Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txillardegi eta etorkinak (I)

Txillardegi eta etorkinak (I)

Markos Zapiain 2024/06/30 12:04

“Álvarez” zuen Txillardegik lehen deitura, Madrildik etorri zen aitaren aita. Sekula ez zuen ezkutatu, salbu eta poliziari eta zentsurari muzin egiteko. Etorkinen oinordeko izateaz gain, erbestean ibili behar izan zuen hamasei urtez. Arrotz sentitzeari eta integratzeko aukerari buruz ez zen teoriko soil gisa mintzo.[1] 

Bazuen Txillardegik arazo erreal mingarriei buruz ere bere iritzia argi adierazteko joera, burkideen artean bestelako ikuspuntuak izan arren nagusi. Ba omen dira aipatzea komeni ez diren gaiak, aipatzeak berak oztopatuko bailuke konponbidea. Hala ere, nahiz eta inguru hurbilekoek isiltzeko aholkatu, beti eutsi zion ahoan bilorik gabe mintzatzeko ausardiari. Behin baino gehiagotan gelditu zen bakar-bakarrik, baita ezker abertzalearen baitan ere. Bestalde, polemiketan ohikoa denez, gaizki-ulertu interesatuak pairatu zituzten Txillardegiren hitzek, edo manipulazio lotsagabeak. Horixe gertatu zitzaien immigrazioari buruz esan zituenei: arrazakeria leporatu zioten, burgesen interesak babestea, fetitxismo linguistikoa… Txillardegik berak idatzitakoa aztertuta ikusiko dugu zein eskasa den salaketa horien funtsa. 

Hizkuntzaren bere filosofia garatu zuen garaian, deseuskalduntze bortitza ari zen jasaten Iparraldea, eta frankismoa Hegoaldea. Nabarmena zen Euskal Herriaren azkenetan zegoelako sentipen agonikoa. Hegoaldean —gerra galdu berria, diktadura, euskal usaina zerion edozer debeku— gero eta gehiago ziren seme-alabei euskara transmititzen ez zieten guraso euskaldunak, are elebakarrak. Ohiko joera bi, gaur egun ere indarrean dauzkagunak: batetik, gurasoek seme-alabei euskaraz baina seme-alabek gurasoei eta beren artean erdaraz, giroaren indarragatik; bestetik, gurasoek seme-alabei erdaraz, euskara ez transmititzeko hautua, alferrikakoa edo kaltegarria izango zitzaielakoan. Txillardegiren gurasoek bazekiten, baina semeak ez zituzten euskaraz hazi. Traba zitzaion euskaldunari euskara. 50eko hamarraldian, Nikolas Ormaetxea “Orixe” zen euskal idazlerik ospetsuena eta miretsiena. «Euskaltzaletasunak sortu duen lehen idazle profesionala», Txillardegik nabarmendu zuenez.[2] Orixe handiak gaztelaniaz erantzuten zien Antonio Maria Labaien eta Txillardegi bezalako euskaltzale suharrei; Labaien helduari legetxe Txillardegi gazteari ere, erdara batuan. Katea eteten ari zen. Iparraldean zein hegoaldean, administrazioa, eskola, fabrika, hedabideak, epaitegiak, armada noski, den-dena zen erdalduna eta Parisen zein Madrilen erabakia eta agindua.[3] Halatan, sumagaitza zitzaien sarritan Euskal Herria euskaldunen borrokarekin bat egiteko borondatea izan zezaketen etorkinei ere, Frantziaz edo Espainiaz bestelako herri batera helduak zirela ohartu ere ez baitziren egiten.



[1] “Respuesta a la coordinadora de emigrantes”, in Punto y hora de Euskal Herria, 1978ko apirila-maiatza, 30-31 orr.

[2] Hitza hitz, 49. or.

[3] TXILLARDEGI, Proyecto de manifiesto vasco, Hordago, Ziburu, 1973, 6. eta 9. orr.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.