Juan San Martin (Eibar, 1922 - Hondarribia, 2005)
Juanito San Martin. Eibartik mundura begira
Gaur bertan seme kuttun izendatu bihar eban Eibarko Udalak. Dana prest zeken ondo merezittako omenaldixa eskintzeko, baiña egun haundixa aillegau baiño lehen, astelehen goixaldian betirako agur esan eban Juan San Martiñek. Udalak, famelixiakin batera, omenaldixa oktubre aldian egittia erabagi dau. Udal Liburutegixak, barriz, Juanitoren izena eruango dau. Egunotan, gaiñera, bere obra zabalarekin interes puntua zabaldu dabe Portaleko liburutegixan. Gizona juan da, baiña bere atzian euskal kultura eta herrixari eskindutako bizitza osoko biharra laga dau.
Gatxa, ixa eziñezkua da Juanitori titulua ipintzia: Arartekua, mendizalia, hizkuntzalarixa, poeta, Ombudsmana, euskaltzaiña, idazlia... Hainbat dira bere bizitzan zihar landutako arluak, eta guzti-guztietan bere markia betirako geratu da.
Bere bizitza benetan oparua izan da eta lerro gitxittan laburtzia ez da lan erraza. Halanda be, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saillak eta Eibarko Udalak gaurko ekitaldixan jende artian banatzeko zeken Antxon Narbaiza hizkuntzalari eta idazliak preparautako eskuko biografixia, eibartar ilustriaren bizitzari egindako errepasua.
1922ko San Juan egunaren bezperan sortu zan Juan San Martin Ortiz de Zarate eta orduko tradiziñuari jarraittuta, jaixo eta hurrengo eguneko santuaren izena ipiñi zetsen gurasuak. Duda barik, Gerra Zibillak markau eban Juanitoren bizitza, 14 urte zittuala erdi-erdixan harrapau eban-eta. Gerrak eztanda egiñ eta Valentziara alde egiñ eban aittak, Errepublikaren alde borroka egittera.
Soldadutzan euskaltzale
Narbaizak jaso daben moduan, etxetik alde egin bihar izan eban famelixak Bizkaia aldera, Arratiara aurrenik, eta gero Bilbora. Santanderretik eta Xixonen zihar Bordelerantz zoian barkua frankistak harrapau eta El Ferrol-era eruan zittuen lehelengo eta, gero, Eibarrera bueltau bihar izan ziran. Beste askoren modura, herrixa suntsituta topau eban eta 17 urterekin tornero hasi zan. Hori bai, gabaz ikasten segidu eban.
Euskaltzaletasuna, baiña, soldadutza egittiarekin batera piztu jakon: ?Amari idazteko sasoia heldu jakon eta gure gaztiak, gaztelaniaz alfabetatua, erderaz ekingo detsa bere gutunari. Baiña berehala pentsatzen hasten da zeiñ arrarua egitten jakon beti euskeraz entzun daben amari gaztelaniaz idatzi biharra. Une hartan konturauko da ezkutuan bezala, baiña bizi-bizi daroiala berak egunero erabilli arren kultur estatusa lortzeke daguan ?beste? hizkuntza bat: euskera?.
Mendizalia
Frankismuak eragindako kultur basamortuan gazte askok mendixa aukeratu eben aterpe. Gaiñera, Eibarren 1924a ezkeroztik Klub Deportibuak mendixan lagunartian ibiltzeko aukeria eskintzen eban. Hor jardungo dau Euskal Herriko mendixetako tontorrak ez eze, kanpokuak be zapaltzen. Tartian, espeleologixan be urratsak emon zittuan. Eta horrekin batera, hill arte euki daben irakorzaletasuna piztu jakon.
Seme kuttun izendatu bihar ebela-eta, Klub Deportiboko Iñaki Osorok txosten batian jaso barri dittu Juanitoren nundik norakuak Klubaren barruan: ?Juanito bazkide esanguratsua izan da Eibarko Klub Deportibuan. Partaidetza aktibua euki eban 40ko hamarkadan hasi eta 60ko hamarkadaren lehelengo erdixa amaittu bittartian. Hasieran mendi batzordian laguntzaille moduan, baiña oso gaztetatik eskalada eta goi-mendixetako zeregiñetan murgildu zan.
42xan mendi batzordeko bokal izendatu eben. Hasierako 10-12 urtetan mendi eta eskaladarekin lotutako zeregiñetan ibilli zan, baiña hasiera hasieratik gustoko izan eban aldizkarixetan (Pirenaica...) eta Deportibo barruko dokumentuetan idaztia. Ondoren kobazuluetan, ikerkuntzan... Aranzadi alkartiarekin harremanetan sartu zan; hasieran eskaladako eta mendiko esperientziari esker. Eta 50eko hamarkadaren erdittik aurrera kultura arluan be erabat murgiildu zan. Hitzaldixak eskindu eta personaia inportantiak Deportibora ekartzeko bere laguntasuna emon eban. 62 eta 63an alkarteko presidentia izan zan?.
Euskaltzain autodidakta
Juanitoren jakin-miñak autodidakta izatera bultzatu ebala jasotzen dau Narbaizak bere biografixan. Horren lekuko ipintzen dau San Martiñen inguruan jardundako askoendako horren garrantzitsua izan zan Mekolako liburutegixa, sasoiko gaztiendako beti zabalik egongo zana.
Ordura arteko ibilbidiak berak eruan eban Juanito Euskaltzaindiraiño: 1957xan euskaltzaiñ urgazle izendatu eben eta 1964rako merezimendu osoz euskaltzaiñ oso izendatu eben. Baiña oindiok haratago aillegauko da, 1967tik 1978ra erakundiaren idazkari izan zan-eta. Euskera batuaren defentsak liskar bat baiño gehixago sortu zetsan.
Ondare kontaeziña
Idazle gisa laga daben ondarea kontaeziña da. 5.000 artikulotik gora idatzitta dittuala aitortu desku Ego Ibarra batzordeko Begoña Azpirik. Horrez gain, bere lumatik sortutako olerkiak, liburuak... zenbaeziñak dira. Blanca Urgell EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailleko zuzendarixak berak idatzi dabenez, ?euskaltzale eta euskalari bezala, ez doia Juan San Mertiñen lanak banan-banan denak aittatzera, eziñezkua izango litzake-eta, nere ustez, egille ez eze, iñoren eragille bezala egiñ izan dabena zuzen jasotzia: izozmendixetan letxe, ziur naiz azpixan daguana agerixan daguana baiño are haundixagua dala?.
Halanda be, bere idatziaren pasarte batian oso ondo isladatzen da Juanitoren aportaziñuetako bat: ?Ez da bakarrik zabaltzaille, ez eta bakarrik idazle be gure Otsalar. Hori gitxi ez izanik, sustatzaille legez be (sustatzaille legez batez be) aittatu bihar dogu San Martin euskal literaturaren alorrian. 60-70eko hamarkadetan, Mitxelena, Aresti eta beste gitxi batzurekin batera, San Martiñek gaztieri bidiak zabaldu zetsazen, eta euskal plazara zekarten izpiritu zabal, moderno, heterododoxo haren aldera agertu. Hara hor ?Uhin berri? antologixia (1969), hainbatek uhin barri hark berakin zekartzan euskera barrixa be ezagutu eta lantzeko erabillitakua.
Azkenik, ezin dogu ahaztu San Martiñek euskera batuaren alde hasieratik bertatik jarri izana eta harrezkero bultzatu izana: berak eta bera bezalakuak izan eben aurreikuspen eta zabaltasunari zor detsagu euskaldunok bihar hainbat bide euskeraz zabaltzen juan ahal izatia?.
Lehelengo Arartekoa
Euskal kultura zaindu ez eze, inguruan zittuan herrittarrak zaindu zittuan baitta be. Eibartarra izan zan Eusko Legebiltzarrak 1989xan izendatu eban EAEko lehelengo Arartekoa. Karguari heldu zetsan 1995era arte. Gaiñera, azken urtietan Europako Ombudsmana izatera aillegau zan. Iñigo Lamarka gaur egungo Arartekoak hala gogoratzen dau Juanito, seme kuttun izendapenerako preparautako idatzixan: ?Abian jartzeko bihar zittuan giza baliabide eta baliabide materixalez hornitu eban erakundia, eta Ararteko bezalako erakundiaren oiñarrixak ezarri zittuan.
Hasierako lan garrantzitsu horri esker dago gaur egunian erakundia fundatuta, hain zuzen be. Juan San Martin Arartekoa izan zan sasoian, herrittarrak ixa 5.000 keja aurkeztu zittuen. Kejak gai diferentietakuak ziran: osasuna, hezkuntza, ingurumena, hirigintza eta etxebizitza, gizarte ongizatea, funtzio publikua, kultura, herri lanak eta zerbitzuak... Gaiñera, azaldu ziran arazo gehixeneri konponbidia emon zetsen. Eusko Legebiltzarrian aparteko txostenak aurkeztu zittuan, gizartian laguntasun gehixen bihar eben taldieri buruzkuak: ziegak, psikiatrikuak, EAEko nagusiendako egoitzak, egoitzetatik kanpo emondako laguntasuna... Ombudsman selakuari buruzko billera eta hitzaldixetan parte hartu eban, bai naziñuan eta baitta nazioartian be. 1994ko ekaiñaren 3an, Europako Ombudsman Erakundiaren urteko batzarrian hango buru izendatu eben, eta kargu horrekin jarraittu eban mandatua amaittu arte?.
Sarixak eta errekonozimenduak ugarixak izan dira Juanitoren bizitzan, eta halabeharrak hala aginduta, hill ostian jasoko dau bere sorterrixak oiñ arte bakarrik beste herrittar biri emondako titulua. Toribio Etxebarria eta Romualdo Galdosen atzetik, Juan San Martin izango da gure Udalak izendatzen daben hirugarren seme kuttuna.
Erreferentzia euskaltzaletasun kontuetan
Mutikua nintzala ezagutu neban, aspaldiko lagunak izan gara. Klub Deportibuak Calbeton kalian zekan egoitza zaharrian ezagutu neban, mendizale haundixa izan da eta famosua zan. Horrez gaiñ, euskaltzale haundixa be bazan, traturako oso majua... ikutu ninduan eta bere ildoa segidu izan dot. Imanol Laspiurrekin batera oso elemento aktibua, personaje referentziala izan zan euskaltzaletasun kontuetan. Goguan dakat 1950. urte aldian, Pirinioetara juaten zanian, hango artzai zuberotarrekin euskeraz jarduten ebala. Orduan sasoian haiek guretako ?frantsesak? ziran, eta arrarua egitten jakun euskeraz jarduten ebela entzutia, kontuan euki orduan sasoian gure Euskal Herriko konzientzia oso murritza zala.
Mendixan be alkarrekin ibillittakuak gara. Kanpiñian eta holan. Kontatzaille aparta izan da, Klub Deportibuan alkarrizketa luziak eukitzen genduazen, beti eguan prest. Zapatu gabetan Imanol Laspiurrekin, Santi Arizmendi esperanto irakasliakin eta beste batzuekin beti berandu artian ibiltzen giñan. Haren onduan ibilli ezkero, jakiturixan eta harremanetan asko irabazten zan; halan ezagutu nittuan Jon Etxaide, Jokin Zaitegi Arrasateko abadia, Caro Baroja, Nemesio Etxaniz, Telesforo Monzon, Jorge Oteiza, Txillardegi eta beste asko.
1957xan euskaltzaiñ izendatu ebenian arnasia hartuko eben bera moduko pertsona gazte eta ausartakin Euskaltzaindian. Eibarko ikastolaren sortzaillia, Laspiurrekin batera. Deporreko Kultura batzordiaren bultzatzaillia eta alfabetatziaren sorreran eragille, berak egin ninduan euskaltzaiñ-urgazlia. Mekola etxia ezin dot ahaztu. Bibliotekia, babeslekua? gauza guztiak batera zan ha. Edozeiñendako atiak zabalik zittuan, Gabriel Aresti bera han ziharduan. Despatxoko mahaixa oindiok ikusten dot, erdixan ?Lexicon? idazteko makiñia, armarixuak liburuz beteta? gustua zan bere etxera juatia. Urtetzeko ordurik ez eguan, sarrittan Mari Paz andria etortzen jakun zeozer eskintzera. Euskaltzaliok amama euki genduan Mekolan. Hórrek danak taillarreko biharrari uko egin barik egitten zittuan, ordu asko luari kenduta. 1965ian ?Deika daude? poemia dedikau zestan.
Serafin Basauri
Mekolako bere etxetik: irekixa eta eragillia
Mekolako etxia puntu estrategikua izan zan gure hartuemonian. Batez be, kontuan izanda 1960. hamarkadaren amaieran eta 1970.eko hasieran basamortu kulturalian bizi giñala. Kulturaren inguruko kezkia zekanarendako Juanito zan erreferentzixa. Etxia liburuz betea zekan, bibliografia zabalarekin; eskuzabala zanez, liburuak lagatzeko prest zeguan beti.
Abertzaletasun giruan mobidu garenondako, euskaldun fededun ikuspuntutik begira, heterodoxoa izan zan. Existentzialismuaren itturrittik edan zeban, Unamunoren galderen inguruan: zer egitten dogu hamen, zertara gatoz... Baiña haren euskararen ukaziñua ez zeban onartzen. `Euskaldun, zertarako?? artikulua kaleratu eban, positibismuaren barruan. Fedia obrekin lagundu bihar dala esaten eban: sentimenduak ondo dagoz, baiña ekintzaz lagunduta.
Jakinmiña eta kuriosidadia bere bizitzaren ardatza izan ziran. Bere lanaren dispersiñua aittatu dabe askok, baiña kontuan izan bihar da 1950. inguruan Euskal Unibersidaderik ez zeguala, euskaraz ez zala argitaratzen, ohitturarik be ez zeguala. Zekan irekittasun ideologikua azpimarratuko neuke; hori bai, ez zan zurikerixetan ibiltzen. Edozeren gaiñian berba egitteko prest zeguan, baiña bere eritzixa garbi lagata. Militarismuaren aurkakua zan, gerria ondo ezagutu eta gero, haren eragiñez, estudixatu biharrian, 19 urterekin lanian hasi bihar izan zalako.
Berak txikittik haundira egitten zeban beti. Unibersaltasunaren billa juateko, bere lan tesisa izan zan txikixa ezagutu bihar zala lehelengo. Eragille ikaragarrixa izan zan: Euskal Idazlien Elkartiaren kasuan esaterako, bersolaritza eta euskaltzaiñen mundua eraberrittu zittuan, ekimen mentalidadia itsatsiz.
Juanitok egindakuaren errekonozimendua gorabeheratsua izan da. `Lorak hil aurretik? esaten zeban berak askotan eta burokraziak askotan ez dau holan funzionatzen. Espero baiño lehen juan jaku.
Antxon Narbaiza
Juan San Martini nere lekukotasuna
Hamasei urte nituen, eta Frantziako 1789ko Iraultzaz lan bat egiteko agindu zigun Historiako irakasleak. Urrunekoa egiten zitzaidan gertakaria eta gogoz kontra hartu nuen agindua, baina pentsatzen jarrita, Iraultza hark Ipar Euskal Herrian izandako eragina aztertzea bururatu zitzaidan. Banuen, beraz, gogoko gaia, baina nondik hasi eta nondik jo ez nenkiela nengoen. 1972ko garai hartan ez zen oraingo Internetik, entziklopediarik eta bestelako bitartekorik. Ez, behintzat, nire eskura. Bazen, ordea, udalekuak antolatzen, euskaraz idazten eta gazteekin hartu-emana zuen apaiz bat Eibarren, Jesus Mari Arrieta donostiarra, eta harengana jo nuen laguntza bila. Bera ez zegoela horretan jantzita, baina Juan San Martinek lagunduko zidala esan zidan.
Hitzorduaren eguna hurreratu ahala, handiagoa zen nire urduritasuna. Euskaraz banenkien, baina alfabetatu gabe nengoen, eta euskaltzain batekin hitz egiteak lotsa eta beldurra sortzen zidan. Gainera, hamaika bider entzunda neukan ?euskalgaiztoa? zela Eibarkoa.
Juan San Martinen etxera joan eta berak zabaldu zigun atea. Laneko jantziekin zegoen, traje eta gorbatarekin, eta ikusi bezain laster agur hauxe egin zidan:
? Hi haiz, orduan, Zuazo? Ezautzen jittuat hire gurasuak...
Edozein eibartarren moduan hitz egin zidan: herriko euskaran eta hitanoan. Berehala galdu nuen beldurra eta berehala askatu zen nire barrena, eta neuk ere herriko euskaran jardun nuen lasai eta nasai. Historiako lana nola egin esateaz gainera, beste ikasgai bat eman zidan: hartu-emana gertukoa izango bada, hizkuntzak ere gertukoa izan behar duela. Irakaslea naiz bizibidez, eta beti izan dut ikasgai hori gogoan.
Garaitsu hartan egin zen euskara batua, 1968an, eta makina bat liskar sortu zen bazterretan. Eibarren, ostera, patxada handiagoz ikusi zela iruditzen zait. Halaxe gogoratzen dut nik behintzat. Euskara batuaren aldekoa zen Juan San Martin, eta baita Imanol Laspiur eta Serafin Basauri ere, Eibarko euskaltzalerik ezagunenak. Sarri joan nintzen euren hitzaldietara, eta beti, salbuespenik gabe, herriko euskaran mintzatu ohi ziren. Horixe da haiengandik ikasi nuen bigarren ikasgaia: euskara batua ezainbestekoa dela, baina herri barruko jardunetarako bertako hizkera dela egokiena.
Dena dela, hitzaldi haietan erabiltzen zuten hizkera ez zen kalean eta tabernetan egiten zen berbera. Jasoagoa eta jantziagoa zen, hitzak osorik esaten zituzten, erdarakada gutxiago sartzen zituzten, eta horixe da haiengandik ikasi nuen hirugarren ikasgaia: euskalkien barruan ere hizkera mota bi daudela, lagunartekoa eta jasoa. Eta bihotz-bihotzez eskertzen dut ikasgaia, gaur berton ere badirelako euskalkia lagunarteko eta taberna giroko hizkerarekin erabat berdintzen dutenak.
Baina euskara batuaren, euskalkiaren eta hizkera jasoaren gainetik euskara bera dago hemen jokoan, eta joko hori inoiz baino zailagoa izan zen Franco jeneralaren diktadura garaian. Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri eta beste zenbait lagun izan ziren horretan ere gure belaunaldikoondako eredua eta iparra. Ozen eta garden agertu ziren euskararen alde, eta haien atzean ibili ginen ondorengook ere.
Joan den aspaldi luzean nork bere bidetik jarraitu dugu Juan San Martinek eta biok, bata bestearengandik gertu batzuetan, eta aldenduago besteetan, baina une eta gune honetan banuen neure zorra aitortzeko gogoa, eta haren senideei eta lagunei neure dolumina eta elkartasuna erakusteko beharra. Juan San Martin joan da, baina haren erakutsia barruan daramat.
Koldo Zuazo
Bere herrixaren banderia oso goixan eruaten eban
Juanitorekin euki doten relaziñua batez be instituzionala izan da, Alkate moduan garatzia tokau jatana. Izan be, bera urte askuan Hondarrabixan bizi zan eta neri ez jatan tokau berakin tratatzia gaztiagua izan naizenian. Tratuan oso pertsona gertukua zan. Gai askotan goren maillan jardun eta jakituna izan arren, oso tratu zuzeneko gizona zan, apala. Oso azkar konfidantza emoten zetsun eta zeuk be konfidantza emoten zetsazun. Oso atsegiña zan. Horrez gain, gure biharrian, Ego Ibarra batzordiarekin, Euskera, Kultura eta bestelakuetan beti laguntzeko gertu eguan, Juanito beti eguan edozertan laguntzeko prest. Beti izan da oso eskuzabala.
Azken aldi hontan berak egindako lan mardula rekonozitzeko ahalegiñak egin dittugu, eta ahalegiñ horretatik jaixo dira, bestiak beste, UEUrekin alkarlanian urtero emoten dan bekia, bere lan batzuren publikaziñua eta bera herriko seme kuttun izendatzia. Bere herrixaren banderia oso goixan eruaten eban eibartarra zan.
Halanda be, pena haundixa hartu dogu berari eskindutako omenaldixa sasoiz egittera ez garalako aillegau. Luzaruan jardun dogu horretan biharrian, baiña bera seme kuttun izendatu baiño egun gitxi batzuk lehenago juan jaku. Horrek penia emoten desku, omenaldixa ez dalako bardiña izango bera gure artian ez egotian, baiña bere alargun eta semiak hartuko dabe parte eta eurak jasoko dabe errekonozimendua. Bestalde, herriko liburutegixak bere izena eruatia aurreikusitta eguan.
Inaki Arriola