Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Papin ahizpen hilketa izugarria

Papin ahizpen hilketa izugarria

Markos Zapiain 2010/02/09 16:28

Christine eta Lea Papin neskame dabiltza, edozertarako, etxe berean,  Frantzia sakoneko herri txiki aberats batean, Le Mansen, joan den mendeko hogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran. Beste bikote bat dute nagusi, ama-alabak. Garai hartan, auskalo orain, abereak bezala erabiltzen zituen zerbitzariak Frantziako burgesiak, klase inertzia anker batek bultzaturik. Ohikoa zen harakinari sendikoentzat txuleta eta morroientzat hondarra eskatzea. Papindarrak isilak dira, arraro samarrak, beti elkarrekin, ez dira irteten, oporrak ere gelan ematen dituzte biak bakarrik.

Behin batean, ekaitza Le Mansen, kanpoan dira nagusiak, badoa argindarra. Ama-alabak itzulirikoan errieta jopuei, ilunaren errudun jotzen dituzte noski. Ahizpek ez dute deus ere egin haatik, elkarrekin egon eta argindarra itzul dadin itxaron baizik. Aldarri eta aldarri nagusiek. Halako batean, Papin ahizpak oldartu egiten zaizkie eta begiak erauzten dizkiete, artean bizirik direla, eta gero hil. Ondoren,  jakingura eta gozamen sakratua: sukaldeko labanak, pitxerrak, mailuak hartu eta hazpegiak txikitzen dizkiete, izter eta ipurmasailak xerra-xerratzen, etxe osoko txokoak garunez zipriztintzen, alu-aldea odolez igurzten (ipurdia eta alua direla “bizitzaren misterioa” esango dio Christinek epaileari). Azkenik, guztia goitik behera garbitu, etxea txukun-txukun utzi eta ohera, elkarrekin. Sakrifizio osoko hitz bakarrak: “Ederra egin dinagu!”.

Poliziak berehalako bultzatzaileak bilatzen ohi ditu, helduarokoak. Psikoanalistak, berriz, hiltzailearen haurtzaroa, bizialdi osoa, gurasoen haurtzaroa, poliki-poliki, belaunaldi osoak iraganerantz behar izanez gero. Mozkor basatia zuten aita, ahizpetako bat biolatzen zuen.

Papin ahizpen hilketaren Lacanen azalpenen artean, batek dio paranoikoek metafora errealitatera igaroarazten dutela: “Begiak aterako dizkinat!”, diogu, gorrotoa adierazteko. Horixe bera zuten gauzatu horrenbestez, hitzak eta ekintzak ezin bereizirik. Bestalde, Papin ahizpek mundu bakar zuten beren arteko uharte hertsia. Bertan aurkitu zuten sexua. Guztiz arrotza zitzaien gizona. Christinek zioen aurreko bizialdi batean ahizparen senarra izan zela. Lacanentzat, oraintxe zen Learen senarra. Bikote estua zuten osatzen.

Hilketaren ostean atxilotu eta Papin ahizpak bereizi egin zituzten; orduan hasi ziren eldarnioak, atorra hertsagarria ezarri behar izan zieten. Lacanen ustetan, bizikidetza itxiegia izan bazen hilketaren oinarri, bereiztea zen eldarnioena. Bereiz zeuden arren, nolanahi ere, beren idatziak eta adierazpenak berdin-berdinak ziren.

Ekintza eroak batzuetan tentsioa bare dezake, paranoia sendatu. Baina baita ostendurik itxaroten zegoen eromena nabaritu eta biziarazi ere, lasterketa-hasierako tiroa bailitzan, Papin ahizpen kasuan bezala. Espetxeratu eta bost hilabete barru Christinek sinkopeak eta haluzinazio ikaragarriak zituen, bere begiak erauzten ahalegintzen zen, gurutziltzatuaren jarreran ipintzen zituen besoak, sexu erakustaldiak eskaintzen zituen.

Lacanen iritziz, zapalduriko homosexualtasuna du emakumeen paranoiak abiapuntu. Christinek bikote homosexual bateko gizontzat zuen beren burua. Bere paranoian, bikote sakratu madarikatu bat osatzen baitzuten: andre santua (ahizpa Lea) eta berau babestearren etsai gaiztoa erahiltzera derrigortua den gizona (bera, Christine).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.