e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Manga eta anime jardunaldiak Barakaldon, Motsukora elkartearen eskutik
Berriz ere La cárcel de papel-en bidez jakin dut Motsukora elkarteak bere Manga eta Anime Jardunaldiak antolatu dituela hamargarrenez. Gaur martxoaren 25etik 29ra izango dira, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean.
Programa oparoa dute, lau aretotan anime eta irudi errealeko filmen proiekzioak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, bideojokoak eta beste hainbat ekintza gauzatuko dituzte. Hemen duzue programa osoa eta ekintzen zerrenda.
Zoritxarrez, web gune osoa gaztelaniaz soilik dago eta filmak, hitzaldiak etabeste ekintzak ere hala direla dirudi...
Joyas Literarias Juveniles berrargitaratu dute
La cárcel de papelen bidez jakin dut Bruguera etxeak 1970 eta 1983 urteen artean argitaratutako Joyas Literarias Juveniles komiki-bilduma mitikoa, gazteentzako eta abenturazko literaturaren klasikoen komiki-bertsioz osatua, berriz erosteko aukera izango dugula Zeta bolsilloren eskutik, hainbat album bateratzen dituzten tomotan.
269 aleko bilduma horretan Jules Verne, Walter Scott, Mark Twain, Charles Dickens, Karl May, Robert Louis Stevenson, Daniel Defoe, Emilio Salgari eta beste hainbat egileren abenturazko literaturaren klasikoak komiki-formatoan atera zituzten. 30-40 urte bitartean dugun jende asko horien bidez zaletu ginen ez bakarrik komikietara, baita literaturara ere, eta askok nostalgiaz gogoratzen ditugu komiki haiek eta amesarazten zizkiguten abenturak. Adibidez, Eibartarrak posta-zerrendan Elena Laka, Julen Gabiria eta beste batzuk horri buruz aritu ginen duela hiru urte inguru. Gero duela urte eta erdi blog honetan publikatu nuen denak eMule-n aurki zitezkeela, eta album guztien zerrenda ere erantsi nuen. Ba artikulu hori da hilero-hilero blog honetatik hilero-hilero bisita gehien jasotzen duena!
Jada atera dira Jules Verne eta Emilio Salgariren lanak dituzten bi tomoak. Erosi beharko ditut, haurrentzako, badakizue... ;-)
Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
Lankide txapas batek ;-) Asus EEE PC bat erosi du AEBetatik zuzenean eskatuta. Subnotebook motakoa da Asus EEE PC ordenagailua, hau da, txiki-txiki horietakoa, baina aspalditik existitzen diren Sony Vaio eta antzekoak ez bezala, merke-merkeetakoa ere bada, OLPC proiektuak irekitako lineakoa beraz.
Nik OLPC XO bat dudanez, ekidinezina da bien arteko konparaketa. Abantaila hauek ditu XOak EEErekiko:
- Pantaila zertxobait handiagoa du XOk, baina erresoluzioa askoz handiagoa: 1200x900, eta EEEk 800x480 besterik ez (argazkian ikusten da blog honen lehen orria nola ikusten den bakoitzean)
- Gutxiago kontsumitzen du XOk (irakurritakoagatik diot, EEEa ez baitut konprobatzeraino bezainbeste erabili) eta gutxiago berotzen da (hau bai da nabarmena, oso gutxi erabilita ere nabaritzen zaio beroa EEEari, eta OLPCri bat ere ez)
- Liburu elektroniko moduan erabili daiteke XOa pantaila biratuta
- XOa merkeagoa da, bestearen erdia baino gehiago; hori bai, hemen lortzeko orain arte egon den modu bakarra bikoitza ordainduta izan denez, antzera kostatu zaizkigu
Aldiz, gauza hauetan da EEE hobea XO baino:
- Nabarmen arinagoa da (eta hori XO ere oso arina izanik!), eta txikiagoa ere bai (irekita antzekoak dira, baina itxita XOa handiagoa da heldulekuagatik)
- EEE azkarragoa da (amen jesus baten pizten da!), memoria handiagoa du (512 MB, bestearen bikoitza) eta kapazitate handiagoko Flash memoria (2 GB-tik 8 GB-ra, XOk 1 GB soilik)
- Biek dituzte bozgorailuak, mikrofonoa, bideokamera (2 GB-ko EEE modeloak ez), hiru USB ataka, SD txartelarentzako slot-a, Wi-fi konexioa eta mikrofono eta bozgorailu konexioak, baina horiez gain EEEk monitore eta Ethernet konexioak ere baditu
- EEEk gure eguneroko erabilerarako ohikoak diren aplikazio gehiago dakartza instalatuta (Xandros Linux banaketaren gainean, Skype, Firefox, OpenOffice eta horrelakoak baditu, eta nahi izanez gero Windows XP ere instala dakioke); OLPCk hezkuntzarako software gehiago du, baina ez horiek (nahiz eta norberak instalatu diezazkiokeen)
Guztia honela laburbilduko nuke nik: OLPCa ingeniaritza lan guztiz iraultzailea da kontsumoan, aprobetxamenduan, kostuan eta abarretan eta hezkuntzarako zoragarriak diren aplikazio mordoa ditu, eta beraz bikaina da pentsatuta dagoenerako, hau da, hirugarren munduko haurren hezkuntzarako (nahiz eta guk eman diezaiokegun erabilerarako ere prestatu daitekeen); Asus EEE PCa, aldiz, beste moldaketa edo instalaziorik gabe lehen munduko edozein erabiltzaile asetzeko moduko benetako eramangarria da (benetakoarena azpimarratuz, ez orain arte eramangarritzat saldu dizkiguten ladrilo garesti horiek bezala).
Edonola, konparazio honek ez du zentzu gehiegirik ere, liga ezberdinetan baitaude biak. OLPCak hirugarren munduko haurrentzat soilik dira, beraz, 1x2 promozio kanpainaren bat salbu, Asus EEE PCa da lehen munduko publikoak eskura dezakeen bakarra. Eta, zalantzarik gabe, oso-oso aparatu majoa da. Nik erosiko nuke, bestea ez banu (edo izanda ere bai, agian... ;-). Ikastolen Elkarteak aukera ona egin du IkaSYS proiekturako.
Oraindik ez dago Espainian salgai, baina inportatzaile batzuen bidez lor daiteke. Hala ere, horien bidez AEBetako prezioa baino dezente garestiago ateratzen da. Lankideak eBayn erosi du 4 GB-ko modeloa 300 eurotan (AEBetako prezioan), eta hori bera aipatutako inportatzaile horretan 60 euro garestiagoa da (bidalketa gastuak antzekoak dira batean zein bestean).
Gure XO, Berrian eta Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian
Bi asteren tartean, paperezko bi mediotan OLPCri buruzko artikulu bana agertu da, eta biak ilustratzeko gure XOri egindako argazkiak erabili dira.
Lehena Berrian agertu zen, otsailaren 21eko kontraportadan. OLPCri buruzko artikulua egin nahi zuen Irune Lasa kazetariak, eta etxera etorri zen argazkilari batekin batera (ez dut bere izena gogoratzen, barkatu) XOri, Ximuni eta Hurri argazkiak ateratzeko eta haurrei eta niri galderak egiteko. Artikulua argazkiarekin hemen duzue PDF formatuan.
Bigarrena Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian agertu da, martxoko alean. Nik idatzitako bost orriko artikulua da, eta honek, gure XOaren argazkiez gain, berau daukaten hirugarren munduko hainbat tokitako irudi ederrak ere baditu (Mongolia, India, Uruguay...). Sarean osorik oraingoz harpidedunentzat soilik dago, beraz irakurri nahi baduzue paperezkoa erosi beharko duzue, edo harpidetu. Ez zaizue damutuko, benetan (eta ez diot nire artikuluagatik, aldizkariaren kalitate eta interesgarritasunagatik baizik).

