Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Heidegger (1889-1976)

Heidegger (1889-1976)

Markos Zapiain 2014/04/10 13:10

-pentsamenduaren abiarazlea: harridura. Zientzia izaki zehatzen batek harritzen du. Filosofia, berriz, Izateak berak. Horregatik galdetzen du “zergatik dago zerbait eta ez ezer ez”? Filosofiaren pentsaerak ekarri du zientzia. Identitate eta kontraesan hastapenak: gizaki bat gizaki bat da eta ezin da aldi berean tigre bat izan, a a da eta ezin da aldi berean b izan. Identitate eta kontraesan printzipio filosofikoek, Aristotelesek adieraziak, filosofia magiatik bereizi eta zientzia oinarritu dute; berriki arte bai, bederen

-Heideggerrek Izatea eta izakiak bereizten ditu: izakia baden edozer da: mahaia, prozesu kimikoa, oroitzapena, internet, asintota, Big-Bang-a…, badira, izan; eremu desberdinei dagozkie, baina honetan bat datoz: mahaia bada, prozesu kimikoa bada, oroitzapena bada… ; Izatea, berriz, edozein izaki izatera dakarrena da, agertzera; Izatea izakietan aldi berean agertu eta ezkutatu egiten da

-zientziak izakiak ulertu nahi ditu; baina edozein izakiren ezaugarri garrantzitsu bat da ezerezetik datorrela eta ezerezera doala (gizakia bera: berari baimenik eskatu gabe bota zuten mundura eta laster hilko da; ezerezetik ezerezera doa, hortaz, eta ezerezaren gainean dago zintzilik); zientziak ordea ez du ezereza aztergai, ez du osotasuna kontuan hartzen

-egia metafisiko zientifikoa: adaequatio rei et intellectus, Jainkoari edo Jakintza Absolutuari leriokeen egia betierekoa, egia ontikoa, zientifikoa, gardentasun perfektua, presentzia presentea; ez du denbora-dimentsioa aintzat hartzen

-egia ez metafisikoa: aletheia, desestaltzea, inoiz ez osoa, denboraren araberakoa; presentziara etortzeak denbora eskatzen du; aletheia tankerako egiak, presentziarekin batera absentzia ere aintzat hartzen du, hondo ikusgaitzaren gainean nabarmentzen zaigu ikusgarria: gizakiak ezin ditu aldi berean kuboaren 6 aldeak ikusi, soilik 3; beti gelditzen zaigu zerbait ilunpean; ezin klarionaren muina ezagutu, berriz eta berriz ebaki genezake, ezer barik gelditu arte, baina inoiz ezingo dugu klariona osorik ikusi; itsasontzia aurrera baina ezin zeruertza zeharkatu: jakintza filosofiko-zientifikoari denboraren, ikusgaitzaren eta ezerezaren dimentsioa falta zaio; presentziara etortzeak denbora behar du

-egia, hortaz, ilunpetik geldika-geldika agertzen zaigu, eta soilik adi baldin bagaude, gogoa erne eta prest; egia ez zaio ehiztariari agertzen, baizik eta artzainari, Izatearen zaindariari

-gizakiaren esku dago: aukeratu dezake bizimodu inautentikoa, izakia azalpen erlijiosoak edo zientifikoak agortzen duela uste duenarena, Izateari itxirik, Izatea ahazturik; edo bizimodu autentikoa, ezinbestez hil behar duela kontuan hartu eta bien bitartean Izatearen enigmaz arduratzen dena

-Angelus Silesius: “zergatirik gabe da arrosa, loratzen delako loratzen da, ez da bere buruaz ardura, ez dio bere buruari galdetzen ikusiko ote duten”; arrosa ez du agortzen ez Jainkoak egina dela uste izateak, ezta ere arrosari buruzko azalpen zientifikoak

-(zergatik dabiltza hain gaizki frantsesak? Luc Ferry Heziketa Ministro ohiak etengabe jartzen du Silesius-en esaldi ospetsu hori Rimbaud-en ahotan: takian-potian, Heziketa Ministroak berak… kontuz mintzatzeko erraztasunak eragin dérapage-kin, gizakia baita Izatearen artzaina eta hizkuntza bere etxea!)

-benetako giza bizitza, Izatearen enigmari zabaltzen zaiona, eta ez onto-teologiaren edo teknozientziaren bidez enigma hori ulertutzat jotzen duena; baina tentuz, gure garaia onto-teologiaren eta filosofiaren burutzea baino ez den teknozientziaren garaia da, eta Izatea ahaztuta dago

-zientzia teknologikoa ez zaio filosofiari eta metafisikari kontrajartzen; zientzia teknologikoa filosofiak abiarazitako pentsaeraren burutzea da; filosofiak ekarri du zientzia teknologikoa; Heideggerren ustez, zientzia teknologikoa ekarri duen filosofia klasikoa jauntxokeria da funtsean, kutsu inperialista biolatzailea dario

-Heidegger metafisikoa izango ez den pentsaera poetiko berri baten hazia erein nahi du, natura bakean utziko duena

-iritzi nagusia: filosofo handia ezin da nazi izan; nazia ezin da filosofo handi izan

-ordea, Heidegger aldi berean filosofo handi eta nazi

-Txillida. Hizkuntzen hierarkizatzea

-gure munduan giza subjektibitatea naturari eta Izateari ezartzen zaio

-nahiaren nahia: Heidegger-en Nietzsche II: botere-nahia ez da beste zerbaiten nahia, baizik nahiaren nahia, bere burua indartzeko nahiaren nahia, bizia biziagotu nahia

-Ilustrazioaren idealak baztertuta: dagoeneko ez da aurrerapena, askatasuna edo zoriona nahi, baizik eta helburu argirik gabe gelditu den ekimena bera indartu, enpresen jardunean bezala liberalismo globalean: enpresa denak estresatuta gero eta traste teknologiko distiratsuagoak egin nahian, ez ditzaten lehiakideek irentsi. Xedea ahaztu duen botere-nahi konpetitiboa, irautera eta irabaztera mugatua

-bizitza politikoan ere askatasuna eta zoriona bezalako Ilustrazioaren helburu handiak ez dira gogoratzen; kasurik onenean kudeaketa bilakatu da politika, ekonomiak aurrera egin dezan da helburu bakarra; inork ez daki zein den politikaren oinarrian legokeen zibilizazio-proiektua

-zientzietan ere antzeko zerbait: Einstein-en erlatibitate orokorra eta mekanika kuantikoa dira azken unibertso-ikuskera handiak; orduz geroztik, biak adostea da helburu nagusia, Hawking-en liburuak erakusten duenez, baina ez dute lortzen; eta bestela esperimentu txikiak dauzkagu teknikaren zerbitzura, zientzia teknozientzia bilakatu da

-subjektibitatearen metafisika indibidualista, AEB, kapitalismoa, ekoizpen-tresnak esku pribatuetan

-subjektibitatearen metafisika kolektibista, sobietarrak, behartutako industrializazioa, ekoizpen-tresnak publiko

-bi-bietan ordea gizakia jaun eta jabe, zientzia teknologikoaren eta beraz filosofia subjektibistaren ondorio, “produkzio” kategoriapean; Izatearen ahaztean jausirik

-irtenbide bakarra, metafisika eta subjektibitatea ardatz duen edozein pentsaera gainditzea, alegia, Izatea zaintzeari eustea; gizakia baita Izatearen artzaina; eta hori munduan soilik egin lezake Alemania bihotz eta motor lukeen Europa nazionalsozialistak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.