Biharko "Blogs & Beers" euskaldunean "moblogging" egiten saiatuko naiz berriz
Bihar iluntzerako irratia.com-ek Bilboko Kafe Antzokian deitu duen Blogs & Beers-era joateko asmoa dut, eta berriz ere moblogging egiten, hau da, telefono mugikorretik zuzenean blogean argitaratzen, saiatu nahi dut.
Hirugarren aldia izango da hau egiten saiatuko naizena. Lehena Elgetako B&B-n izan zen (ikus bidalitakoak hemen, hemen, hemen, hemen eta hemen) eta bigarrena IEB 2005-en (ikus bidalitakoa hemen, hemen, hemen eta hemen).
Ez da nik gero aurrerantzean baliatzeko asmoa dudan teknika bat: ezerosoa da artikulu luzeak mugikorrean tekleatzea eta mugikorrekin atera daitezkeen argazkien kalitatea ez da oraindik oso ona, Elgetakoa eta gero idatzitako artikulu honetan nioen bezala. Hala ere, gauza berriekin saltseatzea gustatzen zait, nahiz eta gero sarritan dominatzen ditudanean baliatzen jarraitu ez. Baina hau oraindik ez dut dominatuta, bigarren aldian huts egin baitzidan, mugikorraren konfigurazio arazo bategatik (oraindik ez dakidana da zergatik galdu zuen konfigurazioa derrepentean!), eta probatzen jarraitu nahi dut. Horrez gain, normalean erabili ez arren, ongi dago teknika dominatzea, horrela noizbait ezohiko gauzaren baten lekuko izanez gero zuzenean posteatu ahal izateko. Eta noski, gero hori egin nahi duenari irakasteko prest nago.
Beraz, biharko Blogs&Beers-era ez zoaztenak baina haren berri jarraitu nahi duzuenak, blog honetan izango duzue zuzen-zuzenean eta instantean egindako fotokronika txiki bat (testu laburrekin, e, mugikorrean testuak idaztea koñazo bat da eta!), edo hala nahi nuke behintzat! Eta bazoaztenak, bihar ikusiko dugu elkar!
Aupa E-gor:
Eman eskuminak bertan biltzen zareten guztiei.
Foballak agintzen du biharkoan. Ea behintzat Realak mendean hartzen duen Madrila.
Ondo pasa.