Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Rousseau

Rousseau

Markos Zapiain 2014/01/31 18:40

a) Bizitza:

-Jaio eta bederatzi egunen buruan ama hil; masokismoa, erru sentimendua; Europan barrena, Madame de Warens (tutore eta maitale, Rousseauk “maman” deitzen zion); umezurztegia, entziklopedistak, paranoia, istripua; azkenik, zoriona gizakiengandik urruti, landarez inguratutako bakardadean

b) Liburu batzuk:

-Zientziei eta Arteei buruzko diskurtsoa: aurrerapen teknikoak jendea zintzotasunetik urrutiratu eta ohiturak usteldu. Laura Sligo

-Gizakien arteko desberdintasunaren jatorriari buruzko diskurtsoa: jabetza pribatuak hautsi zuen gizakiaren zorion naturala; bestalde, giza askatasuna bat dator giza malurarekin: gizakiongan, instintua ase eta itzali ondoren ere, gogoak badirau

-Eloisa Berria: best-seller itzela, amodiozko gutun-eleberria; Saint-Preux Julie-ren irakaslea da; Julie amorosten zaio; oso handia den arren bien arteko adin-aldea, eta Saint-Preux kosta ahala kosta ahalegintzen bada ere datorkiola sentitzen duen maitemintzea eragozten, Saint-Preuxek eta Juliek izugarri maiteko dute elkar, baina sekretuan; halako batean, Saint-Preuxek erbestera joan beharko du, eta elkarri idatziko dioten gutunek osatuko dute eleberriaren muina; zenbait urteren buruan, Julie beste gizon batekin ezkonduko da, baina egun batean aitortuko dio bere bizitzan ez duela benetan maitatu Saint-Preux baino; azkenik, irakaslea erbestetik itzulitakoan, pasioari ukoan eta sublimazioan aurkituko dute bi protagonistek maitasun-zoriona

c) Gizarte-Hitzarmena, gizalegezko herrigintza:

-Rousseaurentzat, gizakia ona da berez eta libre jaio zen. Ordea, orain arte ezagutu ditugun gizarte guztiek usteldu eta gaiztotu egin dute, eta kateatu.

-Ba ote dago jendartea antolatzea, gizakiaren berezko bihotz onari eta askatasunari atxikitzeko moduan? Edo beste gizakiekin elkartzeak ezinbestez dakar gainbehera etikoa?

-Irudikagarria da jendarte zuzen eta libre bat.

-Rousseauk askatasuna ipintzen du ororen buru. Hobe miseria, makurtzea baino: herri zapalduaren lehenbiziko betebeharra, katea haustea da, indarra ez baita eskubidea. Hitza herriari eman behar zaio eta beti aldarrikatu askatasuna.

-Edozelan ere, Rousseaurentzat askatasuna ez da grinen arabera jardutea, baizik herriak bere buruari era zuzenean eman dion legeari obeditzea.

-Legea ez betetzeagatik zigortzen zaituztelarik, libre izatera behartua zara, zeure benetako nahimenaren pean kokatua.

-Nork bere nahimena baduela onartua dago oro har. Hitza bederen hortxe dago. Baina gizabanakoari lotua beti ere. Rousseaurentzat, aldiz, herria ere nahimenaz hornitua da: nahimen orokor honek beti nahiko luke onena herri osoarentzat.

-Hezkuntzaren helburua, halatan, banakoaren interes partikularra guztien interesarekin adostea litzateke.

-Eta zintzo izatea, erabakiak hartzerakoan norberaren gurariak alde batera utzi eta herriaren interesak aintzat hartzea.

-Sarritan bozketaren emaitza ez dator bat nahimen orokorrarekin. Bat etorriko lirateke beti, baldin botoa ematerakoan hiritar bakoitzak bozketa-gaiaz informazio guztia balu, eta talde partikularren eraginik ez balego.

-Talde partikularrek beren interesak dituzte, orokorrak talde diren heinean, baina partikularrak herri osoari dagokionez.

-Ez da harritzekoa filosofia politikoaren funtsa, Rousseaurena eta beste guztiena, agintea mugatu, kontrolatu eta zilegi bihurtzeko moldeen bilatzea izatea. Rousseauk garbi nabaritzen du agintearen bila dabiltzanen bultzatzaile nagusia ez dela "herria zerbitzatzea" edo antzeko aingerukeriaren bat, baizik eta "agintzeko plazera". Maitasuna falta denean bilatzen da boterea.

-Rousseaurentzat, giza talde bat herri bilakatzen duena gizarte hitzarmena da; honen arabera, mosketarienean bezala, bakoitzak herriari duen guztia ematen dio, ordainez guztia atzera bakoitzarena bilakatuz. Baina gizarte hitzarmenik gabe ez dago herririk. Eta zenbat oinarrizkoagoa hitzarturikoa, hainbat zabalagoa beharko du izan haren onarpenak.

-Subiranotasuna herrian datza, herriak beti behar du bere hitza adierazi; eta adierazpen hori legean mamitzen da. Legearen aurreko berdintasuna, baina, berdintasun ekonomikorik gabe, ez da iruzur hutsa baizik. Nolanahi ere, demokrazia hiritarrak legea bere senti dezan da funtsean.

-Haatik, legea hiritarrek sortua (eta betea, noski) behar izate hori, Rousseauk aldarrikatua, gaiztotu egiten du hainbat eta hainbat legeren bete ezinak, sorkuraz gainera, eta ez menturaz. Honek etsipena eragiten du herritarrengan, eta legez kanpoko jokabideetara bultzatzen du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.