa dagualaka autu honen guztionen atzian. Matxotien harrokerixia, arkerixia, berba baten. Munduari erakutsi nahixa ze matxuak diran, zelako balentrixia egin daben. Bakarrik falta dabe zutiñik jartzia eta ukabillekin bularrian jotzia King Kongen moduan, eta orrua egin!


Matxuak orroaka


Ez gaittu harrittu fulbolisten kontua izatiak, baiña aho bete hagin laga gaittu zale askok zelan defindidu dittuen jokalarioxok: pribauan egitten danak ez ei detse eragin bihar foball karreran.


Ez deigun ahaztu feminismuak erakutsi deskula pribaua, publikua dala. Izan be, ez ete dau euki oihartzun handixagua bidiuak Eibar taldeko fubolistak ziralako? Ez ete da larrixagua personaje publikuak diralako? Baiezkuan nago.

Hamen ..eta kitton

Save

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua