e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Getxoko IV. Komiki Azoka, abenduaren 2tik 4ra
Getxoko IV. Komiki Azoka izango da asteburu honetan, abenduaren 2tik 4ra. Areetako Geltokiko Plazan jarriko den 2.500 metro koadroko karpan izango da, eta ordutegia 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 21:30etara izango da. 60 postu baino gehiago egongo dira bertan eta horrez gain egitarau mardula dago antolatuta, egile ugariren partehartzearekin.
Aurtengo edizioak Olmo (Don Celes-en egilea) eta Bilboko Tótem liburudenda omendu nahi ditu. Hainbat erakusketa ere egongo dira azokan: Don Celes-i eskainitako monografikoa, Ricardo Martínezi buruzkoa (Ricardo & Nacho bikoteko kidea, Goomer pertsonaiaren sortzailea eta aurtengo kartelaren egilea), TOS aldizkariari eskainitakoa, "El Balanzin" izenekoa eta "Samuráis, otros tiempos, otras culturas" izenekoa.
Bertan izango diren egileen artean, Horacio Altuna argentinarra, Carlos Ezquerra (Dredd Epailearen marrazkiak egindakoa, besteren artean) eta Joe Kelly eta Pascual Ferry (Marvel eta DC-n aritutakoak) nabarmentzen dituzte antolatzaileek, baina askoz gehiago ere egongo dira: José Luis Martín, Óscar Nebreda, Albert Monteys, Manel Fontdevilla, Ismael Álvarez, Fabrice Neaud, David Rubín, Raquel Alzate (azken honi buruz hitz egin genuen blog honetan aurreko baten), Fermín Solís, Juanjo el rápido, Javier de Isusi, Pepo Pérez, Ken Niimura, Pedro Rodríguez, Rober Garay eta Manuel Bartual.
Horrez gain, nobedadeen aurkezpenak, egileen sinaketak, mahainguruak, proiekzioak eta zine-zikloak izango dira. Eta Algortako eta Romoko erakusketa-aretoetan eta Getxoko zenbait lokaletan sei erakusketa izango dira: Kike Martínez, Dani Maiz, Raquel Alzate, Martín de Diego eta Alex Orbe.
Egitarau ederra benetan! Ea joaterik dudan...
Bilbotik zuzenean moblogeatzen IV

Eibartarrak posta-zerrendakoak
Ezkerretik eskuinera: Ni neu, Luistxo, Etiam, Xabier, Eneko eta Jose del Moral
Bilbotik zuzenean moblogeatzen III

Jendea posteatzen, nabigatzen, berba egiten...
Biharko "Blogs & Beers" euskaldunean "moblogging" egiten saiatuko naiz berriz
Bihar iluntzerako irratia.com-ek Bilboko Kafe Antzokian deitu duen Blogs & Beers-era joateko asmoa dut, eta berriz ere moblogging egiten, hau da, telefono mugikorretik zuzenean blogean argitaratzen, saiatu nahi dut.
Hirugarren aldia izango da hau egiten saiatuko naizena. Lehena Elgetako B&B-n izan zen (ikus bidalitakoak hemen, hemen, hemen, hemen eta hemen) eta bigarrena IEB 2005-en (ikus bidalitakoa hemen, hemen, hemen eta hemen).
Ez da nik gero aurrerantzean baliatzeko asmoa dudan teknika bat: ezerosoa da artikulu luzeak mugikorrean tekleatzea eta mugikorrekin atera daitezkeen argazkien kalitatea ez da oraindik oso ona, Elgetakoa eta gero idatzitako artikulu honetan nioen bezala. Hala ere, gauza berriekin saltseatzea gustatzen zait, nahiz eta gero sarritan dominatzen ditudanean baliatzen jarraitu ez. Baina hau oraindik ez dut dominatuta, bigarren aldian huts egin baitzidan, mugikorraren konfigurazio arazo bategatik (oraindik ez dakidana da zergatik galdu zuen konfigurazioa derrepentean!), eta probatzen jarraitu nahi dut. Horrez gain, normalean erabili ez arren, ongi dago teknika dominatzea, horrela noizbait ezohiko gauzaren baten lekuko izanez gero zuzenean posteatu ahal izateko. Eta noski, gero hori egin nahi duenari irakasteko prest nago.
Beraz, biharko Blogs&Beers-era ez zoaztenak baina haren berri jarraitu nahi duzuenak, blog honetan izango duzue zuzen-zuzenean eta instantean egindako fotokronika txiki bat (testu laburrekin, e, mugikorrean testuak idaztea koñazo bat da eta!), edo hala nahi nuke behintzat! Eta bazoaztenak, bihar ikusiko dugu elkar!
"Watchmen" 20 nobela geek-enen artean
Ez dut pelma izan nahi, baina ezin dut ebitatu. Hala ere, laburra izango naiz. Microsiervos-en bidez jakin dut The Guardian egunkari britainiarraren blog baten 20 nobela geek-enak aukeratzeko bozketa egin dutela, eta bertan Watchmen komikia agertzen dela 12. postuan.
Watchmen Alan Moore gidoilari handiaren eta Dave Gibbons irudigilearen maisulana da, nobela grafiko aparta.
Blog honetan berriki komentatu nuen nire ustez inoizko komikirik onena zela. Geroxeago jakin nuen Time aldizkari entzutetsuak 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen zerrendan sartu zuela. Eta geroxeago oraindik Sussana Clarke-k, 2004an Jonathan Strange & Mr Norrell idatzi zuenetik fantasiazko nobelen munduan modan dagoen autoreak, Watchmen bere bost liburu gogokoenen artean hirugarrena aipatzen duela eta Alan Moore bere bost autore gogokoenen artean bigarrena, elkarrizketa honetan dioenez.
Eta zuk zer, ez duzu oraindik irakurri? Zeren zain zaude? Zein beste froga gehiago behar duzu? Korri liburudenda batera erostera, edo liburutegiren batera alokatzera, edo eMule-ra jaistera!
Josemaría Escrivá de Balaguer-en bizitza, komikitan
Berri hau argitaratu edo ez zalantzan egon naiz, ez baitiot publizitaterik egin nahi, baina eske da superfuerte, eta gainera ez dut uste hau irakurtzen duen inork erosiko duenik, beraz... La cárcel de papel-en bidez jakin dut Opus Dei-ren sortzaile Josémaría Escrivá de Balaguer-en bizitzari buruzko komiki bat atera dutela Frantzian. Eta ez noa gehiago esatera, nahi duenak hor du goiko esteka (beste estekarik ere ez dut jarriko jende horren propagandarik ez egiteko).
"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
Blog honen komikien atalean sarritan aipatzen dut La cárcel de papel. Hemen komentatutako berri asko handik ateratakoak izaten dira, eta beste batzuetan hango informazioarekin edo harako estekekin osatzen ditut artikuluak. Espainian dauden komikiei buruzko blogen artean onena da, dudarik gabe. Bere egilea, Álvaro Pons, optikako irakaslea da Valentziako Unibertsitatean, baina komikiak ditu afizio. Bere blogeko artikuluak irakurtzea plazer hutsa da. Komikiei buruzko bere jakinduria entziklopedikoak ez du mugarik eta berauei buruz idazten duenean nabaritzen zaio zenbat maite dituen, horrelako pasioaz egiten du non kontagiatu egiten duen.
Ba abuztuan, berri gutxiago egon ohi delako edo berak denbora gehiago duelako, auskalo, bere komiki gustukoenei buruzko artikulu sorta bat idazten hasi zen. 20 artikulu idatzi zituen, gustukoen dituen 20 komikiei buruz. Oso-oso artikulu ederrak dira. Aurrez ezagunak nituen komikiei buruz gauza gehiago ikasteko aukera eman zidaten, beste hainbat komiki berri ezagutzekoa ere bai, eta gainera, lehen esan bezala, pegatzen den maitasunez idatzita daude, eta lan horiek ezagutzeko gogoa pizten dute. Oraindik artikulu horiek idazten jarraitzen du baina maiztasun txikiagoz, eta luze joko duela dirudienez, zuei horien berri apurka-apurka ematea erabaki dut. Oraingoz, hemen daukazue La cárcel de papel-en irudiz inoizko 20 komiki onenen zerrenda, bakoitzari dagokion artikulurako estekarekin. Nik beste goza dezazuela berauek irakurtzen!



