Futbolariak eta Dantzariak
Dantza irakaskuntzan dihardugunok ondotxo dakigu dantzari gazte batek futbolerako dohainak erakusten baditu, alperrik gabiltzala dantza irakatsi nahian. 11-12 urte izan orduko futbol entrenatzaileek gaztetxoen denbora guztia futbolerako nahi dute eta maila gorenean jokatuko duen jokalaria lortzea bakarrik dute helburu. Horrelakoak milaka askotatik bakan batzuk irteten dira, baina gazteengan (eta gurasoengan) horrek pizten duen ilusioak entrenatzailearen esanak itsu-itsuan betetzera eramaten ditu. Gutxi dira futbolaren zirrarari ihes egiten diotenak eta ondorioz, dantzari izateko baldintza modukoa bihurtu da futbolari txarra izatea.
DANTZARI eta futbolari arteko aurkaketa hori oso normaltzat nuen nik. Horregatik erabat harrituta geratu nintzen orain gutxi nire aitona Juanitok (aitxitxa gure familian) kontatu zidanarekin. Tiburcio Beristain elgoibartarraren kasua aipatu zidan. Beristain futbol jokalari aparta omen zen eta 1930eko hamarkadan Alavesarekin lehenengo mailan jokatu zuen. Baina harrigarria zera da, ez zuela batere arazorik futbola aurreskuarekin tartekatzeko, eta batean bestean bezain ondo moldatzen zela. Bitxikeriatzat hartu izango nuen handik gutxira horrelako beste fenomeno bat topatu izan ez banu. Antonio Azpiazu, hau ere elgoibartarra, aurreskulari bikaina eta 1930eko hamarkadan Real Sociedadean jokalari izatera iritsi zena. Mende hasierako dantzari-futbolari horiekin harrituta nenbilen Txirloiaren berri izan nuenean. Zur eta lur utzi ninduen. Satur Arriola Txirloia eibartarra 1897an jaio zen eta 16 urterekin Izarra futbol taldean estreinatu zen. Berehala nabarmendu zen jokalari gaztea eta 1919an Donostiako Union Deportiva futbol taldeak fitxatu zuen eta segidan Real Sociedadera pasa zen. Futbolariaz gain, pelotari aparta zen eta Astelehena katedralean hamaika partidu jokatu zituen. Baina bi kirol horiekin batera, aurreskulari bezala nabarmendu zen Txirloia. 1925 eta 1926 urteetan 17 aurresku txapelketatan aurkeztu zuen burua eta den-denak irabazi zituen. 1923an eibartar nagusiek oraindik gogoratzen duten balentria egin zuen Txirloiak. Goizean aurresku txapelketa batean izan zen eta irabazi egin zuen, arratsaldean Bergaran futbol partidua jokatu zuen eta gauean, Astelehenan pelota partiduetan ikusle zegoela, pelotari batek huts egin zuela eta haren ordez jokatu beharrean aurkitu zen. Jokatu eta baita irabazi ere, Artamendi I.ri nagusitu baitzitzaion Txirloia.
TXIRLOIA buruan, begira-begira ibili nintzaion joan den egunean Igor Yebrari. Egia da metro eta 87 zm-ko alturak joko asko eman dezakeela futbolean ere (buruz jotzeko Salinasen estilora, defentsan ingelesen tankerakoa edo atezain bestela), baina nik behintzat ez nion futbolari plantarik hartzen, dantzan zoragarri egiten duela aitortu behar badut ere. "Egunkaria"ko Barkatu Aman irakurri nuenak argitu zizkidan begiak. "Hamairu urte zituen dantzan hasi zenean, ia hamalau. (...) Futbolean ere aritzen zen, baina dantza nahiago izan zuen". Hara ba! Hamalau urterako entrenatzaileek baztertu dituzte dagoeneko futbolerako balio ez dutenak, eta ez al zen akaso Yebra futbolari frustratua izango? Alegia, futboleko begiztatzaile beldurgarriak fin ibili izan balira, Kursaalean baino San Mamesen egingo zituela Yebrak kabriolak. Ziur nago Yebra futbolari bikaina izan zitekeela (eta askoz lore gehiago jaso eta diru gehiago irabazi), eta dantza maite dugunok zorionekoak garela bere irudi argal eta hauskorrak futbol entrenatzaileak engainatu egin zituelako. Beste batzuekin ez dugu horrenbesteko suertea izan ordea. Ba al zenekiten Joseba Etxeberriaren aita dantzaria izan zela?
Oier Araolaza. Dantzaria