Anubis 3.0, gaur egungo arimagabeen kritika gupidagabea zientzia fikzioz mozorrotuta
Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariak urtean behingo albumen argitalpenekin jarraitzen du. Euskarazko komikigintzan aktiboki eta era jarraituan aritzen den agente bakarra dugun hau (digitalean soilik eta lau hizkuntzatan argitaratzen duen Sauré argitaletxearen salbuespenarekin), album bilduma oso majoa osatzen ari da. Aurretik Saiak (Joxean Muñoz eta Juan Luis Landa), Piztia otzanak (Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado), TeleAtoi (Dani Fano) eta Azken garaipena (Iban Zaldua eta Julen Ribas) atereak zituen; oraingoan Dani Fano aldizkariaren koordinatzailearen album berri bat kaleratu du: Anubis 3.0 - Arimaren pisatzea.
Anubis 3.0 komikia zientzia fikziozkoa da (etorkizunean kokatua, non jendearen arima pisatzen duen makina bat asmatu duten, antzinako egiptoarren psikostasiaren bideari jarraiki), baina neurri batean soilik. Bere benetako helburua gaur egungo munduaren gizatasunaren (edo gizatasunik ezaren) inguruko hausnarketa eta kritika egitea da. Hala, arima pisatzen duen makinaren bitartez, gure jendartean goi mailan dauden klase sozialak larrutzen dira gupidagabe: tertulianoak, enpresariak, bankariak, publizistak, mediku dopinlariak... Mendeku pertsonala hartzen du egileak horien guztien kontra.
Horrela esanda panfleto politiko edo kritika sozial hutsa lirudikeen arren, ezer ez errealitatetik urrunago. Lanaren kalitatea eta balio literarioa ezin dira zalantzan jarri. Istorioak landuak dira oso, ezusteko biraketez beteak. Aurretik Xabiroi komiki-aldizkarian atalka agertu denez, pertsonaia bakoitzaren istorioak autokonklusiboak eta osoak (bere zentzu guztietan) dira, baina aldi berean arima pisatzearen kontuak ematen dio guztiari beste osotasun bat, ustekabeko amaiera eder batekin. Eta zientzia fikzioaren tradizio klasikoenean bezala (Blade Runner, I, robot...), robotaren figuraz baliatzen da egilea gizatasunaz hausnartzeko, hemen ere agian denetan humanoenak arimagabeko robota delarik...
Daniren lanetan ohikoa denez, irudi eder eta landuez hornitua dago albuma. Gainera, hiru garai irudikatu beharraren zailtasun gehigarria du, komikian antzinako Egipto, gure garaia eta etorkizuna agertzen baitira. Denetan ederki moldatzen dela erakusten du Danik (etorkizuneko dekoratuak marrazten aurreko TeleAtoi albumean jasotako esperientzia nabari da).
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi albumaren promoziorako Dani egiten ari den lana, orain arte ikusigabea euskarazko komikigintzan. Webgune ikaragarria egin du (http://anubiskomikia.blogspot.com), informazio baliagarri eta irudi eder ugarirekin hornitua: komikiaren sinopsia, psikostasia zer den, orrialde baten eraikitze prozesua, irudi amaituen eta zirriborroen galeria, komikiaren 10 orri ikusteko aukera... Eta (nik dakidala, lehenengo aldiz euskarazko komiki batentzat) bideo trailerra ere egin du Danik, polita benetan. Bestalde, Willy Roa adiskide, irrati esatari eta 3D irudigileak komikiko robotaren 3D animazio bat ere egin zuen. Behean dituzue biak.
ANUBIS 3.0 TrailerHD from Dani Fano on Vimeo.
Anubis 3.0 from WillyRoa on Vimeo.
Fitxa |
---|
Izenburua: Anubis 3.0 - Arimaren pisatzea Gidoia eta irudiak: Dani Fano Argitaletxea: Ikastolen Elkartea Urtea: 2012 ISBN: 978-84-940197-4-6 |