Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Sei belaunaldi aldi berean

Sei belaunaldi aldi berean

Markos Zapiain 2010/02/13 21:28

Kolonbian, Karibeko Santa Martan, orain jaio den neska bati esker, Marianari esker, sendi bereko sei belaunaldi bizi dira aldi berean. Marianaren amak 16 urte ditu, amonak 38, birramonak 60, herenamonak 77 eta laurdenamonak azkenik 95.

Sei belaunaldi. Demagun gurean hogeita hamar urte dela aurreneko umea izateko batez besteko adina. Aldi bereko sei belaunaldi bagenitu, laurdenamona lehenbiziko karlistada baino lehen zatekeen jaioa. Gure gazteei esan txikia zinenean ez zenutela ontzi garbigailurik etxean eta harrigarria zaie, edo ez dute ulertzen.

Hemeretzigarren mendeko hogeita hamargarren urtean Euskal Herriko etxeetan ez zen ispilurik. Hil berria zen Hegel eta hamalau urte falta zitzaizkon Nietzscheri jaiotzeko. Gaur aspaldi galdutako eremu zabaletan bizi-bizi zebilen euskara, artean ez zizkiguten foruak kendu. Ez autoa baizik astoa zebilen nagusi gure karriketan.

Orain dela sei belaunaldi baserriak eta arrantzak itzelezko garrantzia zuten, gure herrietan ia ez zebilen beltzik edo hegoamerikarrik, hain gutxi txinatarrik. Gaur egungoaren erdia zen bizi esperantza, baina ez zegoen fibromialgiarik ez Alzheimerrik; ezta Eurovision ere. Sarkozyk eta Rosa Diezek oraindik ez zuten eskuratua Bakearen Nobel Saria. Orduan hasi zen aspirina lehen urratsak ematen munduan, Mariana oraintxe bezala.  

Amatiño
Amatiño dio:
2010/02/15 19:25

Sei belaunaldikorik ez dut nik ezagutzen baina bostekoa Gasteizen bizi da, Gorka Knörren senidekoren bat tarteko.

Bestalde, nere aitona 1843an jaio zen eta birraitona, berriz, 1800an. Lehen Karlistada baino dezente lehenago. Ia-ia XVIII. mendean.

Patxitrapero
Patxitrapero dio:
2010/02/14 04:31

Bizi esperantza lehengoa balitz, ni honez gero hilda nengoen. Zorionez, ezeren okerrik ez dala, ehun urte baino gehiago biziko naiz, farmazeutikak lagun, eta malkoak begietan ikusi ahal izango det Rosa Diez Bakearen Nobel Saria jasotzen.

Edonola ere, ez dago oso atzera jun beharrik 19. mendean bezela bizitzeko: nere lehengusu Bartolok astoa hezten ditu, eta irudipena daukat ez duela denbora gehiegi ematen ispiluaren aurrean (horretan nere antza haundia du).


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.