Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Emakume-gozamena

Emakume-gozamena

Markos Zapiain 2010/02/09 09:41

Andreek idatzi dute ederki Lacanen gainean. Lacanen beraren edozein liburu baino aunitzez mamitsu eta xarmagarriagoa duzu Elisabeth Roudinescoren Jacques Lacan. Esquisse d´une vie, histoire d´un système de pensée edota Catherine Clementen Vies et légendes de Jacques Lacan.

Lacan maiz aritu da emakumeen gozamenaz. Dena dela, Lacanen esanetan ez dago sexu harremanik. Sexu jardueran sexukide bakoitza bere plazerak korapilatzen du, lagundutako masturbazioa da gehiago benetako harremana baino. Barre egin dio aldibereko orgasmoaren aldeko psikoanalista amerikanoen setari, Come together horiek bikote-arazoak konpontzeko panazea balira bezala.

(Horrek ez du esan nahi Lacanentzat amodioa ez denik; bada, bai, baina ez du zerikusirik sexu harremanekin. Bai, aitzitik, estasi mistikoekin.)

Era berean, Lacanek emakumezkotasuna ukatu du, Jungek eta amerikanoek, nia indartzearren, amatxo eternalaren altzora itzulera- txangoak antolatzen dituzten bitartean.

Gure kulturak beti lotu izan dio emakumea gizonari. Osotasunaren erdigune, gizona, jakina: emakumea, gizonaren saihetsetik aterea, osagarri. Horixe ukatzen du Lacanek. Emakumea ez denez oso, hain gutxi osagarri, gizonari, gizonaren mintzamoldeari, ihes egiten dio, badu gizonak ez duen zerbait: gozamena.

 Emakumeak, gozamena datorkionean, badaki zer den; baina ez datorkie emakume guztiei. Emakume-gozamena da Lacanen obran azken xede eta muga. Mistikoak estasia bezala, sentitu bai, baina ezin du mintzoz adierazi. (Bestalde, emakumeak frigidotasunaz arduratzen hasi dira gozamena betebehar bihurtu dietenean, kanpotik.)

Lacanentzat literaturarik interesgarriena, estilorik behinena, emakume mistiko eroena da, edozein erlijio antolatutik at. Bere burua talde horren barruan kokatzen du, Batailleren “Madame Edwarda”n ageri den eroaren kide, aluko ezpainak zabalduz “hauxe duzue Jainkoa” dioena.

Alta bada, Lacanen mistikoek ez dute betiko Jainkoarekin bat egiten, paranoiarekin baizik. Eta beren estasiak ez dira aingeruzkoak, hilketak baino, esaterako Papin ahizpen krimen haluzinagarria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.