Elefantearen kakapean
Paderborn Alemaniako hiri bat da. Bertako zooko zaindari bat, Frierick Riesfeldt, 46 urte, ohartu zen Rose elefanteak, 8.000 bat euro balio zuenak, ez zuela kaka ondo egiten, lehen bezain oparo ez behintzat.
Friedrich Riesfeldt kezkatu egin zen, bai baitzekien idorreriak elefantea hil dezakeela. Hori adierazi zuen zaindariaren laguntzaile batek, Kurt Herman-ek. “Ostegun hartan jakinarazi zidan berandu arte geldituko zela zooan, elefanteari laxante edo libragarriak eman eta aiuta edo labatiba bat sartzeko. Laguntza eskaini nion, baina etxera joateko esan zidan, kontrolpean zuela guztia. Oso gizon zintzoa zen. Inoiz ez zuen deus txarrik esaten lagun hurkoari buruz”.
Friedrich Riesfeldtek elefanteentzako berezia den libragarri bat eman zion Roseri, 22 dosi (asko da). Gainera, baiak, pikuak eta aranak janarazi zizkion. Eta errematerako oliba-oliozko aiuta jarri zion. Ondorioz, elefanteak tanpez 200 libra kaka hustu zituen Friedrich Riesfeldt zaindariaren gainean.
Elefantearen kaka egite izugarriak ezustean harrapatu zuen zaindaria. Gorotzen indarrak bultzaturik, atzez erori eta harri baten kontra kolpe latza jo zuen kokotaz. Hala ere, Erik Dern Poliziaren detektibeak dioenez, zaindaria konortea galdurik zetzan bitartean ere, pakidermoak kaka bota eta bota jarraitu zuen gizajoaren gainean.
Ordu bete inguru egon zen ore ezin toxikoagoaren pean, harik eta lagun bat gertatzen ari zenaz ohartu eta alerta deitu zuen arte.
Beranduegi ordea. Estalirik zegoen zaindaria gorotz-masa ikaragarriaren azpian, zangoak eta oinak baino ikusten ez zitzaizkiola, ordurako hila, kakak itota.
“Inoiz ez nuen antzekorik gerta zitekeenik pentsatu, baina orain badakit elefante bati aiuta popatik sartzea ekintza zinez arriskutsua suerta daitekeela” –ohartarazi zien kazetariei hilikoaren laguntzaile Kurt Hermanek.
Albiste hau Alemaniako egunkari sentsazionalista batean agertu zen; ondoren AEBetako “Weekly World News” ez oso fidagarriak jaso zuen.
Snopes.com-ekoek ikertu egiten dute hiri-kondaira egiazkoa ote den, eta, behin ikerketa buruturik, emaitza webgunean erakusten dute.
Zurrumurru edo hiri-kondairaren bat asmatu eta egia bailitzan hedatu nahi bazenu, hortaz, kontuan hartu Snopes arerio gogorra duzula. Edozein aztarna ezabatu beharra dago.
Elefantearen albisteak, esaterako, hainbat akats nabarmen dauzka. Har itzazu kontuan, putzu berean ez sartzeko ukondoa:
Batetik, Paderborn hirian ez dago zoorik.
Bestetik, ez Paderborn-en ez inguruetako herrietan ez da Riesfeldt izeneko zoo-zaindaririk bizi izan, ezta Erik Dern polizia detektiberik ere. Telefono liburuetan ez dira ageri.
Gainera, berri-agentzia fidagarriek ez dute inoiz halako kakazko heriotzarik aipatu.
Azkenik, animalia basatiei ezin diezu besterik gabe aiuta bat sartu. Ez dizute uzten. Are gutxiago lagun bakar batek elefante bati.
Bukatzeko: zurrumurruek eta hiri-kondairek solaskidearen arreta erakarri eta harritu nahi dutenez, ez da harritzekoa kontakizunotan kaka indar eta distira bereziz ager dadin, hiri-kondairen senide hurbila den txistean bezalaxe.