e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Angoulême, j'y vais!
Bai, bai! Benetan! Serio! Entzuten duzuen bezala! Bihar goizean (eguraldia lagun) Angulemako azokara noa! Ni bezalako komikizale batentzat, amets bat egi bihurtua! Emozionatuta nago, ez dakit nabaritzen zaidan edo ez, baina emozionatuta nago!
Nola? Ez dakizula zer den Angulemako azoka? Angulema Frantziako hiri bat da, urtero Frantziako, Europako eta, agian, mundu osoko komiki azokarik handiena antolatzen duena. Aste bukaera honetan da azoka hori, eta bertara noa!
Nolatan noan? Ba komikigile eta komikizaleen troupe batekin noa! Kontua da aurten ere, iaz bezala, Xabiroi aldizkariko hainbat komikigile hara joatekoak zirela, hango argitaletxeekin harremanak egitera-eta... Eta erreserbatutako toki batzuk libre zituztenez eta ni orain aldizkariko kolaboratzaile naizenez, joatea eskaini zidaten. Ezetz asmatu zenbat tardatu nuen erabakitzen! Taldean izango dira, besteak beste Dani Fano, Iñaki G. Holgado, Asisko, Marko... Ez dakit nik asko pintatzen dudan horien artean, baina beno... Komikigile ez diren beste zale batzuk ere badoaz, tartean Willy lankidea, eta tira... Bueltan espedizioaren kronika idatziko dizuet, bale?
Ale, bueltara arte! Vive la BD!
(Oharra: Azokako aurtengo kartela Lewis Trondheim-ek egin du, duela gutxi Willyk hemen komentatu zigun OVNI komikiaren gidoigileak)
"Agence Barbare" sailaren beste ale bat kalean
Iazko urtearen ondarretan ikusi zuen argia Marko Armspach euskal komikigile ezagunaren irudiak eta Olier-en gidoia dituen Agence barbare komiki-sailaren laugarren aleak, "Barbares à gourdes" izenekoak. Umorezko eta fantasiazko komiki-sail hau Frantzian argitaratu du Bamboo Édition etxeak azken urteetan, urtean ale bat. Artikulu honetan komiki-sail honen iruzkina irakur dezakezu.
Marko Armspach ezaguna da euskal komikigintzaren munduan. Napartheid eta Argia aldizkarietan marraztu izan ditu komikiak, eta Pedro Mari eta Gartxot albumak ere atera ditu (azken hau Asisko Urmenetarekin batera). Azken urteetan Agence barbare sailean eta Xabiroi aldizkarian dihardu, bietan Olier gidoigilearekin elkarlanean.
Nik duela gutxi izan dut Agence barbare sailaren berri Donostiako II. Komiki-Jardunaldiei esker, baina lau urte dira berau egiten diharduela. Barbares à gourdes aurretik Les rues d’Astaris, Les gants de Zohorass eta Drak party atera dituzte Bamboo Éditions argitaletxearekin.
Komikia genero fantastikokoa da, baina umorezko ukituekin, gaiagatik asma daitekeenez. Izan ere, istorioa fantasiazko mundu baten kokatuta dago, non nanoak, dragoiak, magoak, jainkoak eta alegiazko beste hainbat izaki bizi diren, The Lord of the Rings-en antzera, baina honetan denak nahastuta. Eta istorioaren protagonistak mundu horretako hiriburuko polizia-etxekoak dira... Argi dago egoera barregarri ugari sortuko direla horrelako istorio batetik, ez? Poliziek euren lankide batzuen hilketa misteriotsu batzuk argitu beharko dituzte, baina euren ikerketek konplot handiago baten arrastoan jarriko dituzte...
Gidoia orijinala da, nahiz eta jende bitxidun mundu bateko polizia-istorioa izateak Alan Moore-en Top 10 gogorarazten duen apur bat (hango hartan superheroien mundu bat zen). Barre eragiten digu gainera, eta entretenigarria ere bada (lehen bi aleetan entretenigarriagoa, dena esan behar bada). Irudiak, berriz, Markok ohituak gaituenetakoak dira, karikaturazkoak baina oso ongi eginak eta xehetasunez beteak.
Abentura eta umorezko komiki majoa, beraz. Lastima frantsesez soilik egotea!
A, eta azken jakingarri bat: Markok eta beste hainbat lagunek (Olier eta Asisko, besteak beste) kameoak egiten dituzte komikian!
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Barbares à gourdes Gidoia: Olier Irudiak: Marko Armspach Argitaletxea: Bamboo Édition Urtea: 2006 ISBN: 2-35078-112-7 |
Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, orain XHTML-rekin bateragarria
Duela ia urtebete kontatu nizuen nola Zope-rako DTML Calendar Tag produktuaren bertsio berri bat ateratzen lagundu nuen, berau internazionalizatu eta euskaratuz. Orain beste bertsio berri bat atera dut, 1.0.19 bertsioa, XHTML estandarra bete dezan.
Produktu horren hobekuntzetan eta bertsio berrietan inplikatu nintzenean, egiten ari nintzen web gune bat (Urdaburu Mendizale Elkartearena hain zuzen, irudian ikus daitekeena) euskaraz ere egotea behar nuelako izan zen, eta web gune horretan produktu hori erabiltzen nuelako. Oraintsu, berriz, eta UEUk antolatutako Web orrien irisgarritasuna: teoria eta praktika ikastaro interesgarrian ikasitakoak aplikatuz, web gune horrek berak XHTML estandarra betetzea nahi nuen. Web gunean egin beharreko aldaketak egin nituen, baina DTML Calendar Tag produktuak renderizatzen zuen kodeak ez zuen estandarra betetzen, beraz hori betetzeko beharrezko aldaketak egin nizkion produktuari eta bertsio berri bat atera.
Beraz, Zope-n egutegi bat erakusten duen web gune bat egin behar baduzu, jakizu DTML Calendar Tag produktuarekin erraz egin eta pertsonalizatu ahal izango duzula, eta gainera euskaraz eta estandarrak betez!
"OVNI" komikiaren erreferentzia
Plater hegalari bat izorratu da espazioan. Gidaria, alien bat, Lurra planetara iristen da plater hegalaria kontrolatzeko ahaleginean, baina atmosfera zeharkatzea eta lurraren kontra talka egitea gehiegi izan da ontziarentzat. Plater hegalaria deseginda dago. Aliena Lurrean harrapatuta dago, gainera, dinosauroen garaian. Gizakiak teknologia garatu arte itxaron beharko du espazio-ontzia konpontzeko eta alde egiteko.
(e-gorren oharra: Lewis Trondheim-en gidoia eta Fabrice Parme-ren irudiak dituen OVNI komikiaren komentario honekin, luxuzko beste kolaboratzaile bat estreinatzen zaigu blogean: Willy Roa Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila saioaren zuzendaria eta nire lankidea Elhuyar Fundazioan)
Azken batean, aliena historiaren lekuko bilakatzen da komiki xelebre honetan. Marrazkiak umeentzako modukoak dira, bai, eta umeentzako komikia da (edo izan daiteke). Baina komiki askotan gertatzen den bezala, bigarren irakurketa bat ere badu. Historian zeharreko bidaian pertsonai ezagunak azaltzen dira, barrea eragiteko moduan. Pitagoras eta Jesukristo, besteak beste.
Hala ere, istorioak baino gehiago formatuak egiten du xelebre komiki hau. Ez dago hitzik. Bi orriko marrazki osoak dira, esan daiteke ez dela biñetarik, eta orri baten bukaera hurrengoaren hasiera da. Komiki hau orri erraldoi bakar batean antolatuta dago, nahiz eta liburu-formatua dela eta, orrialde-pare bakoitzean marrazki erraldoi horren zati bat besterik ez dugun ikusten.
Bestalde, ez da istorio bakarra. Lurra jo bezain pronto, alienak hamaika bide hartzen ditu aldi berean, eta bide bakoitzak berezko bukaera batera eramaten du; hiltzera, gehienetan.
Egia da ez duela komikiaren mundura iraultzarik ekarriko, baina formatua behintzat neurri batean bada orijinala. Oso komiki plastikoa da, umeentzat zein helduentzat egina, eta oso atsegina ikusteko. Luze jotzen du marrazki bakoitza ikusteak, eta, beraz, bada irakurlea harrapatzeko modukoa.
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: OVNI Gidoia: Lewis Trondheim Irudiak: Fabrice Parme Argitaletxea: Glénat Urtea: 2006 ISBN: 84-8357-009-2 |

Irudia: Fabrice Parme
"Xabiroi" aldizkariaren 5. alea eta ale berezia, kalean
Urteroko hiru aleen zitari jarraiki, kalean da jada Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren 5. alea. Horrez gain, ale berezi bat ere atera dute; honetan ez dira ale arruntetako istorio jarraiak agertzen, ezohiko egileek egindako istorio labur guztiz interesgarriak baizik.
Oharra: 5. aleak urriko data du eta ale bereziak azarokoa, baina orain arte ezer idatzi ez izanak badu bere arrazoia: batetik, Dani Fano aldizkariaren koordinatzaileak esan didanez, banaketa arazoak dituzte eta aldizkaria liburudenda eta kioskoetara dezenteko atzerapenarekin iristen da; bestetik, niri etxera bidaltzen didate aldizkaria, eta esku artean izan arte itxaroten dut blogean zeozer idazteko, baina horretan ere arazoren bat dute Ikastolen Elkartekoek, are beranduago iristen baitzait. 5. alea azaro amaieran iritsi zitzaidan, baina bi aleen inguruko berria argitaratzeko itxoitea erabaki nuen, azaroko ale berezia luzaro gabe etxean beharko nukeela pentsatuz. Abenduaren hirugarren astean ikusi nituen denda baten biak (ez dakit zehazki noiztik egongo ziren bertan), baina nire aldetiko alferkeriagatik ez nuen ezer idatzi. Azkenean, aurreko astean iritsi zitzaidan ale berezia etxera, eta hona post-a.
Aldizkariaren 5. alean ohiko egile eta istorioek jarraitzen dute: Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Saiak, Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Piztia otzanak eta Dani Fanoren TeleAtoi. Umorezko orrietan, beti bezala, Manu Ortegaren Haizea, Guaikaipuro eta Patxi Peláezen Auzomorro, Asisko Urmenetaren Horkonpost eta Olier eta Markoren Haratago aurkituko ditugu. Gainera, ohiko albisteen txokoa (bide batez, hurrengo aletik aurrera nik egingo dudana), elkarrizketa (ale honetan Joseba Iriondo) eta artista gonbidatua (Rober Garayri egokitu zaio oraingoan).
Ale berezian, esan bezala, aldizkariaren kolaboratzaile diren hainbat marrazkigileri ez ohiko idazle eta irudigile ezagunak gehitu zaizkie, hainbat istorio laburrekin luxuzko alea osatuz. Bertan topatuko dituzu Harkaitz Cano eta Dani Fanoren hitzaurrea, Asisko eta Markoren Analisia, Patxi Zubizarreta eta Iñaki G. Holgadoren Bizitza Birziklatuak, Arantxa Iturbe irrati esatari eta idazlearen eta Manu Ortegaren Nork maite du Noraren amona?, Iban Zaldua azken Euskadi Literatura Sariaren irabazle eta blog honen kolaboratzailea eta Julen Ribas Numenak ederraren irudigilearen Superheroia, Arthur Suydam-en Igela eta idia eta Dani Fanoren umore-orria.
Goza ditzazuela biak ala biak!

