Pulp Fiction. Galdetegia
Euskal-encodings-en dago Pulp Fiction, euskarazko azpitituluekin
0-Pulp Fiction esamoldea erabiltzen da paper merkean inprimatutako aldizkari edo liburuxkak adierazteko (“Pulp” hori paper merkea da). Narrazioak, nobelak eta komikiak izaten dira, krimen eta misteriozko istorioak kontatzen dituztenak. Vincentek komunean irakurtzen ditu. Tarantinok horrela bataiatu zuen bere filma, nahi zuelako oroitaraz dezan horrelako argitalpenek eragiten duten sentsazioa.
1-Pulp Fiction-en ageri diren ordulariek 4:20 markatzen dute, 4-20 delako poliziak marihuana-kontsumoa adierazteko duen kodea. Dena den, drogei dagokienez, kokaina eta heroina dira filmean nagusi. Zer droga-mota da kokaina, eta zer heroina? Nola sailkatzen ditu Munduko Osasun Erakundeak? Nola desberdinduko zenituzke kokainaren eta heroinaren eraginak? Nola deskribatuko zenuke kokainarena Miarengan eta heroinarena Vincent Vegarengan? Kontuan hartu Miak bere kokaina esnifatu nahian tronpatu eta Vincenten heroina sudurreratzen duela, eta horren ondorioz datorkiola gaindosia.
2-Heroinaren eraginaren peko eszenak filmatzeko John Travoltak ez zuen, noski, heroinarik hartu. Tekila dezente edan eta ur bero-beroan bainatu ondoren egin zituen. Esan izan da Miarena kokaina-dantza dela eta Vincentena heroina-dantza. Zergatik iruditzen zaizu hartzen dela Miaren eta Vincenten dantzaldia zinemaren historiako onenetakotzat? Zergatik ote da hain hipnotikoa? Begira nola kutsatu zitzaion Tarantino zuzendariari dantza horren poza grabatzen ari ziren bitartean.
3-Heroinaren albo-kalteetako bat idorreria da. Horregatik aurkituko dugu Vincent hain maiz komunean. Komunera doan aldiro, zerbait erabakigarria gertatuko da munduan. Pulp Fiction irakurriz kaka egiten edo ahalegintzen ari den bitartean, goitik behera irauliko ditu katastrofe batek bere egoeraren parametroak. Lehenbiziko atalean, Mia konorterik gabe aurkituko du. Bigarrenean, Butch eta heriotza. Eta hirugarrenean, Pumpkin eta Honey Bunny-ren lapurreta. Zer nahi izan du Tarantinok adierazi?
4-Bigarren atala da uzkiari lotuena. Vietnamen zela, uzkian eraman zuen Butchen aitak bere aitarengandik eta aitonarengandik jasotako urrezko ordularia bost urtez, eta ondoren aitaren adiskide Koons kapitainak beste bi urtez. Ordulari hori, alde batetik, T objektua da, trantsizio-objektua, amaren bularraren ordezkoa, ziurtasun psikologikoa ematen dizuna. Bestetik, familia-jarraitutasuna bermatzen du, sustrai emozionala. Azkenik, bizitzari zentzua ematen dio, munduko egonaldi krudela goxatzen digun talisman horietako bat da.
Objektiboki, gauza gisa, trantsizio-objektua edo talismana ez da beti garrantzitsua. Guk haiengan proiektatzen ditugun beharrek egiten dute garrantzitsu. Zupakia izan daiteke, panpina, ordularia, gitarra-pua, argazki edo liburu bat, edozer. (Baita ere, beste maila batean, ohitura bat, droga, zinema-zaletasuna, adikzioa, bikotekidea, Athletic.) Amaren bularrean edo amaren plazentan hasi zen serie baten osagaiak dira. Amarekiko atxikimendua ordezten dute eta zure bizitzaren zentzua barnebiltzen eta adierazten dute. Iruditzen zaigu hori gabe ezingo ginatekeela bizi. Ulergarria da Butchek bizia arriskatzea urrezko ordularia berreskuratzearren, bestela familia-loturak eta sustraitzea desagertu eta zentzubako bilakatuko litzateke haren bizitza. (Trantsizio-objektuak eta talismanak ia beti ahoarekin dute lotura. Pulp Fiction-eko urrezko ordulariaren bitxitasuna da ahoari baino gehiago uzkiari dagokiola.)
Galdetu etxean zein izan zen txikitako zure trantsizio-objektua. Eta, gaur egun, baduzu halako kutun edo talismanik? Beti daramazu zurekin ala tiraderaren batean daukazu gordeta? Zelako harreman psikologikoa duzu talisman horrekin?
5-Freudek dioenez, urrea kaka da. Uzkiko erloju horrek erabakiko ditu hain zuzen Marsellus Wallaceren biolazioa eta heroinaren erruz beti komunean dagoen Vincenten heriotza. Urrezko ordularia familia-iraganetik eta haurtzarotik dator, oraina kordokatu eta aztoratzera .
Bestalde, Marsellusek ia esaldi bakoitzean aipatzen du ipurdia. Adibidez, Butchi borrokaldia galtzeko agintzen dionean:
Marsellus: I think you're gonna find, when all this shit is over, I think you're gonna find yourself one smiling motherfucker. The thing is, Butch, right now you got ability. But painful as it may be, ability don't last. And your days are just about over. Now that's a hard motherfuckin' fact of life, but that's a fact of life your ass is gonna have to get realistic about. See, this business is filled to the brim with unrealistic motherfuckers. Motherfuckers who thought their ass would age like wine. If you mean it turns to vinegar, it does. If you mean it gets better with age, it don't. Besides, Butch, how many fights do you think you got in you anyhow? Two? Boxers don't have an Old Timers Place. You came close but you never made it. And if you were gonna make it, you would have made it before now. (holds out the envelope of cash to Butch, but just out of his reach) You're mine, dig?
Butch: It certainly appears so. (takes the envelope)
Marsellus: Night of the fight, you might feel a slight sting. That's pride fuckin' with you. Fuck pride! Pride only hurts, it never helps. You fight through that shit. 'Cause a year from now, when you kicking it in the Caribbean, you gonna say to yourself, "Marcellus Wallace was right."
Butch: I got no problem with that, Mr. Wallace.
Marsellus: In the 5th, your ass goes down. (Butch nods silently) Say it.
Butch: In the 5th, my ass goes down.
Vincent Vega aurkitzen duenean:
“Vincent Vega, my nigga! Get your mother fucking white ass over here!”
Butchek hitza jan, engainatu eta ihes egin diola jakin duenean:
“I'm prepared to scour the Earth for that motherfucker. If Butch goes to Indo-China, I want a nigger hidin' in a bowl of rice waiting to pop a cap in his ass.”
Azkenik, Marsellusi berari emango diote popatik: hasieran besteen popak berba hutsezko mehatxurako erabiliko ditu, baina gero Marsellusen beraren popa errealean gauzatuko da. Marsellusen rola egin behar zuen aktoreak biolazio sodomita horregatik utzi zuen bertan behera, eta azkenik Ving Rhamesek onartu zuen. Marsellusi uzkia jorra diezaioten etetea lortuko du Butchek, eta horri esker salbatuko du boxeolariak bere bizia eta bere uzki-erlojua. Popatik eman diotela jendaurrean ezagutu dadila da Marsellusentzat munduko gauzarik lotsagarriena, eta horregatik baimenduko dio Butchi ihes egitea, honek larriki traizionatu duen arren. Psikoanalisian oso garrantzitsua da uzki-konplizitatea.
Zergatik erabaki zuen Butchek Marsellusen biolazioa etetea: eskuzabaltasun etikoaren adierazpen da Butchen jokabidea? (Hau da, Butch, bera hil nahi duen Marsellus salbatzera arriskatuko da, bere bizia arriskuan jarriz, errukiagatik eta bidegabekeria bat eragozteko: Butch litzateke film osoan bere bizia beste baten alde arriskuan jartzera ausartzen den bakarra, erakutsiz ez duela biziarekiko atxikimendurik, eta horrela, Mateoren ebanjelioko Jesu Kristoren hitzak parafraseatuz, bizia galtzeko beldurrik ez duenak salbatuko du hain zuzen bizia, eta, aitzitik, Vincent bezala bizia kosta lain kosta salbatu nahi duenak galdu egingo du.)
Ala kalkuluagatik hartuko du Butchek bere gain arriskua, uste duelako Marsellusek barkatu ezean munduko txokorik ezkutuenean ere ez duela lasai bizitzerik izango?
6-Tonyk Miari egin ei zion oinetako masajeari dagokionez, nori sinesten diozu: zurrumurruari (masajea egin zion eta ondorioz Marsellusek Tony leihotik amildu zuen) ala Miari (ez zion masajerik egin, elkar ukitu zuten aldi bakarra Miaren ezkontzan izan zen, eskua elkarri eman ziotenekoa)? Eta zeinek du arrazoia, Vincentek (oinak masajeatzean isilpean gordetzen den intimitate sentsual ilun bat sortzen da, jelosia ulergarri bihurtzen duena) ala Julesek (masajeari ez zaio garrantzirik eman behar, oinetako masajea eta sexu-harremana ez dira soilik liga desberdin bi, baizik kirol desberdinak)? Ala ez batak ez besteak?
7-Butchek eta Fabiennek elkar maite dute? Zer iruditzen zaizu Fabienneren jarrera Butchen haserre biolentoaren aurrean, ohartzen delarik Fabiennek ez diola urrezko ordularia ekarri? Ohiko bikote heterosexualetako ar/eme botere-harremanak errepikatzen dira hemen? Butchek gero Fabienne errugabetzeak eta Fabiennek berak Butchen jokabidea ulertu eta onartzeak barkagarriago egiten ote du tratu txarra?
8-Louann Brizendinek dioenez, amodioa egitean gizonek gurago dute argia piztu, ikuskizuna kitzikagarria baitzaie, eta emakumeek berriz itzali, iluntasunak usainen eta ukimenaren intimitatea babesten baititu. Ildo berean, Fabiennek dio nekez datozela bat, tamalez, ikusmenari atsegin zaiona eta ukimenari atsegin zaiona. Ados zaude? Zergatik?
9-Zer dago zure ustez Marsellus Wallaceren maletan, zeri dario distira laranja misteriotsu hori? Harriturik uzten ditu Jules eta Vincent, ederra dela dio Pumpkinek, eta eragiten dion lilurari esker harrapatuko du Julesek. Hasieran, Tarantinoren asmoa izan zen diamanteak jartzea, baina baztertu zuen. Erabaki zuen enigma argitu gabe utzi eta ikusleei aukerak zabalik uztea. Ikaragarri ugaritu dira hipotesiak Interneten. Batzuek diote plutonioa dela, beste batzuek urrea, edota heroina, Rock'n'Rolla, Tarantinok irabazi nahi zuen Oskarra. Baina aspaldion beste hipotesi hau ari da nagusitzen: Marsellusen arima dago maleta barruan, eta horregatik dabil hain aztoratuta eta jendea hiltzeko prest hura berreskuratu nahian. Eta horregatik dauka esparatrapua garondoan, Erdi Aroan ziotenez Satanasek garondoa zulatu eta bertatik erauzten omen baitio jendeari arima. Gainera, 666 zenbakia erabiliz irekitzen da Marsellusen maleta, eta Satanasen zenbakia da 666. Tarantinok jakinarazi zigun maletan ez dagoela laranjaz pintaturiko bonbilla pare bat baino. Zein iruditzen zaizu hipotesirik sinesgarriena? Hipotesi berri bat asma dezakezu. Ez du balio Tarantinok jakinarazi ziguna errepikatzeak, alegia, Marsellusen maletan ez dagoela laranjaz pintaturiko bonbilla pare bat baino.
10-Isiltasun deserosoez:
Mia Wallace: Don't you hate that?
Vincent: Hate what?
Mia: Uncomfortable silences. Why do we feel it's necessary to yak about bullshit in order to be comfortable?
Vincent: I don't know. That's a good question.
Mia: That's when you know you've found somebody really special: you can just shut the fuck up for a minute and comfortably share silence.
Vincent eta Mia elkarrekin irteten diren lehenbiziko aldia den arren, isiltasunak ez ditu deseroso sentiarazten. Beste norbaitekin egonda sentitu al duzu inoiz isiltasuna deseroso? Uste duzu elkarrekin luzaro isilik deserosotasunik gabe egoteko gai izateak harremana benetan sendoa dela adierazten duela, edo ez du garrantzi berezirik?
11-Aditu batzuek diote Pulp Fiction filma postmodernoa dela. Zergatik?
Alde batetik, zinemaren historia osoa berreskuratzen eta omentzen du: ia eszena eta elkarrizketa bakoitzak dakar aurreko filmen baten oihartzuna. Esaterako, Butchek eta Marsellusek ezustean zebrabidean elkar ikusteak, Psycho-ko topaketa ospetsua imitatzen du. Butchek Zed-en bahi-dendan arma egokia bilatzen duenean, mailua The Toolbox Murders-i dagokio, beisboleko batea Brian de Palmaren The Untouchables-i, zerra elektrikoa The Texas Chain Saw Massacre-La matanza de Texas-i eta katana, Butchek azkenik aukeratuko duena, borroka-arteen inguruko japoniar film pilo bati. Era berean, Marsellusen maletako distira misteriotsuak Robert Aldrich-en Kiss Me Deadly-koa berritzen du (barruan bonba nuklear txiki bat daukana). Vincent eta Miaren arteko dantzaldiak ere Fellini-ren “8 eta erdi”koa eta Godard-en Bande à part-ekoa imitatzen omen ditu. Dantzalekua bera, 50eko hamarraldiko kulturaren berpiztea da. Bestalde, berreskurapen eta omenaldi hori ironikoa izaten da.
Ez dago egia bakar eta osorik, baizik eta iraganean adierazi izan diren istorioen errepikapen orainaldira moldatuak. Ez du merezi, modernitatean bezala, originaltasuna eta berritasuna kosta lain kosta bilatzen ahalegintzea. Istorioz inguratuta bizi izan gara beti, eta horiek brikolaje batean berrantolatzea da kontua.
Gainera, eta postmodernismoaren beste ezaugarri bat da, ezer ez da dirudiena. Butchek Vincent hiltzeko darabilen metraileta ez da Vincentena baizik eta Marsellusena. Ordurako, Jules joana da Jainkoaren eskutik herriz herri ibiltzera, eta Marsellusekin batera heldu da Vincent Butchen etxera. Horregatik egingo dute topo zebrabidean, Marsellus gosaria erostera atera baita. Eta Miak eta Vincentek dantza-lehiaketako trofeoa ez dute irabazi, lapurtu egin dute. Azkenik, Mia, itxuraz sexualki libre bezain ausarta, birjina da benetan, horregatik dantzatuko du hain modu desaforatuan “Girl, You’ll Be a Woman Soon”, Vincentek iniziatuko duen itxaropenaz. Izan ere, Marsellusen beldurrez, inor ez zaio hurbiltzen. Eta Marsellus bera genitalki inpotentea litzateke, uzkiari lotuegia, bere supermatxo irudi, hizkera eta jokaera gorabehera.
Alegia, alde batetik ez dago itxuren azpiko oinarri sendorik; eta bestetik itxurak berak ere engainagarriak dira. Apurtu egin da ikuspuntu klasikoaren araberako egia.
Zentzu horretan, bat zatoz Pulp Fiction postmodernismoan kokatzen duen ikuspuntuarekin?
Batek palmondoen hoteletik hegan egin zuen
0-Arazo bat dago izenburuarekin. Ingelesez One Flew Over the Cuckoo’s Nest da. Ingelesez, argotean, cuckoo’s nest psikiatrikoa da. Gaztelaniaz Alguien voló sobre el nido del cuco jarri zioten, gaztelaniaz “el nido del cuco” psikiatrikoa ez den arren. Ikusle espainolek, eta zer esanik ez euskaldunok, imajinatu izan dugu poesia zebilela tartean, misterioa, argitzeko eskatu behar ez den esaldi arraro horietako bat zela. Bermeon “Hotel Palmeras” deitzen zaio psikiatrikoari, eta nik dakidala horixe da cuckoo’s nest-en oihartzuna ondoen jasotzen duena, izenburuko “hegan” hori airean gelditzen den arren, bidean kukua galdu dugunez.
1-Gurean entzerramendua, ixtea, erabiltzen dugu batez ere gaixo mentalekin. Bururatzen zaizu beste jarreraren bat? Zenbait herritan ez dago psikiatriko publikorik. Kalifornian, adibidez, gerora presidente izango zen Ronald Reagan gobernadoreak itxi zituen 1967an. Gaixo mentalak etxeetan edo kalean bizi dira. Auskalo zelan konponduko diren orain. Agintaria bazina, zer egingo zenuke zuk halako gaixoekin?
2-Eroa iruditzen al zaizu Jack Nicholson/McMurphy? Esaten da eromena arrazoia galtzea dela. Chestertonek, aitzitik, den-dena galtzea dela dio, arrazoia izan ezik. Adibidez, paranoikoen eraikuntza mentalak arras logikoak izaten dira, erabat koherenteak; oinarri sentimentala da huts egiten diena. Era berean, Freuden esanetan, erlijioak neurosi kolektiboak dira: fededun ikaragarri adimentsuek arrazoibide eta liburu ezin zorrotzagoak idatzi dituzte aingeruen hierarkiaz eta gorputzen piztueraz. Nola definituko zenuke zeuk eromena?
3-Gogoratu Dale Harding bibotedunaren kasua: jeloskorraren susmoek, beti al dute zergatiko ulergarriren bat? Zentzuzko jelosia eta eldarniozkoa bereizi izan dira. Zer deritzozu?
4-Psikiatrikoan sartzean, nesketako batek dio: “Honek Institutua oroitarazten dit”. Ados zaude?
5-Iruditzen zaizu hitz-toteltasuna sexuaren eta emozioen errepresioaren erruz sor daitekeela? Eta larrua gozoro joz senda litekeela, Billyren kasuan bezala? Emakume goxoaren bidez, hizkera-arazoa sendatzen zaio; baina ama zapaltzailea hizpidera etorri bezain laster, toteltasuna berpiztu egiten zaio. Bilatu sarean zer lotura izan ote dezakeen gizonaren toteltasunak amarekiko harremanarekin.
6-Azaldu Ratched erizainaren eta McMurphyren arteko harremanak Antigonaren eta Kreonteren artekoen argitan.
7-Bizitzaren zapaltzaile ageri da filmean psikiatrikoa. Psikiatrikoak eskatzen duen diziplinaren baitan, balegoke oreka biofiloagorik lortzea diziplina-beharraren eta emozioen eta sentimenduen adierazpen librearen artean?
8-Gaur egun lobotomia ez da erabiltzen. Elektroshocka bai, batez ere depresioak jotako emakume haurdunekin. Efektua positiboa izaten da, eta umekiari ez zaio ohiko pilulak bezain kaltegarria. Filmak txartzat jotzen ditu bai elektroshocka eta bai lobotomia. Gaur egungo psikiatriak zergatik ez ote ditu zaku berean sartzen?
9-Zilegi da gaixoak pilulak hartzera derrigortzea?
Suaren bila
1-Azaldu zein den Prometeoren eta suaren arteko harremana.
2-Sua pizten era autonomoan jakitea, gurpila, inprenta, Internet jo ohi dira giza historiaren aurkikuntza nagusietakotzat. Aurkikuntza horien artean, zein lehenetsiko zenuke? Zergatik?
3-Azaldu zergatik izan zen zenbait antropologorentzat ziminotik gizakira igarotzeko orduan erabakigarria sua. Zein esango zenuke dela beste primateetatik bereizten gaituenaren funtsa: ez gordina baizik eta egosia jatea, gorputza estaltzea, hildakoak lurperatzea, mintzamena, pentsamendua…? Zergatik?
4-Suaren bila-n, aditu batzuek gizon protagonistaren taldean Neandertalak ikusi dituzte, eta andrearenean, ostera, Sapiensak. Neandertalek ez dakite sua gorde eta iraunarazten baino. Sapiensek sua pizten ere badakite. Neandertalak hainbat aldetatik itxiagoak dira, Sapiensak irekiagoak, abegitsuagoak, bizkorragoak, berritsuagoak, umoretsuagoak. Trebeagoak dira zeramika kontuetan, armagintzan, apainduran, tresnagintzan, maskaragintzan, txabolen antolakuntzan. Larrua ez dute soilik lau hankatan jotzen, zakurren gisara, neska Sapiensak nahiago du misiolariaren jarrera… Nolabait esateko, aurreratuagoak dira. Orain dela gutxi arte, antropologoek uste izan dute ez zela harremanik izan bi taldeen artean, ez zutela bikote ugalkorrik osatu. Aitzitik, duela zenbait urtez geroztik, filmaren ildotik, elkarketaren hipotesia nagusitzen ari da, eta aurkikuntza batzuek hipotesi hori sendotu dute. Bilatu Interneten zein den status questionis delakoa.
5-Neandertalek ondo hartzen dute neska Sapiensa, arrotza izan arren, eta onuragarria zaie harekiko kontaktua. Neskak bizitzaren funtsa garatzen eta hobetzen lagunduko die: besteak beste, maite kontuak, mintzamena, umorea eta sua. Suak askatasuna ematen du. Gaur egun zenbait kultura eta alderdi politiko ez dira hain irekiak etorkinei abegi egiteko orduan. Zer deritzozu? Etikak zibilizatzen lagun lezake kanpotar desberdinarekiko mesfidantza eta beldurra, zenbaitentzat naturala dena?
6-Suaren bila-n, umorea eta barrea inteligentzia eta aurrerapenaren adierazletzat jotzen dira. Aldiz, seriotasuna, larritasuna, eboluzioko lehenagoko maila bati dagozkio. Zenbat eta humanoago, orduan eta umoretsuago. Bat zatoz?
7-Zure ustez, zein bizimodu da sakon eta ederragoa, Suaren bila-ko protagonistena ala geurea? Hobetu egin du gizakia aurrerapen teknozientifikoak ekarri dion naturatik urrutiratzeak? Betebehar etikotzat duzu naturatik ahal bezain autonomo izaten ahalegintzea?
8-Psikologian, Filosofian eta Erlijioan badira zenbait ikuspuntu Suaren bila-ko garaian sortu bide zirenak: gizakia gorputza da baina baita arima ere; gorputza hil ostean arimak bizirik jarraituko du; badago beste mundu bat, begi fisikoentzat ikusgaitza, egiazkoagoa hemengo mundu hau baino, eta beste mundu horretara doaz arimak hil ostean… Nondik nora, ideia arraro horiek? (“Arraro”, kontuan hartuta inor ez dela heriotzatik itzuli halakoak egiaztatzeko.) Nietzschek badu hipotesi interesgarri bat: ametsetik datoz ideia horiek. Laguna hil zait, gorpua usteldu da, baina ametsetan agertzen zait, hitz egiten dugu, bizirik dago. Gorputza hil arren, lagunaren arima benetako munduan bizi da. Sinesgarria iruditzen zaizu hipotesi hori? Beste hipotesiren bat bururatzen zaizu?
9-Katolikoek ez soilik denboraren amaierako arimen piztueran, gorputzen piztueran ere sinesten dute, dogma da. Gure protagonistek ez dituzte hildakoak lurperatzen. Sapiensek erre egiten dituzte. Garai hartan zebiltzan erabakitzen gorpuekin zer egin. Gaur egun ere, materialista ateoei ere, gogorra egiten zaie senidearen gorpua kontainerrean edo basoan abandonatzea, basurdeek jan dezaten. Gero eta zabalduago dago biziren batek norberaren organoak aprobetxatzearen aldeko hautua. Zer eskatuko zenieke egiteko zure hurbilekoei zure gorpuarekin?
10-Nik oraingoz ez dut halako pozik izan, baina giza haragia jan dutenek diote zerrikiaren antzeko zaporea duela. Pelikulan ageri den taldeetako bat, ilegorriena, giza jalea da, kanibala. Aditu batzuek Homo Erectusarekin identifikatu dute. Aldiz, protagonista Neandertaletako bat, ohartzen denean gizaki bat jaten ari dela, higuinduta eta ikaratuta botako du ahotik. Giza bilakaeraren une batean, kanibalismoa, intzestuarekin batera, tabu bihurtu zen, eta munduan aldi berean bizi ziren giza jaleak eta kanibalismoa debeku zutenak. Bizirik irauteko ezinbesteko baldintza balitzaizu adiskide baten haragia jatea, egingo zenuke? Zer iruditzen zaizu “Viven. La tragedia de los Andes”-ekoen jokaera? Nondik hasiko zinateke: izterretik, belarritik?
11-Bi kasutan erakusten dizkigu Suaren bila-k erlijiosoak dei ditzakegun jarrerak: batetik, suaren aurrean, ahalbidetzen baititu berotasuna, janari egosi goxoa, piztiak uxatzea, osasuna, irautea eta bizipoza; eta, bestetik, mamuten aurrean. Protagonistak ahalegintzen dira gizakia hainbat aldetatik gainditzen duen piztia arrotz ulergaitz baten indarra beraien alde jartzen, menpekotasuna erakutsiz eta opariak eginez; fededunek ere antzera funtzionatzen dute Jainkoaren aurrean monoteismoetan. Islam hitzak “sumisio” esan nahi du, eta kristauak, halaber, uko egin behar dio bere buruari, bere barrualdea hustu, Jainkoa bere baitan sartu ahal dadin, Jainkoak eta ez fededunak goberna dezan bere bihotza, bere adimena eta bere bizitza. Sinesgarria iruditzen zaizu erlijioa eguzkitik eta sutik eta piztiek eraginiko izutik eratortzen duen teoria?
12-Hartzaren erasoa, mamutaren laguntza, suaren jabetza… gure beldur eta pozaldi sakonenak filmak erakusten dituen milaka urte haietan erabaki eta finkatu ziren. Ordea, ez dago garbi gaur egun zentzurik ote duten. Adibidez, filmeko garaian praktikoak ziren beldurrak eraginiko gure erreakzio fisiko askok, gaur egun ez dute ez hanka ez bururik: esaterako, piztia bat atzetik dugunean kaka egiteak, kiratsaz uxatzearren, edo izerdia botatzeak, eskua, besoa edo hanka harrapatu nahi badigu irrist egin diezaion. Gaur egun pantailaren aurrean sentitzen ditugu beldurrik handienak, eta gure gelan eserita izerdi eta kaka horiek ez dute zentzu handirik. Eboluzioak eragindako desoreka horiek omen dira hain orokorra den gizaki modernoaren neurosiaren kausa nagusiak. Bat zatoz?
13-Gure amets asko ere, dirudienez, garai hartatik datoz, besteak beste hainbat amesgaizto: lehoiak edo deabrua atzetik ditugu lasterka gu hil eta jan nahian, baina izterrak astun ditugu eta ezin aurrera jo, harrapatuko gaituzte… Kontatu horrelakoren bat. Ez bazara oroitzen, asmatu.
14-Arma berriak oso garrantzitsuak izan dira beti botere-borrokak irabazteko: zenbait historialarik iradoki dutenez, euskaldunek irabazi duten gudu bakarrean, Orreagan, erabakigarria izan zen frantsesek ezagutzen ez zuten arma berri baten erabilera. Filmean ere, gure protagonistei suagatik eta botereagatik lehiatzen zaizkien taldekideek galdu egingo dute, gure protagonistei neska Sapiensak Neanderthalek ezagutzen ez duten arma ekarri dielako. Ordu arte, gorputzez gorputz borrokatzen ziren, baina Sapiensak urrutitik jaurti daitekeen lantza bat eskuratzen die. Uste duzu zure belaunaldia gai izango dela euskaldunak garaitezin egingo gaituen arma kuantiko bat asmatzeko? Edo zuen garunak alferrik galtzen ari zarete Soy una Pringada eta Ibai Llanosekin? Indartsuagoa ote da desobedientzia zibil ez-biolentoa edozein arma baino?
15-Zergatik aukeratzen du tribuko zahar jakintsuak suaren bila joateko gure protagonista, eta ez zeregin hori bete nahiko lukeen lehiakide beltzarana? Azken horri larregi nabarmentzen zaio agian botere-irrika? Platonek dio agintaririk egokienaren ezaugarrietako bat izaten dela ez duela agintea nahi. Ados zaude?
16-Ametsa, oihartzuna, birusa, gertaera ulergaitzak: gizakiak zentzua behar izaten du, hasieratik ahalegindu da zentzuz hornitzen itxuraz zentzubakoa dirudiena. Kontrolagaitzak urduri jartzen du. Tenporak, astrologia, erlijioa, psikologia… ez al dirudite sarritan helduleku ahulak, oinarri-oinarrian dagoen absurdoari ihes egiteko asmaketa frakasatuak?
17-Protagonistek borroka egiten dute arrautza batengatik, jatekoagatik: hor amaitzen dira adiskidetasuna eta lankidetza, behar fisiologiko oinarrizkoak kooperazioaren gainetik daude, nahiz eta, kooperatuko bagenu, hobeto aseko genituzkeen agian behar fisiologiko primario horiek. Darwinek elkarren aurkako borroka eta indartsuenen hautespen naturala nabarmendu zuen eboluzio naturalean, baina giza eboluzioan une erabakigarri batetik aurrera egoismo hutsagatik kooperatzea komeni omen zaigu. Zer deritzozu?
18-Filmeko protagonisten aldean, oso ahulduta eta atrofiatuta daukagu guk usaimena; usaimenak erabakitzen zuen adibidez sexu-harremanak izan zitezkeen ala ez. Zer iruditzen zaizu erakargarriagoa, garai hartako gardentasun primarioa, ala gaur egungo konplikazio berritsua?
19-Neandertalak mamutengana bezala, neska Sapiensa oparien bidez hurbiltzen zaie lehenbiziko aldiz Neandertalei, Erectusak protagonistari barrabiletan eragin dion zauria sendatzeko enplastu bat eskainiz. Opariaren funtsezko zeregina iruditzen zaizu bestearen borondatea gure alde jartzen ahalegintzea? Bestela?
20-Hans Blumenberg: gizakiaren historian, gertaerarik erabakigarriena izan zen igarotzea oihanean zuhaitzetan ibiltzetik sabanan hanka bien gainean ibiltzera. Basoan ez bezala, ordokian agerian gelditzen zara, begien bistan, etsaien esku. Egoera horretan, garrantzi handia izan zuen asmatzea ea hurbiltzen ari zitzaion beste gizakia, edo gizakiak, intentzio ona zekarten, ala erasotzeko eta hiltzeko asmoa. Filmean neska Sapiensa asmo onez hurbiltzen zaie eta Erectusak asmo hiltzailez. Horrelako sentimendu indartsuz inguratzen zaizkizu ikaskideak Institutuko pasilloetan, ala indiferentzia da nagusi?
21-Filmaren arabera, lehenagokoa eta oinarrizkoagoa da sexua maitasuna baino. Larru-jotze asebetegarri baten ondorio litzateke maitasuna, sentimendu bilakaturiko ariketa fisiko bat. Bat zatoz?
22-Neskak alde egiten duenean, gizon protagonistari hats-beherapenak jo eta frustrazioa sentituko du, jausi egingo da, maitemindu. Usaimenaren bidez sentitzen du batez ere neskaren nostalgia. Ez du bakerik izango harik eta neskarekin berriro elkartuko den arte. Romeo eta Julietarenaren antzekoa da neska Sapiens eta mutil Neandertalaren arteko amodioa, biak baitira Homo espeziekoak baina leinu desberdinetakoak, elkarrekin batzeko tradizio eta ohiturarik ez dutenak. Baldintza errealek zaildu egiten dute maitasun hori. Sapiensen buruzagi-apaizak, herriko aginte patriarkalak, debekatu egiten dio neskari gizon arrotzarekin biltzea. Ordea, maitasuna indartsuagoa da taldeko debekua baino, eta protagonistak konpondu egingo dira elkarrekin jarraitzeko. Zer iruditzen zaizu indartsuagoa, maite mota jakin bat baztertzen duen taldearen debekua, ala maitasuna bera?
23-Endogamiaren eta exogamiaren arteko tentsioa nabari da filmean. Sapiensen buruzagi espiritual antzeko batek, xamanak, apaiz-alkateak, Neandertal arrotzari herriko emakumeak eskaintzen dizkio, ernal ditzan. Neska protagonistak herria eta endogamia ala maitea eta exogamia aukeratu behar du. Mutilak, berriz, herrikide-lagunak ala maitea. Biek lehenesten dute maite arrotza. Maitasun biologikoa kolektibitatearen exijentziei nagusitzen zaie. Maitasunak apurtzen du gutar-arrotz bereizketa zurruna, maitasunak zeharkatzen ditu taldeak ezarririko muga estuak. Hala uste duzu zeuk ere?
24-Abenturak bizi ondoren sutondoan talde-kideei kontatzeak, eta entzuteak, beti eragin izan dio gizakiari gozamen handi bat, horixe ei da literaturaren ernamuina. Kontatzeak ematen dio zentzua bizi izandakoari. Gainera, norberaren irudia hobetzeko benetako gertaera apain daiteke, biribildu. Iruditzen zaizu gaur egun, ikus-entzunezkoen kontsumitzaile pasiboak izaten garenez, kontu-kontari aritzeko trebetasuna eta poza galtzen ari garela? Edo nostalgia faltsua deritzozu sutondoan elkartutako familia zoriontsuaren postalari, zaharren istorioak jakin-minez entzuten?
Laranja mekanikoa
1-Laranja mekanikoa, Londresen filmatu bazen ere batik bat, zehazten ez den Ingalaterrako hiri batean dago kokatua, etorkizun lauso batean. Distopia bat da. Zer da distopia? Zeri kontrajartzen zaio?
2-Zilegi da kriminaltasuna gutxitzeko gizakiari aukeramen librea artifizialki kentzea, alegia, laranja mekaniko bilakaraztea, kanpotik organiko baina barrutik mekaniko? Alex protagonista bezalako sadiko soziopatek ere merezi dute askatasuna, edo gobernuak zilegi du horrelako joerak dituen jendea espetxeratzea ez ezik, haien garunak eta nahiak aldatzea ere? Agintaria bazina, kartzela kendu eta Ludovico metodoa ezarriko zenuke delinkuentziaren aurka borrokatzeko, giza askatasuna ezabatzen duen arren?
3-Gizakiak erremediorik gabe baldin badu ongirako joera, dei diezaiokegu hala ere gizaki? Edota, Laranja mekanikoa-ko abadeak dioen bezala, funtsa du gizakiak ongiaren eta gaizkiaren artean aukeratzeko askatasuna, eta beraz ahalmen gaizkilearekin batera gizatasuna ere erauzten zaio?
4-Sotilkeria moralak ote dira horiek, poliziak dioen bezala? Sufrimendua apaltzea da helburu zentzudun bakarra, kriminaltasuna gutxitzea, nahiz eta askatasuna bezalako giza ezaugarri garrantzitsu bat desagerrarazi?
5-Zer iruditzen zaizu, politikariek benetan nahi diotela Alexi lagundu? Edo mugatzen dira hauteskunde-emaitzak hobetzeko Alex erabiltzen ahalegintzera? Zentzu horretan, ba al dago alderik gobernuko kontserbadoreen eta oposizioko ezkertiarren artean?
6-Bilatu Psikologiako liburuan zer den Konduktismoa edo Behaviorismoa, eta azaldu. Simpsondarren Skinner-ek Behaviorismoaren pentsalari nagusietako batengandik jaso du izena. Nor izan zen Skinner psikologo konduktista? Nondik nora kritikatu zuen Noam Chomsky-k?
7-Zakurrei, autoei beldurra hartzeko txikitan kurpila isatsaren gainetik pasatzen diete Beran; eta ardiei errespetua hartu eta ez eraso egiteko, txiki-txikiak direla ardien kortan sartzen dituzte, ardiek jipoitu ditzaten. Konduktistentzat, gizakiok animaliek bezala ikasten dugunez, estimulu-erantzun, hezteko orduan gizakiekin ere Laranja mekanikoa-n bezala deskarga elektrikoak eta gisakoek funtzionatuko omen dute ondo. Bat zatoz?
8-Ludoviko tratamenduak gaizkilea behartzen du bortizkeriazko eta sexuzko irudiak lotzera nazka eta beldur sentipenekin, horrela benetako bizitzan biolentziatik eta biolaziotik uxatuko duelakoan. Zer iruditzen zaizu, Anthony Burgess (“Laranja mekanikoa” eleberria idatzi zuena) eta Stanley Kubrick (filmaren zuzendaria) behaviorismoaren alde daudela, ala kontra? Efektiboa iruditzen zaizu Ludovico tratamendua buru-eritasunak sendatzeko orduan? Eta, burutik jota egon ez arren, gaiztoak direnak on bihurtzeko, edo gaiztakeria erauzteko, Ludovikoren gisako ezinikusi edo nazka terapiak onargarriak dira etikoki?
9-Uste duzu bizitzak bumeran-efektua dakarrela, hots, txarto eginikoak lehenago ala beranduago ordaindu egiten direla?
10-Psikologiari begira, anbibalentea da kuadrilla: zer alde on eta zer txar aurkitzen dizkiozu?
11-“A” partikula ezeztatzailea da grekeraz: ateoak Jainkoaren (“theós”) existentzia ukatzen du, amnesia oroimena (“mnésis”) galtzea da, anarkia ukoa da hierarkiari, arauari, printzipio zuzentzaileari (“arkhé”). Latinez legea “lex” da. Halatan, Anthony Burgessek “legeari ukoa” adierazi nahi izan zuen Alex izenaren bidez. Egokia iruditzen zaizu protagonista horrela bataiatzea?
12-Nobelan hamabosna urte dituzte Alexek eta bere lagunek. Billy Boyren manada biolatzen ari den neskak, berriz, hamar baino ez. “Manada” izena zabaldu da aspaldion mutil eta gazte kuadrilla biolatzaileak izendatzeko. Batzuek uste dute horrela animaliak iraintzen direla, animaliak ezin direlako gaiztoak izan. Zer deritzozu?
13-Anthony Burgess idazlearen emaztea haurdun zenean lau gaztek bortxatu eta ondorioz umea galdu zuen, horixe izan zuen Laranja mekanikoa nobelak abiapuntu. Zure ustez, eragin terapeutikoa izan dezake horrelako traumak arte-obra bihurtzeak? Edota alderantziz, nobelaren eta filmaren arrakastaren erruz izugarrikeria hartaz behin eta berriro mintzatu beharrak oinazearen apaltze, sendatze eta ahazte posiblearen aurka jokatuko luke?
14-AEBen filma zentsuratu zuten. Ingalaterran, berriz, gazte talde batzuek Alexen kuadrillaren jokabideak imitatzen hasi zirenez, Kubrickek berak eskatu zuen filma zinema-aretoetatik erretiratu eta hogeita zortzi urte barru arte ez proiektatzea. Iruñeko manadako kideetako batek Alex eta bere lagunen irudia du gorputzean tatuaturik. Ulergarria egiten zaizu Laranja mekanikoa filmak Alexen kuadrillaren jokaera imitatzeko gogoa piztea?
Metodo arriskutsu bat
1-Freuden ustez, sexua da guztiaren oinarri; hori ukatzea, suizidioa litzateke psikoanalisiarentzat. Telepatia, parapsikologia, edozein mistizismo, umekeria irrazionalak iruditzen zaizkio, psikoanalisiaren zientifikotasuna barregarri utz lezaketen superstizioak. Jungek onartzen du sexuaren garrantzia, baina ez dio erabateko determinismoa aitortzen. Material klinikoaren interpretazio soilik sexuala leporatzen dio Freudi. Zabaldu egiten da telepatia, parapsikologia eta oro har mistizismora. Misterio asko dago, sexualitatearen teoriak eta oro har arrazoiak azaltzen ez dituenak; besteak beste, sinkronikotasuna. Halakoak ikertu nahiko ditu Jungek. Freudena ala Jungena, zein jarrera iruditzen zaizu egokiagoa, Freud ateoarena ala Jung mistikoarena?
2-Egia ote da amets batzuek etorkizuna aurreikusten dutela, Jungen ametsetako odolezko uholdeak Lehen Mundu Gerra igarri zuen bezala?
3-Gross: terapiaren helburua da pazienteari libre izaten laguntzea. Eta horretarako arauak hautsi behar dira. Askatasuna nahi duzuna egitea da, zure desirari uko ez egitea. Gross: ez ezazu inoiz ezer erreprimitu. Pazienteekin sexu harremanak, bai. Freud: inolaz ere ez. Beti bete behar da legea, distantzia egokiari eutsi. Jung: ez baina bai baina ez. Zein da zure iritziz jarrera zuzena?
4-Otto Gross: monogamia eta sexuaren errepresioa da gizarteko neurosi orokorraren erruduna. Grossen eraginez apurtuko ditu Jungek Freudek ezarritako arauak eta oheratuko da Spielreinekin. Eta litekeena da horri esker sendatu izana Spielrein. Ordea, Freuden iritziz, kalte handia egingo dio Grossek psikoanalisiari. Zer deritzozu?
5-Zure ustez, esan daiteke Jungen maitasunaren bitartez sendatzen dela Spielrein? Haien arteko transferentzia eta kontratransferentzia basatiei esker? Amodioa da sendabidea?
6-Badago sormenari buruzko ikuspuntu erromantiko antzeko bat, Spielreinek adierazten duena: soilik bekatutik sor daiteke sublimea, intzestutik heroikotasuna. Behar bezalako astronauta aurretik meatzari izan da. Barne-muinetan sufritzen ez duena ez da ganorazko ezer sortzeko gai, axalkerian geldituko da. Gainera, edozein sorkuntzak behar du aurkakoen igurtzia, hala nola juduarena eta ariarrarena. Sexu harremanean indibidualtasuna suntsitzen da, eta hortik sortzen da umea. Suntsitze demoniakoa eta sorkuntza batera doaz.
Badago bestelako ikuspuntu bat, lasaiagoa, sormen artistikoa eta artisautza identifikatzen dituena: sortzaileak teknika ondo menderatu behar du, pazientzia izan, lan egin. Balizko inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu. Ematen du zahartu ahala sortzaileak gero eta gehiago egiten duela bat bigarren jarrera honekin.
Zein iruditzen zaizu egiazkoagoa?
7-Sabineren aurkako aitaren joera biolentoak neskaren haurtzaroan, Sabineren sexubidea eta bizitza osoa erabakiko du. Horrela funtzionatzen dute benetan maitasun grinek? Amarenganako edo aitarenganako haurtzaroko sentimenduak errepikatzen ditu gaztaroko eta helduaroko maiteen segidak?
8-Freuden kontzeptu garrantzitsuenetako bat, “heriotza-irrika”, Spielreinen ideietan oinarritu zen. Gozamena bilatzea baino sakonagoa du gizakiak errepikatzeko grina, nahiz eta errepikatutakoa mingarria izan. Bat zatoz?
9-Jungek dioenez, plazera konplikatua da; Grossen ustez, berriz, plazera oso sinplea da. Artifizialki konplikatzen eta gaixotzen du gizarteak. Gaixotasun horri deitzen zaio heldutasuna. Grossek dioenez, “heldutasun” deitzen dena onartzea errendizioa da, koldarkeria. Ados?
10-Spielrein: bada zerbait maskulinoa emakume ororen baitan, eta halaber zerbait femeninoa gizon ororengan. Jungek gerora ideia hori garatuko du: emakumearen baitan animus maskulino bat dago, eta gizonaren baitan anima femenino bat. Zer deritzozu?
11-Jungen emaztea eta amorantea gai dira era zibilizatuan hitz egin eta adostasunetara iristeko. Errazago onartzen ote du, filmak iradoki bezala, andreak bere senarraren amorantea, gizonak bere emaztearena baino?
12-Kontatu amets bat eta interpretatu filmean Freudek Jungen ametsak interpretatzen dituen moduan. Ez baduzu ametsik gogoratzen, asmatu.
Badoa Berri Txarrak, badator Flos Mariae
Hainbat helburu lortzeko egokiak dira Flos Mariaekoen abestiak:
b) Gogoratzeko askatasuna nahi izanez gero, beharrezkoa dela borroka
c) Autonomia pertsonala eta otoitzaren onurak azpimarratzeko: A mi paso
Tamalez, ez dute abesten erdaraz baizik.
Jone Zapiain Iñigo Muguruzari buruz
Grabagailua piztu eta hau oroitu du Jonek Iñigoz:
“1993 eta 1994an Gimnasia egiten nuen Pilar Peñak Hondarribian daukan akademian. Gaur egun Pilates deituko litzaioke. Iñigo zen Gimnasiako taldean zegoen mutil bakarra. Garai hartan ez zen ohikoa horrelako taldeetan mutilak ikustea.
Gimnasiatik iluntzean atera eta, ordurako nekatuta egongo zen arren, beti eramaten ninduen autoz etxera, Irungo Lapitzeraino, nahiz eta, Iñigo orduan Dunboan bizi zenez, ni etxera hurbiltzeagatik buelta luze bat eman behar izan. Berezko eskuzabaltasun horrek inoiz ez zion hutsik egin, ez bederen ni lekuko izanik.
2010ean, Moskuko jaietan, nire ahizpa Ainara eta biok Anariren kontzertura joan ginen. Iñigo inguratu eta bere aitaren heriotzaz mintzatu zitzaigun: kolpe ederra hartu zutela, "hostión" hitza aipatu zuen.
Aitortu nion ezin nuela ezta imajinatu ere gure aita noizbait hilko zela; eta Iñigok esan zigun bere ustez oso garrantzitsua zela heriotzari buruz pentsatu eta hitz egitea, bizitzaren zati erabakigarria baita. Handik zenbait hilabetera hil zen gure aita, eta maiz etorri zaizkit Iñigoren hitz haiek gogora, bereziki egun goibel haietan, baina baita gerora ere.
Behin batean, Napoka Iriak kontzertu bat eman zuen Irungo Oiasso museoan. Handik irten eta Kotte adiskidea eta biok San Juaneko Agirre gozodendako kanpoko aldean gelditu ginen. Iñigo eta bere lagun min Jabiolo elkartu zitzaizkigun. Txikitan auzo berean bizi ginen, Lapitzen, eta barrez lehertu ginen garai hartan entzuten eta erabiltzen genituen euskarazko hitz batzuk oroituz, besteak beste urrutizkina, orlegia, izparringia, ezabatzingia… Ingi eta ingi, atsedenik gabe.
Beste batean, udan, arratsaldeko zazpiak aldera, itsasbehera eta jende gutxi Hendaiako Hondarraitzen. Itsasoak ez zuen ohiko kolore urdina. Latza zen egun hartako urdin hura. Hala ere, eguzkiaren azken izpiek bazuten oraindik gure gorputzak goxatzeko aski indar.
Ni amarekin nintzen ur-ertzean, eta halako batean Iñigoren ama, Mari Pepi, guregana argi kontra hurbiltzen sumatu nuen. Mari Pepiren aldamenetik ezustean Iñigo eta Fermin agertu ziren erdi saltoka, arropa eranzten zuten bitartean, eta zuzenean uretara sartu ziren korrika eta jauzika, tanta-zipriztin alaiak barreiatzeaz batera bizipoz eta askatasun sentsazio zoragarri bat ere edonora zabalduz.
Han ibili ziren luzaro, olatuen atzetik eta olatuetatik ihesi, harik eta Kasino aldean bat-batean sortu zen poliziaren sirena-hotsak denok atezuan jarri gintuen arte.”
Iñigo Muguruzaren estanpa batzuk
Elitxu izeneko auzo berean bizi ginen txikitan, eta kale berean, orduan Casas Ugarte, Iñigo Muguruza Ugarteren osaba Josetxok eraiki baitzituen hango etxeak. Gero Elatzeta Karrika jarri zioten, eta orain Elatzeta Kalea da. Elitxutik Irungo erdigunerantz zoazela, ehun metrora bizi zen Manzanas, eta kontrako aldera beste ehun metrora, gerora Guardia Zibileko koronel halaber torturatzaile eta UCOren buru izango zen Sanchez Corbí, gure adinkidea. Muguruzatarrak Beraun auzora aldatuko ziren zenbait urteren buruan bizitzera.
Iñigoren ataritik eskuinera Aliziaren denda zegoen. Hango Tigretón, La Pantera Rosa eta txokolatezko Boniak zituen batez ere gustuko. Ataritik ezkerrera, berriz, komiki-denda bat zegoen. Han irensten genituen, 1970. urte inguruan, Jabato, Sigrid, Trueno, Carpanta, 13 Rue del Percebe, Mortadelo eta horrelakoak. Baina baita Los tres mosqueteros, Veinte mil leguas de viaje submarino eta literaturako beste klasiko batzuk ere iruditan, oroz lehen frantsesak. Los tres mosqueteroseko Milady de Winter-ek liluratu zuen Iñigo, eta azalean grabatua zeraman lis-loreak. Harritzen zuen ordea hain antzekoak izateak Milady maltzurraren eta Constance txintxoaren itxurak.
Oker ez banago, ez zegoen komiki-liburua edo aldizkaria erosi beharrik, dendan bertan irakur zitekeen, edo kanpoaldeko petrilaren kontra bizkarra jarri eta eseririk. Beti gordeko zuen Iñigok komiki-zaletasuna, bai irakurle eta bai egile gisa.
Haren ataritik 50 metrora zegoen SEFT autobusen geltokia, Hondarribiarako norabidean. Atzerapenen aurkako mendekuz, Hondarribian “Sakilak, Eruak, Faltsuak eta Traidoreak” deitzen zioten konpainiari. Iñigo umea nabarmen asaldatu zen Hondarribiarako txartela pezeta batetik bira eta bitik hirura igo, baina ondoren, logikak eskatu bezala hirutik laura egin beharrean, zuzenean hirutik bost pezetara garestitu zutenean. Bi Tigretón oparitu behar izan genizkion lasaitzeko.
Jabier, Fermin eta Iñigo gogoratzen ditut, hirurak, eskusoinu banarekin karrikara irten eta batera jotzen, zutik, ibilian. Zortzi-hamar urte izango zituzten orduan, eta deigarria egiten zen hiru anaien arteko harmonia hura; ezohikoa izaten jarraitzen du. Nik bederen ez dut gisakorik ezagutu.
Aparta zen Iñigoren trebetasun teknikoa, sorginarenak zituen hatzak. Kortaturen lehenbiziko kontzertua Errenteriako muino batean izan zen, gaupasa bat. Basura, Odio, Antirrégimen... eta azkenik, egunsentia hurbil, Kortatu. Emanaldia amaitutakoan, miretsita hurbildu zitzaizkion Basura eta Odioko baxujoleak, eta birgeriaren bat nola egiten zuen azaltzeko eskatu; nekea gorabehera, pazientzia handiz azaldu zien Iñigok, noski.
Aurreko milurteko amaierako uda batean Ismael Lo ikustera joan ginen Lizarrako Los Llanosera, edonon entzuten zen orduan Tajabone. Bizpahiru urte izango zituen gure alaba bat, hain zuzen, seko lo gelditu zen kontzertua hasi bezain laster Iñigoren sorbaldetan arrelepo. Andosillara joan ginen gero lotara, Calle Callejóneko etxe batera. Gamelu edo llama hori baten irudia zeukan Iñigok erabili zuen pijama moreak.
Behin batean, Errigoitiko Bizkaiganen, gauez, Txiplas bertsolariak kooperatibaren funtzionamendua azaldu zigun. Gero, Bermeora bidean, autoko kasetean Positive Bomb, Pedro Mayo, Margarita eta horiek ipini eta Iñigo barrez lehertu zen, gure alabek, artean oso txikiak, ez soilik letrak, baizik eta perkusioa eta dumperrak ere (uste dut dumperrak esan zuela) buruz zekizkitelako. Bere alabez ere, Iñigok zioen oso dibertigarriak zirela. Hiltzera zihoala jakin ostean, biziki hunkitzen zuen alabak jostatzen eta kantari ikusteak.
Eritasuna baino askoz ere lehenagokoa zuen heriotzaren kezka. Beti sortu nahi izan zuen abesti bat bizitzaren eta heriotzaren arteko loturaz, eta arreta deitu zioten Joxan Artzeren bertso hauek: "Sortzean hasi bahaiz bizitzen,/ sortzean hasi haiz ere hiltzen./ Taupadaz taupada bizten hoan heinean,/ taupadaz taupada hoalarik ere itzaltzen.../ Eta horri zeritzagu bizitza./ Eta zergatik ez heriotza?"
Esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenean yogan hasi zen gure amarekin. Amak ere ondo maite zuen Iñigo, eta ez zitzaion batere zaila, bereziki xarmanta baitzen pertsona helduekin. Beti galdetzen zion guregatik, eskumuinak bidaltzen zizkigun. Euskadin, jende gutxi Iñigo Muguruza bezain kariñosoa.
Talentuen Parabola demokraziaren aitzindari?
Karl Löwith-ek eta Carl Schmitt-ek lan ederra egin zuten sekularizatze-prozesua argitu eta frogatzeko, Schmittek Estatu eta justizia-sistema modernoetan kategoria teologikoen transferentzia harrapatuz, eta Löwithek berriz marxismoarena bezalako historiaren filosofia berrietan kristau eskatologia mesianikoaren oihartzunak eta errepikak zehaztuz. Löwithen eta Schmitten ideiak fundamentuzkoak baziren ere, Blumenger-ek zalantzan jarri eta kritikatu zituen, talentu eta fundamentu handiz halaber. Zer ez ote zuen egingo Luc Ferryk Mateo Apostoluak dakarren Talentuen Parabolarekin asmatu duena irakurri izan balu! Ferryk Blumenberg existitu izan ez balitz bezala onartzen du goitik behera sekularizazioaren teoria, Alemaniako filosofiari jaramon egiten dion filosofo frantses gutxietako bat izan arren, Jean-Claude Monod-ekin batera.
Talentuen Parabolan garbi ikusten du adierazirik Frantziako Iraultzaren oinarri filosofikoa; orobat Giza Eskubideen Aldarrikapena, eta oro har demokrazia modernoa. Ferryren tesia da moral greko natural aristokratikoan gure balioa jaiotzez dakargunak erabakitzen duela, gure dohain genetikoak; eta hierarkia natural horrek bat etorri behar du gizarteko hierarkiarekin. Zaila da ados ez egotea.
Aldiz, kristautasunari esker, eta Frantziako Iraultzaren bitartez, gaur egun balioesten omen duguna ez da sorkuraz daukagun talentua, baizik eta talentu horrekin, edozein dela ere haren tamaina eta nolakotasuna, zer egiten dugun. Alegia, balio duena ez da biologia, baizik eta lana. Eta hori talentuen parabolan ikusten du garbi adierazirik. Behin eta berriro aipatu du parabola hori zentzu horretan, Apprendre à vivre-n, Sagesses d'hier et d'aujourd'hui-n, Kanti buruzko CD-an, Bouzou-rekin batera berriki atera duen CD-an ere bai...
Talentuen Parabola idatzi zenean ere, talentua aldi berean zen dirua eta trebetasuna, eta horrekin jokatzen du kontakizunak. Honela dio:
"Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.
Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!” Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.
Ferryren irakurketan, nagusiak joan baino lehen morroiei banatzen dizkien talentuak dohain naturalak dira, herentziaz jasoak; eta itzulitakoan eskaintzen dizkiotenak, berriz, morroiek dohain horiek landuz atera dizkieten fruituak. Berdindu egiten ditu Ferryk inbertsioa eta lana.
Berdintasun demokratikoa eta meritukrazia grekoen aristokratismo naturalari nagusituko zitzaion, dio Ferryk, eta parabola hau garaipen horren oinarri, aurreikuspen eta bultzatzaile bat da.
Interpretazio hori ez al da, ordea, behartu samarra? Talentuen Parabolaren bitartez Ferryren tesia ilustratu nahi izan balute, argiago mintzatuko lirateke Jainkoa eta Jesu Kristo, adibidez hasieran talentu bakarra jasotzen duen morroia bere lanari esker ugazaba itzultzen denerako hamar talentuz aberastua erakutsiz; edota hasieran gehien duena bilakaraziz, alferkeriaren edota beldurraren erruz, azkenean gutxien eskaini ahalko duena.
Alderantziz, haatik: berez aberatsena da ugazabari gehien itzuli ahalko diona. Eta naturaz eskasena ikararengatik ugazabari gutxien emango diona. Alegia, Einsteinek lan egiten du, bere lanak fruitua ematen du, eta ondorioz nagusiaren laudorioa jasotzen du; ostera, Down sindromeduna beldur da, ez du bere talentu eskasa behar bezala jorratzen, eta beraz ugazabak sekulako errieta egin eta ilunpetara jaurtiko du, negar egin dezan.
Ez ote dugu hemen Ferry liberalaren lapsus esanguratsu bat?
