Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Materixala / Otxabiña, Eibarko komunista baten abenturak gerran eta gerra-ostean

Otxabiña, Eibarko komunista baten abenturak gerran eta gerra-ostean

Pasarte hauek "Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian" liburutik aterata daude. Egileak: Luis Fernandez eta Josu Chueca. Argitaratzailea: Euskaldunon Egunkaria, 1997. Otxabiñaren adierazpenak Oier Narbaiza kazetariak bildu zituen.

1937ko martxoan Espainiako Gerraren iparorratzak Iparraldera jo zuen. Madrilgo setioan kale egin zuten frankistek, italiarrek Guadalajaran, martxoaren 8-19 bitartean, izandako porrotaren ondorioz. No pasarán edo "ez dira igaroko" oihu ospetsua egiaztatuz Madrilgo herriak &emdash;eta nazioarteko brigadistek ere&emdash; frankistek burutu zuten hurbilpena geldiarazi zuten bezala, Eibar-Elgeta inguruetan ezarrita zegoen Iparraldeko borroka-lerroari eutsi zioten euskal gudari eta milizianoek irailaren 24az geroztik. Une horretan, Lezo Urreztieta abertzaleak Euskal Herrira ekartzea lortu zuen fusil saldo bati esker, euskal defendatzaileek garaitezina zirudien Molaren erasoaldia geldiarazi zuten.

Fusil berri haiekin frankisten aurrerakada nola gelditu zuten ondo gogoratzen du Bitor Lekunberri Otxabiña miliziano izandakoak . "Fusil berriak genituen, txekiarrak. Ederrak ziren eta zarata ateratzen zuten. Eurak ere igarri zioten. 'Orain ez duzue kainaberekin tiro egiten', esaten ziguten". Otxabiña eibartarra da eta 22 urte zituen gerrako garaian. Lau aldiz zauritu zuten, bi bando desberdinetan (preso egin ondoren ihes egin eta frontean ihes egiteko legionario sartu baitzen). Ofentsiba Eibarko ateetan nola geldiarazi zuten kontatu digu. "Arraten eta denean sartu ziren eurak. Baina gu Arrate hartzera joan ginen. Arrateko gurutzean ez zegoen inor oraindik. Ni ezkerretik eta beste batzuk eskumatik. Sartu egin ziren. Demetrio Barkilleroa sarjentua, nirekin ibili zena, Cantabriaren ondoan tiroka bi garbitu zituen. Bata bestearen gainean. Ni ezkerretik joan nintzen eta gurutze parean, ene! Bakarrik gelditu nintzen. Fusila neukan eta pistola. Eguna zabaldu zenean, bakarrik hantxe. Han irten zuen batek. Erreketea, soldadu jantzitakoa. Pago inguruan zegoen. Albotik hartu nuen ederto eta raka!". Otxabiñak irribarrez kontatzen ditu gerrako pasadizo horiek. Frankistek azkenean atxilotu zutenean 20 urte egin zituen espetxean, eta gaur egun IU-Ezker Batuko militantea da.


Fronteak apirilaren 24an eta 26an bitartean hautsi ziren Bizkai-Gipuzkoan. Bitor Lekunberri Otxabiña Gipuzkoako azken lur pusketa libretik erretiratu zen azkeneko taldekoa izan zen. Elgetan jo ta sua erasoka ari ziren une berean, 24an, "bonbardeoa egon zen Eibarren", gogoratzen du Otxabiñak. "Udaletxe inguruan, hotela dagoen lekuan, errefujioa zegoen eta jende mordoa hil zen hara jausitako bonba batekin. Jausi ziren 60 bat edo".

Fronteko lerroak indartu nahian edo, Urko mendian, Eibar ondoan, erresistentzia planteatzea pentsatu zuen Otxabiñaren batailoiak, baina alferrikako saioa izan zen. Haiek Urkon zeuden bitartean, beste indar frankistak barneratzen ari ziren jada Bizkaian zehar, eta Oiz mendira ere iritsi ziren. Atzean inguratuta gelditzeko arriskua zuten Eibarko azken defenditzaileek, eta ihesari eman behar izan zioten, baso artetik ezkutuan, apirilaren 26an. "Abioiak zeuden gure gainean", diosku Otxabiñak mendi martxa latz hura gogoratzean du. "Objetiboa Gernika zen, baina jakin izan balute horrenbeste gindoazela basoetan... Baina ez zuten tirorik ere bota". Azkenean erretaguardiarekin bat egin zuten eta salbatu zen batailoi hura. "Heldu ginenean, Gernika baino lehenago azaldu zen komandantea. 'Jendea, batailoia, hemen gatoz denak›, esan nion. Negarrez hasi zitzaidan".

(...)

[Azkenean, 1937ko ekainean galdu zen Bizkaia osoa, eta Euskal Armada ondoren desegin zen, Santoñan, abuztuan]

Hala ere, Santoñako derrota ez zen izan borrokaren amaiera euskal soldadu askorentzat. Bereziki ezkertiarrek, eta horien artean komunistek, Espainiako Gerrako beste fronte batzuetan segitu zuten borrokan, gerra 1939an amaitu zen arte. Esate barerako, bizipen latzak izan zituen urte horietan Bitor Lekunberri Otxabiña komunista eibartarrak . Santoñako kapitulazioaren garaian zauritua zegoen Santanderko ospitale batean, eta han harrapatu zuten frankistek. Hala ere, ez zuten ospitaletik atera eta ihes egin zuen gau batean. "Erlojua saldu bost duroan eta Legiora pentsatu nuen", dio Otxabiñak. Bere asmoa, noski, frontera berriz iritsi eta desertatzea zen, errepublikarren aldera pasatzea.

Legioak jarrita zeukan erreklutatze bulegora jo zuen Santanderren, bandera de enganche esaten zen toki batera. "Hara joan, eta brigada eta neska bat zeuden. 'Legiora nator', esan nien. Neskak begiratu eta 'zu ezagutzen zaitut'. Jakina, Eibarkoa! 'Nola zu hemen?', eta esan nien erreketeen batailoi batean ibili nintzela, baina nahiago nuela Legioa. Orduan, brigada pozik, 'hau ona duk!'. Izen faltsua eman nien, Francisco Markina, hildako bat zen, Ormaiztegiko teniente bat".

Halaxe bihurtu zen legionario Otxabiña komunista, eta Sanjurjoren 18. banderan sarturik, frontera ere bidali zuten azkenean, Teruelen errepublikarrek egindako ofentsiba batera. "Besteak fuerte zetozen, Lister, El Campesino eta horiek, eta Legioa atzera. Orduan esan nuen, oraintxe da okasioa pasatzeko; ezkutatu nintzen lurrean, tanke errepublikano bat etorri zen, baina haren bonba batek zauritu ninduen, bizkarrean. Errepublikanoek ez zuten segitu, eta berriro frankistekin geratu nintzen". Sendatu zenean, berriz frontera eta orduan lortu zuen pasatzea. Aragoiko frontean segitu zuen eta beste bitan zauritu zuten, jada errepublikarren aldean, bata Ebroko batailan eta bestea Teruelen.

Espainiako Gerra galtzean ere ez zen bukatu Otxabiñaren borroka. Frantziako hegoaldean kokatu ziren ihes egindako komunistak eta antolatuta segitu zuten, hierarkia militarrekin eta guzti. II. Mundu Gerra hasi ondoren, Frantziaren kapitulazioaren ostean [1940ko ekaina] gerriletan antolatu ziren Espainiako komunistak, haietarik asko euskaldunak. "Batzuk Errusiara joan ziren, eta ni geratu nintzen Frantzian, Pirinio Garaietan. Infiltratuta egon nintzen alemanen kanpo-abiazio batean, Tarbestik 11 kilometrora. Han osten genuen materiala".

Base hartan egindako misio bat dakar gogora Otxabiñak. "Behin batean jarri zituzten kajak, bata bestearen gainean, ehun metro luze bai, eta alturan metro eta erdi edo bi metro. Alemana zebilen zaintzen, jiran haruntz eta honuntz, eta joan zenean punta batera, raka, sartu nintzen, sokak kendu kaja bati, eskua sartu eta atera nuen: arma sekretua zen, esplosibo bat". Tramankulu hura muestra moduan hartuta ihes egin zuen Otxabiñak eta partidu komunistaren tailerretara eraman zuen. Hango ingeniariek ez zuten asmatzen zer zen, eta erabaki zuten trasladatzea kostara, handik submarino batean Ingalaterrara eroateko. "Handik bi egunera edo, etorri zen mezua, deskubritu zutela zer zen eta zorionak emateko. Mina modelo berri bat zen, elegantea". Bitor Lekunberrik dioenez, gero 1944an frankistek atxilotu zutenean ingelesen artekaritzak lortu zuen bera ez fusilatzea, aldez aurretik Tarbesen egindako lan hargatik nonbait.

Alemanen kontrako espioitzaz gain, sabotajeak ere antolatu zituzten, trenbideen kontra batez ere. Baina nazien kontrako gerrak beste norabide bat hartu zuenean, Pirinioa zeharkatu eta borrokan segitzea erabaki zuten komunistek. 1944an, 11 laguneko talde baten partaide gisa pasatu zen Otxabiña berriz Hegoaldera. "Ondo preparatuta pasatu ginen, arma eta munizioekin. Asmoa zen enlaze edo laguntza puntuak jartzea hemendik hasi eta Asturiaseraino. Ni Eibarko sektorera etorri nintzen". Hala ere, nonbait delazio bat izan zen, eta talde guztia erori zen. Otxabiñaren gaineko agintaria, Barroso Segovia teniente koronel komunista, fusilatu egin zuten. Otxabiñak 20 urte baino gehiago egin zituen espetxean.

Infiltraturiko talde komunista hau 1944an desegin eta gutxira amaitu zen II. Mundu Gerra. Aliatuek faxismoa garaitu zuten, baina, hala eta guztiz ere, demokrazien aldeko ekimenak ez zuen fruitu handirik izan Euskal Herrian, ezta Espainiako Estatuan ere. Diktadura frankistaren patua Europako erregimen nazi-faxisten etorkizunari lotzen zuten sektore errepublikar, komunista, sozialista eta nazionalista guztiek, arrenkuraz ikusi zuten laister oso, aliatuek nahiago zutela diktadura militar bat beste saio errepublikar gorri-separatista bat baino.

Alferrikakoak suertatu ziren 1945etik aurrera nazioarteko diplomazian egindako saio antifrankista guztiak: Nazio Batuen kondenak, mugen itxierak, 1944-1948 urteen bitartean Espainian zehar komunistek eratutako gerrilen estrategia, edo 1947an eta 1951n Euskal Herrian izandako greba orokorrak. Gerra egoerak bere horretan jarraitzen zuen arren, ordurako Francok lasai sina zezaken garaipenaren parte-a, oraingoan Frantziako, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako demokrazien laguntzaz.