Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Materixala / Eibarko Euskara (aurkezpena: Serafin Basauri)

Eibarko Euskara (aurkezpena: Serafin Basauri)

EIBARKO EUSKARA liburua 2005eko azaroan aurkeztu zuten, hiru egileek, Eibarko Udaletxean. Irakurri kronika. Aurkezpen ekitaldian, Serafin Basaurik testu bat irakurri zuen. Liburuaren edukiak aipatzeaz gain, Eibar.org elkartearen ekimenen aipua ere egiten du testuan Basaurik.

EIBARKO EUSKARA, AURKEZPENA

Eibarko euskeriak azken 30 urtietan izan daben aldaketian inguruan jardutzeko eskatu deste neri. Atzeragokuak be aittatu biharko dittut, kasu honetan esaeriak diñuanaren kontrara, atziak be erakutsi leike-eta aurriak zelan dantzatu. Ahaleginduko naiz jardunian jardunian bidia galdu barik ibiltzen.

Ezer baiño lehen aittatu nahi dot gerra ostian Eibarren, eta beste herri batzuetan be bai, euskerian inguruan izan dogun jokabide eskasa. Aspaldittik zetorren euskerian gainbeheria, baiña gerriak eta gerra ostiak bizkortu egingo dau gainbeheriori. Badakigu ba Frankismuak ez deskula inungo mesederik egin, euskeriandako eta Euskal Herrixandako represiñua eta zapalketia baiño besterik ez dala izan oiñ hogetamar urte ?dana lotuta eta ondo lotuta laga? eban haregandik jasotakua. Baiña horren aurrian, gerra osteko guraso-belaunaldia ez da gauza izan gainbeheriari frenua ipintzeko, seme-alaberi euskeraz egitteko, euskeriari eutsi eta egoeriari frente egitteko; transmisiñuak krak egingo dau eta sekulako etena egingo da hor. Autokritikia sanua da eta aitortu biharra dago euskeriaganako gure ardurarik eza. Gaur egunian euskeriak dittuan ajietako batzuk hamen dakez-eta zuztarrak.

Gerra osteko lehenengo hamar hamabost urtietan, apenas egin zan ezer antolaturik euskerian alde, orduko ardurak beste batzuk ziran sasoi hobien esperuan, baiña ez zan sasoi hoberik etorri. Egoera politikuan ez zan aldaketarik ikusten. Beti bueltian zain baiña gerria aliauak irabazi arren ez zan bueltarik etorri. Burruka politikotik ez zan ikusten sasoi haretan (40. / 50. hamarkadetan), sakrifiziuak sakrifizio, ezer lortzen zanik. Hartara, euskerian aldeko jardunian zeguan hutsunia ikusitta 1952-53 inguruan euskaltzale talde batek kultura arluan antolatzia erabagiko dau, euskerian alde jardutzeko eta, ez traba barik, baiña pausoz pauso gauzak lortuz juango dira. Juan San Martin eta Imanol Laspiurren inguruan batzen dan lagunarte honek zerikusi haundixa eukiko dau Eibarko euskal kontzientzia berpizteko ahalegiñetan. Tartekuak ziran, batzuek aittatziarren, Jose Luis Ugarteburu, Jabier Zubiaurre, Bittor Kapanaga, Paulino Larrañaga?, ni neu be inguruan ibiltzen nintzan. Lan arlua: euskeria landu eta zabaltzia. Hamendik sortuko dira euskeria erakusteko gau-eskolak, Umandiren gramatikia editatzia, Javier Eguren alkate zala 1959ko Euskal Kongresua Eibarko udaletxian egittia, azken lorpentxo hau, gauza gitxi eta apala dirudixan arren, inportantia zan instituziñuak euskeriandako irabazteko eta euskeria kalera ataratzeko.

Diasporan, ixil-ixilik, beste gauza askoren artian bere herriko euskeria goguan, Toribio Etxebarriak Eibarko aditzan flexiñuak eginda eukazen 1955ian eta ?Lexikoia? geruago 1961ian, berak diñuan moduan ?sin más ayuda que el deleite y el recuerdo?. Juan San Martin 1957an Euskaltzaindiako urgazle izendatzen dabe eta 1964an euskaltzain; eta ez dago dudarik honen eraginez izendatzen dabela Toribio Etxebarria Euskaltzaindiako urgazle 1965ian, Eibarko aditzan gaiñian eta Lexikoan egindako biharregaittik. Ibiltarixanak 1967xan argittaratuko da, bigarrenez 1993an Antxon Narbaizan hitzaurre eder batekin. Juan San Martiñek ziñuan Toribio izango dala, ordura arte behintzat, eibartarren euskeria gehixen landu dabena. San Martinek 1958-59an publikauta eukan bere Burdin-langintzako hitz teknikoez izeneko hiztegi-lana, hiztegixak egin bihar diran moduan, sarrerarik gehixenak ejenpluekin dittuana. Toribioren Lexikoia be halaxe: sarrera bakotxa bere ejenpluakin; hainbat bidar aittatu izana eta hiru edo lau ediziño izan dittuan liburu edarra, berbak azaltziaz gaiñera ejenpluotan Eibarko barri be emoten dabena. Lanok eta Juaniton Zirikadak eta Eztenkadak itturri ugarixak izango dira azken urtietan Eibarko euskerian gaiñian egin diran bihar guzti-guztiendako. Andima Ibiñagabeitiak eta Sebero Altubek Eibarko euskerian laudoriozko artikuluak idatzi zittuen, Orixe bera gure hittanuakin enamorauta; iritzixok eibartarron harrokerixiak gora egitteko behintzat balioko eben. Imanol Laspiurrek Azentu diakritikoa Eibarko euskaran bere azter-lana irakorriko dau 1976xan.

60. eta 70. hamarkadan, Gau-eskolak eta Alfabetatziak bere bidia egingo dabe, ikastaruekin, hitzaldixekin (Rikardo Arregi, Villasante...). Euskera batuan lehen pausuak emongo dira Arantzazuko Batzarrian eta aurrerantzian euskera batua izango da euskaldunon naziño-hizkuntza estandarra. Ikastoliak be aurrera egingo dau, nahiz eta batuan erakutsi biharrak ez detsan tartetxo bat gorde herriko euskeriari. Euskaltegixak (AEK eta munizipala) jarriko dira martxan... (1979 / 80xan)

...eta Kitto alkartia eta aldizkarixa sortzen dira 1991/92 urtietan. Lan politta egin da hamen, euskera errezian eta Eibarko euskeriari gitxi gorabeherako heren bateko lekua emonaz. Neurri batian kazetari eskolia be badala esan leike eta kitto aldizkarixa. Eibarko euskeraz idatzittako lanak, hobera egin dabe, bai eibartartasunari begira baitta euskara zuzen eta jasuari begira. Nabarmena da aldizkarixan egitten dan pedagogia lana, bai kazetarixekin baitta irakurlieri begira be.

Apurka-apurka Eibarko euskerian gaiñian lan polittak egin izan dira: Esakerak (Argoitia, Azkarate, Gezuraga); Aditza (talde lana) ; Eibarrera jatorraren bidetik eta Deklinabidia eta entonaziñua (Laspiur) ; Eibarko euskara: gutxiespenaren historia (Antxon Narbaiza); Idazlien eta idazlanen antologixia (E.Izagirre, M.Lizarralde eta Antxon Narbaiza); Unidade didaktikua (M.Sangroniz), Hiztegi etnografikua (Asier Sarasua, S.Basauri), Izen-sintagmaren deklinabidia (N.Aretan tesi doktorala), Lexikoia eta Etnografikua itturri hartuta Eibarko hiztegia jarri da sarean (N.Areta), Eibartarren ahotan ahozko artxibua be bai, (Asier Sarasua eta Itziar Alberdi) eta gaur aurkezten dogun liburuau berau.

Doktoreak dittugu euskal filologian: Koldo Zuazo, Nerea Areta, Antxon Narbaiza; beste filologo mordoska bat be bai... Gaur egunian euskara gaietan ondo prestautako gazte jendia dago, hamen egilliok lekuko; idazliak eta kazetari puntakuak, baitta irakurliak be lehen baiño askoz gehixago.

Horrek aldeko faktoriok guztiok euki arren, edozeiñek ikusten dittu daukaguzen eragozpenak, ez bakarrik herriko euskeria ganoraz erabiltzeko, ezpada eze erderian eragiñetik libratzeko, euskeria ?euskalñol? triste bat ez bihurtzeko. Inguruak eragin ikaragarrixa dauka, eta ingurua erdalduna da. Bakotxari ahalegin-plus bat eskatzen jaku euskeriari eutsi nahi badetsagu. Baitta Administraziñuari be euskerian aldeko planok eraginkorraguak izan deittian.

Gazte jendiak, ikastolan, euskera batua da ikasi eta erabili dabena, baina badauka, batuan interferenzia nabarmenekin bada be, Eibarko euskerian aldeko jarreria. Eukiko ez dau ba! Eta erderia beste erabiltzen ez bada be, naturalidadez erabiltzen da euskeria neska-mutillen artian. Nabarmentzekua da hori, batez be gure gazte-denporiakin konparatzen bada. Orduan, mutillen artian gehixenbat euskeraz egitten ba zan be, pentsau be ez neskekin euskeraz egitterik. Eta bueno...! nobixiakin euskeraz egittia rarua zan gero! euskaltzale ?fanatikuen? gauzia! Konparatzeko, nere gazte-denporako eta oraingo dato estadistikorik ezian, zera esango dot: oin dala 50 urte euskera asko egitten zala adin guztietako gizonezkuen artian, emakumien artian baiño gehixago. Andragizon edadekuen artian erabiltzen bazan be, neska-mutillen artian bapez. Famelixa askotan ez ziran gauza izan etxian euskeraz egitteko, euskeria erabiltzeko; erderia izan da nagusi famelixa askotan, eta halan guraso euskaldunak izan arren, gaur eguneko gazte askok ez dau etxeko euskerarik jaso. Eta liburuak eta informaziño idatzixa asko euki arren, gatxagua dake gaur egunian inguruko giro euskaldunik ezian. Eibarko euskerian etorkizuna gaztiengan dago baiña euren euskeria hobetzeko bidia ez da guk geuk gaztetan euki genduana. Zegaittik eze, nik neuk gaztetan bizi izan doten Eibar, gaurkua baiño euskaldunagua zan, askoz be euskaldunagua. Goguan daukat, eskolan dana erderia bazan be, biharrian hasi nitzanian GACian eta gero Alfan, taillarrian euskeraz egitten zan, hamengo taillarretan teknikuen eta buzodunen arteko berbetia euskeria zan, kolektibo oso euskaldunak ziran eta komunikatzeko berbetia euskeria; esango neuke, niretzako behintzat taillarra euskeraz jardutzeko eta ikasteko bidia izan dala. Inguru euskaldun hori juan zan eta nekez ekarriko dogu barriro. Produkziñuan euskeria ezartzeko ahaleginak ahalegin, gatxa dake gaztiak lanian euskalduntzia, Eibarko euskeran behintzat, egitten diran ahalegiñak euskera batuan egitten dira-eta. Gaur egunian, esan leike Eibar ez dala euskeraz bizi, ez taillarrian ez beste iñungo arlotan. Eta gizartia euskeraz ?bizi? ez bada, gatxa da ingurumen horretan euskeria bizirik irautia, eta gatxagua euskera ?bizixa? egittia, komunikaziño arlo bakotxerako euskera egokixa egittia.

Eibarko euskerian etorkizuna baltza ikusten dotela esango destazue. Aldatu, seguru aldatuko dana. Hittanua berreskuratzeko modurik bai? Eziñezkua, egitten ez bada. Galtzen bada iñok ezingo desku Orixek botatzen zeskuzen lorak bota. Bertako azentua berreskuratzerik bai? Zaharron ahotik ikastia gatxa apurka-apurka bagoiazelako mundu honetatik; aprobetxau bizi garan artian edo Ahozko artxibua zabaldu interneten eta entzun, entzun eta entzun... Zelan eutsi Eibarko euskeriari? Dana berreskuratzia lortu ezindakua badirudi be, badira erabiltzeko errezak diran geure berbak eta lokuziñuak; hórrek erabili eziñik ez dogu euskera batuan berba egin arren be; gure berba eta lokuziño asko be euskera batua diralako. Ahal dala behintzat exotismuak erabili barik geure berbak erabiltzia hobe, halan behintzat geuria indartuko dogu eta egitten dogun berbetia entenditzia errezagua izango da, normalagua, herrixagandik hurrago daguana.

Ez dauka etorkizun errezik gure euskeriak. Zer egin? Hezkuntza sistemiak zelan lagundu leikian ez da ikusten, euskera batuak daukan lehentasuna kontuan eukitzen badogu. Irakasliak erabili biharko leukie liburu hau euren euskeria hobetzeko eta ikaslien akatsak zuzentzeko. Gitxien gitxienez Eibarko euskeria maitte dabenak egin deixala murgil luze bat liburuan zihar eta ikasi deixazela liburu honetan bere euskerian arauak, erabili deixala konsulta-liburu moduan idazterakuan dudak dittuanian. Erderaz idazten danian eukitzen dan kontu eta kuidadu bera euki deigun euskeraz idazten danian. Bakotxak jarri biharko dau ahalegiña bere euskeria hobetzeko. Erabili liburua; ez deilla izan apalategian geldirik eukitzeko.

Lehenguan irakortzen netsan Andu Lertxundiri, Bilbon Kultur Politiken Nazioarteko Konferentzian esandakuak, internetan desafixuari begira: ?euskarak zortzigarren lurraldea konkistatu behar du; teknologia berriena eta Internetena. Lurraldetasun fisikoaz gainera garrantzi betea du lurraldetasun birtuala ere bilatzea ziberespazioan. Hor ez dagoena ez da; hor ez bagaude, gureak egin du?

Ba honen harira esan gura neuke, badaguala eibarespazioan Eibartarrak posta-zerrenda deritxon posta elektronikoz funzionatzen daben lekua, euskeraz edozeren gaiñian jardun zeinkiana, jentian arteko informaziñua trukatzeko, eta abar. Eibarko euskaraz idazteko aukera politta da, euskeria erabiliz eta idatziz ikasteko. Aukera bat da. Zerrendia bizi bizixa da eta asko ikasten da, euskerian gaiñian zein bestelakuen gaiñian.

Zer egin bihar dan Eibarko euskeria bizirik jarraittu deiñ? Erabili, egin, ahal danik eta leku, arlo eta aukera guztietan, ikasi, irakorri, idatzi, hiztun oneri entzun eta eurekin jardun. Aprobetxau daukaguzen aukera apurrak.

Amaituz juateko, azken 50 urtietako balantzia: Atzera egin dogula alde batetik, aurrera be bai bestetik; baiña gozua baiño gazixa gehixago. Balantzia ezin leike esan ona izan danik batez be ahozkotasunan aldetik. Nekez baiña jarraittuko dau bizirik eibartarron euskeriak. Hori espero dot.

Esan biharrekuak esan dittut, bakarrik geratzen jata egillieri eskerrak emotia. ?Lan superrona? ez baiña liburuan jasota daken kalifikatibua erabiliko dot: ?lan oooona da egin dabena?. Eureri txandia.

Serafin Basauri