Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Katalunia, Euskal Herria

Katalunia, Euskal Herria

Leire Narbaiza 2015/09/21 12:04
2015eko irailaren 18an Gipuzkoako hitza-n argitaratua.

Euskaldun askori Kataluniak inbidia ikaragarria sortu izan digu. Betidanik. Lehen, mirespenez begiratzen genien katalanaren egoerarengatik. Adurra dariola behatzen genuen euren jarduna: kalean, literaturan, oraintsuago telebistan... Gurearekin alderatuz gero, amildegi ikaragarria. Era berean, katalanen modernotasunak ere liluratzen gintuen. Agerikoa zen Espainiari baino, Europari begiratu izan diotela beti, edo guk baino gehiago, behintzat. Kultura sakonagoa dutela begitantzen zaigu, gu baino finagoak, alegia.

Orain, ostera, sortzen diguten txundidura are handiagoa da hartu duten independentzia bidearekin. Hizkuntza eta kulturaz gain, subiranotasun prozesua benetako ispilua da guretako.

Dena den, gure zirkunstantziak ez dira beraienak. Abiapuntu ezberdinetatik irten gara. Historia ez da bera, ezta egoera ere. Biolentzia larregi izan dugu hemen, baita "bertan goxo" asko ere. Kontzertu ekonomikoa bide horretan lagungarri baino, konformaerraz bihurtu gaituelakoan nago. Independenteak de facto batzuen aburuz.

Baina, horretaz gain, uste dut oinarrizko kontu batzuk argitzea falta zaigula euskaldunoi. Edo horiek finkatuz gero, bidea errazago egiteko eta trinkotzeko balioko digula pentsatzen dut. Jakinekoa da ez naizela analista politikoa, herritar kezkatua baino ez. Kontuan hartuko ez didazuelakoan, ekingo diot.

Alde batetik, lehen aitatu dudan moduan, hizkuntza. Katalunian gehiengo handiak du argi hizkuntzarena. Gurean, ordea, abertzale batzuek ere euskara oztopo ikusten dute. Nire aburuz, ezinbesteko kontua. Euskara gabe, nora?

Bestetik, lurraldetasuna. Badakigu Katalunian ere arazo hori badela, baina badirudi gai izan zirela komunitate autonomoko lau probintziekin abiatzeko. Gu prest geundeke horretarako? Niri neuri zalantza handiak sortzen dizkit.

Lurraldetasunarekin lotuta ere badago kontu bat: izena. Nola du izena gure herriak? Baskonia, Euskal Herria, Nafarroako erresuma, Euzkadi, Euskadi? País Vasco, Vascongadas, Pays Basque, Basque Country, Baskeland? Zer da bakoitza?

Gure herri desegin honek sinboloak erabiltzea eta bateratzea ere falta du. Ikurrina dugu, baina baztertua. Nafarroako bandera. Arrano beltza. Lauburua. Gernikako Arbola. "Zazpiak bat" armarria… Non eta zenbat ikusi dituzue azkenaldian horiek denak? Harrituta nauka sinboloen kontu honek. Uste orokorra da zaharmindu usaina dutela. Eta ikurrinaren ordez, futbol banderez bete ditugu bazterrak, gure nortasunaren ikur bakarrak bihurtu direlako. Ai, ama!

Zer esanik ez Aberri Egunaz. Data zehatz bako jai erlijiosoa, irrikaz hartzen diren oportxo batzuen erdian. Denok mundua ezagutzen, gure herriaren festa alboratuta.

Eta himnoa? Himnorik ere ez dugu, barren! "Gora ta gora"? Ez, mesedez! "Nafarroako gorteen ereserkia"? Dotorea eta ederra, baina ezezaguna, letra gabekoa, gainera.

Gutxi balitz, folklorearen gutxiespen orokorra. Hortxe dabiltza katalanak sardanak dantzatzen, casteller-ak egiten nonahi, suzko herensugeak ateratzen, barretinak jantzita… Gurean, berriz, kosmopaleto, cool eta abertzale-guai askoren mespretxu keinuak baino ez du merezi gure folkloreak.

Horregatik, galdera batzuk jaurti nahi ditut: sinbolo barik nola abiatuko gara estatu berria lortzeko lasterketa luze horretan? Zerk batuko gaitu? Nola abestu denek batera ozen? Zelan identifikatuko gara?

Fermin Etxegoien
Fermin Etxegoien dio:
2015/09/22 19:58
Kaixo Leire, neu ere ibili naiz Kataluñaren eta gure arteko konparaketa (gorrotagarri) bila. Bat nator diozun gehienaz. Agian sinbolojiarez auziaz ñabardura gehiago egin genitzake. Halere, ohi bezala, neuk hizkuntzaren alorrera egin dut, ondorengo (betiko!) harrikada honen bitartez:
Independentziatik euskarara ala euskaratik independentziara?
Katalanek, bigarrengotik abiatuta noski, lortu egin dute: independentzia, bai ala ez, botatuko dute.
Zeri esker ailegatu dira helmugaraino, haien artean diren kontraesan ideolojikoak gaindituta?
Duten konpaktazio linguistikoari esker, bistan denez. Katalanez benetan bizi direlako berdindu dituzte haien arteko gorabeherak.
Horrek esan nahi du euskaldunok baino lan handiagorik egin dutela hizkuntzaren alorrean?
Inondik ere ez, horrek esan nahi duena da katalana euskara baino askoz errazagoa izan dela konpaktatzeko.
Hizkuntza dialektala eta rurala izan da euskara oso luzaro, eta batuaren bidezko konpaktazioari ekin zaionean ez zaio modurik errazenean ekin, baizik eta euskal hiztun askori, batez ere euskaldun zahar dexenteri, konplejo linguistikoak eragin dizkion modu garbizale batean.
Espainola –edo gaztelania- hizkuntza nagusia –edo hejemonikoa- dugun Espainiako Erresuman askoz errazago da gaztelaniatik katalanera pasatzea -bi hizkuntza hauek lehengusu propioak baitira- gaztelaniatik euskarara –zer ikusirik ez sintaxian eta gramatikan- pasatzea baino.
Euskararen konpaktaziorako, beraz, gaztelaniarekiko zubiak beharrezkoak ziren, eta lexiko amankomunak ematen zigun zubi hori, baina joera garbizaleak kontrako norantzan eraman gaitu, eta emaitzak begibistakoak dira.
Horrek ez du esan nahi, bat, hiztunok lanik egin ez dugunik, ezta hiztunei lanak eginarazi ere, bi, egin ez dizkiegunik, kontrakoa baizik: munduan inor gutxik egingo zuen guk besteko lanik hizkuntza baten berreskurapenean, nahiz eta bide malkartsu samarra aukeratu genuen.
Euskal Herriko biztanleen gehiengo nagusia espainola hejemonikoaren koordenada gramatikal eta sintaktikoen arabera bizi izan denez, euskararen nagusitzea bagenuen oso erronka zaila berez, gaelikoarena Irlandan bezala, eta are zailago bilakatu zaigu euskarazko lexikoan tokia erraz hartzen zuten-duten espainolezko hitzak urrundu nahi izan ditugunean, joera honek, paradoxikoki, atea zabal zabal utzi baitio euskaldun gehienen ahotan nagusi bilakatzen ari den euskañolari.
Halere, berez genuen zaila, oso zaila, euskara nagusitzea.
Gero eta konbentzituago nago hizkuntzak ikastea, edo hobe esan hizkuntza batez jabetzea, ez dela prozesu intelektual bat, baizik eta ingurunera moldatze –adaptación al medio- ariketa senezko bat.
Bizitza osoa eman dezakegu akademia batean eta gauza izan ez ingelesez moldatzeko.
Hizkuntza batez jabetuko zara hizkuntza horretako zenbait mutur linguistiko –esamolde- behin eta berriro inguruan entzuten baldin badituzu, zu atrapatu arte.
Ia ia -esango nuke- prozesu intelektualari uko eginda; hobe errepikapenak.
Bistan denez, euskarak horretarako dituen bozgoragailuak hutsaren hurrengo dira, espainolak dituenekin alderatuta.
Orduan, errepikapenetarako apenas aukerarik daukan hizkuntza bat da gurea, zeinaren estruktura gramatikal eta sintaktikoak gaztelania super-hejemonikoaren erabat alderantzizkoak diren. Milagro bat izango zen euskara nagusitu izana.
Euskara dialektala sendo samar gorde izan den zenbait herritan baina, itxuraz euskara bai nagusitzen ari da. Euskara sasi-dialektala beti ere, herri horietan erabilera dentsoa denez errepikapenek funtzionatzen dutelako eta trinkotasun horrek euskararantz erakartzen du hiztuna, grabitatearen legeari jarraiki eta hizkuntza ikastearen prozesu intelektualaren gainetik pasata.
Ez da kasualitatea Gure Esku Dago dokumentala Idiazabal bezalako herri batean zentratu izana. Bertan den konpaktazio linguistikoak segida erabat lojikoa bai baitauka independentziaren ideiarekin.
Kontextu sasi-rural horri lotua ere, nago, hitz egin beharko genuke euskal sinbolojia tradizionalaren erabilera coolaz ala kitschaz, baina tira, egin dezagun aurrera:
Nork pentsa lezake Idiazabalgoko lagun euskaldun horiek euskaldunak eta kitto izateko eskubiderik ez dutela?
Ia inork ez.
Besterik da baina, euskarak halako konpaktaziorik ez duen guneetan.
Sinbolojiari dagokionez, gune erdaldun horietan askoz bortitzago ageri zaizkigu, cool ala kitsch, bi mutur horien araberako balorazioak.
Idiazabaletik Bilbora:
Espainolez bizi bazara, badu segida erabat lojikoa txepela izatea Espainiatik bereizteko gogoak. Txepela: tira, aitortzen ditut arrazoi politikoak eta kulturalak Espainiatik bereizteko, baina haiekin loturik ere sentizen naiz, nire hizkuntza berean –gaztelaniaz- bizi direnekin senidetuta.
Eta horrela pentsatzen ez duten abertzale erdaldunak, askotan, fanatiko batzuen modura ageri zaizkie gaztelaniaren bidezko hizkuntza-lotura hori bere buruari ukatzen ez diotenei.
Nahiz eta euskaraz jakin, nagusiki gaztelaniaz bizi bazara, komodo eta barruan sentitzen zara Espanian, halakorik aitortu ez arren.
Katalan abertzale ia guztiak, ordea, nagusiki katalanez bizi dira, eta gero, bigarren maila batean, espainolez.
Gurea oso kasu berezia da, euskaraz dakiten hiztun asko –gehienak?- bere buruarekin espainolez mintzatzen direlako.
Eta hiztun gutxi dago, oso gutxi, euskaraz ondo -edo oso ondo- jakinda ere… gaztelaniaz bezain ondo -maila jasoan zein kolokialean- moldatzen direnak.
Nire ingurura begiratu, eta eskuen hatzamerrekin konta ditzakedala esango nuke. Nire inguruan badira puntako idazleak, musikariak, linguistak… Ba ia guztiek, euskaraz ondo -edo oso ondo- moldatu arren, askoz errekurtso linguistiko gehiago dituzte espainolez, bai maila jasoan hitz egiteko eta zer esanik ez maila kolokialean.
Gauzak horrela, ulergarria da gure hiztun askori –izan zahar izan berri- gerta dakieken eten estetikoa. Zein soineko jantzita sentitzen dira hobeto?
Ez nabil esaten gaztelania aberatsagoa denik, baizik eta gaztelania asko errepikatzen dela gure inguruan. Ondorioz, gaztelaniaz bagara adjetibazio ia amaitezin baten jabe, euskaraz oso adjetibo gutxik inguratzen gaituzten bitartean, eta hau ez da konpotzen, zoritxarrez, nobelak adjetiboz betetzen, inor gutxi dabilen linbo batean galduko baitira. Ez nabil esaten, beraz, euskal adjetiborik egon ez dagoenik, baizik eta ezin ditugula haiek eraginkortasunez errepikatu, eta gauza bera gertatzen da hizkuntzaren beste eremu batzuetan, gehienetan.
Horretaz arduratu beharko luke gure linguistikak, euskararen erabilerarik eraginkorrena antolatzeaz, gaztelania eta frantsesa super-nagusi diren gure eremu honetan. Baina, batez ere, zuzentasunaz –bekatu linguistikorik ez egiteaz- arduratzen denez, gure linguistikatik eratorritako soziolinguistika ere, nagusiki, bekatuaz ari zaigu, hizkuntzaren teolojia bat bailitzan (ekolojia, hololinguistika, eta enparauen bitartez).
Kataluñan ez dute halako teolojiaren beharrik, haien hizkuntza espainolaren lehengusu propioa delako eta erraz ikasten duelako espainoletik datorren edonork.
Perspektibaz begiratuta, Kataluñaren eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunik handiena bertan da, eta bertan du oinarririk sendoena –oinarri suntsiezin bakarra ere, esango nuke- han gertatzen ari den prozesu independentistak.
Muxu bat, Leire!
leire
leire dio:
2015/09/28 12:33
Mila esker, Fermin! Ez dakizu zelan estimatzen diren erantzunak blogean. Batez ere hain mamitsuak direnean! Milesker!

Zuk diozun ia guztiarekin ados nago, baina ez denarekin, ezin bestela izan!

Ados nago diozunean katalana konpaktatzeko errazagoa izan dela. Katalanak katalanez bizi izan dira, oro har, baita burgesia ere. Hemen, zuk diozun moduan, hizkuntza ia agrafoa, baserritarrena, kultura bakoa izan da askorendako, gure burgesiarendako eta modernitatearendako batez ere. Euskarari korta usaina zerion eta dario askoren ustetan.

Batuaren bidea, bat nator, ez da errazena izan. behetik gorako eraikuntza izan beharrean goitik beherakoa, hiper-garbizalea lexikoan eta askorendako baztertzailea. Sekula ez dut pentsatu, baina garbizalekeria horrek euskañolari lagundu ote dio?

Era berean esango nuke boteretik (eta EAEz dihardut) ez dela egin inteligenteki lan. Esperantza guztia eskolan lagata, ezinezkoa da benetako euskalduntzea. Eskaini diren ereduak goikoak, formalak eta kultuak izan dira, baina alde batera laga dira besteak. Alfabetizazioan ez da indarrik egin (hor dago, nire ustez, akats handienetako bat euskaraz irakurtzea zaildu duena) ezta dibertitzeko esparrua ere, euskal telebista esate baterako, kirol, espazio mutu eta grabatutako emanaldiz bete ezer gutxi egin liteke.

Aitatutakoak bat datoz zure “errepikapenen teoria horrekin”. Nik madalena eta kafesnearena deitzen diot: katilu bi kafesne dauzkagu eta madalena bana. Katilu bat kafesnez beteta dago, besteak pixka bat besterik ez du. Beteta dagoen horretan sartzen badugu madalena, di-da, segundo gutxiz madalena ez da bustiko asko. Beste katiluan, kafesne gutxi duen horretan sartzen badugu madalena eta luzaroan badaukagu, pla-pla geratuko da, mela-mela eginda. Azkenean kafesne kantitatea baino, zenbat denboratan izan dugun madalena murgilduta da gakoa madalena blaitzeko.

Gure euskal katiluetan, fraile-katiluak izanda ere, madalenak (gure burmuinak) daude denbora gutxiegi murgilduta. Horrela ezin barruraino sartu!

Arazoa da, guk katilua dugula eta gaztelaniak eta frantsesak piszina. Gainera, madalenak gure katiluan kuku bat egin du, baina erdararen igerilekuan, arrainak itsasoan beste.

Egia da, diozun moduan hizkuntzak egiten duela lotura. Baina horrek baino gehiagok erreferentziak; hau da, Espainiako komunikabideak huts-hutsean kontsumituz gero, filiak eta fobiak sortzen dira, iragan amankomuna, oroitzapen kolektiboa, partaide sentimendua. Zenbat halako Bilbo, Eibar, Oñati edo Idiazabalen? Zuk diozuna, komodo gaztelaniaz, ez bakarrik erraztasunez, anaikidetasun sentimendua ere badagoelako.

Eta elur bola da: errazago funtzionatu eta moldatuz gero erdaraz, zailago eta nekezago euskaraz. Erdarazko jarduna aukeratu eta atzera ere bola bueltaka. Horrela zaila da euskaraz hobeto moldatzea, errekurtso gehiago izatea.

Orain arte konforme egon banaiz ere, hemen dator nire desadostasuna. Uste dut zuk diozun zuzentasunarekiko obsesioa, aipatu dugun kontu horren ondorio dela. Pla-pla egiteko nahikoa input eta errepikapen ez daukagu. Gune euskaldunenetan ere erdal formak entzuten dira. Izan ere, sarriegitan erdal txantiloia erabiltzen dugu euskal berbekin, euskararen modua beste bat izan denean: gure estrukturak erdal berbez hornituta! Gure ziurtasun ezaren (konplexuaren) beste froga bat. Horrela, hipergarbizalekeriaz Anjel Lertxundiren lau urteko ilobak zuzendu egin dio aitonari!

Ez pentsa Katalunian ez dutenik soziolinguistika eta ekolinguistikarik! Ia guztiak handik inportatuak dira! Baina gure akatsetako bat, jakingo duzunez, dena sakralizatzea da, liturgiarekin hornitzea, erlijio falta beste dogma batzuekin betetzea. Baina katalanak katiluan berantzen jarrita daude aspaldi, eta ez da euren seguritate eza gainditzeko makulua.

Hizkuntzak indartu, batu, osotu eta trinkotu egiten ditu katalanak, ez dago zalantzarik. Gurean, sarritan traba dela sentitzen dugu. Zoritxarrez!

Laztan bat, Fermin!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua