Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Materixala / Gaspar Alvarez, Eibarko komunista bat Legutioko batallan (1936)

Gaspar Alvarez, Eibarko komunista bat Legutioko batallan (1936)

Pasarte hauek "Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian" liburutik aterata daude. Egileak: Luis Fernandez eta Josu Chueca. Argitaratzailea: Euskaldunon Egunkaria, 1997. Alvarezen adierazpenak Oier Narbaiza kazetariak bildu zituen.

1936ko Azaroaren 30ean hasi zen Legutioko ofentsiba, Euskal Armada eratu berriak gerran jo zuen erasoaldi bakarra. Helburu handiak zituen planak: Gasteiz konkistatu, eta Mirandarino iritsi. Gerra alda zezakeen erasoaldia izan zatekeen, baina porrota izan zen. Baliabideetan eta prestakuntzan nagusi ziren frankistak.

Gasteiztik 16 kilometrora zegoen Legutioko gune frankista borroka eremu bilakatu zen 1936ko azaroaren bukaeran. Lehen eta azkenengo aldiz eratu berria zen Euskal Armada indar haundiz saiatu zen erasoaldi bat burura eramaten. Bitarteko askorekin, baita esperientzia militar falta larriarekin ere bai, sorpresaz baliatuz, gerrateari buelta eman nahi zioten Francisco Ciutat, Jose Antonio Agirre edo Modesto Aranbarri bezalako buruzagi politiko eta militarrek. Gaztelaren aurka bizkaitarrek erdietsitako garaipenaren 1034. urtemuga zela gogoratzen zuten nazionalistek Paduran, eta sozialistek La Lucha de Clases egunkariaren bitartez "Burgos berreskuratzeko borrokaren bidea" hasia zela zioten.

Dena den, lehen uneetako erasoek ukroniatik haruntzagoko errealitate itxaropentsua gorpuztu zuten arren, laister asko Camilo Alonso Vegak gidatzen zuen armada frankistak argi utzi zuen zein alderdi zen erasotzeko jaioa eta iaioa. Albertia eta Saimendiko maldetan, Betxina eta Txabolapeako pinudietan, Eribe edo Nafarrate herrietan, ametsak amets hutsean geratu ziren.

Gerrate osoan gertatu zen legez gerrako jauntxoen aurka alferrikakoak ziren herritarrek borrokarako jarri zitzaketen gogo eta ametsak. Hamar egunen buruan fronteak ia hasieran bezala geratu ziren, eta geroztik, defendatzea izan zen Euskal Armadari gelditu zitzaion helburu bakarra.

"Gasteiz hartzea; hori gaitza zen", gogoratzen du Legutioko batailako beterano batek, Gaspar Alvarez komunista eibartarrak . Ez ziren helburura inolaz ere iritsi. Terreno apur bat irabazi zuten, baina gizon ugari galdu ere bai, eta esperantza handia zapuztu, bide batez.

1936tik 1937ra arteko negu hartan garrantzizko bataila militar bakarra egon zen Euskal Herriko gerra fronteetan, Legutioko ofentsiba. Euskal Armadako agintaritzak Errepublikak antolatua zeukan Iparraldeko Armada zelakoarekin antolatu zuen erasoa, Arabako iparraldean. Ofentsibak ez zuen espero zen helbururik lortu, ezta hurrik eman ere. Areago, porrotak ondorio politiko eta moral makurrak izan zituen abertzale eta errepublikarrentzat.

(...)

Hamar egunen buruan amaitu zen ofentsiba. Ez Mirandan edo Gasteizen, errepublikarrrek espero zuten bezala, frontearen hasierako posizioan baizik. Pixka bat aurreraxeago, kasurik onenean, metro eskas batzuk irabazirik. 800 lagun hil ziren errepublikar eta abertzaleen lerroetan.

15.000 erasotzaile izango ziren sektore guztietan, eta aurrean zituztenak askoz gutxiago, baina porrota izan zen ofentsiba. Motibo batzuk aipa daitezke:

  • Sorpresa faktorerik ez zen izan. Hegazkin frankistek airez detektatu zituzten tropa mugimenduak Arlaban aldean eta abisua pasatu zuten Burgosko kuartel nagusira.
  • Gorbeiako sektoretik ez zuten aurrera jo planak aldatu zirelako azken unean.
  • Esperientzia eta profesionaltasun falta handia zegoen erasotzaileen artean. Borondatea bai soldaduen aldetik, baina apenas ezer gehiago.
  • Legutioko erresistentzia gainditu nahian ahitu zituzten indarrak erasotzaileek, helburu hori atzean utzirik aurrera edo beste alde batera &emdash;Arrasatera, adibidez&emdash; jo zezaketenean.
  • Artilleria piezetan eta hegazkinetan frankistak nagusi ziren askogatik. Erasoa infanteria hutsekoa izan zen ia-ia.

Motibo horietarik, arrazoi nagusi bat azpimarratu izan zuen Agirrek beti Legutioko porrota esplikatzeko: erasoaren bezperan sektoreetako bat geldi uztea erabaki zela. Izan ere, euskal ofentsibaren ekialdeko lantza-muturra, Baranbio edo Gorbeia aldekoa, geldi egon zen, aurrera egin gabe, hala erabaki zutelako Errepublikako militarrek erasoaren bezperan. Agirrek 1956an Euskal Mundu Biltzarrean adierazi zuenez, "korronte politiko jakin batek eraginda" hartu zuen erabaki hori agintaritza militar errepublikarrak. Komunistei erreferentzia egiten zien honela lehendakariak, baina, hala ere, Jaurlaritzaren barruan beti batuta egon zirela gehitu zuen, eta Juan Astigarrabia kontseilari komunistaren izena defenditu zuen. Astigarrabiak eta Agirrek elkarri aprezio handia zioten, eta Alderdi Komunistatik kanporatu ondoren ere Eusko Jaurlaritzan zegitu zuen Astigarrabiak. Errepublikako indarren Estatu Nagusiko buruzagiari, Francisco Ciutat-i, egotzi zion Agirrek gertatutakoa.

Gorbeiako sektorearen eginkizuna Murgia hartu eta zuzenean Gasteiz inguratzeko mugimendua egitea zen, trenbide nagusia mozteko eta Mirandaraino iristeko, Gaztelaraino. Mugimendu hura gertatu ez zenez, frankistek indar gehigarriak eta laguntza jaso zituzten egun batzuen buruan, bidea libre zutelako Legutio eta fronteetaraino iristeko.

***

Gaspar Alvarez eibartarra komunista zen duela 60 urte, 18 zeuzkanean, eta orain ere komunista da. Euskal Armadan sartu zen hainbat gazte bezala, eta Legutioko ofentsiban parte hartu zuen.

Armadako batailoi gehienak alderdi politikoen arabera zeuden antolatuta, komisario eta guzti. Batailoien izenak ikustea nahikoa da Armada haren izaera heterogeneoaz jabetzeko. Sacco y Vanzetti batailoi anarkista, ELA sindikatuaren patroiaren izena zeraman San Andres batailoiaren ondoan aurki daiteke. Euzko Mendigoxale Batzak (EMB, talde abertzale bat) 'Zergaitik Ez?' izena jarri zion bere batailoiari lehenbizikoa osatu ondoren bigarrena antolatu ala ez erabakitzean horixe otu zitzaielako.

EAJren batailoiek, berez, Euzko Gudarostea osatzen zuten, eta horko soldaduak ziren gudari izenez ezagunak, ez besteak. Ostera, Euskal Armada gauza zabalagoa zen.

Hala eta guztiz, soldaduak eta gudariak ez zeuden alderdikerien arabera banatuta. Gaspar Alvarez, Legutioko beteranoa, komunista izan arren, beste alderdi bateko batailoian egon zen. "Gure batailoia ez zen PCEkoa. Batallon Azaña zen, Izquierda Republicanakoa. Denetarik geunden: errepublikarrak, komunistak... batailoi mistoa zen. Bizkaian PCEkoak bazeuden, Rosa Luxemburgo, Stalin, Rusia eta horiek. Ostean, CNTkoak ere bazeuden. Oro har, mistoak ziren. EAJkoak ere bazeuden. Hor Arana Goiri zen número uno: komandantea Ermukoa zen, Leontxua Salaberria". Azaña batailoian egon zen Alvarez Legutioko ofentsiban, baina ondorengo hilabeteetan batailoi jeltzale batean borrokatu zen.

Azaña batailoiko enlazea izan zen Alvarez. "Batailoi bakoitzak enlaze bana zeukan. Eta zerbait zegoenean, parteren bat, igual gauean hiruretan edo bostetan, hartu partea eta frontera. Batzuetan Gurutze Gorrikoekin topo egin eta aprobetxatu eta bizkorrago joateko. Ni neure batailoiko enlaze izan nintzen. Bueno, erreleboka egiten zen: batzuetan bat, eta besteetan beste bat".

Gatzagako inguruetan &emdash;Bizkaia, Araba eta Gipuzkoaren arteko muga parte horretan&emdash; borrokatu zen Alvarez Legutioko ofentsiban. "Hura zen 'Otxandiano-Aramaiona' sektorea. Hango sektorean komandantea zuen Ibarrola, guardia zibila izandakoa". Arlaban mendatearen inguruneak hartzea egokitu zitzaien sektore horretakoei. Aramaiotik Gipuzkoarantz, trenbidea igarotzen zen Eskoriatza eta Gatzaga herrietako auzoetatik, errebuelta mordoa emanez, eta zati batzuk errepublikarren esku zeuden eta beste batzuk nazionalen &emdash;frankisten&emdash; esku. Maroto izeneko muinoa hartu zuten Gaspar Alvarezen sektorean, baina handik aurrera, kale. "Gure batailoiak atakatu zuenean ni hantxe nengoen, baina Maroton bakarrik. Maroto hartu genuen eta orduan gelditu zen frontea. Gero beste aldean eraso gehiago egon ziren, Legution. Gure sektorean Maroto hartu genuen eta hantxe gelditu ginen".

Ofentsibaren helburua Gasteiz hartzea zela-eta, haraino iristeko asmorik ba ote zuten galdetzen badiozu Alvarezi, berak baietz esango dizu, baina barrezka."Hori gaitza zen. Jendeak morala zuen eta, ostean, bai".

Bataila hartako beste beterano ezagun bat Koldo Mitxelena zena izan zen. "Helburu Legutio izango zen, uste dut; ametsik urrununetan, Gasteiz", zioen hizkuntzalariak Eugenio Ibarzabalek egindako elkarrizketa liburuan. Itxura denez, batailoiak ez zeuden koordinatuta eta elkarri tiroka ibili ziren. "Elkarren kontrako tiroak egon ziren", baieztatu digu Gaspar Alvarezek. "Jendea despistatuta egon zen. Gu ofensiban Ollerietan egon ginen. Han jarrita begira eta lantzean behin ikusten genituen tiroak eta. Mandoek esan ziguten 'erretiratu beharra daukagu'. Bai ba, abatituta zeuden denak. Mandoek ez zuten esperientziarik", dio soldadu beteranoak. Iritzi berekoa zen Mitxelena eta mando hitzarekin gudari euskaldunek egiten zituzten hitz-jokoak gogoratzen zituen.

Baliabide eta esperientziarik gabe gerran borrokatzea zer den esplikatu digu Alvarezek. "Gauean sartzen haiz eta gero irten ezinda. Horretarako kartografoak behar dira. Han ez zegoen horrelako ezer. Mapa bagenuen, baina arrunta. Militarrak hainbeste kotadun mapa behar du. Plano gainean kotei izena jarri behar zaie, zenbakiak ipini behar dira aparte. Gero bai, gu mendian geundela, ofizial gazte batzuk etortzen ziren eta kotak mapa gainean marrazten zituzten". Halako egoera batean, eta artilleria eta hegazkinik gabe, alferrik da jende gehiago izatea. Okerrago ere izan daiteke, Eibarko komunistak dioen bezala: "Pentsatzen nuen nik jende larregi geundela. Eurak, gure aldean, erdia baino gutxiago ziren".

Koldo Mitxelenak ere inprobisazio eta esperientzia faltaren adibideak eman zituen Ibarzabalen elkarrizketan. Eraso baino lehen geldi egon behar izan zirela 24 ordu, artilleria piezak mugitzeko bide egokia egin gabe zegoelako. Edo behin Arabako lurretan barneraturik, mapetan azaltzen ez zen ibai bat igerian igaro behar izan zutela.

Legutio hartu ezinik egunak egon ziren herri hori setiatzen indar erasotzaile errepublikar eta abertzaleak. "Ni Legution egondako batekin egon nintzen eta jende guztiak elizari, kanpandorreari egiten zion tiro. Ederto zeuden preparatuta. Teilatua jaso ta hantxe zuten prestatuta fusila edo ametrailadorea. Botatzen zuten erditik. Hantxe zegoen: teilatua jaso eta han zuen ametrailadorea eta ezin zuten lokalizatu. Bajatan egin zituen hark...", dio Gaspar Alvarezek.

"Ostean espionajea ere egongo zen", gehitzen du Alvarezek, Legutioko batailaren gora-beherak esplikatzeko. Behintzat, Gatzaga inguruko bere sektorean izandako espioitza eta kontraespioitza kasuak gogoratzen ditu komunista zaharrak. "Ni enlaze lanetan nengoen eta hantxe pasatzen zen telefonoa. Behetik, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta eta ingurutik zetorren linea. Santanderino bat zegoen gurekin &emdash;ez dut bere izena gogoratzen, baina Negus esaten zioten bizarra zeukalako eta argia zelako&emdash; igotzen zuen posteetara, telefonoa ipintzen zuen, eta hartu egiten zuen komunikazioa: koño! Irrati bat eroaten zuen eta euren partea ematen zuen: tren mugimenduak eta horrelakoak".

Sinpatia handiz gogoratzen du Alvarezek Santanderko Negus bizardun hura. Ez zen tipo makala izango. Haile Selassie zena, Etiopiako enperadore, Ras Tafari edo Negus delakoa, Jamaikako rastentzako inspirazio izateaz gain, errepublikarrentzat ere eredu zen. Erresistentzia eta internazionalismoaren sinbolo bat zen garai hartan &emdash;estilo zaharreko Che Guevara bat, esan dezagun&emdash; Italiako eraso kolonial faxistari aurre egin ziolako. Hilabete batzuk geroago, Euskal Herria faxisten esku galdu zenean, Jose Antonio Agirre lehendakariak Negus-arena izandako hegazkin batean egin zuen ihes Santandertik Ipar Euskal Herrira.

Gatzagako sektoreko Negus harengana itzuliz, badirudi bere bidez lortutako informazioekin egindako planak zapuztu egiten zituztela frankistek sarri, haiek ere espiatu egiten zutelako. "Brigada bat zegoen gurekin, Bilbon bizi zena, eta hark gauean linternarekin seinaleak egiten zizkion beste aldeari. Gizon hura errepublikarra zen eta brigada orduan egin zuten. Gero jausi zen Bilbon eta orduantxe deskubritu zen kabroia zela!".

Gertaera jakin bat kontatu digu Gasparrek. "Bilbotik ekarri zuten eta han behean, Landan edo, etxe batean ipini zuten irratia. Dena hartzen zuten, eta gero partea ematen zuten. Eurek behin esan zuten pasatu egin behar zutela goitik, Arlabandik; konboi bat zaldi eta mandoekin, metrailladorak eta denak". Araba eta Gipuzkoaren arteko mendia da Arlaban, bi probintzien arteko errepide eta lotura zuzen ia bakarra. Konboi hori enboskatu eta erasotzeko konpainia bat prestatu zuten, esploratzaileekin, orduan esaten zen bezala. "Joan ziren, baina besteak ere prestatuta zeuden eta zer egingo zuten ba? Joder! Antxitxiketan egin behar!".

Gaspar Alvarezek ez dio barkatzen oraindik "brigada kabroi" hari.

Espiekin edo espiarik gabe, Legutiokoa ahalegin ustela izan zen. Camilo Alonso Vega koronel frankistak gizon gutxirekin ondo eutsi zion posizioari, eta handik gutxira laguntza jaso zuenean kontraerasoari ekin zion. Hamar egunen buruan, fronteak egonkortu ziren berriro. Udazkenean eta neguan ez zen bestelakorik gertatu fronteetan.

Euskal gudari eta soldaduek esperientzia baino kemen handiagoa erakutsi zuten Legutioko batailan. Behintzat, egonean egon gelditu baino gehiago egiteko gogoa erakutsi zuten.

Gaspar Alvarezek borrokan segitu zuen euskal fronteetan, eta gerra bukatu ondoren, komunisten makis-ean. Atxilotu zuten eta kartzelan bederatzi urte egin zituen. Irtendakoan, Legution ezin izan zuena lortu zuen: Camilo Alonso Vegaren ondo-ondora iristea. "Alonso Vega Gobernazio ministro izan zen gero. Gure laguna Secundino Loidi Erkizia Panpo han egon zen bere idazkari, Buena Vista palazioan, Madrilen. Hantxe egon nintzen ni, gerra ostean, lagunarekin...".