Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Materixala / Eibartarrak Errusiako exilioan: 1937-1957

Eibartarrak Errusiako exilioan: 1937-1957

Pasarte hauek "Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian" liburutik aterata daude. Egileak: Luis Fernandez eta Josu Chueca. Argitaratzailea: Euskaldunon Egunkaria, 1997

1936-37ko gerrak Euskal Herrian eragin zituen milaka iheslari eta errefuxiatu haien artean izan zen kategoria berezi bat, konpromezu politikoarekin zerikusirik ez zuen jende multzo handi batena: haurrak. Gerrak Euskal Herrian iraun zuen bitartean, batez ere 1937ko maiatzean eta ekainean Bilbotik, milaka haur erbesteratu ziren. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako gerrako haurren elkarteak 30.000 ume ebakuatu zituztela kalkulatzen du. 4.000 Ingalaterrara, 3.000 Belgikara eta Frantziara 10.000 baino gehiago. Danimarkara ere joan ziren batzuk. Garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artxibategi ofizialetako datuak askoz txikiagoak dira: 15.000 ume, honela banaturik: Frantzia (5.305), Erresuma Batua (3.282), Belgika (3.128) eta Sobiet Batasuna (1.489), besteak beste.

Betirako markatuak geratu dira haur haiek, eta gaur egunean ere, aiton-amonak direnean ere, gerrako umeak dira: hala esaten diete beren buruari. EGUNKARIAk haur haietako batzuekin hitz egin du lan honetarako: Ernesto Grijalba (donostiarra, 14 urte ihes egin zuenean, Ingalaterrara joana); Fernando Berradre (donostiarra, 9 urte, Belgikara); Jose Okamika (eibartarra, 10 urte, Ukrainara), eta Alberto Lizarralde (eibartarra, 11 urte, Errusiara). Bidaia desberdinetan, baina lauak untzi berean, Habana-n, atera zituzten Santurtitzirik 1937ko maiatzean eta ekainean.

(...)

Sobiet Batasunera joan zirenek besteek baino esperientzia latzagoa bizi izan zuten. Hogei urte iraun zuen ume haien erbesteratzeak. Alberto Lizarralde eta Jose Okamika 10 eta 11 urte zeuzkatela ebakuatu zituzten Sobiet Batasunera. Bien familiak babestuta zeuden Bilbon, eibartar asko bezala, industria Deustura trasladatu zelako Eibartik. 1937ko ekainaren 13an irten ziren biak etxetik eta igo ziren Habana untzira. 4.000 ume joan ziren bidaia horretan, erdiak Frantziarako, beste erdiak Errusiaraino, Sontay untzian azken bidaia hura.

"Bakoitzak nahi zuen tokira eman zezakeen izena, baina Ingalaterra eta Frantzia lehenago bete ziren, eta Errusia geratzen zen", dio Lizarraldek. "Gerra amaitu arte joango ginelako ideiarekin irten genuen arratsalde hartan etxetik", berriz Okamikak. Baina 20 urte egin zituen mutil hark kanpoan, eta ez zituen bere gurasoak berriro bizirik ikusi. Lizarraldek ama besarkatu zuen berriro, baina aita hila zuen bueltatu zenerako.

2.100 lagun joan ziren untzi hartan Sobiet Batasunera, gehienak euskal herritarrak. Lizarraldek eta Okamikak Eibarkoen kontua ondo daramate: 57 joan ziren. Bost eta 14 urte bitarteko neska mutilak. "Bidaia gogorra izan zen, baina eskurtsio bat bezala ere bai. Gure gurasoek jakin izan balute 20 urterako gindoazela, ez ziguten inori utziko", dio Lizarraldek.

Le Havreko kaian untziz aldatu zuten, eta Sontay karga untzian sotoetan joan ziren Leningradoraino. Handik Moskura eraman zituzten eta gutunak idatzi zituzten etxera bidaltzeko, esanez ondo zeudela, argazki banarekin. "Haiek iritsi ziren, baina gutunekin oso gaizki ibili ginen. Nik bidaltzen nituen Errusian kontaktuan zituen frantses baten bidez; halaxe idazten genion elkarri amak eta biok", gogoratzen du Alberto Lizarraldek.

Taldeka banatu zituzten umeak. Okamika Odessa hirira bidali zuten, Ukrainara. Lizarralde Pravda izeneko herri batera. Instrukzioa jaso zuten hezitzaile talde bereziekin, eta beti gaztelaniaz, Espainiako haurrekin batera. Ume euskaldun gehienek euskara galdu zuten han izan zirela, baina Lizarraldek behintzat berriz ikasteko aukera izan zuen gero Eibarrera itzuli ondoren. Gerrak irauten zuen bitartean, laster itzuliko zirelako ustearekin segitzen zuten. "Gogoratzen naiz Odessan parke batean Espainiako mapa handi bat jarrita egoten zela, fronteen marrekin eta ikurrintxoekin. halaxe segitzen zuten han gerraren bilakaera", dio Okamikak.

Baina Espainiako Gerra amaitu zen 1939an, frankistek irabazi zuten, eta erregimen harekin Sobiet Batasunak inolako traturik izatea ezinezkoa zen. Koskortzen ari ziren ume haiek han segitu zuten. II. Mundu Gerra iritsi zen gero, 1941an Hitlerrek Sobiet Batasuna inbaditu zuenean, eta harekin kalamidade handiak hasi ziren guztientzat. Haurrak ebakuatu egin zituzten tokiz toki, Okamika Saratoven eta Tbilisin egon zen, Errusian eta Georgian. Lizarralde Saratoven eta Volgako Alemanek okupatzen zuten eskualdean.

Sobiet Batasunera joandakoen artean nagusienek gerran parte hartzeko aukera izan zuten, ordurako 19 urte ere bezeuzkaten eta. Armada Gorrian sartu ziren guztiak boluntario joan ziren. Eibartarretatik, dozena erdi bat ere hil zen fronteetan, nazien kontrako guduan. Beste batzuek karrera egin zuten Armadan.

"Gerra gogorra izan zen, guztientzat. Errusiarrek asko sufritu zuten, baina guk ere bai, salduta geunden herrialde hartan", diote gure lekukoek. Gerra garaian ofizioak ikasten ere hasi ziren, 14-16 urterekin, eta gerrako industriaren produkzioan jardun zuten lanean Lizarraldek eta Okamika, gehienek bezala.

Mundu Gerra 1945an amaitu zen, eta harekin piztu ziren esperantzak berriz itzul zitezkeela Euskal Herrira. Stalinek zapuztu zuen hura. Stalinek deklaratu zuen haurrak Errepublikatik hartu zituela eta Errepublikari itzuliko zikiola, Franco hil ondoren. Halabaina, Stalin hil zen Franco baino lehenago, eta 1956an, Nikita Khrustxev zela agintari, Nazioarteko Gurutze Gorriaren bitartez eginiko artekaritzari esker itzuli ziren umeak.

Gerra amaitu ondoren eta itzuli arte, bakoitzak bere bizibidea egin zuen, herritar sobietar arruntek bezala. Alberto Lizarralde atzerriko irrati transmisioak zapuzteko mugetan jartzen ziren aparailuak egiten lan egin zuen Moskuk. Jose Okamikak kamioizale bezala Ukrainian. Biak ezkondu ziren han eta hantxe hasi zuten familia: Lizarralde Santanderko beste ume batekin, Okamika ukrainiar batekin.

"Errrusiarrak ondoegi portatu ziren gurekin", diote biek. "Ez zitzaigun ezer falta izan". Esker onaren eta Sobiet Batasunarekiko miresmenaren arteko sentipen bat geratzen zaie biei: ezin esan komunista sentitzen direnik edo izan direnik, baina Sobiet Batasuna gauza handia da gerrako ume haien bizitzan. "Elkartasun handia bizi zen han herrien artean. Gero jakin dugu diktadura latza zegoela, baina koadro eta goi mailakoentzat zen hori, jende arruntak ez zuen diktadurarik sufritzen", dio Lizarraldek. Okamikaren ustez, "aukera handiak zeuden jendearentzat, ikasteko eta abar. Eta senidetasun handia herrien artean, kenduta Baltikoko nazioak".

Itzultzeko unean, bi urteko epe bat eskaini zieten hemen moldatzen ez baziren atzera Sobiet Batasunera itzultzeko. Batzuek hala egin zuten, Francoren erregimen itogarria ezin jasanik. Beste batzuek Euskal Herrian berregin zuten bizitza, Lizarraldek eta Okamikak bezala (azken honen emazte ukrainiarrari kostatu zitzaion, hala ere). Biek ikasi zuten errusiera baliatzeko aukera izan dute, batez ere Azken urte hauetan enpresa bisitak egin izan direlako handik hona eta hemendik hara. Halaxe, behin baino gehiagotan bidaiatu du Errusiara Lizarraldek makina-erramintako enpresariekin, esate baterako, hiru eletan (euskaraz, gaztelaniaz eta errusieraz) itzultzaile lanak egiten. Familiarekin bidaiak ere egin dituzte, lur haiek berriz ikusteko.

Biei, beste ezer baino gehiago, tristura ematen die gaurko Errusiaren eta Ukrainiaren egoerak. "Lehen apenas zegoen ezer, baina dena eskura zuten. Orain denetarik dago, baina dirurik ez daukate", dio Okamikak.