Sanblas opilaren errezeta
Mertxe Besoitagoena (Mallabia, 1921)
Hona hemen Mikelen amama Mertxen rezetia:
Libra bat uruna Libra erdi azukre 4 arrautza (zuringo bat aparte laga) Royal kutxarakadatxo bat 50 gramo mantekilla Anis esentzia kafe kutarakadatxo bi 100 gramo glas-azukre
Uruna mahaixan ipini eta erdixan zulotxo bat egitten da (sumendi baten antzera), eta bertara botatzen da, azukria, arrautzak, Royala eta anisan esentzia. Masia prest daonian, mantekillia bota eta ondo amasau egin bihar da. Behin ondo eginda dagola, marmolan gainian zabaldu formia emoteko. Gero labara sartu bihar dira (ez dago denbora konkreturik, zaindu egin bihar da noiz einda dagon).
Gaineko zurixa egitteko:
Kazo baten 6 ur kutxarakada eta 15 kutxarakada azukre ipintzen dira sutan. Urtzen danian, aurretik apartautako zuringua (aurretik batiduta egon bihar dana) botatzen jako.
Honen ostian hiru nota dare:
- Azukria, ura irakitzen dagola bota ezkero hobeto gelditzen da.
- Zenbat eta azukre gehixago bota, zurixaua gelditzen da.
- Zuringo bikin egin bihar da.
Maite Aranberri, zurixa zelan egin?
Asier Sarasuan amak be sanblasgiñan jardun dau azken egunotan. Zailena sanblasen zurixa eittia ei da: ez gogorregixa, ez bigunegixa. Holaxen kontatzen dau:
10 koilarakada azukre eta sei koilarakada ur hartu, eta hori ipintzen da almibarra eitten, egosten. Lantzian behin tenedore batekin beiratu. "Punto de hebra" egon bihar da; holaxen esaten jako. Tenedorian hortzen artian harixa geldittu bihar da. Ziriñagua bada, gero ez da gogortzen; larregi egositta, gogortu eitten da, kristalizau. Hari-puntua ondo hartzia da inportantiena.
Gero, katillo baten zuringo bat euki. Almibarra gertauta dagonian, hartu batidoria, eta juan sosiguz-sosiguz zuringora botatzen eta emoten, batidoriakin emoten. Holan hotzittu arte. Onena, katillua ur hortzetan eukitzia; ontzi baten barruan sartzia, baiño-maria moduan, baina ur hotzakin.
Eta badago. Opilla berua euki bihar da, eta labatik etara ahala sanblasen zuri hori gaiñian emon.