Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gorkaren kaxoia

Gorkaren kaxoia

Markos Zapiain 2014/03/11 14:54

Egia baldin bada ipuinek, batik bat haurtzaroan maiz entzundakoek, giza gogoa moldatu eta garatze lanetan laguntzen dutela, orduan “Gorkaren kaxoia”ren hartzaileak garbi edukiko du pilatzea itogarria dela eta asmamena zaintzeko muntazko txoko bat eskaini behar zaiola deusezari.

Ipuinean kontatzen zaigu Ferminek armairua jostailuz mukuru beterik duela baina nahi duen guztia berehala lortzeak ez duela asetzen, umearen sormena itoa baitu jostailu mordo horrek.

Dirudienez, Ferminen antzeko arazo psikologikoak dituzte diru-parrasta irabazten dutenek lan egiteke; besteak beste, behiala sorturiko abesti batzuen arrakastaren ondorioz egunero ehunka mila euro irabazten dituztenek. Ezin inoiz erabat hustu. Era berean, sexu kontuetan ere arazo latza izaten da larrua behin eta berriro jo arren erabat hutsik sentitu ahal ez izatea, errekuperazioari eta berpizteari bide emateko, bizitzaren berezko erritmoari jarraiki. Inoiz hutsean gelditu ahal ez izatea da beti erdi hilik ibiltzea, pilak ahiturik, Ferminen jostailuak eta Fermin bera bezalaxe.

Ez da bat ere erraza jaso dugun guztia goitik behera garbitu eta ezereza erdiestea. Baina, ez badugu hutsa lagun, ezin benetan geuretik asmatu eta gustura jolastu. Informazioaren teoriak frogatua du muga batetik gorako erudizioak sormena itzaltzen duela.

Orduan Fermin, zerraldo-andana bilakatu zaizkion jostailu mehatxarietatik ihesi, bizilagunaren etxera doa, Gorkarekin olgetan. Gorkak badu kaxoi bat zeharo hutsik, eta Gorkaren kaxoiaren bidez Ferminek aurrerapauso eder bat egingo du heldutasunerantz, kristau gurutzatuek Jesukristoren hilobiaren bitartez lortutakoaren antzekoa. Hainbeste borroka eta heriotzaren ostean Jerusalemen hilobia irekitzera iritsi eta hutsik aurkitu zuten. Hegelen ustez, hilobiaren hustasunak argi erakutsi zien Jainkotasuna ez dagoela kanpoan, ez dela gorpu bat, gauzaki bat; aitzitik, ikusgaitza da, eta nork bere baitan darama. Gorkaren kaxoi hutsak, orobat, Fermini erakusten dio jolasaren muina ez direla jostailuak, trasteak, oso garestiak eta makina bat izanagatik ere, baizik eta irudimena, piztu ahal izateko hutsunea lagun behar duena; eta adiskideak.

Halatan, Gorkaren kaxoi hutsa suhiltzaileen auto bilakatuko da, piraten ontzi, Mari Errauskinen karroza, denda, kobazulo. Eta, jostailuen menpe zebilelarik bakarti eta zakarra zen Fermin ireki egingo zaio adiskidetasun maskulino zein femeninoari, Gorkaren arreba Ainara ere, neska izan arren, eta txikiagoa, jolasean onartuko baitute, adin horretan ohikoa ez bada ere.

Bizitzako jarduerarik serioena da jolasa; eta ezereza, berriz, jostailurik ederrena, edozein jolas ahalbidetzen baitu. Halaber, parkerik ederrena gure Institutu albokoaren tankerakoa izaten da: belarra baino ez.

Goizegi joan zitzaigun Joxan Ormazabalek euskaratu zuen Andreu Dòriaren ipuina. 1999an argitaratu zen, Sirena bilduman. Beharbada urte haietan Gorkaren kaxoia sarritan irakurri zietelako izango dira hain autonomo eta harrigarriak orain Batxilergoan dauden zenbait ikasleren adimenak eta izaerak.   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.