e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Marjane Satrapi, berriz irabazle Angoulêmen
Aste honetan bertan idatzi dut blog honetan Marjane Satrapiren "Persepolis" lanari buruzko artikulu bat, lehenago Angoulêmen gidoi onenaren saria irabazitakoa. Ba oraintxe bertan jakin dut bere azken lanak, "Poulet aux Prunes"-ek, irabazi duela aurtengo sari nagusia, album onenari ematen diotena.
Atzo gauean izandako sari banaketan bertan jakinarazi zuten izendatutakoen artetik nor den irabazlea, Oscarren antzera. Ekitaldiak ere Oscarren itxurakoa dirudi, argazkiaren arabera... Behintzat "Persepolis" komikiko Marjane protagonistaren benetako aurpegia ikusi ahal izateko balio digu!

Irudia: www.bdangouleme.com
Ea noiz dudan aukera lan berri hau irakurtzeko. Ez dut uste oraindik Espainian eta gaztelaniaz argitaratu dutenik, baina Hendaia hortxe bertan daukat, eta bestela eMule hor dago...
"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
Duela gutxi eskuratu nuen Marjane Satrapiren "Persepolis" obraren 4. tomoa, eta serie osoa berrirakurtzeko aprobetxatu dut. Lan ederra eta sakona da oso, haur baten ikuspegi inozentetik Iraneko azken 30 urteotako historia, politika eta gizarte mailako kontu gogorrak ezin hobeto kontatzen dituena. 2002. urtean Angulemako komiki-azokan gidoi onenaren saria irabazi zuen.
"Persepolis" lana Marjane Satrapiren komiki autobiografikoa da. Iraneko kapitalean, Teheranen, jaio zen Marjane, eta bere bizitza ezin da ulertu bere herriaren testuinguru historiko eta politikoan ez bada. Honela, bere bizitza berak gogoratzen duen unetik (6 urte inguru zituenetik edo) kontatuz, Iraneko azken 30 urteen historia gogorra kontatzen du: diktadura, iraultza, errejimen integrista, Irakekiko gerra...
Istorioa, baina, haur baten (bera halaxe baitzen) ikuspegitik kontatzen du, haur batek soilik izan dezakeen ikuspuntu xalotik. Baina xalotasun horretatik gauza sakon eta gogorrak deskubritzen ditu, eta dizkigu. Asko pentsarazten digu eta hausnarketa sakonak eragin. Istorio arras hunkigarria da, une askotan negar eragiten duena.
Irudiak ere gidoia bezalakoxeak dira, sinpleak baina asko gordetzen dutenak. Sinpletasun ikaragarrizkoak, haur batek marraztuak balira bezala, txuri eta beltz hutsean. Ez baita gehiago behar benetako bizitzako istorio errealak kontatzeko, eta agian txuri-beltz hori delako kontakizun krudel horiek kontatzeko modurik onena.

Irudia: Marjane Satrapi
Lehen eta bigarren tomoetan Marjanek bere haurtzaroa kontatzen digu. Marjaneren familia diruduna, ikasia eta modernoa da. 70eko hamarkadako Sha-ren diktaduran errejimenaren aurka daude, ezkerrekoak izaki (horren kontraesan guztiak ere azalerarazten ditu Marjik). Euren ingurukoek jasandako krudelkeriak kontatzen ditu. Iraultzak irabaztean, euren esperantzak zapuztuta ikusten dituzte, errejimen berria erlijioaren integristek osatzen dutela ikustean. Orduan garai are gogorragoak hasten dira, errepresioa eta Irakekiko gerrarekin. Marjane txikiak ez du bere ingurua ulertzen eta bere aurka altxatzen da.
Hirugarren tomoan gurasoek Marji Europara bidaltzen dute, bizimodu duina eta arriskutik librea izan dezan. Austrian pasatuko du bere nerabezaroa, baina bertako bizimodua ere ez zaio erraza egiten. Gure gizartearen kontraesan ugari erakusten ditu. Bere haragitan bizitzen ditu kanpotarrekiko mespretxua batzutan, indiferentzia beste batzuetan eta exotikoarekiko miresmen/adeitasun faltsua bestetan.
Hirugarren tomoaren amaieran Marjane Iranera itzultzen da, eta badirudi hor bukatzen dela serie guztia, lehen tomoa hasi zuen irudi berarekin bukatzen baitu hirugarrena, zapiarekin. Baina laugarren tomo bat dago, non Iranen bere heldu bizitza kontatzen duen, azkenean, bertako egoerak asfixiatuta, betirako Europara bizitzera joatea erabakitzen duen arte.
Nik ez ditut atsegin gurea bezalakoa ez diren gizarteei maiz egiten zaizkien kritikak, euren kontestuan kokatu gabe edo euren egoera ulertu gabe, mundua guztia gure parametroen arabera egon beharko balitz bezala. Eta esan dudanagatik agian irudi luke Satrapik Irani egiten dion kritika gogorra jende okzidentalizatuaren ikuspuntu horretatik egiten duela. Ez da horrela. Berak maite du bere herria. Abertzalea da eta erlijiosa ere bada, integrismoa eta errepresioa da kritikatzen duena. Eta horren froga da Europako bizimodua ere asko kritikatzen duela.
Nik lehen bi tomoak izugarri atsegin ditut. Kalitate itzela dute. Haurraren ikuspegi horretatik erabiltzen duen ironia eta kritika oso orijinalak eta sakonak dira. Hirugarren eta batez ere laugarren tomoetan ikuspegi hori galtzen du (derrigorrez), baina hala ere oso ongi eginak egoten jarraitzen dute, eta seriea bere osotasunean ikusita oso ona da. Nire gusturako hirugarrena da agian eskastxoena, ziur aski niretzat ezaguna den gizarte bat deskribatzen duelako eta ez didalako besteek besteko gizarte baten "deskubrimendua" egiten. Edo agian ni ere, munduko pertsona izan nahi arren, sakonean okzidentalizatu dirudun bat besterik ez naizelako eta nire gizartearen kontraesan, miseria eta okerkeriak erakusten dizkidalako izango da?
Lan borobila Marjane Satrapiren lehen obra hau. Bere egilearen azterketa-gaitasun eta maisutasun sakonaz ohartzeko, bereziki gustatzen zaidan pasartetxo iragarle bat (kontuan izan 1999koa dela): 1979an Sha-ren errejimenaren aurkako iraultzak irabazi eta gero, Marji eta bere ama pozik daude eta aitak dio "Ekialde Ertainean petrolioa daukagun artean, ez dugu bakerik ezagutuko".
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Persepolis Gidoia eta irudiak: Marjane Satrapi Argitaletxea: Norma Urtea: 2002 - 2003 - 2003 - 2004 ISBN: 84-8431-561-4 - 84-8431-562-2 - 84-8431-704-8 - 84-8431-936-9 |
Monoblogoa
Blog bat idazteak ematen duen satisfazio handiena erantzunak jasotzea da, norbaitek irakurtzen zaituela eta idazten duzuna interesatzen zaiela esan nahi baitu. Nik blog berria martxan jarri nuenean, duela hilabete inguru, erantzun mordoxka eta poz handia jaso nuen. Baina hori izan zen Sustatun iragarri nuelako, eta asko ongi etorri mezuak ziren. Ziurrenik aurrerantzean ez dut erantzun askorik jasoko, eta nire blog hau monoblogoa bihurtuko da.
Normala da hori horrela izatea, ondoko kausak medio:
- Euskaldunak gutxi gara, euskaldun internautak gutxiago eta blog euskaldunak irakurtzen ditugunak are gutxiago
- Jende askok ez ditu RSS feed-ak edo Bloglines moduko zerbitzuak ezagutzen; jende horrek blog interesgarri bat aurkitzen badu, nabigatzaileko gogokoen zerrendan gordeko du, eta noizean behin (normalean egunean behin) sartuko da ea ezer berririk dagoen ikustera; ez baduzu maiztasun nahiko handiarekin gauzak argitaratzen, aspertu egingo da eta sartzeari utziko dio; eta nire asmoa hilabetean bizpahiru gauza idaztea denez...
- Jendeak zure bloga irakurrita ere, irakurleen portzentaje batek soilik dauka erantzuteko ohitura
Horregatik, asumituta daukat nire bloga ia ziur monoblogoa bihurtzera kondenatuta dagoela, blogari euskaldun gehienona bezala. Denborarekin gauza hobetuko den esperantza ere badut, aipatutako lehen eta bigarren puntuak hobetzen doazen neurrian.
Baina feedback-ik ez jasotzea baino okerragoa litzateke irakurri ere inork ez irakurtzea. Eta nik behintzat zalantza hori daukat beti. Inork irakurtzen al nau? Merezi al du idazteko lana hartzea? Izan ere, internetek hori dauka: antzerkian ez bezala, ez dakizu audientziarik duzun ala desertuan predikatzen zabiltzan.
Hori argitu nahian, aipatutako Bloglines zerbitzura jo dut. Zerbitzu honek hainbat blogetara harpidetu eta berauetan artikulu berriak noiz ateratzen diren ikusteko balio du. Eta gainera blog jakin batek zenbat harpidedun dituen ikus dezakegu. Helbide honetan euskarazko blogen zerrenda dago. Eta nik ere neure harpidetza-zerrenda dut, euskarazko hainbat blogez gain gaztelaniazko eta ingelesezko beste batzuekin. Harpidetza-kopuruen azterketa egin eta ondokoak ikusi ditut:
- Tknika EAEko Lanbide Heziketaren Berriztapenerako Zentroak teknologiari buruz duen blog bat da, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak dituena; bada, Harry Potter filmaren emisioak ez bezala, euskarazko bertsioak gaztelaniazkoak baino harpidedun gehiago ditu, 25 euskarazkoak eta 8 gaztelaniazkoak! Honen arrazoia, dudarik gabe, Sustatu, CodeSyntax eta Eibar.org-ek osatzen duten Hirutasun Santuak (hauek ere, kristau erlijioaren hirutasuna bezala, hiru eta bat dira aldi berean, inork hori nola den ongi ulertzen ez dugularik) euskaldunon artean internet, teknologia berriak, blogak, RSS jarioak eta Bloglines promozionatzen egindako lan eskerga da. Eskerrik asko, beraz.
- Aurrekoa konfirmatzeko konpara ditzakegu Sustatu eta Barrapunto-ren harpidedun kopurua: 61 eta 615 hurrenez hurren. Bi webguneak antzekoak izanik (Barrapunto teknikoagoa eta Sustatu kulturazaleagoa diren arren), harpidedun kopuruok ez dira inola ere euskara eta gaztelaniaren hiztun kopuruekiko proportzionalak.
- Nire blogera 18 daude harpidetuta; beraz, badakit gutxienez horrenbestek irakurtzen nautela (espero dut gehiago izango direla, Bloglines erabiltzen dutenez gain), eta hori ez da gutxi! Euskarazko blog pertsonalen ranking-ean 12.a nago 55etik, liderraren (Luistxoren) harpidedunen ia erdiarekin. Gainera, nirea baino askoz lehenagokoak, ezagunagoak, interesgarriagoak eta hobeak diren beste blog batzuen aurretik nago. Ziur hori Sustatun iragarri izanagatik dela. Beraz, bloga lehendik martxan zenuten pionero langile finei gomendatzen dizuet zuen bloga Sustatun anuntziatzeko, ziur harpide kopuruak gora egingo dizuela.
Beraz, artikulua ezkor samar hasi badut ere, bada itxaropenerako tarterik:
- Badakit 18k behintzat irakurtzen nautela
- Bloga iragarri eta gero idatzitako artikulu batzuk erantzunak jaso dituzte, beraz, oraingoz ez da monoblogo bat!
- Euskaldun blogosfera, idazle zein irakurle aldetik, osasuntsu dago, beste hizkuntza batzurekin proportzioan konparatuz
- Blog fenomenoa orokorrean gora doanez, pentsatzekoa da euskarazkoak ere onera egingo duela
Aurrera, beraz, euskal blogosfera!
Nola hobetu zure COREBlog bloga I: Estiloa aldatzeko aukera
Artikulu honetan azalduko dut nola lor daitekeen COREBlog produktuan oinarritutako blog baten (eibar.org-eko blog guztiak hala dira) erabiltzaileak estiloa dinamikoki aldatzea, beste blogger batzuek nahi badute egin ahal dezaten.
CSS estilo-orriak lortu edo diseinatu eta COREBlog-era ekarri
COREBlog-ek CSS estilo-orria behar du blogak itxura polita izateko. CSS estilo-orri propioak sortu nahi badituzu, irakurri hau.
eibar.org-en ostatatutako blogek Jeff Hicks-ek egindako hobekuntza bat dute, zeinari esker MovableType 2 blogak egiteko plataformaren CSS orriak erabil daitezkeen. Plataforma hori oso erabilia da, eta beraz estilo-orri mordoa daude eginak berarentzako. Nik MovableStyle.com orritik jaitsi nituen nire orrian ditudanak, eta horrez gain internetetik beste mordoxka bat lortu nuen, "powered by movabletype 2" googleatuz.
Lortutako edo diseinatutako orri horiek gordetzeko COREBlog-en barruan karpeta bat sortzea komeni da, txukuntasunagatik. Nire kasuan css deitu diot. Karpeta horretan CSS orri bakoitzeko DTMLMethod bat sortu behar da, izena style_css + zenbaki bat jarriz bakoitzari (style_css01 lehenari, style_css02 bigarrenari eta abar). DTMLMethod horien izenburua estiloaren izena izango da, eta edukia jaitsitako orria. Estilo-orriek irudiak erabiltzen badituzte, horiek ere sartuko dira karpeta honetan, Image elementu gisa.
Estiloa-aldatzeko aukera
Moduluen karpetan (normalean modules) DTMLMethod berri bat gehituko dugu, eta hau idatziko dugu bertan:
<div class="sidetitle">Itxura aldatu</div>
<div class="side">
<form action="change_style" method="POST">
<select name="new_style">
<dtml-in "css.objectValues('DTML Method')" sort=id>
<option value="<dtml-var "id()[9:]">"<dtml-if "REQUEST.has_key('style')"><dtml-if "id()[9:]==REQUEST['style']"> selected</dtml-if><dtml-else><dtml-if "REQUEST.SESSION.has_key('style')"><dtml-if "id()[9:]==REQUEST.SESSION['style']"> selected</dtml-if></dtml-if></dtml-if>><dtml-var title></option>
</dtml-in>
</select>
<input type="SUBMIT" name="SUBMIT" value="Aldatu">
</form>
</div>
Honek egiten duena da css karpetan dauden style_css izeneko elementu guztien tituluekin aukera-zerrenda bat sortu, defektuz azken aldian aukeratutakoa agertzen delarik markatuta.
Ondoren modules horretako index_htmlan deitu beharko diogu modulu berriari.
Estilo-aldaketa gordetzeko
Gero COREBlog-aren orri nagusian change_style izeneko DTMLMethod bat sortu behar dugu, eta hau idatzi bertan:
<dtml-call "RESPONSE.setCookie('style',new_style,expires='Wed, 19 Feb 2020 14:28:00 GMT')">
<dtml-call "REQUEST.SESSION.set('style',new_style)">
<dtml-call "RESPONSE.redirect(blog_url)">
Honek egiten duena da aukeratutako estiloaren zenbakia erabiltzailearen ordenagailuko cookie baten gorde. Cookie-ak desgaituta dauden kasurako, sesio-aldagai baten gordetzen du (azken honetan ez du aukeratutako estiloa hurrengo sesioan gogoratuko).
COREBlog-i esan aukeratutako estilo-orria erabiltzeko
Blog-eko orri guztiek erabiltzen duten goiburukoan (normalean blog_header) lerro hau jarri behar dugu, dagoena ordeztuz:
<link rel="stylesheet" href="<dtml-var blogurl missing="">/css/style_css<dtml-if "REQUEST.has_key('style')"><dtml-var style><dtml-else><dtml-if "REQUEST.SESSION.has_key('style')"><dtml-var "REQUEST.SESSION['style']"><dtml-else>07</dtml-if></dtml-if>" type="text/css" />
Honek esaten dio nabigatzaileari cookiean edo, ez badago, sesio-aldagaiean gordetako zenbakia duen estilo-orria kargatzeko, eta hauetako bat ere ez badago, defektuzkoa kargatzeko (kasu honetan 07 zenbakiduna).
Eta hau da guztia. On egin!

