Fanxinoteka, Napartheid-ekoek osatutako fanxine bilduma
Lehengoan izan nuen, kasualitatez, Napartheidekoek osatutako fanzine bildumaren, Fanxinotekaren, berri. Fanzineak gustuko dituenak bilduma honetako aleak ikusi nahi baditu, Donostiako Artelekun dauka aukera.
Lehengo egunean Artelekun izan nintzen EH 2.0 jardunaldietan. Han Iñaki Alegriaren bidez bertako liburutegiko arduraduna ezagutu nuen, eta honek eman zidan Fanxinotekaren berri.
Fanxinoteka aurreko mendearen amaieran (zehazki 1999an) Napartheid-ekoek egindako fanzine bilduma da. 1650 izenburu eta 3969 fanzinek osatzen dute bilduma, 59 herrialde ezberdinetakoak eta 30 hizkuntza ezberdinetan. Bilduma mardula benetan, nazioartean ere estimatua (ikusi esteka honetan -"impressive" esaten diote- eta beste honetan -"great, no invaluable resource", "essential" eta "makes my mouth water" diote-). Bildumaren katalogo bat ere atera zuten, liburuxka oso txukun bat, fanzineon hainbat informazio ematen duena (kontaktu-helbidea, hizkuntza, tamaina, herrialdea...), Artelekun bertan daukatena eta online ere kontsulta daitekeena. Lastima bakarra da fanzineak eurak ez daudela ezeren (izenburuaren, herrialdearen edo hizkuntzaren) arabera ordenatuta. Denak balde handi moduko batzutan pilatuta daude. Liburutegiko arduradunak esan zidanez, duela denbora bat nonbait erakusketa bat montatzeko eraman zituzten eta horrela itzuli, berriz ere ordenatzeko astirik gabe dirudienez.
Edonola ere, baliabide aparta daukate fanzineen zaleek Fanxinotekarekin, Napartheid eta Artelekuren eskutik.