e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Fanxinoteka, Napartheid-ekoek osatutako fanxine bilduma
Lehengoan izan nuen, kasualitatez, Napartheidekoek osatutako fanzine bildumaren, Fanxinotekaren, berri. Fanzineak gustuko dituenak bilduma honetako aleak ikusi nahi baditu, Donostiako Artelekun dauka aukera.
Lehengo egunean Artelekun izan nintzen EH 2.0 jardunaldietan. Han Iñaki Alegriaren bidez bertako liburutegiko arduraduna ezagutu nuen, eta honek eman zidan Fanxinotekaren berri.
Fanxinoteka aurreko mendearen amaieran (zehazki 1999an) Napartheid-ekoek egindako fanzine bilduma da. 1650 izenburu eta 3969 fanzinek osatzen dute bilduma, 59 herrialde ezberdinetakoak eta 30 hizkuntza ezberdinetan. Bilduma mardula benetan, nazioartean ere estimatua (ikusi esteka honetan -"impressive" esaten diote- eta beste honetan -"great, no invaluable resource", "essential" eta "makes my mouth water" diote-). Bildumaren katalogo bat ere atera zuten, liburuxka oso txukun bat, fanzineon hainbat informazio ematen duena (kontaktu-helbidea, hizkuntza, tamaina, herrialdea...), Artelekun bertan daukatena eta online ere kontsulta daitekeena. Lastima bakarra da fanzineak eurak ez daudela ezeren (izenburuaren, herrialdearen edo hizkuntzaren) arabera ordenatuta. Denak balde handi moduko batzutan pilatuta daude. Liburutegiko arduradunak esan zidanez, duela denbora bat nonbait erakusketa bat montatzeko eraman zituzten eta horrela itzuli, berriz ere ordenatzeko astirik gabe dirudienez.
Edonola ere, baliabide aparta daukate fanzineen zaleek Fanxinotekarekin, Napartheid eta Artelekuren eskutik.
Getxoko komiki-azoka ez da urriaren hasieran izango
Berria egunkariak herenegun aurtengo Getxoko komiki-azokari buruzko erreportaje-albistea egin zuen, eta bertan urriaren hasieran (1etik 3ra) izango zela zioen. Ba ez da horrela, beti bezala abenduaren hasieran izango da, 1etik 3ra, hori bai. Post hau abisu hori emateko besterik ez zen, inor ez zedin alferrik joan. Idatziko dut beste artikulutxo luzeago bat Getxoko komiki-azokari buruz programa eta abarrak zehazten dituztenean.
"Otsobeltz", azpeitiar arnegatuarena
Iazko urtearen ondarretan ikusi zuen argia Andoni Salegiren Otsobeltz komiki-liburuak eta apirilean helarazi zidan CodeSyntax-eko Josu Azpillaga adiskideak, dedikatorian dioen bezala "euskal blogosferan lehenengo aldiz egiten den promozio-kanpainan". Nik blogean komentatuko nuela agindu nion eta, apur bat berandu bada ere, hona hemen aipatutako komiki-liburuaren iruzkina.
Andoni Salegik 1999tik egin ditu komiki-bandak Azpeitiko Uztarria herri aldizkarian, baina aurtengo urte hasieran izan zuen oihartzuna Euskal Herri mailan, euskarazko lehen komiki-bloga ireki zuenean Uztarria.com-en. Egun gutxi batzuk lehenago argitaratu zuen Uztarria Kultur Koordinakundearen eskutik Otsobeltz komiki-liburua, herri-aldizkarian hasierako urteetan erabilitako pertsonaia bat berpiztuz.
Pertsonaia hau, Otsobeltz, eta liburua osatzen duten sketch ezberdinei lotura ematen dien pertz edo lapikoa Azpeitiko armarritik hartuta daude. Liburuaren hasieran bi otso agertzen dira, pasioan doazela lapiko bat aurkitzen dutenak, armarrian bezala. Bestea joan eta gero Otsobeltz bakarrik gelditzen da, lapiko barruan begiratzen du ("aber ke se kuece... o euskeraz ze kocitzean", bikaina!) eta bertatik azpeitiartasunaren esentzia sinbolizatzen duten objektu ezberdinak ateratzen doa. Objektu horietako bakoitzak ematen dio egileari aitzakia irudikatzen duen horren inguruan hainbat tira marrazteko, atalak osatuz: Lana (aitzurra), Eoskortasune (kaskoa), Ohiturak (txistua eta danbolina), Aberriye (ikurriña), Jakituriye (liburu bat), Sexue (sexuen ikurra) eta Elizie (aitasantua).
Baina umoreaz gain, kritika zorrotza eta hausnarketa sakona daude txistez mozorrotutako komiki-banda horietan, eta Salegik azpeitiartasunaren (eta baita euskalduntasunaren ere, esango nuke nik) ikur omen diren ezaugarri horiek hankaz gora jartzen ditu eta beraietaz arnegatzen du. Egilea ausarta da, ez da batere mozten. Izan ere, ausardia behar da herriko euskara elkartearen eskutik (euskararen mundua oraintsu arte tradizio eta jatortasunarekin hain estuki lotuak izan direnean) horrelakoak argitaratzeko: sexua hain esplizituki adierazteko, danborradaren inguruan egiten duen banda jeniala egiteko (ez dut pentsatu nahi zer egingo lioketen muga aldeko nik dakidan bi herritan, hango desfileak horrela jarriko balitu!), elizarekin horrela sartzeko... Liburua oso erraz eta gustura irakurtzen da. Horretan ez du zerikusi txikia izango, nire ustez, erabiltzen duen Azpeitiko euskara sanoak.
Beraz, komiki sanoa, freskoa, barregarria ondu du Andoni Salegik Otsobeltz honetan, baina ausarta eta zorrotza aldi berean. Helduentzako euskal komikigintza eraikitzen joateko beste harri sendo bat. Zertxobait txarra bilatzekotan, tira batzuek dagokien atalarekin oso ongi ez etortzea izango litzateke, izan ere, zazpi gai nagusi horiek baino askoz gauza gehiago ukitzen dira liburuan, eta horregatik batzuk pixka bat lekuz kanpo daude euren atalean.
Beste medio batzuetan liburu honi buruz agertutakoak:
- Uztarria.com-en
- Garan
- Berrian (honek gainera ni aipatzen nau!)
- Uztarria.com-en, ez liburuari buruz, baizik eta aurreko etapari buruz
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Otsobeltz Gidoia eta irudiak: Andoni Salegi Argitaletxea: Uztarria Kultur Koordinakundea Urtea: 2005 ISBN: 84-609-8509-1 |

