Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Madalenak kafesnetan

Madalenak kafesnetan

Leire Narbaiza 2016/12/03 00:43
Madalenak kafesnetan atalaren lehenengo posta

Badira momentuak non buruan bueltaka daukaguna, urteetako hausnarra, ordenatu eta azaldu behar dugun. Hori da “madalenak kafesnetan”.

Hau guztiau Fermin Etxegoienek blogean lagatako erantzun batek isiotu zuen. Berak hitzez hitz hauxe zioen: “Hizkuntza batez jabetuko zara hizkuntza horretako zenbait mutur linguistiko –esamolde- behin eta berriro inguruan entzuten baldin badituzu, zu atrapatu arte.

Ia-ia -esango nuke- prozesu intelektualari uko eginda; hobe errepikapenak”. Irakurritakoan madalenak eta kafesnearen irudia etorri zitzaidan, sarritan ikasleei botatzen diedana: katilu bi kafesne dauzkagu eta madalena bana. Katilu bat kafesnez beteta dago, besteak pixka bat besterik ez du. Beteta dagoen horretan sartzen badugu madalena, di-da, segundo gutxiz madalena ez da bustiko asko. Beste katiluan, kafesne gutxi duen horretan sartzen badugu madalena eta luzaroan badaukagu, pla-pla geratuko da, mela-mela eginda. Azkenean kafesne kantitatea baino, zenbat denboratan izan dugun madalena murgilduta da gakoa madalena blaitzeko.

Horregatik blogeko atal berri honek izango du Madalenak kafesnetan izena. Batzuetan kafesnerik ez dugulako, bestetan astirik ez, hurrengoan, madalena beharrean soletilla bizkotxoak, eta katilua beharrean, basoa…

Euskararen paraderoaz egin gura dut berba, zer gertatu zaigun jakin, eta frankotiratzaile mundu honetan egia pare bat jaurti, izan liteke kamikazeegia naizela.

Euskararen munduan aspaldi nabil. 26 urte lanean euskaltegietan, euskara elkarteetan, soziolinguistika mintegian, ikastaro, jardunaldi eta abarretara joaten, lagun artean hitz egiten eta urte hauetako inpresioak baino ez dira nire madalena hauek.

Aitortu behar dut zertzelada hauek ezkorrak direla oso, ni horrela bainago. Ezkorregi, beharbada, baina gerrera, oso gerrera. Izan ere, ezkor egoteak ez du esan nahi kemen faltan gaudela, ez. Ezkortasunak arazo bakarra dauka, nekea eta hori bai da arriskutsua. Zoritxarrez, inguruan jende asko dut nekatuta egoerarekin.

Agian, porrota aldarrikatu beharko genuke, @martin_kitto-k esan zidan bezala, positibismo on faltsua beharrean. Ez dugu zintzoago jokatuko? Ezkortasunarena aurretiaz laga nahi dut argi, inor harritu ez dadin. Era berean, nire ikusmira txikitik eta pertsonaletik abiatutako hausnarketa eta behaketa da. Nire mundutxotik, nire egoera eta ingurutik. Ni eta nire zirkunstantziak baikara.

Kritikoegia, igual. Irtenbiderik ere ez dut proposatzen, baina hanka sartzeetatik ikasten dugulakoan nago. Horregatik, fokatu horretan eta alda dezagun txarto egin duguna, sasoiz gaude eta.

Eroriz ikasten da oinez!

plum cake eta kafesnea


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua