e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Inodoro Pereyra eta Mendieta txakurra
Argentinako komikigilerik ezagunena Quino edukiko dogu gehienok, Mafalda jenialaren aita dana. Eta Maitenaren barri be askok edukiko dozue dagoeneko. Baina Fontanarrosa aitatuz gero, zer? Neuk orain dala denpora gitxi eta Arrasateko lankide bateri esker ezagutu dot hirugarren hau, Ozeano Atlantikoaz bestaldean aski famatua dana. Bere pertsonaiarik ezagunenetakoa Inodoro Pereyra da.
Roberto Fontanarrosa Rosarion (Argentina) jaio zen 1944an, haren berbetan: "Era domingo y el parto había sido normal, salvo por un detalle: el bebé resultó negro y canalla.". "Humor Gráfico"aren egile honen lanen artean, bi dagoz nabarmentzekoak: alde batetik, Boogie, el aceitoso pertsonaia "underground" eta iluna, eta bestetik hamen komentau nahi dodana, Inodoro Pereyra, el renegau.
1972an ekin zion Fontanarrosak Inodoro Pereyra gautxoa, Mendieta haren txakurra eta Eulogia haren emaztearen abenturak argitaratzeari. Ordutik, 30 urte baino gehiago pasau dira eta ia 30 liburu argitaratu ditu dagoeneko, Ediciones de la Flor argitaletxearen eskutik.
Pertsonaiaren izen xelebreak eta lankideak hari buruz kontautakoak erakarrita, Argentinara egindako bidaia aprobetxau neban "arnegaria"ren nondik norakoak lelengo aldiz dastatzeko. Haren liburu batzuk han feriatu eta hona ekarri nituen, gero Jose Luis lankideak laga zizkidan beste batzuk eta, azkenik, Javi lagunak beste batzuk ekarri zizkidan opari orain dala gutxi.
Hizkera da, izena beraren ondoren, Inodororen bigarren ezaugarririk nabarmenena. Geure baserritarren moduan, gautxoek be euren berba egiteko era propioa deukie, gaztelera trakestzat har dezakeguna baina bizi-bizia dana beti be, "gaztelera batua" zuzen hori baino erakargarriagoa dana (beste baterako laga dezakegu euskal baserritarrek euren hizkera bizi eta naturalagaz deukiezan konplexuen azterketa...). Euskal abizena deukon txakurrak be, Mendieta horrek, berba egiten dau, eta askotan gautxoaren izaera sutsuaren kontrapuntu zentzuduna emon behar izaten dau: "Negociemos, Pereyra". Pampa zabalean lantzean behin agertzen diren soldadu argentinarrekin eta indio "bildurgarri"ekin egin behar dabe topo, hain zuzen be, baina askotan horiek guztiak zoratzeko ahalmena deuko geure bikoteak.
Hala eta guztiz be, bikotea baino hirukotea da istorio hauen guztien ardatza, Eulogia emaztea be batzuetan (ez sarritan) biñetaratzen daualako Fontanarrosak. Senarraren ataraldi dibertigarrien ondoan, andrak oso paper grixa jokatu behar izaten dau, sarri senarraren ataraldien euren sorburua izanda: "Endijpué de tantos años, si tengo que elegir otra vez, la elijo a la Eulogia con los ojos cerrados. Porque si los abro elijo a otra".
Hauxe izan da, ganetik, gautxo honen komikiari buruz egin nahi neutsuen aurkezpen laburtua. Eta honegaz batera gomendioa: lagunek edo senideek (gutariko nork ez deuko familia Argentinan?) handik hona ekarteko opari aproposa hauxe dozue. Edo, are hobeto, zuek haruntza junez gero, badakizue zer ekarri neuri.
Xabiroi, Angoulême-ko komiki-azokara
La cárcel de papel-en bidez jakin dut Ikastolen Elkartearen Xabiroi aldizkaria hilaren 26tik 29ra egingo den Angoulême-ko komiki azokan izango dela, Europako komiki azokarik garrantzitsuenean alegia.
"La cárcel de papel"-en Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa aipatutako azokan izango dela besterik ez dio, eta azokaren web gunean bilatuta aurkitu dudan bakarra da Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa argitaletxeko egile batzuk bertan egongo direla : Raquel Alzate, Marko Armspach, Edorta Arregi, Harkaitz Cano, Dani Fano, Iñaki G. Holgado, Olliver Gileron, Juan Luis Landa, Joxean Muñoz, Manu Ortega, Patxi Pelaez eta Asisko Urmeneta. Guztiak ere Xabiroiko marrazkilari edo gidoilariak direnez, argi dago Xabiroi aldizkariarekin zerikusia duten zerbaitegatik doazela azokara. Baina aldizkaria aurkeztera, aldizkariari buruzko erakusketa bat antolatzera, lehiaketetako baten parte hartzera, aleak sinatzera edo zertara doazen ez dut inon aurkitu. Norbaitek zeozer gehiago baleki...
Blogaren atal ezberdinetara harpidetzeko aukera e-gorblogen
Blog honetan aurrerantzean atal ezberdinetara (komikiak, informatika eta beste gogoetak) harpidetzeko aukera egongo da. Horrez gain, blogeko erantzunetara harpidetzeko aukera ere egongo da.
Orain artean blog honetan (blog gehienetan bezala) blogeko artikulu guztietara harpidetzeko aukera soilik zegoen. Baina gauza oso ezberdinei buruz idazten dudanez (komikiak, informatika eta bestelako gogoetak), pentsatu nuen ziurrenik egongo dela jendea soilik ataletako baten interesatuta dagoena. Ba horientzat, orain feed ezberdinak ditu atal bakoitzak (ikusi menuko "Harpidetu" atala). Orain nahi duena soilik komikietara, edo soilik informatikara, edo soilik beste gogoetetara harpidetu daiteke. Eta, noski, nahi duenak guztietara harpidetuta jarrai dezake.
Bestalde, lehendik ere bazegoen aukera azken artikuluetako bakoitzaren erantzunetara harpidetzeko (ikusi azken artikuluek daukaten "Erantzunetara harpidetu" esteka). Baina aurrerantzean blogeko erantzun guztietara harpidetzeko aukera ere jarri dut.
On egin dagizuela!
Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
Joan den ostiralean, iazko abenduaren 30ean, Ruben Arozena "Ruben" komikigilea bihotzekoak jota zendu zen, 39 urte zituela.
Rubenek Triski eta Bi Luma komikiaren bi orrialde argitaratzen zituen hilero Ipurbeltz aldizkarian.
(Hileta elizkizunak gaur, urtarrilak 2, arratsaldeko 7etan izango dira Elgoibarko parrokian)
Ruben Arozena Elgoibarren jaio zen duela 39 urte. Ikasketak Valentzian egin zituen. Azken urteetan Bilbon bizi zen.
Ruben 17 urterekin hasi zen Ipurbeltzekin kolaboratzen, Triskilistraski pertsonaiarekin. Gero pertsonaia horri Bi Luma gehitu zitzaion, oraindik ere jarraitzen duen Triski eta Bi Luma bihurtuz. Horiez gain beste komiki batzuk ere argitaratu ditu Ipurbeltzen: 1988an Brans eta 1989tik 1994ra Aigar eta Pello gerlariak.
Horrez gain, Habe, Habeko Mik, Aizu eta Hemen aldizkarietan ere publikatu izan ditu komikiak. Eta euskara ez den beste hizkuntza batzuetan ere bai, hala nola El Víboran eta Erromako Nuova Frontieran.
Doluminak Rubenen sendiari eta Ipurbeltzeko guztieri.
(Eskerrik asko Joxean Lopetegi Lope eta Ipurbeltzekoak informazioagatik)

