Alderdi Komunistaren Manifestuaren osagarri
-Marx lurperatu zutenean hitz hauek esan zituen Engelsen hilobiaren aurrean: “Darwinek izaera organikoaren garapenaren legea aurkitu zuen. Marxek, berriz, giza historiaren garapenaren legea aurkitu zuen. Zentzu horretan, zientzia gizona zen. Ordea, hori esanez ez dugu Marx zen gizonaren erdia ere adierazten, izan ere, beste ezer baino lehen iraultzailea baitzen”. Marx: "mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa."
-Langileen bizimodua Marxen garaian:
-Eguneroko lanaldiak 14-16 ordukoak ziren, edo luzeagoak
-Zeregin horietan zebiltzan haurren eta emakumeen egoera kaskarra; langileen haurrak ez zihoazen eskolara, txikitan hasten ziren lanean
-Igandeetan ere lan egiten zen, eta ez zegoen oporrik; eritasunek eta istripuek langabezian uzten zituzten langileak
-Langilea botatzea libre zen, ez zegoen kanporatua izateagatik jasotzen den diru-saririk
-Soldata mugakoa zen, langilea gosez hil ez zedin baino ez
-ERAGIN NAGUSIAK MARXEN OBRAN:
a) Alemaniako filosofia, bereziki Hegel (dialektika); eta Hegelen dizipulu Feuerbach (kristautasunaren kritika, materialismoa)
Dialektikarena Heraklitorekin eta Platonen krisialdiarekin hasi Gorgias-en; 2000 urtez filosofia ezinean ibili zen, ukoa, mina eta heriotza ideien munduan txertatu ezinik (Jainko kristauak ez du deabrua bere baitan), harik eta Hegelek Logikaren zientzian barnebildu zuen arte
Hegelen dialektikaren adibideak: jauna eta jopua; Jainkoa eta Jesus; heziketa, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanean; haurra, nerabea, heldua. Engelsek dialektika naturari ere aplikatu nahi izan zion (arrautza, txita) baina Marxek giza kontuetara mugatu zuen
b) Erresuma Batua: ekonomia politikoa (Adam Smith, David Ricardo): lanaren balioaren teoria. Hauek aldezten duten kapitalismoaren ustezko naturaltasunaren aurka jo zuen Marxek. Saldu nahi izan digute kapitalismo liberala heldua dela, errealitate ekonomikoari aurre egiten dion sistema bakarra, sozialismo eta komunismo utopikoak ez bezala. Ordea, liberalismoa haiek baino utopikoagoa da: teologikoak ditu oinarrizko ideiak: esku ezkutu batek merkatu libreari esker lortuko omen du norbanakoak bere onura bilatzea herri osoarentzat izan dadin onuragarri. Zure sakela gizentzeko ahaleginak komunitate osoa aberastuko ei du. Historia errealak erakutsi du ez dela egia: gero eta txiro gehiago dago, gero eta txiroago; gero eta aberats gutxiago, gero eta aberatsago
c) Frantzia: sozialismo utopikoa: Saint-Simon, Fourier
Marxek “utopiko” deitu zien, eta sozialismo zientifikoa, berea, kontrajarri zien, nahiz eta denak izan berdintsu aldi berean zientifiko eta utopistak
-Marxen kritika Hegelen idealismoari: Hegelen dialektikak gizakien eta munduaren errealitatea galdu du. Hegelek natura, naturaren historia, gizakia eta giza historia figura kontzeptual izatera mugatzen ditu espirituaren garapenean. Ordea, ekonomia politikoan bilatu behar da gizarte zibilaren anatomia. Harreman juridikoak eta Estatu ereduak ezin dira berez ulertu, edo giza espirituaren bilakaera orokorra deritzoten horren baitan; bi-biak oinarritzen dira bizi baldintza materialetan, gizarte zibilean. Eta gizarte zibilaren anatomia ekonomia politikoan behar da bilatu.
A) Historian, bost ekoizpen-modu: asiarra (komunismo primitiboa), antzinakoa (greko-latindarra, jabea eta esklaboa), feudala (jauna eta jopua), kapitalista (ugazaba eta proletarioa), iraultzaren osteko komunismoa
-Amaiera hasieran dago, baina ernamuinean, garapenaren zain, Hegelen dialektikan bezala. Amaierako komunismoa hobea da hasierakoa baino, aberatsagoa, sufrimendutik igaro beharrak ekarri dion kontzientziari eta aberastasunari esker
Ekoizpen-moduak gauzatzen dituzte ekoizpen-indarrek eta ekoizpen- harremanek
B) Ekoizpen-indarrak eta ekoizpen-harremanak
---Ekoizpen indarrak:
batetik, a) ekoizpen-bitartekoak:
1- baliabide naturalak: desberdina da zure herrialdeak lur emankorra izatea, petrolioa bai eta urik ez izatea
2- zientzia eta teknika: ekoizpen modua desberdina izango da zure herrian puntako teknologia eduki edo ezta industriarik ere
Bestetik, b) gizakiak, giza lana, lan-indarra: esklaboak, nekazariak, proletarioak
---Ekoizpen harremanak: honek batez ere esan nahi du ekoizpenaren antolakuntza, kontuan hartuta noren esku dagoen jabetza pribatua
C) Ekoizpen-indarrak garatu ahala, kontraesanean jausten dira ekoizpen-harremanekin, oztopo zaizkie, ez dira ordu arteko harremanetan kabitzen; eta iraultzaren bidez gainditzen dituzte. Esaterako, jabego feudala ez zetorren bat industria kapitalistaren ekoizpen-moduarekin, eta historiak iraultza burgesaren bidez gainditu zuen, kapitalismoa ekartzeko. Beste adibide bat, iraultza informatikoaren irakurketa marxista: internetek mamituriko aurrerakuntza teknologikoak orain arte indarrean egon den jabetza pribatu intelektuala zapartatu egin du: pirateoa, copyleft... Iraultza batek konpondu beharko du, konpontzen dihardu, ekoizpen-bitartekoen garapenak orain arte funtzionatu duen jabego mota oztopo bilakarazi izana. Iraultzatik nagusi irtengo den jabetza-modua teknologia berriek dakarten eskaintzaren eta eskariaren eta jabetzaren lege berriei egokitu beharko zaie. Burutik kendu beharra dago iraultzaren irudi odoltsua. Historiako hainbat iraultza garrantzitsuz jendea ohartu ere ez da egin, hain izan dira lasaiak eta epe luzekoak.
a-Iraultza: ekoizpen-bideak garatu ahala ordu arteko ekoizpen- harremanak, esaterako jabego feudala, ez zaizkio ondo egokitzen ekoizpen-indar berriei. Iraultzak egokitze hori erdiesten du.
“Burgesia eraikitzeko balio izan duten ekoizteko eta elkarrekiko trukerako bideak gizarte feudalaren barnean sortu ziren. Halako garapen-mailara heltzean, ekoizteko eta elkarrekiko trukerako bideok, gizarte feudalak ekoizteko eta elkarrekin trukatzeko zerabiltzan baldintzok, nekazaritzaren eta manufakturaren erakunde feudala, hitz batez, jabegoaren harreman feudalak, ez zegozkien gehiago, aurrerabide osoan ari ziren ekoizteko indar berriei. Ekoizpena erraztu beharrean, horretarako oztopoak jartzen zituzten. Halako kate batzuk bilakatu ziren. Beraz, horiek hautsi beharra zegoen, eta hautsi ziren.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
b-Ekoizpen-modu batetik bestera igarotzeko legea:
“Bere garapenaren une jakin batean, ekoizpen-indarrak kontra-izanean jartzen dira indarrean dauden ekoizpen-harremanekin edo, horien adierazpen juridikoa diren jabetza-erlazioekin. Ekoizpen-indarren garapen-forma ziren harremanok berorien lotura eta katea bihurtu dira. Iraultza sozial baten aroa hasten da orduan. Oinarri ekonomikoa iraultzean irauli egiten da poliki edo bizkorxeago gainegitura eskerga guztia.”
Ekonomia politikoaren kritikari ekarpenaren hitzaurrea, 1859
BURGESIAREN ZEREGINA HISTORIAN
a-Burgesiak ezarri du globalizazioa
“Bere produktuetarako merkatu berriak etengabe topatzeko premiak burgesia mundu osoan zehar ibiltzera bultzatzen du. Nonahi sartu beharra dauka, nonahi bere burua jarri, nonahi harremanak ezarri behar ditu.
Mundu-merkatuaren esplotazioaren bitartez, burgesiak herrialde guztietako ekoizpenari eta kontsumoari izaera kosmopolita ematen die. Erreakzionarioen desesperorako, industriari oinarri nazionala kendu dio. Industria nazional zaharrak honezkero birrindurik edo laster birrintzeko moduan daude.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
b-Burgesiaren zeregin iraultzailea: bera nagusitu arte beneragarri kontsideratzen zen guztiari aureola kendu dio
“Burgesiak historian zeregin iraultzaile nagusi bat izan du.
Burgesiak, boterera heldu den toki guztietan, harreman feudal, patriarkal eta idiliko guztiak ostikatu ditu. Erruki gabe hautsiak ditu gizon feudala bere nagusi naturalarekin elkartzen zuten lotura ñabarrak, gizakiaren eta gizakiaren artean interes hotza, “esku-diruzko ordaina” besterik utzi gabe. Erlijiozko asaldura ikara santuak, zaldunen oldarra eta burges txikien malenkonia kalkulu berekoiaren ur izoztuetan ito ditu.
Burgesiak ordu arte beneragarri eta errespetu santuz kontsideratzen ziren jarduera guztiei beren aureola kendu die. Medikua, legelaria, apeza, poeta eta jakintsua bere soldatapeko bihurtu diru.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
c-Iraultzaren dialektika. Sortzen duzunak suntsituko zaitu: feudalismoak burgesa, burgesek proletalgoa
“Burgesiak feudalismoa eraisteko erabili zituen armak berak orain burgesiaren beraren aurka bihurtzen dira.
Baina burgesiak berari herioa ekarriko dioten armak egin ez ezik, arma hauek erabiliko dituzten gizonak ere sortu ditu, hots, langile modernoak, proletarioak.
Burgesiak bere buruaren ehorzlea ekoizten du. Haren amiltzea eta proletalgoaren garaipena, era berean, nahitaezkoak dira.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
-Azpiegitura ekonomikoak gainegitura ideologikoa eragiten du. Ez da errealitatea gizakiaren kontzientziaren araberakoa; giza kontzientzia da gizarte-errealitatearen araberakoa. Beren bizitzako ekoizpen sozialean, gizon-emakumeek harreman mugatuak ezartzen dituzte, beren nahimenerako independenteak, ekoizpen harreman horiek ekoizpen-indar materialen garapen-maila jakin bati dagozkio. Ekoizpen-harreman horien multzoak gizartearen ekonomia-egitura eratzen du, egiazko oinarria; haren gainean eraikitzen da gainegitura juridiko eta politikoa, eta hari dagozkio, halaber, zenbait gizarte kontzientzia modu. Bizitza materialaren ekoizpen moduak mugatu egiten du bizitza sozial, politiko eta intelektualaren prozesua, oro har. Ez da errealitatea gizakiaren kontzientziaren araberakoa; giza kontzientzia da gizarte-errealitatearen araberakoa.
-Klase menperatzailearen ideiak dira ideia nagusiak, beti eta nonahi. Klase menperatzailearen ideiak dira ideia nagusiak garai guztietan; edo, beste modu batera esanda, gizartean botere material menperatzailea ezartzen duen klasea, aldi berean, botere espiritual menperatzailearen jabe da. Ekoizpen materialerako bitartekoak eskura dituen klaseak bere eskura ditu, aldi berean, ekoizpen espiritualerako bitartekoak; hori dela eta, aldi berean, haren menpe jartzen dira, batez beste, espiritualki ekoizteko beharrezkoak diren bitartekoak ez dituztenen ideiak. Ideia nagusiak harreman material menperatzaileen adierazpen ideala besterik ez dira.
ALIENAZIO EKONOMIKOA
Kapitalismoan erabakigarriena den alienazioa dugu ekonomikoa. Honen arabera, giza talde bi ditugu funtsean, gizateria bitan dago bereizirik: jabeak eta langileak. Egoera erreal bidegabea iraunarazteko pribilegiatuek darabilten ideologia Ekonomiaren Zientzia da (Adam Smith, David Ricardo). Honek dioenez, alienazio ekonomikoa gainditzea eta bizitza ekonomikoa piztea soilik da bideragarri jabetza pribatuaren instituzioa bermatuz. Arazoa gainditzea, adostasuna, ugazaben bozeramaile intelektualen esanetan, merkatu-askatasunaren bidez lortuko da. Marxen ustez, hori gezur interesatua da, noski, zinez dakarrena langileen esplotazioa baita.
a-Langilearen miseria. Zenbat eta gauza gehiago ekoitzi, are gauza gutxiago izan ditzakete langileek, eta are handiagoa da haren produktua den kapitalarekiko duten menpetasuna. Lan egiteak deshumanizazioaren itxura hartzen du, hainbeste non langileak beren errealitateaz gabetuta aurkitzen diren, gosez hil arte. Bizitzeko beharrezkoak diren gauzez gain, lanerako diren gauzez gabetuta daude langileak.
b-Langileak ekoitzirikoa, langilearentzat arrotz. Langilea hainbat pobreago da, zenbat eta aberastasun gehiago sortzen duen, zenbat eta gehiago handitzen den haren ekoizpena indarrez eta kopuruz. Langilea salgai bihurtzen da; hainbat salgai merkeagoa, zenbat eta salgai gehiago ekoizten dituen. Gauzen munduak gero eta balio handiagoa du, eta giza munduak, berriz, harekiko zuzeneko proportzioan, gero eta balio txikiagoa. Lanak ez ditu salgaiak soilik sortzen; bere burua ere sortzen du, eta langilea ere bai, salgai gisa.
Lanak ekoizten duen objektua, ekoizkina, aurrez aurre jartzen zaio langileari, izaki arrotz bat balitz bezala, ekoizlearengandik bereiz dagoen botere bat balitz bezala. Lanaren fruitua objektu batean finkatutako lana da, gauza bihurtua; lanaren objektibazioa da ekoizkina. Lanaren egikaritzea da haren objektibazioa. Lanaren egikaritze hori langilearen desegikaritzea bihurtzen da ekonomia politikoaren fasean: objektibazioak objektua galtzea eta harekiko morroi bihurtzea dakar.
Langilea bere lanaren bidez sortutako ekoizkinarekin objektu arrotz bat balitz bezala erlazionatzen da.
c-Lana besterentzea, lanaren alienazioa. Lana besterentzeak, lana alienatzeak, esan nahi du, lehenik eta behin, lana langileaz kanpoko dela (hau da, langilearen izatearen barnean ez dagoela), eta langileak lanean ez duela bere burua indartzen, baizik bere burua ukatzen. Langilea ez da zoriontsu sentitzen, zorigaiztoko baino. Ez du energia fisiko eta espiritual askea garatzen; aitzitik, bere gorputza hilduratu egiten du, eta bere espiritua, hondatu. Horregatik, langilea lanetik kanpo baino ez da sentitzen bere baitan; lanean bertan bere baitatik kanpo sentitzen da. Lanean ari ez denean dago eroso; lanean ari denean, ez. Haren lana ez da, beraz, borondatezkoa, behartua baizik, gatibu-lana. Horregatik, ez da behar baten asetzea, baizik eta lanetik kanpoko beharrak asetzeko bitarteko hutsa. Lana langileari arrotza zaiola nabaria da, ez hertsapen fisikorik ez bestelakorik batere ez dagoen bezain laster izurritik bezala ihes egiten baitu langileak lanetik. Langileaz kanpoko lana, gizakia besterentzea eragiten duen lan hori, autosakrifiziokoa da, aszetismoko lana. Azken batean, langileak garbi ikusten du lanaren kanpokotasuna, lana ez baita berea, beste norbaitena baizik, eta hartan dagoenean ez baitagokio bere buruari, beste norbaiti baizik. Erlijioan, giza fantasien berezko jarduerak (giza adimenaren eta giza bihotzaren jarduerak, alegia) eragiten du gizakiarengan, jainkoaren edo deabruaren jarduerak, baina edonola ere jarduera arrotz bat balitz bezala. Eta langilearen jarduera ere, halaxe, ez zaio berezko langileari. Beste bati dagokio; nork bere burua galtzea da.
-Eskaintzaren eta eskariaren legea, gainprodukzio-krisiak, kapitalismo espekulatzailea. Eskaintzaren eta eskariaren legeak azaltzen ditu gainprodukzioak eraginiko krisi ziklikoak
“Merkatu krisialdien aldizkako itzulerek gizarte burges osoaren iraupena era gero eta mehatxagarriagoz planteatzen dute. Merkatu krisi bakoitzak, ekoitziriko produktu pila birrindu ez ezik, honez gainera sorturiko ekoizteko indarrak berak ere suntsitzen ditu aldiro. Gizartearen gainera beste edozein garaitan zentzugabea irudi zukeen izurritea erortzen da: gehiegizko ekoizpenaren izurritea. Gizartea, bat-batean, basakeria egoera iragankorrean amildurik gelditzen da; goseak eta suntsitze-guduak bere bizimodurako bide guztiak kentzen dizkiola esan liteke; industriak eta merkatalgoak porrot eginik dirudite. Eta zergatik? Gizarteak zibilizazio handiegia duelako, bizimodurako baliabide gehiegi duelako, industria eta merkatalgo handiegiak dituelako. Berak dituen ekoizteko indarrek ez diete burges zibilizazioari eta jabego burgesaren harremanei mesederik egiten.
Harreman burgesak estuegi bihurtu dira beren barnean sorturiko aberastasunak eduki ahal izateko. Ordea, nola gainditzen ditu burgesiak krisi hauek? Alde batetik, ekoizteko indar pila bat nahitaez ez birrinduz; beste aldetik, merkatu berriak konkistatuz eta zaharrak hobeki esplotatuz. Eta nora darama horrek? Are krisialdi gogorrago eta orokorragoak prestatzera eta horietatik ihes egiteko bideak urritzera.”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
-Kapitalismo industriala, gainbalioaren teoria, D M D’
1-Marxek kapitalismo industrialeko gainbalioa azaldu nahi du, ez finantza- kapitalismo espekulatzailearena
2-espekulazioan gertatzen den irabazia eskaintzaren eta eskariaren legeak azaltzen du; irabazi hori dirua eskuz aldatzera mugatzen da
3-aitzitik, kapitalismo industrialean, burgesa aberastu egiten da, bide batez herri osoa ere aberastuz: trenbidez betetzen du lurraldea, eta abar
4-erabilera-balioa (merkantziaren kontsumoa) eta truke-balioa (salneurria)
5-kapitalistak erosi egiten du langilearen lan-indarra, beste merkantzia bat bailitzan: truke-balioaren arabera erosten du lan-indarra
6-merkantziaren balioa bertan mamituriko batez besteko lan-denbora sozialari dagokio
7-kapitalismoaren formula: D M D’ (D dirua; M merkantzia; D’ lehengo dirua gehi gainbalioa)
8-D M D’ ekuazioari dagokion merkantzia bakarra langilearen lan-indarra da. Lan-indarrari dagokion truke-balio zuzena langilearen soldata da
9-24 orduko lanaldiari dagokion soldata bat etorriko da beste langile batzuek behar izan duten batez besteko lan-denborarekin, langileak kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko, 24 ordutan bere lan-indarrari eutsi ahal izan diezaion; soldata hori, lan-indarra den merkantziaren truke-balioa, izango da, demagun, 60 euro
10- jo dezagun 60 euro dagozkiola 6 orduko lanaldi sozialari, alegia, beste langile batzuek 6 ordu behar dituzte fabrikatzeko gure langileak bere lan- indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak; baina, behin 6 orduko baliokidea erosita truke-balioan, kapitalistak lan eginaraz diezaioke 12 orduz, eta kasu horretan 6 orduko etekina irabaziko du
11-horra gainbalioa, D M D’ formula: burgesak langilearen lan-indarra erosi du, 60 euro; demagun 6 orduko lanaldiari dagozkiola; langileari lan eginarazten dio 12 orduz; lan horri esker 120 eurori dagozkion merkantziak egiten dizkio eta halatan 60 euroko gainbalioa sakelaratu du
12-langilearen lan-indarra da merkantzia bakarra zeinaren kontsumoak, hau da, erabilera-balioak, truke-balioa emendatzen duen. Langilearen lan-indarra kontsumitzea da langileari lan eginaraztea, merkantziak ekoitzaraztea, balioa eta aberastasuna sorraraztea.
13-langileak aberastasun gehiago sortzen du kontsumitzen duena baino. Lan gehiago egiten du, bere lan-indarrari eutsi ahal izateko 24 ordutan kontsumitu behar dituen merkantziak fabrikatzeko beharrezkoa dena baino. Horrela aberasten da kapitalista aldi berean mundua ondasunez hornituz.
14-kapitalistak merkantzia bitxi hori erosi du, zeinaren kontsumoak balioa sortzen duen: langileak balio gehiago sortzen baitu, diru gehiago, lan horren truke ordaintzen zaiona baino. Berak egingo duen lana baino gutxiago egin beharko dute beste langileek, 24 ordutan kontsumitu beharko dituen merkantziak fabrikatzeko.
15-gainbalioaren teoria lehergailu bat da. Luc Ferry bezalako liberalentzat ere zuzena eta egiazkoa da, justua; Marxek ez du eskaintzaren eta eskariaren legea ukatzen; arazoa da eskaintzaren eta eskariaren legeak ez duela kapitalismoa azaltzen, kapitalismo industriala, enpresaren mundua; espekulazioa baino ez du azaltzen
16-gainbalioaren teoriaren ondorioak mila bider sakonagoak eta ahaltsuagoak dira eskaintzaren eta eskariaren teoriarenak baino, edo gainprodukzioaren krisien analisiak baino, liberalentzat aski ahula baita. Hemen benetan erakusten da kontraesanez josia dela kapitalismoa, eta lehertu beharra duela. Kapitalismoaren kontraesanen benetako analisi bat dugu. Saia gaitezen: sistema kapitalista hori garatzen bada, Marxen ustez, kapitalismo horrek ezinbestez sorraraziko du oraingo honetan ez mekanikoki, burdinazko saihestezintasun batez, komunismoa; baizik eta klase borroka.
17-alegia, boluntarismoan eta militantismoan gaude, fatalista ez den historiaren filosofia batean. Ez gaude honezkero historiaren filosofia automatiko batean, Marxen esaldi ikaragarri hark adierazten zuena: iraultzak sortzen dira naturako metamorfosiak erabakitzen dituen ezinbestekotasun berberaz, kataklismo naturala era mekanikoan sortzen den bezala. Aldiz, aurrerantzean giza borondateari dagokion historia batean sartuko gara, gatazka sozialen historia, klase borrokarena, eta iraultza ez goxo baizik bortitzarena, Robert Owenena ez bezalakoa.
18-behin jendetza itzelak proletarizatu eta txirotu ondoren, behin kapital asko pilatu ondoren, ez dira gelditzen monopolio handiak baino. Azken batean, komunismoa mugara igarotzea da, eta bortxa ezinbesteko gertatzen da. Eskaintzaren eta eskariaren arabera genbiltzanean aski zen desjabetzea eta nazionalizatzea, ez zen derrigorrezkoa bortxaren erabilera. Aitzitik, bigarren hurbilketaren arabera, gainbalioaren hurbilketaren arabera, beharrezkoa izango da iraultza bortxazkoa.
Gainbalioaren teoriaren ondorio batzuk
1-Klase-borrokaren arabera erabakiko dira soldata eta lan-denbora, arazo historiko eta morala baita soldata eta lanaldia finkatzea, ez dago inon idatzia
2-Sindikalismoaren sorrera. Langileek antolatu beharra daukate, indartsu agertzeko ugazabekin soldataz eta lanaldiaz eztabaidatzeko orduan
3-Zer izango da horrenbestez iraultza komunista?
a) Jabetza pribatua suntsituko du, pribatua herriari itzuli, kolektibizatu
b) Eztabaida: norentzat izango da desjabetutakoa? Estatuarentzat ala autoeratutako langile-kontseiluentzat? Nork kudeatuko du gainbalioa?
c) Gainbalioa birbanatu egingo da. Baina nola, Estatu-kapitalismo baten arabera, D M D’ari eutsiz? Ala komenigarriagoa da deshazkundea?
4-Marxek “gainbalio erlatibo” deritzona: zientzien eta tekniken aurrerakuntzari esker kapitalistak, langileen aurkaritzarik eta gatazkarik gabe, gainbalioa emenda lezake
IRAULTZA KOMUNISTA: ASKAPENERAKO BALDINTZA
-Iraultzan, proletarioek ez dute galtzeko ezer, beren kateak izan ezik
“Komunistek ez dute gogoko beren iritziak eta xedeak ezkutatzea. Zabal-zabalik aldarrikatzen dute, beren helburuak lortzeko, aurreko gizarte-ordena osoa gogorki amilarazi behar dela. Ikara bitez klase nagusiak iraultza komunistaren aurrean! Proletarioek ez dute hor galtzeko ezer, beren kateak izan ezik. Irabazteko, mundu osoa dute.
Herrialde guztietako proletariook, elkar zaitezte!”
Alderdi Komunistaren Manifestua, 1848
-Iraultzak gizarte komunista ekarriko du:
-klase sozialik gabeko gizartea
-esplotazioaren amaiera
-beraz, ez da Estatuaren beharrik izango, Estatuak klase zapaltzailearen agintaritza iraunaraztea baitu helburu nagusi
-hiritar bakoitzak bere ahalmenaren araberako lana eskainiko dio kolektibitateari, eta kolektibitateak atzera hiritar bakoitza bere beharren arabera hornitu eta babestuko du
-alienazioa gainditzea eta gizakia errealizatzea, gizarte bidegabeak beharrik gabe itorik dauzkan giza ahalmenak azkenik mamitzea