Putaren egun alaiak
Putek egun onak ere izaten dituzte. Nire lagun bat kokoteraino zeukan bere anaia gazteak, etengabe baitzebilkion alamena ematen, beti sexuaz hitz eta pitz. Kirolari indartsua zen anaia gaztea. 23 urte baina artean birxina. Nire lagunak pentsatu zuen horrexegatik ibiliko zela ziur aski beti sexuaz kalakan. Lagunak behin batean jai bat antolatu zuen, negozio baten arrakasta ospatzeko. Prostituta bati deitu eta eskatu zion arropa deigarririk gabe agertzeko, anaiarekin ligatzeko itxurak egin, atzeko gelara eraman eta zenbait astetan bederen bakean uzteko moduko pasara gogorra emateko. Hori bai, ondoren xehero-xehero kontatu beharko zion guztia. Heldu da jai eguna, joan dira atzeko gelara eta bizpahiru orduren buruan berriro agertu dira. Prostitutak kontatu zuenez, sekula ez zitzaion antzekorik gertatu: kirolariari tentetu bai, baina jo ta ke gogo biziz saiatu arren ezin bukatu. Berak lau orgasmo erdietsi zituen eta kirolariak berriz bakar bat ere ez. Neska pozik zegoen. Kobratu eta alde.
Mutil euskalduna putetxean
Egunkari salduenen orrialdiak prostituten irakarkiz josirik daude. Egunkari horietako orrialderik zintzo eta interesgarrienak izaten dira, eta egiatienak, batez ere sexu langileen argazki errealak dakartzatenean, alegia, beti. Gainera, euskararen indarra neurtzeko termometro egokia izan daitezke. Eta badugu alajaina aitzina goazela egiaztatzeko frogarik: hainbat iragarki euskaraz dago idatzita: “tigreme sutsuak gara, umore eta uzki handikoak, uhurika jarriko zaitugu”. Beste batzuk berriz euskararen ezagutza amu gisa erabiltzen dute, Patxi Baztarrikaren infiltratuak balira bezala puten unibertsoan: “Melinda nauzu, euskara batuaz zigortuko zaitut, gernikeraz iltzatuko dizkizut takoi puntadunak lepoan, dei nazazu”. Itxaro Bordak sakonki aztertu du “%100 Basque”n fenomeno interesgarri hau.
Prostituzio kontuotan ere desberdin dabiltza neskak eta mutilak. Putetxerako irrika mutilen artean nagusitu izan da orain arte, ez nesken artean. Freudek zioen desberdina dela hankartean klitoris ttiki eta lotsati bat sentitzea edota fusil harro eta distiratsu bat. Desberdintasun anatomiko horrek ondorio psikologikoak dakartza, joera eta ohitura diferenteak. Nekez aurki dezakezu emakume pederasta edo biolatzailerik, edota sedukzioari ihes egitearren ordaindu eta txortan lehenbailehen egin nahi duen neskarik.
Mutil euskaldun putazalea amazulo hutsa izaten da. Bestalde, nork bere buruari onartzen diona besteri ere onartu beharko lioke, batik bat hurbilekoari. Halatan, mundua zuzena balitz, euskal gaztea putetxetik etxera itzuli eta ama gigolo batekin larrutan aurkitu beharko luke, eta bihotzez onartu. Orduan legoke prostituzioa normalizaturik gurean.
Schreber eta paranoia
Leipzigen 1824an jaioa, Daniel Paulek zuzenbide ikasketak
egin zituen eta magistraturan egin zuen bere karrera. 42 urte zituela
politikari ekin zion, eta 1884an Reichstageko hauteskundeetara aurkeztu zen.
Galdu egin zuen. Porrot horrek depresio larri bat ekarri zion, eldarnio barik.
Depresio huraxe izan zuen ordea bere eritasun famatuak abiapuntu.
Flechsig psikiatra eta anatomista ospetsuak Daniel Paul zenbait hilabetez artatu eta sendatu egin zuen. Bederatzi urte geroago, 1893an, eldarnio
paranoiko gogorra piztu zitzaion. 51 urte zituen orduan eta Dresdeko Apelazio
Auzitegira promozionatu berria zen. Izendatu eta berehala harrapatu zuen
haluzinaziozko eldarnio horrek, aldi berean ikusmen, usaimen eta entzumenezkoa.
Eldarnioan, bere burua jazarririk sentitzen zuen. Aurrena Fleichsigen klinikara
eraman zuten. Gero beste batean sartu zuten, Dresden. Psikiatriko horretan
zortzi urte igaro ostean, Daniel Pauli iruditu zitzaion gizarterako egoki
bilakatua zela eta eritasuna ordurako ez zela barruan jarraitu behar izateko aski motibo. Hori frogatzea helburu, bere eldarnioen historia erredaktatu
zuen eta Schreberrek berak aldeztu zuen bere kausa, Dresdeko epaitegiaren
aurrean. 1902an bere prozesua gora joz irabazi zuen. Berriro libre, 1903an bere
burua defendatzeko erabili zuen txostena argitaratu zuen, hain zuzen gure
“Neuropata baten oroitzapenak”. Bost urtez Dresden bizi izan zen, bere emazte
eta alabarekin. Baina ostera ere gaixotu eta beste psikiatriko batean itxi zuten.
Bertan egon zen, harik eta 1911an hil zen arte. Urte horretan bertan argitaratu
zen Schreberren paranoiaren gaineko Freuden lana.
JAZARPEN ELDARNIOA, BERREROSTE ELDARNIOA
Freud ez zen egundo Schreberrekin egon. Bere hipotesi psikoanalitikoak Schreberren liburu hutsean oinarritu zituen, zeren, hainbat ahalegin gorabehera, ez baitzuen beste inolako informaziorik lortu gaixoaren nortasunari eta sendiari buruz. Eldarnio horren historia laburtuz, bertan bi aldi bereiz ditzakegu.
Aldi larrian, haluzinaziozko jazarpen eldarnio bat dugu, arras angustiatsua. Schreberrek irudikatzen zuen zikiratu behar zutela eta emakume bilakarazi, gizon batek beraz sexualki abusatzea xede. Aurrena, Flechsig doktorea salatu zuen jazarletzat, Flechsig omen zen Schreberren gizon gorputza emakume gorputz bilakaraztea helburu zuen konplotaren bultzatzaile nagusi. Flechsigen asmo gorena bere paziente Schreber prostituta gisa erabili, eta, bortxatu ondoren, zabortegian abandonatzea zen.
Hurrena, Schereberrek Jainkoa Bera seinalatu zuen erasotzailetzat. Jainkoak Schreber Flechsig doktorearen bisioen eta ahotsen bidez jazartzen zuen, eta Schreberren gorputzaren eta arimaren barnealdea suntsitzeko mehatxua zekarten sentsazioen bidez.
Geroago, aldi kronikoan, jazarpen eldarnioaren edukia aldatu zen: sexu eldarnioak erlijio esanahia hartu zuen eta berreroste eldarnio bilakatu zen.
Aurrerantzean, Daniel Paulek ez zuen zikiratua eta prostituziora derrigortua izateko beldurrik izango, ez horixe. Aitzitik, nahita sakrifikatuko zuen bere burua emakume bilakatuz, zeren soilik horrela ahal izango baitzuten Jainkotiar Izpiek bera, Schreber, ernaldu. Hori ezinbestekoa zen gizaki arraza berri bat sortuko bazuten, eta Jainkoak eta Schreberrek arraza berri hori ekarri ezean munduarenak egingo zuen.
Horrek guztiak Daniel Paul anbibalente bilakatu zuen: beneratzen zuen Jainkoaren aurka matxinatu zen. Zergatik? Schereberren eldarnioan, Jainko horrek gizon errespetagarri bat sexuan emakume gisa gozatzera behartzen baitzuen.
ELDARNIOAREN AZTERKETA PSIKOANALITIKOA
Schreberren eldarnioaren analisiak Freudi bere hipotesi psikoanalitikoak berrestea ahalbidetu zion. Hauen arabera, neurosien jatorrian dauden mekanismoak berriro aurki ditzakegu paranoiazko psikosien jatorrian. Hauen artean daude jazarpen, jelosia, maitasun eta handitasun eldarnioak.
Aurrena, Freudek nabaritu zuen “aurkako bilakatze” eta “proiekzio” mekanismoek beteriko zeregin erabakigarria. Mekanismo horiek, nork bere buruarengan onartzen ez duena besteri leporatzera garamatzate. Horrexegatik salatzen du Schereberrek Flechsig doktorea bere jazarletzat, nahiz eta aldi berean biziki miresten duen. Izan ere, Schreberren gorrotoa ez da Flechsigenganako haren maitasunaren “aurkako bilakatzea” baino.
Freudek gaixoaren pentsaera formula honetan laburbiltzen du: “Ez dut maite, gorroto dut!” Mekanismo honi erantsiko zaio Schreberrek, ezin jasanik bere medikuarenganako maitasun homosexuala sentitzen duelako ideia, maitasun eta ideia horiek bere kontzientziatik kanporatuko dituela, eta Flechsigi egotziko diola bera zikiratzeko asmoa, sexualki emakume gisa gozaraztea helburu. Freudek “proiekzio” deitu zion defentsa-prozesu honi.
Hurrena, bere ikerketak sakonduz, Freudek erakutsiko du Edipo konplexua Schreberren eldarnioan ere inplikaturik dagoela. Ordea, ez da Edipo konplexu klasikoa, joera heterosexualen oinarri, amarekin ezkondu eta aita lehiakidea hil nahi duen mutilarena. Aldiz, Schreberren eldarnioan alderantzikaturiko Edipo konplexua dugu, homosexualtasunaren oinarrian dagoena, hala nola emakume bilakatu nahi lukeen mutilaren kasuan.
(Jean-Michel Quinodoz-en “Schreber, un cas célèbre”tik moldatua, Le magazine littéraire, 444 alea: La paranoïa, du bonheur de se croire persécuté.)
Mugikorra: ikasle histerikoa eta perbertsoa
Irakasleontzat askoz ere erosoagoa baita ikasle triste eta mutua alai jostaria baino, gero ideologikoki pozaren alde egon zaitezkeen arren.
Halatan, eta mugikorra kontuan hartuz, ikastetxera moldatu behar bortxazko horren ondorioz, talde bitan sailka litezke ikasleak: batetik histerikoak; bestetik perbertsoak.
Ikasle histerikoak ikastetxeak dakarren botere harremana onartu eta onarpen hori muturreraino darama. Bada onarpen mota bat biziki kezkatzen duena onarpen horren bila zebilena. Edozein histerikok bezalaxe, ikasle histerikoak harreman zuzena bilatzen du maisuarekin. Maisuarekin elkartu nahi du, ondoren menperatu eta maisuaren errege edo erregina bilakatzeko. Ikasle histerikoari mugikorra ez zaio gehiegi axola, garrantzitsuagoa zaio irakaslearen gain izan dezakeen agintea ziurtatzea, edozein bidetatik: irakaslearen arretaz jabetzea, irakaslearen ametsetan sartzea eta irakaslea akaparatzea. Hau da nota 10eraino altxa diezaion tematzen den ikaslea, nahiz 9 atera.
Aldiz, ikasle perbertsoaren erantzuna erakundearen larderiaren aurrean autistagoa da, ez da inplikatzen. Nota ez zaio larregi axola, aski zaio aprobatzen joatea. Irakasleak bere bihotzeko segapotoarekin bakean utz dezan nahi du oroz lehen. Zeharo bat eginik bizi baita psparekin, gamearekin, playarekin, mugikoarrarekin, eta beretzat irakaslea nola edo hala saihestu beharreko mamu mehatxatzaile gisako bat izaten da, masturbazioaren ordezko den bere jolasik gogokoenaren ttiki-ttaka ttiki-ttaka deliziosa etetera datorren tirano gogaikarria.
Materialismo dialektikoaren adibide bi
Marxen pentsamenduaren hiru iturri nagusiak izan omen ziren: batetik alemaniar Idealismoa, batik bat Hegel, azterketa sakonen zale eta zenbait interpretazio aski kontserbatzaile eragin zituena; bestetik Saint-Simon eta Proudhon bezalako frantziar iraultzaileak, soberakinak eta oro har zaharkiturikoa lehenbailehen suntsitzearen aldekoak; eta azkenik ingeles ekonomistak, David Ricardo eta Adam Smith, iraultzaren eta eskuinaren arteko nolabaiteko bitartekaritzaren bila zebiltzanak, Estatuaren eta sozietatearen arteko kontraesanak liberalismoaren bidez orekatzea helburu.
Zizeken ustez, hiru herri desberdin ditugu hor, hiru kultur adierazpen desberdin sortu dituztenak.
Alabaina, kultur oinarri horren araberakoak sortu dituzte orobat komunak.
Alemanian, batez ere Ekialdean, Poloniarantz, kaka egin ondoren komunak aurrean jartzen dizkizu mokordoak, azterketa sakon bat ahalbidetuz, xixareak ote dituzun eta abar. Soilik gero egin diezaiokezu tira bonbari.
Frantziarrek berriz hor atzean komuneko zuloan di-da aienatzen dute ustela, modu iraultzailean, gillotinazko ekintza lehen mailakoa dela adieraziz bezala, eta hausnarketa bigarren mailakoa baino ez.
Ingelesek azkenik, Euskal Herriko hegoaldean bezala, kaka beheko uretan flotatzen uzten dute, halako eraz non nahi izanez gero aztertzeko aukera ematen dizun, baina halaber ikusi behar izan gabe desagerrarazteko aukera, uharteetako pragmatismoaren ildotik, sarritan ibiltzen baikara presaz.
Bigarren adibidea txiste matxista bat da, amodioari dagokio eta erabiltzen zen Leninen lelo ezaguna, "ikasi, ikasi, ikasi", ilustratzeko. Hemen Marx tesia litzateke, Engels antitesia eta Lenin sintesia.
Ohituretan burges eta biktoriar zen Marxi galdetu zioten zein den garrantzitsuagoa, emaztea ala amorantea. Marxentzat emaztea.
Engels eskuzabal, ameslari eta poetagoarentzat, ostera, amorantea.
Eta Leninek bai emaztea eta bai amorantea biak direla ezinbesteko sintetizatu zuen, tesia eta antitesia gaindituz: biak edukita, izan ere, emazteari sinetsaraz diezaiokezu amorantearengana zoazela, eta aldi berean amoranteari emaztearengana.
Ordea, benetan bakar-bakarrik joango zara zeure txokora. Eta zer egingo duzu bertan?
Ikasi, ikasi eta ikasi.
Portu eta Lupiañez
Bestalde, erabaki berri dute Institutuetan aurrerantzean Herritartasuna eta Giza Eskubideak irakatsi beharko ditugula. Gero, Rubalcabak legea zorrozki ezarriko duela adierazi du: Igor Portu eta Gorka Lupiañez txikitu dituzte. Eta Rubalcabak torturatzaileen aitzakiak, gezur ebidenteak, onartu eta zuritu ditu.
Zerk definitzen du hobeki Espainia, masailekoaren debekuak ala tortura sistematikoak eta torturatzeko agintarien baimenak eta bultzadak? Taoistak erantzungo lukeenez, aldi berean biak beharbada: txanpon beraren aurkia eta ifrentzua lirateke, herriko plaza argitsua eta estoldak.
Baina halako batean estoldak eta argiak bat egingo balute, Brunete mediatikoaren ezkutatze kriminalaren despit? Nola irudika liteke?
Honelako zerbait: gobernuburutza lortzeko, botoak ez dira aski. Berdintsuegi dabiltza Zapatero eta Raxoi. Ordalia bat beharko genuke.
Hots, Santiago Bernabeun, telebista guztien aurrean, Raxoiren eta Zapateroren arteko lehia, ea zeinek luzaroago estatu sekreturen bati eutsi. Porturi zein Lupiañezi egin dietena Zapaterori eta Raxoiri egin, eta kantatu barik tinkoen eutsiko liokeena, huraxe presidente.
Jainkoak nahi ez dezala, noski, giza eskubideak errespetatu behar baitira.
Jipoi alaia eta tsantsa
Boladan dago aspaldion harritu eta eskandalizatu plantak egitea gaurko nerabeen jipoiak direla eta. Hori kopeta gurea. Arazoa erlatibizatzeko gure gaztaroaz oroitzea aski ez balitz, hor dugu giza historia osoa, erlijio guztien sorrera, literatura… Horietan guztietan jarduera nagusietako bat lintxamendua izan da. René Girarden ustez lintxamendua da edozein gizarteren funtsa eta oinarria, eta edozein erlijiorena.
Ezagutzen ditugun izkribu politikorik zaharrenek etengabe adierazten dituzte honelakoak: “Gazteak begirunea galtzen ari dira, betiko balioez trufatzen dira, ohitura txukunak galbidean daude, ez dago helduenganako errespeturik...” Peter Sloterdijkek oroitarazi duenez, Antzinako Egipton etengabe salatzen zuten morala usteltzen ari zela, orobat mintzatzeko modu jatorra eta oro har hizkuntza. Era berean, hasierako taoismoaren hainbat testuk degradazioaren historia unibertsala dute hizpide. Juduen testu profetiko zahar askok ere gero eta okerrago gabiltzala gaztigatzen dute, eta endekatze honek ez duela irtenbiderik. Platon berdintsu. Dirudienez, aldatzen ez dena sentsazio horixe da, gazteek pikutara garamatzatela.
Gaur egungo gazteak ez dira gu baino bortitzagoak. Beren jipoiketen berri gehiago dugu batetik segapotoak eta internet dauzkagulako, eta bestetik gero eta biztanle gehiago garelako. Biztanleen ugaltzearen araberakoa da lintxamenduen eta lintxamenduen berrien ugaltzea.
Jipoi zoriontsua, zartako alaia, ez da fenomeno berria. Krudelkeria gizateria baino zaharragoa da. Berriki arte ezin izan dugu irudikatu ere egin, ankerkeriaren batek apaindu gabeko jairik. Festa eta ondo pasatze guztien derrigorrezko osagai izan da hildura. Hain zuzen, Ekuador inguruan bizi diren jibaro indiarrek, etsaien buruzagiaren burua ebaki eta jai giroan laranja baten tamaina hartzeraino murrizteari, “tsantsa” deritzote.
Soinketa, Matematika, Filosofia
Soinketa orduei eutsi beharko litzaieke. Nerabeen zaletasun berriak sedentarioak dira: zappinean etzanik, eseririk txatean. Pizza jaten dute gainera aldi berean, eta doneteak. Frexkatzeko premia larria dute gure gazteen hormonek eta gantzek. Ez badira apur bat mugitzen, 20 urte bete baino lehen akabatuko ditu kolesterolak.
Kasu bakar batean dirudi zilegi Soinketari orduak kentzeak: baldin ordu horiek Filosofiari emango balitzaizkio. Zeren Filosofiak gaur egun duen ordu kopuruak ez baitu behar bezala erakusten berez behar duela izan ikasketen bihotza. Halatan, ordutegiaren aldaketa berri honek ikasgaien berregituratze orokor bati bidea eman beharko lioke, ikasgai bakoitzaren oinarri filosofikoa garatze aldera, eta oinarri horien arteko lotura ahal bezain argi eta sistematikoena.
Kontua da Filosofiaz gainerako ikasgaiek ezin dutela beren funtsaren berri eman, Filosofia baliatu ezean.
Esaterako, Matematikan, ikasleek arazoak ebazten dituzte, baina itsu-itsuan. Zertara datoz horrenbeste ariketa, zein da problemen zentzua? Historiako Matematikari handienak oso gizon apasionatuak izan dira, eta bizi izan dituzten pasioak batik bat filosofikoak izan dira: espazioa, infinitua… Ordea, Institutuko ekuazio eta integral hutsekin biografia apasionatu horiek baztertzen dira, lur hartu barik airean biraka dabilen bizikleta-gurpila antzo. Matematikaren esentziari buruzko galderari ezin zaio hizkuntza matematikoaren bidez ihardetsi. Matematikaren esentzia ezin du Matematikak azaldu, Filosofiak baino.
Hobe genuke, ikasgai bat gainerako ikasgaien zerizana azaltzeko erabiltzea, eta ez jadanik aski onkeriazkoa den curriculumari “Herritartasunerako eta Giza Eskubideetarako Heziketa” kurtsi hori eranstera mugatu. Ito egingo gaitu azkenean politikoki zuzenak. Ikasleak berehala ohartuko dira delako “Heziketa” berri hori irakasleen, politikarien eta oro har helduen kontzientzia gaiztoa xuritzeko beste tramankulu astun horietako bat dela: ezin gosea, hilketak eta tortura desagerrarazi, ezin herritarrak legea bere senti dezan lortu, eta konpentsatzeko ikasle koitaduei txintxoak izateko eta arraza guztiak direla errespetagarriak behin eta berriro errepikatu behar, aurretik mila bider entzun ez balute bezala…
Ez ote da egokiagoa “Herritartasunerako Heziketa”ri eskaini nahi zaion ordua gazteari ikasten ari den guztia perspektiba orokor batean kokatu ahal izateko baliabideak eskuratzeari ematea, alegia, hipokresia gutxiago eta eduki sendoagoak oferendatzea?
Eusko Legebiltzarrean, nola Filosofiaren alde, hala Soinketaren, PPko Iñaki Oiartzabalek egin du, adore handiz. Agur eta ohore, Iñaki.
Dena den, ariketa fisikoa gure gazteria usteltzen ari den kuadrillismoa eta komunikakeria gainditzeko ere erabil liteke. Honelaxe: DBHko laugarren mailaren amaieran, udaberrian, eta Beharrezko Ikasketen titulua eskuratzeko beharrezko baldintza gisa, ikasleek, bat-banaka, ilargi beteko gau batez, ondo afaldu ostean, gaueko hamarretan basora edo leku morturen batera joan beharko lukete, eta konpon daitezela bakardadearekin, beldurrarekin, otsoekin eta mugikor barik. Soilik behin egunsentia loratu ondoren itzuli ahalko lirateke etxera. Eta, bizirik bueltatuz gero, soilik orduan jasoko lukete titulu akademiko ofiziala.
Alkoholeman
Gezurra nabaritzen hasten delarik, zer egin behar luke gezurtiak, egia lehenbailehen aitortu ala gezurrari kosta ahala kosta eutsi?
Eutsiz gero, barregarri eta negargarri gelditzen zara sarritan: Bush eta Sadamen suntsipen handiko iskiluak edota PP eta ETAren laguntza Madrilgo sarraskian... Baina lotsagarri gelditzeko arriskuagatik gezurra lehenbailehen zokoratzeko aholkuak aurka ditu Historia eta eraginkortasuna.
Zeren, zenbat gezur ez ote dituen denboraren joanak eta egia balira bezala errepikatu izanak, dudarik gabeko egia bilakarazi! Oro har, gezurti mota horri zorionak ematen dizkiozu, zure aldekoa bada. Aldiz, etsai bazenu, egia beti eta nonahi adierazteko betebehar morala gogorarazi nahiko zenioke.
Edonola ere, zenbaitetan gezurra traizionatu eta egia lehenbailehen aitortzea komeni den bezalaxe, beste zenbaitetan, esan duzun egia ez baldin bada komenigarri gertatzen, lehenbailehen gezurtatu beharra dago.
Colemanen aldetik oso polita izan da, eta Errealari dion begirunearen adierazpen, ez gezurra esatea, hori ohikoa baita, baizik nola biribildu duen, zein ederki eta zelako ganoraz pintatu dituen alegiazko xehetasun guztiak: esan zezakeen soilik etxea uholdeak hartu diela, eta aski zatekeen, baina begiruneak bultzaturik erantsi du garbigailua matxuratu zaiela, beheko solairuan umeak bizi direla eta uholdea bereziki arriskutsua izan zitekeela, eta horregatik nahiago izan duela prentsaurrekora joan baino lehen anabasa hura behar bezala konpondu…
Colemanen meritua are hunkigarriagoa da, kontuan hartuz gero Donostiako gautxori guztiek ikusi zutela sekulako melokotoiarekin Bataplanen, Napon, taxi geltokian goitika... Orain donostiar perfidiak “Alkoholeman” bataiatu du.
Entrenatzaile gisa ez ezik, pertsona gisa ere miresgarria da Coleman, giza konplexutasuna ezkutatzeko lanik hartu ez duen heinean. Errealaren datorren urteko zuzendaritzak ederki asmatuko luke, Coleman atxikiko balu.
Aitzina beti euskalduna!
Inposizioa tarteko, tristeak izaten dira batzuetan euskararekiko harremanak. Etengabe jarri behar izaten dituzu salaketak: Eusko Trenen, EHU-UPVn, eta abar, zure hizkuntz eskubideak zapaltzen baitituzte.
Baina badira egoera atseginagoak, euskaraz ongi pasatzekoak. Irauteko senak aginduta beharbada, zenbaitetan amorrua mehetzen da eta gozamena sendotzen, eskertzekoa baita, eta zaila, batez ere euskararen aurkako irain guztiei jaramon egin behar izanez gero.
Halatan, ia inoiz ez da alferrikakoa aldarrikatzea badirela euskara dela-eta pozteko arrazoiak. Gaur egun Euskal Herriko Institutuetako eta Lizeoetako ikasleek Platoni, Kanti, Nietzscheri buruzko azterketa zoragarriak egiten dituzte, sinesgaitzak, apartak. Denak ez dira horrelakoak, noski, baina baikortasunari eusteko moduko mordoxka eder bat bai.
Institutu garaiko gure euskara mailaren aldean, ehunka eta milaka dira maila izugarri altua duten euskal gazteak, bikain idazten dutenak. Iparraldean berdin, Piarres Xarritonek herenegun kontatu zidan Donibane Garaziko Lizeoa –Antton Luku dabil bertan– Frantziako Lizeo mitikoen pare dabilela emaitzei dagokienez, Parisko Louis-Le-Grand eta abarren pare, eta harrigarria dutela halaber euskara maila.
Beren esku dago euskararen etorkizuna.
“Hospital Central” ikusten izango dira oraintxe, edo “El internado”.