Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Txillardegi eta ziminoa

Markos Zapiain 2012/01/27 23:16

 

Hemen daukazu Susak argitaratu zuen Txillardegi eta ziminoa, osorik

 

Eli Laztangurenek "Txillardegi eta ziminoa"ren aurkezpenean sortutako bideoa

Epub edo PDF gisa jaisteko, hemen

Beñat Sarasolak Berrian egin zion kritika konstruktiboa

Martin Ansok liburuaren berri eman zuen Garan

Taperware kolektiboak "Txillardegi eta ziminoa"ri buruzko elkarrizketa sakon bat atera zuen bere blogean, zati bitan:

lehenbiziko zatia eta bigarren zatia


 

 

Sarrionaindia

Markos Zapiain 2012/01/23 15:03

Joera poliziako itxuraz inozo bat tara bilakatu daiteke adinak aurrera egin ahala, larritu eta obsesio bihurtu. Bada jendea gauero 30 aldiz jaikitzen dena etxeko atea ondo itxi ote duen egiaztatzera. Hamaseigarrenerako badaki ziur ondo itxi duela baina hala ere ezin du eragotzi berriro ere jaiki eta pasilloko joan-etorria egitea pijama jantzirik. Oso gaizki pasatzen du, bizia izaten da antsietatea. Terapiaren bat lagungarria izan liteke halako larridura arintzeko.

Badira bosturteko batzuk irakurtzean maiz gertatzen zaidala hitzen esanahiari baino gehiago hizkien itxurari egoten naizela adi. Bulkada kontrolatzaile horrek harrapatuta, saiakeran edo nobelan gertatzen denak ihes egiten dit. Berriki zenbait idazle bi puntuen ondoren maiuskula erabiltzen hasi dira, Pío Barojaren eta Valle-Inclánen bidetik. Adierazi nahi balute bezala: puntu baten ostean maiuskula badator, arrazoi handiagoz puntu biren ostean. Orain arte, bi puntuen ondoren, komatxoak irekitzen baldin baziren, orduan bai, maiuskula; orobat, bi puntuen ondoren lerro berean jarraitu beharrean aparte egiten bazen; bestela ez. Aspaldion, aitzitik, dena ari da nahasten. Batzuk batetan eta kontutan idazten tematzen dira. Azterketak zuzentzen hasi eta burutik jota amai dezakezu.

Larriena Sarrionandiarekin gertatzen zait. Ez berak idatzitakoarekin, baizik eta abizen horrekin. Badira urteak eta urteak irakurtzen dudan aldiro idatzirik dagoena Sarrionandia ala Sarrionaindia ote den egiaztatu behar izaten dudala. Idazlea Sarrionandia da, baina askok Sarrionaindia idazten dute, batez ere erdaldunek; Onaindiarekin nahastuta, beharbada. Beti gelditu behar izaten dut, letraz letra aztertu. Denbora galtzen dut, urduri jartzen naiz. Ez du ezertarako balio. Inoiz ez diot gutun bat idatzi egunkariko zuzendariari Sarrionaindia irakurri behar izateagatik kexuz. Ondo idatzirik topatu, zein txarto, berdin-berdin dio. Eta ezin hala ere kontrolatzea eragotzi.

Are okerrago: irakurtzen duzu Paul Austerren eleberri bat, Jim Thompsonena, eta badakizun arren ezinezkoa dela Sarrionandia edo Sarrionaindia hitza ager dadin, noizbehinka orrialdeari gainbegiratu azkar bat ematen diozu Sarrionaindiaren baten bila, badaezpada ere.

Milaka eta milaka aldiz irakurri dut abizen hori, eta beti aztertu behar izan dut. Hil arte gelditzen zaizkidan urteetan ere horrela jarraituko du obsesio nazkagarri honek? Baten batek zioen irakurtzea plazer handia dela; erantsi beharra dago: ez beti.

Agur gordin bat

Markos Zapiain 2012/01/21 12:16

Heriotza izan da Txillardegiren kezka nagusietako bat, idazten hasi zenez geroztik Horretaz azken liburua arte. Biziki hunkitu zuen, gaztetan, Marilyn Monroeren suizidioak; baita, txikitan, asto baten heriotzak ere, Igeldoko Muitza baserrikoa. Aitak kontatu zion eta sekula ez zitzaion ahaztuko. Muitzatik itsasorantz labar labain more-beltz bat dago, harkaitzezko txirrista bat. Baserrian bazuten asto bat; zahartu eta itsutu egin zen. Ez zekiten nola akabatu. Azkenik, begiak zapi batez estali eta labar hartatik behera amildu zuten.

Hainbat arlotan egiazta daiteke Txillardegiren aitzindaritza. Narratibara mugatzearren: Eli Laztangurenek jakinarazi digu gaur egungo genetistak liluraturik dituela Txillardegik 1957an Orangutanen ugartea ipuinean iradoki zuen aukera batek: milioika urtez, gizakiak eta ziminoak elkarrekin nahasturik jo zuten larrua, eta nahasketa horren ondorio ginateke edo txinpantzeak edo bestela gu gizakiok; euskal eleberri modernoa abiarazi zuen (Leturia eta Peru arazoz betetako protagonista aldakor eta gogoetalariak dira); emakumea zen Elsa Scheelen, eta gainera suizida; Haizeaz bestaldetik eko esperimentu sinboliko poetiko ausart haiek…

Txillardegik baino lehen inork ez dio lotu Euskal Herriaren aldeko borroka animalienganako maitasunari. Gizakiaren animaliatasun nabarmenak durduzaz eta dardaraz jarri izan ditu sistema filosofiko klasikoak, Jainkoaren antzirudiko ikusarazi nahi izan baitute kosta ahala kosta humanoa, izpiritu aratz. Txillardegirentzat, mendebaldeko pentsamendu nagusian animaliak betetzen duen baztertokia bat dator indarrean dauden egitura politikoetan estaturik gabeko herri txikiek betetzen dutenarekin: «arazo» dira, «konpondu beharrekoa», edo bestela zuzenean desagerrarazi beharrekoa, ziminoaren ispilu kezkagarria bezalaxe. Txillardegi, ostera, baztertokiko ispilua argitzen eta duintzen ahalegindu da, bihotzak bultzatuta.

Aitzindari izan dugu, halaber, heriotzari aurre egiteko erari dagokionez. Txillardegik bat egin du Spinozarekin eta Einsteinekin Jainko pertsonal epaile transzendentea ukatzeko orduan. Izatekotan, Jainkoa Natura bera litzateke, dagoen guztia.

Guk etxeak eta tunelak helburu batekin egiten ditugunez, suposatu izan dugu Unibertsoak ere baduela Egile bat eta helbururen batekin egingo zuela Bere Obra. Txillardegiren ustez, giza proiekzio hutsa duzu xedetasun hori, Unibertsoa ez baitoa inora. Honelaxe formulatu du auzia Horretaz bere azken liburuko azken galderan: «Hegalak dituztelako egiten dute hegan txoriek? Ala hegan egiten dutelako dituzte hegalak?». Dudarik ez Txillardegirentzat: hegalak dituztelako egiten dute hegan.

Unibertsoak ez du berezko zentzurik, gure bizitzak eta heriotzak ez duten bezala. Txillardegik garbi ukatu du Adimen Onberaren batek dagoena taxutu duelako ustea, gizakia xede. «Antropokeria» hitza asmatu zuen jarrera horri kontra egiteko. Antropokeria gai da Jainkoaren trebetasun zintzoa goraipatzeko, gizakiok sudurdun sortu izanagatik, gainean betaurrekoak kokatu ahal ditzagun. Txillardegiren esanetan, «txiripa hutsez heldu gara geure honetara». Unibertsoa ez zen gizakiarentzat egin.

Horrela, Txillardegi heriotzaren oinazea bere gordinean adierazten ahalegindu da eleberrietan zein saiakeretan, gizakiok geure buruari asmatzen dizkiogun kontsolagarriak erantzirik. Hauxe da, beraz, unerik desegokiena Txillardegiri traizio eginik heriotzaren ikaragarria baretzen ahalegintzeko.

Txortaldi terapeutikoa

Markos Zapiain 2012/01/20 21:54

 

Astero legez, Padma Devak, 31 urteko beltzaran erakargarriak, hotelean itxaroten dio bezeroari. Behin gelan, bezeroari arropa erantzi eta masajea ematen dio; gero, fereka dezan eskatzen dio, eta, sarritan, larrua jo diezaion. Bi ordu barru, bezeroak ordaindu eta hurrengo saiorako hitzordua jartzen dute, bakoitza bere etxera lasai-lasai itzuli baino lehen.

Honaino irakurririk, balirudike Padma Deva call-girl bat dela, luxuzko prostituta bat. Ez ba: londrestar hori terapeuta diplomatua da, ospe handikoa eta txit ofiziala den International Professional Surrogate Association-ekoa. Bertako kideek ikasten dute bakardadeak edo etsipenak edo ezinak jotako pertsonen behar afektibo eta sexualak era zehatz eta eragingarrian betetzen. Padma Devaren paziente guztiek dituzte sexu arazoak, batez ere inpotentzia eta isurketa goiztiarra. Ezkonduak zein ezkongabeak dira, eta edozein maila sozioprofesionalekoak: legelariak, ikasleak, igeltseroak, medikuak. Gazteenak 25 urte ditu, zaharrenak 65; hauek biak birxinak ziren, barneratua zuten ezinezkoa zitzaiela edozein sexu harreman. Padma Devak arestian eman du bere lanbidearen berri Daily Mail egunkarian, eta erantzun sutsu mordoa jaso du.

Devaren aurkakoek prostituta hutsa dela leporatu eta bere lana iraingarritzat jo dute. Ez dute sinesten bere praktiken onura terapeutikoan, edo zalantzan ipintzen dute. Auzitan jarri dute, halaber, bere legezkotasuna (baina Erresuma Batuan ez omen dago sexu terapiaren aurkako debeku garbirik).

Padma Devak ihardetsi die 4000 liberaren truke (4800 euro inguru) eskaintzen dituen 2 orduko 9 saioen ondorioz, isurketa goiztiarragatik joan zaizkion ia guztiek lortu dutela beren sexu harremana 30-60 segundotik 5-10 minutura luzatzea. Eta tentetzen ez zitzaien pazienteen ehuneko 90ak lortu du erekzio sendo bat.

Sexu terapeuta ingelesak, bere metodoaren zientifikotasuna aldeztearren, Masters eta Johnson-en ikerketa ospetsuan oinarritzen da. AEBetako sexologoek 11 urtez lan egin zuten arazoak zeuzkaten 510 bikoteekin, eta bakarrik bizi ziren 3 emakumerekin eta 54 gizonekin. 54 emakume lortu zituzten, azken hauekin oheratzeko gertu, borondatez.

Aurretik, 54 gizon horiek saiatuak ziren sendabidea bilatzen, ohiko psikoterapien edota psikoanalisiaren bitartez; arrakastarik ez, ordea. Mastersek eta Johnsonek sexu terapiako programa bat ezarri zieten, aste bi zirauena, eta pazienteen ehuneko 75a sendatu egin zen. Padma Devak era ikusgarrian hobetu ditu emaitza haiek.

Laura Mintegiri erantzuna

Markos Zapiain 2012/01/14 12:58

Laura Mintegiren hitzak, Jakin aldizkariko 187. alean, 2011ko azaro-abenduari dagokiona, 65-66 orrialdeetan: “Goizegi da jakiteko nola eragingo duen aro politiko berriak kulturgintzan, bai industrian nola produktuan, baina pentsatzekoa da eragina izan izango duela. Sintomatikoa da, esaterako, aurten Markos Zapiainek atera duen Etakideen ametsak liburua, erakundeak jarduera armatuaren amaiera iragarri baino hiru aste lehenago argitaratua. Zapiainek aurkezpenean esan zuen “ETAren ekarpenik garrantzitsuena Euskal Herriari, ETAri buruzko euskal literatura izan da”, eta boutade kutsua badauka ere, garai berri baten zantzua delakoan nago. Fribolizatzeko beta irekirik balego bezala.”

Laura Mintegiren hitzei sumatzen zaie, batetik, ministroen tankerako gogoeta inportante eta pisutsuak idazten dituenak arinkeriaz dihardugunok zorrotz epaitzeko ohitura ulergarria. Bestetik, eta ez da hain ulergarria, unibertsitateko irakasle batzuek institutukooi begiratzeko hartu ohi duten goitik beherako jarrera; adibidez, Etakideen ametsak irakurri gabe, bertan mamituriko urteetako lana gezur labur baten bidez suntsitzeko eraso klasista.

Eta, azkenik, euskal literaturaren aurkako mespretxu sakona, euskal literaturari garrantzia aitortzea fribolotzat jotzen baitu.

Ideia bi Saizarbitoriaren kasuaz

Markos Zapiain 2011/12/19 14:44

Gatazkari dagokionez, Saizarbitoria da ziurrenik barne kontraesanak modurik nabarmenenean agerian uzten dituen euskal idazlea, lotsa gaindituz eta koherentziaren obligazio moralaren gainetik hegan eginez, esanez bezala “ni ez naiz buruzagi bat, ezin dut inor eraman nire atzetik, zeren ez baitakit zer egin nire buruarekin, eta kakanahaste hau naiz, ecce homo: alde batetik, ateoa eta antikristaua, batez ere apaiz frankistak sakonki pairatzearen ondorioz, baina aldi berean errukia dut teklarik sakonenetako bat, kristau askorentzat ere eragingarriena den bertutea”. Halatan, ETAren kontrakoa izan arren, 1995ko “Hamaika pauson”n gupida barnekoi bat sentitzen du Daniel Zabalegi etakidearengana.

Bestetik, Saizarbitoriak gorroto dio moralismoari literaturan, literatura engaiatuari, baina aldi berean bere liburu guztiak dira modu ohargarrian aldarri etiko bat, gaizkiaren alderen baten aurkako gurutzada. Zeharka, jakina, sotilki, korapilatsuki, baina Saizarbitoriak, eguneroko bizitzan eta politikan engaiatzeaz gain, literatura ere gatazkaren aurrean konpromiso ageriko bat hartzeko erabili du.

BI MUTURREN ARTEAN

“Exkixu”ren eta “Bizia lo”ren artean koka genitzake “Ehun metro” eta “Hamaika pauso”. Biolentziak odolustu eta hil egingo du Euskal Herria, gaztigatu zigun hirurogeita hamarreko hamarraldirako Saizarbitoriak. Frankismoaren zapalkuntzari erantzutea zilegi da, baina indarkeriak epe luzera hondamendia dakar. Errepresioaren aurrean okerrena ezaxola da, beste alde batera begiratzea. Engaiatu beharra dago; baina ez edonola. Eta Saizarbitoriak1974erako garbi zuen ikusia Euskal Herrian bizitzaren aldeko engaiatzeak zaizkigula premiazko, eta, ostera, hilketak hilketari deitzen diola, heriotzak heriotzari, hauxe izaki etsai nagusia.

IDAZLEAREN NAHIA ETA IRAKURLEAREN INTERPRETAZIOA

Gorago esan bezala, euskal idazleek inpaktu emozional bat eragin nahi dute irakurlearengan; eta bilatzen dute emozio hori jarrera etiko-politiko bilaka dadin. Aldez aurretik badituzte gatazkak eragindako sentipenak, ideiak, asmoak, gorrotoak; eta pertsonaien eta kontakizunaren bidez gorroto, sentipen, ideia eta asmo horiek irudikatzen dituzte, ondoren irakurleak antzera senti eta ikus dezan ahaleginduz, edo jakin dezan zein den idazlearen ikuspuntua, bederen.

Gerta daiteke, hala ere, irakurleen interpretazio nagusia bat ez etortzea idazlearen asmoekin: hori gertatu zen Saizarbitoriaren “Ehun metro”rekin. Idazleak tortura, zapalketa linguistikoa eta orotarikoa nabarmendu zituen, eta ez zuen aski garbi adierazi ETAren ihardukia gaizki iruditzen zitzaionik.

Egia den arren Joxe Zuazalagoitia etakidearen heriotzaren alferrikakoa ere azpimarratu zuela, giza hilketen zoritxarra eta etenezina, eta hilketa horien aurreko gizartearen ezaxola, hala ere irakurleek ez zieten jaramonik egin ñabardura horiei. Irakurle arruntak ETAren laudorio garbitzat hartu zuen “Ehun metro”, poliziak krudelki akabaturiko militante zintzoaren gorespen hunkigarritzat, eta era berean irakurtzen dute gaur egungo gazteek irakasleak aurretik testuinguru eta historia osoa azaldu ezean.

INTELEKTUALA

Hori bai, nola “Exkixu”n hala “Bizia lo”n, eta baita Saizarbitoriarenean ere, eta oro har gatazkaren inguruko euskal literatura guztian, pertsonaiarik gorrotatuena, torturatzailea bera baino gehiago, intelektuala da, alegia, borroka armatuaren aldeko idatzi eta mintzaldi xaxatzaileen bidez gazteak zizpoleta hartzera bultzatzen dituena, eta espetxera, eta hiltzera, haiek bizimodu erosoan dabiltzan bitartean, benetan busti eta engaiatu gabe: “Zeru horiek”en ere nabarmena da mutil-lagun ohiaren aurkako Ireneren herra. Jokin Muñozen hitzetan: “Intelektualak okerrenak dituk. Asko eta asko beraiek konbentzituta sartu ziren mobidan, eta kartzelan geratu ere bai urte askotarako. Beraiek hor daude, ordea, zinegotzi, irakasle, tertuliano...” (“Bizia lo”, 108)

 

Euskal literaturagileak eta gatazka

Markos Zapiain 2011/12/19 12:14

Fernando Aranbururen adierazpenei oso espainola den errespetugabekeria darie, inolaz ere ezagutu ez daitekeenaren aurkako mespretxuzko epaia. Esan du euskal idazleek ia ez dutela ETAren indarkeriari buruz idatzi. Zergatik? Ez direlako aske. Aranburuk dioenez, euskal idazleek "Euskal Herrian bakarrik banatzen dituzte liburuak, ehunka irakurle bakarrik dituzte eta diru laguntzei esker argitaratzen dira. Bere iritzia emanez gero, amaitu da idazle horren literatura". Ez da egia: gure literaturan bada etakide zintzo eredugarria, baina baita ere etakide zeharo gaiztoa, etakide ergela, ETAren ankerkeriarekin kolaboratzen duen hiritar arrunta, Euskal Herriaren genozidioan kolaboratzen duen pertsona normala, konstituzionalista on eta gaiztoa, estatutuaren aldeko koldar kolaboratzailea, estatutuaren aldeko zintzo jakintsua…aberatsa duzu panoplia.

GATAZKAZ IDATZI DENAZ IDAZTEKO ZAILTASUNAK

Erakutsi ote du euskal literaturak gatazka fideltasunez? Fideltasuna deitu izan zaio dagoenaren deskribapen ahal bezain objektiboari, baina gatazkaren koordenadak aldatze-nahi politiko batean oinarritutako literatura ere fidela izan liteke. “Literatura eta gatazka”z galdetzen dizutenean, ematen du idazlea hiritar den heinean epaitzea ere eskatzen zaizula. Eta hemen, irakurketa zuzen bat egiteko orduan, badugu arrisku bat: idazle horietako asko busti egin da bere literaturaz aparte, eta beraz garbi esan digu literaturaren bitartekaritzarik gabe zer nahi zuen. Batzuetan, dena den, idazlearen ageriko jarrera etiko-politikoen azpiko sentimendu nahasiak adierazteko ere erabili izan da literatura.

Literatura eta gatazkari buruz mintzatzeko eskatzen dizutenean, etika da kontua: zer jarrera erakusten duen idazleak testuen bidez, ETAren alde edo kontra dagoen, eredugarri izateko sortu ote dituen etakideak, edo nazkagarri, edota ahal bezain errealista, atentatuak zuritzen ote dituen nolabait, ETAren krudelkeriarekin batera zapalkuntzaren eta zehazki torturaren ankerkeria ere erakusten duen, gatazkaren testuinguru osoa aintzat harturik...

Alegia, galdera ez da literaturaren kalitateaz, baizik eta idazlearen bustiduraz eta engaiamenduaz. Ordea, idazleak eskuak aski zikin ote dituen epaitzen duena ez da estralurtar garbi bat izaten, neutroa eta objektiboa; aitzitik, ikuspuntu etiko-politiko jakin batetik mintzo da. Idazleak ez ezik idazleen epaileak ere ezin dira gatazkatik kanpo ibili, ezikusia egitea esku hartzeko moduetako bat baita, Euskal Herrian bizi zarelarik bederen.

Arazoetako bat da oso dela zaila gogoeta orokor zuzenak eraikitzea. Etengabe bilakatu da ETA, etengabe bilakatu da euskal gizartea, etengabe bilakatu da literatura eta etengabe bilakatu da idazle bakoitza. Are gehiago, liburu berean ere, protagonista bakar baten baitan kontrako jarrerak ager daitezke esna zein ametsetan, Antton Ihartzegarairen kasuan bezala Txillardegiren “Labartzari agur” nobelan. Halatan, zentzuzkoagoa da aztertzea idazle bakar batek obra bakar baten bidez gatazkaz adierazi duen jarrera, eta aski lan hala ere.

EMOTIBISMO MORALAREN FROGA: GATAZKAREN LITERATURA

Gatazkaren aurrean euskal idazleen duten jarrerak emotibismo morala deritzonaren ikuspuntuak baieztatzen ditu: erreakzio sentimentalaren ondoren datoz zuribide razionalak. Hori da gure idazle gehienen jarrera gatazkari dagokionez: ez dago aurrena analisi razional hotz bat, neutrotasunaren eta objektibotasunaren aldeko ahalegina, eta gero argibide horrek eskatutakoaren araberako narrazioa, analisi horrek ondorioz lekarkeen proiektua bultzatzeko. Aitzitik, bultzatzaile nagusia bihotza da, bihotzak irudimena pizten du, eta arrazoia ez da bihotzaren eta irudimenaren tresna xumea baino. Helburu nagusia zirrara baita, eta irakurlearen sentimenduan eragitea. Funtsean dena da bihotza: aurrena sentimenduak du onartzen edo gaitzesten, eta gero narrazioak irakurlearen sentimenduei dei egiten die, irakurleen sentimenduei eragin nahi die. Literaturagileak sumatzen baitu berak bezala funtzionatuko duela irakurleak, inpaktu emozionalaren ondorioz etorriko direla burubide-aldaketak, ez alderantziz. Bestela, saiakera idatziko luke eta ez kontakizuna.

Hori bai, bihotza ez da ezinbestez inertzia: Saizarbitoria, adibidez, ETA nolabait onartzetik ETA gaitzestera igaro zen, eta donostiarraren kasuan, behintzat, bistan da arrazoia ez zela kalkulua izan (“nire merkatua zabaldu behar dut, espainolen gogoko bilakatu”), edo iritzi nagusiari amore ematea, baizik eta bilakaera sentimentala, bihotzaren erantzuna. Egia da eztabaidagarria dela zein neurritan izan daitekeen autonomoa sentimendu bat, baina ulertzen da, espero.

LAUROGEITA HAMARREKO ZIABOGA

Esan liteke euskal literaturak, oro har, gerra zibilari eta errepresio frankistari lotu diola ETAren agertzea eta lehenbiziko urteak, eta erantzun hura onetsi duela (Saizarbitoria, Izagirre, Sarrionandia, Atxaga). Orotariko zapalkuntza zital haren pean, zintzoagotzat eta ausartagotzat hartu izan du ihardukia deus gertatuko ez balitz bezala jarraitzea baino bertan goxo. Ez “Ehun metro”k (1976) ez “Exkixu”k (1988), ez dirudite ETAren aurkakoak. Saizarbitoriak ez du etakidea kritikatzen, baizik eta euskal gizartearen ezaxola etakidearen borrokaren eta heriotzaren aurrean. Eta Txillardegik ETA militarraren jarduera ulertzen du, borrokalari adoretsu gisa aurkezten digu Exkixu, honen alde satanikoak gorabehera.

90eko hamarraldian euskal gizartea nekaturik dago, ezin ditu burutik kendu, besteak beste, Yoyes eta Hipercor, eta Aljerreko porrota; eta eleberria ere ETAren jardunaren aurrean kritika, akidura eta nazka erakusten hasten da: “Etorriko haiz nirekin” (1991), “Gizona bere bakardadean” (1993), “Hamaika pauso” (1995), eta abar.

 AITZINDARITZA

Idazleen egoa ez da makala izaten, eta ETAren aurkako salaketa gogorra nagusitu denez geroztik aitzindaritzaren gatazka piztu da literato batzuen artean: “Atxagak baino zazpi urte lehenago terrorismoaren aurkako ipuin gogorra izkiriatu nuen, baina biktima posibleen beldurrarekin goitik behera bat egitea erabaki nuen, haien sentimendua nire baitan barneratu, eta azkenik ikararen erruz ez nuen argitaratu. Dena den, neu izan naiz aurrendari dudarik gabe, eta baditut frogak: ipuina bera”. Eta azken belaunaldiko IPAD 2 batean idatziriko ipuin ausarta erakutsiko dizu.

Beste batek: “Bidegabeki ebatsi didate aitzindaritzaren ohorea. Atxagak baino zazpi urte lehenago neronek kondenatu nuen ETA; hori bai, modu sinbolikoan egin nuen eta inork ez zuen ulertu. Ipuineko itsaso urdinkarak sinbolizatzen zuen ETA, eta noraezean zebiltzan arrantzaleak biktimak ziren. Dena esplikatu behar. Herri puta honek ez du kultura maite, ez da batere sentibera sinbolismo kontuetan. Eta jakina, gero ez da ohartzen nor den zinez aitzindari”.

 MUTUR BI: EXKIXU ETA BIZIA LO

Gatazkaren aurreko euskal idazlearen jarrera bi muturren artean koka liteke beharbada: Txillardegi genuke batean, Jokin Muñoz bestean. Zehaztasunez hitz egin nahi izatera ñabardura batzuk erantsi beharko lirateke, zeren, adibidez, “Bizia lo”ko ikuspuntua ez da “Antzararen bidea”koa, eta “Exkixu”ko Txillardegi ez da “Labartzari agur”ekoa, ezta “Ehun metro”ko Saizarbitoria “Hamaika pauso”koa ere. Zentzu honetan, “Bizia lo” eta “Exkixu” dira, agian, eta ez Txillardegi eta Jokin Muñoz, mutur biak, euskal narrazioak gatazkaren aurrean erakutsi dituen jarrerei dagokienez.

Zintzoa da Exkixu etakidea, eredugarria bere hautua, ulergarriak bere ekintzak.

Aldiz, “Bizia lo”n Jokin Muñozek ETAk eraginiko oinazea eta heriotza erakusten du, ETArena baino ez, tortura-eta hondo gisa ere aipatu gabe, aipamen horrek oinaze hura testuinguru batean kokatuz apaldu edo zurituko lukeelakoan. Ordaina: ondorio mota bakar batera mugatzen duzula gatazka. Dena den, ikuspuntu partzial hori beharrezkoa da literaturan, literaturan pertsonaia baita garrantzitsua, gatazkari buruzko nobela ez da tratatu soziologiko edo politiko bat.

“Bizia lo”n etakideak espezializatuta daude hilketa bereziki krudelak umeen aurrean egiten; gainera, etakideak ez ezik, ezker abertzaleko guztiak dira zitalak, mendekatiak, egolatrak eta tentelak, eta ezker abertzalekoak baino ez. Saritua eta goraipatua izan da: Euskadi Saria eta zortzi kritika laudoriozko Literatura Zubitegian. Arrazoi osoz, gainera, manikeismoa eta fobia goi mailako literaturaren akuilu izan baitaitezke.

“Bizia lo”n ezker abertzalekoak ez direnen ezaugarri nagusia da hunkigarriro errukitsuak direla eri dauden umeekin, bereziki ume atzeratuekin. Igual ezker abertzalekoa ez den bat ateratzen da apur bat alproja eta porreroa, baina anaia txiki atzeratuaz arduratzen da, arroka batera eramaten du itsasoaren aurrean elkarrekin amets egitera, aitak, ezker abertzalekoa, paso egiten baitu zeharo seme tontoaz, eta azkenean Irungo bi etakidek, horiek baitira okerrenak, ankerki akabatuko dute porruzale sentibera.

Beste ipuin batean ezker abertzaleko gaizto batek bultzatuta inuzente bat ETAn sartu eta oso gauza graziosoa gertatzen da: galtzontzilotan dagoela atxilotzen dute, irrigarri. Muñozek erakutsi zitzakeen zartako batzuk, poltsaren bat, horixe baita ia beti gertatzen dena, testuinguru osoaren berri fidelkiago ematearren, baina gaiztakeria guztia ezker abertzalean kontzentratzea erabaki du, eta zilegi da, jakina.

Estrabagantetzat joko genuke gaur egun alderantzizko ikuspuntua,  nekez irabaziko luke inongo saririk. 80ko hamarraldian posible zen etakide zintzoaren eta espainol inbasore higuingarrien eskema. Aldiz, ezinezkoa zatekeen, euskaraz, etakide eta ezker abertzaleko guztiak ergelak bezain ankerrak izatea, eta beste guztiak berriz txintxoak, gaur egun saritua eta goraipatua den ikuspuntua. Bagoaz pixkanaka Patxi Lopezen errelato bakar nagusiaren sustrai bibliografikoa osatzen. Martxa honetan, narratibako hurrengo Euskadi Sarian Basagoiti printze urdinak muxu goxo batez esnatuko du Rosa Diez loti ederra, eta Ajuria Enean biziko dira sekula betikoz.

PERSPEKTIBISMOA

Nobela bat idatzi dezakezu ETAk ikaragarri sufriarazi duen errugabe bati eta bere familiari buruz; errealista izango da gainera, egiazkoa, eta zintzoa izan liteke. Baina aukeratu dezakezu, orobat, Espainiak ikaragarri sufriarazi duen errugabe bati buruzko nobela idaztea, eta hori ere errealista izango da, egiazkoa eta zintzoa. Eragin etiko-politikoak kontrakoak izan arren, duinak izan litezke biak, eta estetikoki goi-mailakoak, noski. Bi kontakizun horiek eskaintzen baitizkigu errealitateak, eta baita muturreko bi horien artean egon litekeen multzo aberats zehaztugabea ere, ñabardurarik oraingoz imajinaezinenekin.

Hori dela eta, gatazkari buruzko kontakizun bakar bat eratzen tematu beharrean, banako ugariren kontakizunak behar dira. Kontua ez litzateke esperientzia desberdinak integratu nahiko lituzkeen kontakizun bakarra eraikitzea, baizik eta esperientzia desberdinak adieraziko dituzten kontakizun autonomoak asmatzea, ezin integratuzkoak ezein osotasunetan, ez baitago sortzerik esperientzia desberdinak barnebilduko lituzkeen kontakizun bakar oro hartzailea.  

GATAZKAREN LITERATURARI FALTA ZAIONA

Aukera piloa dago oraindik jorratu gabe: besteak beste, torturatzaile zintzoa, gure herria desagerrarazteko lanetan kolaboratzen duen pertsona jatorra, zuzentzat jotzen dituen xedeak lortzeko tortura erabiltzea beste erremediorik ikusten ez duen hiritar onbera.

Nobela interesgarria dauka, orobat, ertzaintzako aditu genetistei esker Pagazaurtunduaren hilketa leporatu eta ordainarazten ari zaizkion Gurutz Agirresarobe errugabearen tragediak.

 

Orgasmoaren imintzioak

Markos Zapiain 2011/11/21 20:24

 

Nicolas Journet-ek “Les grimaces de la petit mort” artikuluan oroitarazten duenez, 1966an William Masters eta Virginia Johnson sexologoek behaketa ugari egin ondoren adierazi zuten sexu gozamena sentitu bitartean bai gizonaren eta bai andrearen aurpegiak oinazezko imintzioaren antz handia duela.

 

Bada webgune bat, beautifulagony.com, non jendeak igotzen dituen bere aurpegia erakusten duten bideoak, aurpegia laukian ongi kokaturik. Aurpegia baizik ez da ageri bideo horietan, orgasmorainoko bidean, orgasmoan eta ostetxoan. Autoerotikoa dirudi ia beti sexu jardunak, baina ez da zehazten.

Bestalde, Madrilgo unibertsitateko hiru ikerlarik, Jose-Miguel Fernandez-Dols, Pilar Carrera et Carlos Crivelli-k, “Facial behavior while experiencing sexual excitement” artikulua argitaratu dute Journal of Nonverbal Behavior aldizkarian, 2011ko martxoko alean. Ikerketan Beautifulagony.com webgunea baliatu dute.

Analisi-sistema berezi bat erabili dute aurpegiak aztertzeko, FACS izenekoa, eta tentuz hautaturiko ehun inguru bideori aplikatu diote. Emaitza: orgasmoa baino lehentxeago eta bitartean kopeta belztu egiten dugu, bekainak zimurtu, begiak itxi, ahoa ireki eta masailak uzkurtu. Gutxi gorabehera, horiexek dira sufrimenduaren aurpegi-adierazpenak. Bideoen testuinguruaren berri jakin gabe behatzaile asko tronpatu egiten da, oinazezkotzat jotzen ditu orgasmo-keinuak.

Masters eta Johnsonek asmatu egin zuten. Erantzunik gabe dirauena da zein ote den imintzio oinazetsu horien eta gozamen gorena omen denaren arteko lotura. Izan liteke batere zentzurik ez duen erantzun erreflexu bat; izan liteke, lacaniano jarrita, alegiazko behatzaile birtualen bati bidalitako zeinua, hirugarren bati; edota, gaur goizean lehenengo C-ko Eneritz Germanek adierazi bezala, behin muturrera eroanda plazera eta mina nahastu egiten direla.  

Hori bai, orgasmoaren ondoren begiak ireki egiten dira, eta zinezko irribarrea da loratzen, eta esker oneko lasaitze atsegin horrek hobeki adierazten du gogoan duguna orgasmoaz mintzo garelarik.  

 

Xalta, Dolorex

Markos Zapiain 2011/11/21 11:13

 

Alderdi politikoek, gehiengo osoak lortzean, ez ohi dute dotore erantzuten. Zentzu horretan, ezusteko atsegina izan da, nabarmentzeko modukoa, PPkoen bilakaera: bada aurrerakuntza, badugu hobekuntza, poztu gaitezen. Bi mila garren urtean, Aznarrekin “Pujol, enano, habla en castellano” tamalgarri hura nagusitu bazen, atzo berriz jauzia izan zen gailen. Irabazleek eta miresleek, Madrilgo Genova karrikan, eskatzen zuten: “Mariano, bota!”; eta Marianok, zintzoa eta langilea baita, baina ez kirolaria, ezta antzezlea ere, hasieran lotsati erantzun zuen, baina azkenik saltotxo bitxi bat egin zuen, izterrak elkarri itsatsi eta irribarreari nekez eusten zion bitartean. Gero, herriak berriro: “Elvira, bota!”: eta Raxoiren emazteak zer egin jakin ez eta Marianok: “venga, xalta, he he he”, tokiz kanpo koitadua. Hurrena, “Cospedal, bota!”: eta Marianok: “Dolorex, he he he, venga”... Eta horrela Gallardon, Esperantza, eta abar. “Xoraya, tú no puedex, he he he ”, entzun genion orduan presidenteari, erditu berria baita Soraya Saez de Santamaria. Txit alaia izan zen, txit harrigarria.

Ondoren gertaera lazgarri bat sufritu behar izan genuen ordea. Hemengo UPyDko Gorka Maneirori bere miresleek jauzia eskatu zioten halaber baina Maneiro berotu, zuhurtzia ahaztu, gaizki erori, zerbait apurtu eta ospitalera eraman behar izan zuten. Lehenbailehen senda dadin opa diogu separatistok, aurrerantzean sinpatikoak eta maitagarriak izango baikara, hasiak gara honez gero.

Zakarrontziak miatzea debeku

Markos Zapiain 2011/11/14 11:56

 

Nogent herri aberatseko biztanle txiroek ezingo dituzte aurrerantzean zakarrontziak miatu, lege berri batek isunaz mehatxatu baititu, edo bestela espetxeaz. Nord departamentuko La Madeleine herrian ere debekatu egin zuten, abuztuan, zakarrontzietan janari bila ibiltzea.

Irailaren 16ko ordenantza baten arabera, zigor berdinei egin beharko diete aurre zakarrontzietan jakia bilatzen duenak eta karrikan ttu egiten duenak, edo pixa.

Nogenteko alkateak (J. P. Martin, UMPkoa, Sarkozy bezala), osasun publikoa babesteko neurriak direla aldarrikatu du: “edozer topa dezakezu espaloietan, dramatikoa da”, adierazi dio Le Parisien egunkariari. "Osasun arazoak sortzen dira, eta arazo estetikoak. Gure herria turistikoa da, eta hondatzen ari dira. Hortaz, zigorra ezarri behar".

Ezkertiar askok txarto hartu du araua, erran gabe doa, pobreen kontra jotzen baitu zuzenean; eta krisi garaiotan jende franko dugu jan ahal izateko zakarrontzietan bilatzera beharturik. Gainera, ez da gauza bera karrika publikoa pixa eginez edo txistua boteaz lohitzea, edota, goseak behartuta, arrain zati erdi ustel bat zakarrontzian bilatzea. Aski zuen ordenantzak karrikaren zikintzea zigortzea; gosetien aurkako amorru hori ez da parte onekoa.

Auzapezak ihardetsi du ordenantza horrek inor ez duela estigmatizatzen, gizatasuna duela helburu, hiritarrak ongi portatzera bultzatzea, ordena ezarri eta zakarrontziak komertziorako erabiltzen dituen jendea zigortzea.

Emauseko lehendakariak Nogenteko alkatearen adierazpenak Maria Antonietaren ateraldi ospetsuarekin alderatu ditu. Paristar herri goseak ogia galdegin ziolarik, opilak eta pastelak jateko iradoki zion. Emauseko buruak esan du Nogenteko auzapeza “à côté de la plaque” dagoela zeharo, tronpaturik eta galdurik.

Estetika kontua baino gehiago, arazoa da zergatik ote dagoen jendea hazkurria zakarrontzietan bilatzera derrigortua, eta saiatzen ote diren Nogenteko udaletxean pobreziak eraginiko dramak konpontzen, lorategiak apain atxikitzeaz gain.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.