Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lou eta Friedrich

Lou eta Friedrich

Markos Zapiain 2014/02/20 11:05

Nietzschek eta Lou von Salomék, lehenbiziko topaketa baino lehen,  bazuten elkarren berri. Lou neska argia zen, azkarra eta ederra, elektrikoa, musikala. Mugitu ere oso azkar mugitzen zen eta aldi berean harmoniaz, saltotxoka eta erdi dantzan. Mamitsuak zituen ezpainak. Edonola ere, gizonezko irakasle, idazle eta filosofoak burua galarazi arte liluratzen zituena zen bere arreta-gaitasuna, ulermen ikaragarri bizkorra, entzuten zienean jartzen zuen aurpegia, begirada. Apur bat miopea zen. Lou begira zutenean gizon horien barrualdea jartzen zen Duke bezala Ifis ikusten duelarik.

 

17 urte bete baino lehen goitik behera zuen barneratua Spinozaren obra.

 

San Petesburgo sorterrian irakasle aleman bat jarri zioten, Von Salomék Filosofia, Teologia, Erlijioa eta Literatura frantses eta alemana ikasi nahi baitzituen. Hendrik Gillot artzainak, eskolak ematen hasi eta segituan seko maitemindu, emazteari dibortzioa galdegin eta Louri berekin ezkontzeko eskatu zion. Neskak, jakina, muzina, nahiz eta berak ere irakaslearengana bizialdi osoan itzaliko ez zitzaion txinparta bat ere sentitu.

 

Arras estua zuen amarekin lotura. San Petesburgotik Zurichera joan ziren, ikasketengatik eta osasun bila. Louren irakasle Biedermann teologoak amari idatzi zion: “Alaba aparta duzu: ume-izaera garbi eta osoa du, aratza, eta, aldi berean, buru argitasun bat eta borondate eta independentzia bat ez dagozkionak ez ume bati baina ezta heldu bati ere. Diamante bat da.”

 

Ikasketen tentsioaren ondorioz edo, Lou biriketatik gaixotu eta ama-alabek Erromara hartu zuten. Maisu batek aurkezpen-gutun bat idatzi zien Malwida von Meysenburg feminismoaren aitzindariarentzat.

 

Nietzschek ordurako bazuen obra potolo samar bat; ez zen ezaguna, baina Von Meysenburgen lagun-artean bazuen nolabaiteko ospea. Nietzscheri aipatua zioten gutunetan Von Salomé zoragarri hura, eta harengan sarritan pentsatzeari ekin zion, erdi emazte erdi idazkari bilakarazteko asmoz. Erromara bidean bizi-bizi zirakien Friedrichen ilusioak.

 

San Pedro Elizan topo egin zuten lehenbizikoz, Vatikanon. Hango kapera batean lan egiteko ohitura zuen Paul Rée Nietzscheren lagunak, zeinak Nietzsche iritsi aurreko egunetan txango luzeak eginak baitzituen Lourekin batera Hiri Santuko aurrietan barrena.

 

Nietzsche Elizan sartu eta Lou ikusi zuenean, ziurrenik aldez aurretik prestatua zekarren esaldi hauxe bota zion: “Zein izarretatik erori gara biok hona, bata bestearentzat?” Nietzsche baino askoz ere praktikoagoa, errealistagoa eta umoretsuagoa zen Louk zera erantzun zion: “Ni Zurichetik nator.” Hasietatik beretik erdietsi zuen Louk edozein zama ponposo-sentimental arintzea.

 

Barrez lehertu ziren biak.

 

Von Salomé, Nietzsche eta Réek elkarrekin bizitzeko planak egin zituzten, etxe bat hartu eta idazle eta pentsalari komunitate bat osatu, idatzitakoa elkarri irakurri eta kritikatu eta hobetzeko.

 

Baina ezustean Nietzschek, Réeren bitartez, berekin ezkontzeko eskatu zion Louri. Ordurako Rée ere errusiarraz maiteminduta zegoen. Von Salomék biei ezetz. Hala ere, ez zuen hirukote gisa elkarrekin bizitzeko aukera baztertu nahi izan, adiskidetasunari eutsi nahi zion bederen.

 

Geroztik, egunak joan egunak etorri, Nietzschek eta Von Salomék orduak eta orduak igaro zituzten hizketan, elkarri egunero hamar email mamitsu idatziko balizkiokete bezala. Nietzscherentzat, eguneko unerik inportanteena zen Lourekiko solasaldia. Sentitu zuen ordu arte inork ez ziola errusiarrak bezain ederki aditu. Ez zuen ahaleginik bat ere behar bere hitzak eta gogoa Louren adimenari egokitzeko, aise zihoan eta alai bien arteko komunikazioa. Von Saloméri, berriz, txit interesgarria iruditzen zitzaion Nietzscheren mintzoa, filosofikoki konplexu, sakon eta ederra, ausarta. Proustek dio benetan inteligentea denak ez diola beldurrik benetan inteligentea den beste baten aurrean lantzean behin iruzkin tentel eta ganorabakoak egiteari, eta Lou eta Friedrich ez zituen estresatzen bestearen aurrean bereziki buruargi agertu beharrak.  

 

Behin batean, aintzira baten ondoan Rée Louren amarekin ur-ertzean josten zegoen bitartean, Nietzsche eta neska txalupara igo eta luzaro galdu ziren. Dirudienez, musu-festa ederra izan zuten, gutxienez. Amari alabaren portaera ez zitzaion ez egokia ez txukuna iruditu. Gerora, Louk ziurtatu zuen ez zela gertatutako ezertaz oroitzen.

 

Edozein gisaz, Nietzschek bigarren aldiz eskatu zion berekin ezkontzeko, eta neskak ostera ere ezetz. Nietzschek sentitu zuen Louk aditzera ematen ziola hainbat erakartzen zuela pentsalari gisa nola nazkatzen gizon moduan. Nietzscherengandik afektua erretiratzeko orduan erabakigarri izan zitzaion beren solasaldiak erabil zitzan Rée gutxietsiz berarengandik aldentzen ahalegintzeko. Adimena, ahotsa eta itxuraz gain, Louren sentimenduak ere biziki delikatuak eta dotoreak ziren. Nabarmena zen Réeren eta Nietzscheren arteko eztabaida eta haserrealdi filosofikoen azpian (oihartzunak, Moralaren Genealogia-ren hitzaurrean) Louren amodioaz eta begiruneaz jabetzeko borroka zegoela; errusiarra gero eta aspertuago zegoen.

 

Bestalde, Nietzscheren arreba Elisabethen jelosia tartean sartu zen. Von Salomék eta Elisabethek Parsifalen estreinaldian ezagutu zuten elkar, eta hasieratik gaizki. Louren xarmak Wagner bera ere erakarri zuen. Elisabeth nebaren konfidente, zaindari, erizain eta auskalo zer gehiago zen, eta ezin zuen eraman judu sarkin haren erruz neba txolinduta ikustea. Gerora nazi peto eta Hitler-en adiskide izango zenak ahaleginak eta bi egin zituen Nietzsche neskarengandik bereizten, eta lortu egin zuen. Dena kakaztu zen.

 

Nietzschek Lourekikoak egin eta beste depresio batean jausi zen. Nietzsche zonbi: begirada galdua, harean idazten du, negarrez. Behin eta berriro entzuten du If You See Her, Say Hello. Von Salomék idatzia utzi duenez, “maitasun harreman guztiak dira tragikoak. Maitasun konpartitua okiduraz hiltzen da, eta ez konpartitua gosez”.

 

Dena den, harremana amaitu ostean ere, Nietzschek ez zion planak egiteari utzi, Von Salomérekin eta Réerekin batera lan egiten jarraitzeko, Epikuroren lorategia berritzeko, Nizan, Napolin…

 

Ez ziren inoiz gauzatuko. Paul Réek bere burua amildegi batetik behera bota zuen.

 

Adin-alde ez behar bezain zabalak egin zuen apika Nietzscheren eta Von Saloméren harremanaren irautearen aurka: Nietzschek 37 eta Louk 21. Ez zen aski. Izan balitz 53 eta 18 nekezago bururatuko zitzaiokeen Nietzscheri bikote biologiko bat eratzeko aukera, ez baitzen Woody Allen (37 urte ateratzen dizkio oraingo bikotekide Soon-Yi Previni).

 

Lou von Salomé Carl Friedrich Andreas hizkuntzalariarekin ezkondu zen. Andreas doktorea ere zeharo maiteminduta zeukan eta iradoki zion ez baziren ezkontzen bere burua hilko zuela. Orduan neskak onartu egin zuen, baina baldintza gisa ezarririk ez zutela sexu harremanik izango. Hendrik Gillot, lehenbiziko irakasle enamoratu hura, artzain ere bazena, ezkontza ospatzera behartu zuen. Ezkontzak 1930ean Andreas hil zen arte iraun zuen. Irekia izan zen, Von Salomék hainbat harreman izan zituen beste gizon eta emakumeekin. Esamesak eta txutxumutxuak bost zitzaizkion; feminista lasaia zer ordurako.

 

Besteak beste, Rainer Maria Rilke ere Louz maitemindu zen. Hau baino hamabost urte gazteagoa, Europako poetarik garrantzitsuena izatera helduko zen. Hiru urtez amorante sutsu izan ondoren, amodioa adiskidetasun bilakatu eta Von Salomék Rilkeren musa izaten jarraitu zuen, eta elkarri idazteari eutsi zioten harik eta Rilke hil zen arte.

 

Freuden bizitzan ere eragin indartsua izan zuen Lou von Salomék. “Psikoanalisiaren poeta” deitu zion errusiarrari. Freuden dizipulu kuttun Victor Tausken amorante ere izan zen, eta Freuden alaba Annaren lagun-min. Freudek Louren ezohiko apaltasuna eta diskrezioa laudatzen ditu: ez da inoiz bere obra propioaz mintzo.

 

Eransten du haatik, eta Freudek hau idaztea izugarria da, Von Salomé psikoanalisira hurbiltzeak bermatzen duela teoria psikoanalitikoen egia. 

 

Dena den, errusiarra beti aipatzen da gizonen maitasun-piztaile eta liluratzaile gisa, ematen du Nietzscheren, Rilkeren eta Freuden pasioa eta miresmena bereganatu zuelako dela batik bat garrantzitsua. Ordea, berak ere obra zabal eta indartsu bat utzi zigun, oroz lehen saiakerak eta nobelak. Nik ez dut irakurri “Nietzsche bere obretan”, “Jesus judua” eta “Anal und Sexual” baino, aski edonola ere errusiarraren zolitasun, orijinaltasun eta graziari antzemateko.  

 

Nietzschek Louren begirada eta arreta harrapatu eta bereganatu nahi izan zituen. Bere burua maisu handitzat zuen, eta naturaltzat horrenbestez errusiarrak bere adimena eta gogoa maisuari esklusiban eskaintzea. Desberdinak ziren ordea Louren joerak: mugikorragoak, zabalagoak. Nietzscheren filosofia pluralista eta erlatibista da, eta guztiaren etengabeko bilakatzea aldarrikatzen du. Baina Lou geldiarazi nahi izan zuen, finkatu. Eta Lou pentsaeran ez ezik jokabidean ere pluralista eta erlatibista zenez, Nietzsche antzarrak ferratzera bidali eta bizitzaren ugaritasun asmatzaile arraroari eman zitzaion. Anitz maisu miretsiko zituen Nietzsche ahaztu ondoren ere, eta, biografia zoragarriaz gain, irakurle askoren miresmena pizteko moduko obra bat ondu zigun.       

 

  

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.