Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Futbolkrazia eta despotismoa

Futbolkrazia eta despotismoa

Leire Narbaiza 2011/05/31 00:28
Gaur egungo gaitz bi.

Maiatzeko asteburuak oso konplikatuak izaten dira, denetatik izaten baitugu. Badirudi uda baino lehen mundua amaituko zaigula, eta elkarte, lagun-talde eta eskolek jaiz et ebentoz betetzen digute aisialdia. begira bestela Asier Sarasuak zelakoa izan duen maiatza

Antza denez, futbol txapelketa ia guztiak ere maiatzean amaitzen dira, edo amaitzear daude. Hori dela eta, partida pilo bat ematen dituzte telebistan eta egunkariek hil ala bizko dueluez hitz egiten digute; eta mendeko matchak jotzen dira asteburu baten bai, bestean ere bai.

Ez litzateke hain txarra izango futbola aitzakia hutsa ez balitz, edo foballa (Eibarren esaten diogun moduan) zikina estaltzen duen tapiza bihurtuko ez balute: arazoak badaude, erratza erabili eta futbol-alfonbrapean ezkutatu.

Asteburu honetan horren adibide bi izan ditugu, bata Bartzelonan, bestea Eibarren. Bartzelonan Champions-aren aitzakian, Katalunia plazan zeuden suminduak botatzeko euren eskuetan zeukaten indar guztiarekin. Eskusa ezin hobea nahi zutena egiteko. Zorionez, plazara itzuli ziren hurrengo egunean bertan.

Eibarren ere despotismoa erabili da fulbolkraziaren loriarako. Asteburuan 46. Euskal Jaia ospatu dugu (ondo diot ospatu, disfrutatzeko festa delako). Horretarako Untzaga plazaren alde biak erabiltzen ditugu jaia herriaren bihotzean egon behar delako, nahiz eta karpa jartzea askori ez gustatu. Dantzak harmailen aldean egiten dira, eta karpa udaletxe aldean jartzen da. Aurten Eibar futbol taldearen partida ere bazen larunbat arratsaldean, eta posiblea zen 2. mailara igotzea, eta jokalariei ongietorria egitea Untzagan.

Hori dela eta, alkatearen idazkariak astelehenean deitu zien Klub Deportibokoei (Euskal Jaiko antolatzaileak) batzar bat egiteko, eta bertan plazak trukatzea proposatu zien. Batzordekoek bilera egin ondoren, idatzi bat prestatu zuten alkatearendako, txarto iruditzen zaiela aldaketa esateko, eta trukatu barik ere, jai biak konbinatu zitezkeela. Horretarako, bestelako proposamenak ere egin ziren. Desadostasuna ere adierazi zioten, eta bere esku laga erabakia. Hori guztia, asteartean izan zen.

Asteazken eguerdian alkatearen idazkariak esan zien ahoz erabakia plazak trukatzea zela, eta idatziz ere jasoko zutela erantzuna. Komisiokoek S. D. Eibarko presidente eta direktibo batekin hitz egin zuten egindako gestio guztien berri emateko. Ostegun goizean etorri zen alkatearen erantzun definitiboa idatziz: alkatearen dekretua! Nik diodalako, nik nahi dudana egingo dut. Beraz, karpa harmailen aldean, eta dantzak  udaletxe aldean. Gora demokrazia!!

Gero, ez igotzeko, gainera! Dantzariena izorratu (jendea zutik luzaroan eta ganoraz ikusi ezinda) eta ongietorririk ez! Megafonia ekipo oso bat alokatu, erabili barik itzultzeko! Krisi sasoian! Baina futbolarendako dena da ona, dena da zilegi! Molestatzen duena baztertu, estalki perfektu batekin! Futbolkrazia despotismoaren mesedetan, eta alderantziz, sinbiotikoak dira-eta!

Herritarrak etsita, aspaldi amore emanda. Eta berari botoa ematen jarraitzen diote....Ikasiko ote dute inoiz?

PD: Posta aldatu dut lehenengo eskuko informazioa izan dudalako, ez zelako nik kontatu nuen moduan izan. Mila esker informazio osoarengatik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua