"TeleATOI: Kalabaza haluzinogenoak" eta "De Rerum Natura 3" atera dira
Aste bakarrean, euskarazko bi komiki berri ateratzea ez da egunero gertatzen den gauza, alajaina! Hobe hala balitz, baina... Gutxitan gertatzen da holakorik euskal komikizaleon mundu txiki honetan, ez bada Gabonetako kanpainan Sauréren haurrentzat bideratutako komikiekin. Ez da hau oraingo kasua, eta zorioneko egoteko moduan gaude.
Batetik, Dani Fanok Xabiroi komiki-aldizkarian 2005 eta 2007 artean atalka ateratako TeleATOI: kalabaza haluzinogenoak abenturaren bilduma-albuma atera du Ikastolen Elkarteak. Atzo bertan izan zen prentsaurreko aurkezpena, eta gaur medio askotan dator: Berrian, Garan, Diario Vascon... Abentura hau umorezko space opera bat da, espazio-bidaietarako erregai gisa patata erabiltzen den etorkizun absurdu batean kokatua, protagonistak antiheroi patetikoak direla. Irudi ederrak ditu, espazioko hiri eta ontzi dekadenteetako dekoratu politez beterik. Benetan barre egitekoa eta gomendagarria (eta ez da Xabiroiko nire jefeak egina delako, e! ;-)
Eta besteari buruz zer esan? Denok ezagutzen ditugu Patxi Huarte Zaldieroak egunero Berrian egiten dituen komiki-bandak (Euskalterm-ek dioen bezala) edo zintak (berak eta komikigile gehienek dioten bezala). Bere xaloz mozorrotutako umorean, euskal gizartearen eta munduaren erretratu sakona eta ironiaz betetako kritika fina egiten digu, askok eguneroko "pico"a dugun dosi txikietan. Euskaldunon imajinario kolektiboan betirako iltzatuta gelditu diren pertsonaia ahaztezinen bidez egiten du hori, asko Twitter-en bizitza propioa hasi dutenak: Mieltxo plastina-irakaslea, The Organization, Gizon Jakintsua eta M'ongolo, Napoleon Lopez, La Pelota Basqua, Azken Antxoa, Mitxelena XVI.a eta bere laguntzaile Yoda... Banda-zinta horien aukeraketaren hirugarren tomoa atera du orain, berriz ere Elkar-en eskutik, beste 350 istoriotxorekin.
Ez ahaztu bietako bat ere erosteaz, ez zaizue damutuko eta!