Doakotasuna, azterketak eta propaganda
Doan, debalde, dohainik, musu-truk! Berba paregabeak black friday, merkealdi eta deskontuen sasoi honetan. Kontsumismoaren garaian amu ederrak dira.
Dena dela, kontu batzuetan ezinbestekoa da doakotasuna. Gizarte aurreratu eta moderno batean hezkuntza dohainik izan behar dela deritzot, baita osasuna, gizarte zerbitzuak eta liburutegiak ere, besteak beste. Oinarrizko zerbitzuak direlako eta biztanle guztiendako libreak izan beharko liratekeelako; nahiz eta azken aldian kopagoa edo berrordainketaren mamua hegaka dabilen. Haize berrien patua.
Pasa den astean Eusko Jaurlaritza osotzeko paktua sinatu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Titular asko eman zituen, baina komunikabide askotan nabarmendu zuten euskara ikastearen doakotasuna adostu zutela. Berria-ren beraren titular nagusia hauxe izan zen: Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte.
Urtarrileko merkealdia izan barik, halako albiste pozgarria! Jakina, goitik behera irakurri nuen artikulua, luzaroan zain geunden berria zelako. Nire lehendabiziko poza zapuztuta geratu zen, ordea. Izan ere, akordioan jasotakoa ez da doakotasuna. Atzera ere propaganda, amuari kosk egin geniezaion. Berriro ere dezepzioa, eta adar-jotzean dabiltzan sentsazioa. Kontzeptu okerra darabiltelako. Nahita edo ez. Baina zerbait debalde denean ez da ordaintzen. Eta kasu honetan, ordaindu egin behar da. Ondoren, azterketa bat egin eta gainditu. Oso pedagogikoa dena.
Neurri honek zer dakarren? Lehenengo eta behin, hainbat lagunek ezin dutela matrikulatu, aldez aurretik dirua jarri behar delako. Modulu arrunt batek (8-10 astean) 300 eurotik gora balio du, bi epetan ordainduta (oro har nabil, herri eta euskaltegi bakoitzak arau desberdina duelako). Suertatu izan zait matrikulazio sasoian prezioa esan eta “eskerrik asko, pentsatuko dut” erantzun, baina itzuli ez, edonoren esku ez baitago kurtso hasieran dirutza hori ordaintzea.
Ezintasun ekonomikoa batetik. Bestetik, dirua jaso ahal izateko derrigorrean azterketa –barkatu, “Euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko probak” dute izena orain, neo-hizkuntza horretan!– gainditu behar izatea. Nongo burutan sartzen da hori? Titulitisak jota geundela salatu izan dugu, orain areagotu egingo da gaixotasun larri hau. Titulurik behar ez duena ere, titulu bila. Dakarren kalte guztiekin: urduritasuna, presioa, klaseak azterketari begirakoak izatea,… Gurpil zoroa, azken baten.
Imajinatzen duzue “euskaltegia” jarri beharrean “eskola” jarriko balu? Ezin eskolara joan garestiegia delako? Azterketa gainditu ezean, ordaindutako dirua ez itzultzea? Ezinezkoa Europa Mendebaldean, ezta? Bada, euskarekin gertatzen da ofiziala den eremuan.
Doan, benetan doan, EAEn gaztelania da. Bai. Eta ez du Espainiako gobernuak ordaintzen, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak baizik. Bai, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan. Horietako batzuetan euskara ere ematen da, baina oso maila baxuan.
Zertan gabiltza, euskararen black friday baten? “Ni ez naiz ergela” aldarrikatzen zuen merkataritza gunea bezala amua jaurtita ea irensten dugun? Edo euskararen kontura hauteskunde kanpaina iraingarria egin zuenari aurpegi garbiketan?
Egia esatera, ez dakit zein den helburua, baina argi dut bihar euskararen egun dontsu horretan denei ahoa beteko zaiela berba ederrez, manifestuak irakurriz, eta argazkian panpox agertzeko asmoz. Nekagarria da, oso!